“Amesteko lizentzia”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Iruneron.
AMESTEKO LIZENTZIA
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea
Doinua: Zer buruzbide bihotz gabe
1)
Nabari dugun honetan urte
berriaren presentzia
ez nuke nahiko transmititzerik
zaharraren dekadentzia.
Ahaztu nahirik bizi gaituzten
estresen biolentzia
loak hartzeko pilulatxo bat
pozarren dut irentsia
behingoagatik hartu dezagun
amesteko lizentzia. (BIS)
2)
Begiak itxi eta gau-mahaira
botatzean prospektua,
ikus dezaket Mosku bete bat,
herri baten proiektua.
Denek diete izar gorridun
plaza horri afektua,
Korrika bertan hastea_izango
litzateke perfektua!
Itxoin, ez dakit hasi ote den
orfidalen efektua. (BIS)
3)
San Miguel eta Anaka mugan
hantxe ezker zein eskubi
beilatokia eta Lanbide,
zenbat tristura irudi,
irailan eta itxarongelan
hainbat pertsona urduri;
uniformedun gizon txiki bat
kasko beltz, ilea zuri, …
Miopia ez zait sendatu baina
Urkullu dela dirudi (BIS)
4)
Bufalo talde bat balitz legez
lurra astinduz orroaz,
mendebaldetik konpainia bat
hautsak harrotuz pausoaz.
Nor ote diren igarri asmoz
bilaka hasi naiz soaz:
betikokoak baldin badira
beraien esprintak joaz
arrakala bat irekitzen da
eta lurrazpira doaz. (BIS)
5)
Bidasoan surf taula gainean
dator migrante-oldea,
izurde-talde batek tirata,
irrifartsu umorea.
Hendaian uzten dituzte denak,
helmuga ezin hobea.
Haiek salatuz agertzen dira
bakanen batzuk, ordea,
eta ilundu egiten zaie
azalaren kolorea. (BIS)
6)
Estralurtar bat Zabaltza plazan
trakets bezain handikote,
gerritik gora gizakia da
handik behera antilope.
Hurbildu dira Printze txikia,
Santxo eta On Kixote,
hari ez dio inork galdetu
neska edo mutil ote
eta gainera, badaezpada,
zuka hitz egin diote. (BIS)
7)
20 pertsona hurbildu dira
GAL estadio erdira
lepo gainean baloi bat dute
eta_ostikoa desira.
Desagertzear den jokoaren
azken printzak ote dira?
Jarraitzailerik gabe askotan
egin dute erretira
baina baloia puztu zaie gaur:
Rantanplan dute begira.
8)
Uholdeetan maiz itotzen naiz
eta joaten hondora
maskurikoa hustu ezean
bere bidetik kanpora…
Korridorean errekortari,
komunean ziaboga,
atzera sartu ohean eta
estali naiz ahoz gora
ea berriro murgil naitekeen
nire ametsen goxora. (BIS)
