Oihana Rekarte sagar ekoizleak antolatuta, Sagarfest izeneko bilkura eta ibilaldia ospatu ziren maiatzaren 12an, eta Jon Luzuriagak eta Aitor Errazkinek pare bat bertso-saio egin zituzten bertan; Meakako Rekarteren sagastietan lehendabizikoa, eta Ola sagardotegian bigarrena.
1 Entrenatzea izan da neure birusa guztia baitzen buru gogorkeri hutsa, bikoteak ere ez nau gehiegi bultza, ta bizikletarekin (bis) nolako dirutza.
Nahiz ez den momentua dena aitortzeko zenbat sakrifizio hona etortzeko!
2 Azkar abiatu naiz lehen metrotan zehar, lautada pasa berri, aldapak hastear nagoela ditut (ez dut besterik behar!) giharrak huts hutsik ta (bis) birikak lehertzear.
Irten orduko jota ote nago seko? Forman ez al nengoen hona etortzeko?
3 Somporten kaxkarra da neure dinamika arnasa hartzeko ez zait falta lanik ta; taupadek dirudite ia dinamita, ziklista al naiz edo (bis) txerri bietnamita?
Ez dut gehiegi falta hemen itotzeko, hobe nuen dopatu hona etortzeko!
4 Marie Blanquen zirenak kopetako tantak, Portaleten dira ja amets txar galantak: Batetik kalanbreak, bestetik karranpak porlan zakuen gisan (bis) ditut neure hankak.
Ze miseria malda xahar bat igotzeko, nork esan ote zidan hona etortzeko?
5 Halakoren batean iritsi naiz, zinez, Sabiñanigoraino neure ahaleginez. Bizitzari gaurko min, indar ta ezinez hamar bat urte kendu (bis) dizkiot gutxi(e)nez.
Inongo arrazoirik ez dut harrotzeko, neuri berriz ez esan hona etortzeko!