Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “urtarrila, 2025”

“Eta ni?”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ETA NI?

Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

Doinua: Gogoaren baitan

1)
– Orain eta hemen izan nahiko nuke
beraietako bat gehiago
– Baina beraiek nahi ez baldin badute
aukera askorik ez dago!

2)
– Sekula ez diet ezer txarrik egin,
edo, nik behintzat, ez dut uste
– Beste bideren bat hartu behar zenuke
baloratzen ez bazaituzte

3)
– Beraiek askotan batzen dira eta
ez didate sekula deitzen
– Aldiro zabiltza beraiek ahazteko
pisuzko arrazoiak gehitzen

4)
– Baina nik beraien parte izan nahi dut
eta ez egon bazterrean
– Erakutsi zer den baztertzen dutena
aurka nekatu beharrean

Hor zaudete, dantzan, jauzitan,
zer deabru bada
pasatzen zait gogoaren baitan.

5)
– Aspertua nago piramide forma
duten gune horizontalez
– Ahoa daukate hitz politez lepo
baina barrua ez, tamalez!

6)
– Taldeak halako garrantzia badu
zergatik ez naute babesten?
– Ariko baitira gauza bat egiten
eta beste zerbait amesten

7)
– Diote beraien parte banaizela
baina hitzak bakarrik dira
– Hainbat giza-talde hitzak aukeratzen
jakiteagatik bizi da

8)
– Guztiok tokia omen dugunean
norbanako oro da juez
– Ba bai beti dago beraietako bat
esaten zu bai eta zu ez

Hor zaudete, dantzan, jauzitan,
zer deabru bada
pasatzen zait gogoaren baitan.

9)
– Lehen beste bide bat aipatu didazu
baina ez da beste biderik!
– Zabaldu begiak ez al dago inon
baztertu den beste kiderik?

10)
– Baina nik ez dut nahi baztertuen klub bat
denok parte garen bat baizik
– Hori aisialdiko kantuetarako
uztea hobe duzu kasik

11)
– Eta orduan zer, ametsa ahaztu
ala behin eta berriz mindu?
– Zure hautua da zer sakrifikatu
eta noraino ahalegindu

12)
– Denbora joanda sekula ez naute
ikusiko beraien pare
– Zoriontasuna bila dezakezu
besteen onarpenik gabe

Hor zaudete, dantzan, jauzitan,
zer deabru bada
pasatzen zait gogoaren baitan.

Iturria :https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-manu-goiogana/

“Haur mintzoa”. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak, Iruneron.

HAUR MINTZOA

Egilea: Andoni Zelaia Otaño

Doinua: Uso xuria errazu A

Hemen jaitsi dezakezu

1)
APAPA, goazen kalera,
APATXO, eseritzera,
PA, muxu goxo goxoa eman
zein maitagarria bera,
TATO, jaistea edo saltoa
PUNBA, erori lurrera.

2)
LO,LO, joatea ohera,
PIPI, txiza komonera,
API, AUPI ,lepoan hartu
orain goazen jolastera,
I,S,S,S, isiltzeko ordua denez
bihar jaiki gosaltzera.

3)
A,A,A,G, usain txarrekoa,
BAPO, aski da nahikoa,
TAS,TAS, ipurdian ematea
PLAST, eman zaplaztekoa,
PUPU, zauria mina ezina
KAS,KAS, hau kaskarrekoa.

4)
TAPA,TAPA, oinez edo,
FU,FU, sua dago bero,
PLISTI,PLASTA, bainatu uretan
horrela da egunero,
DAN,DAN, atea ozenki jo du
barnera sartzeko gero.

5)
TXIRRIST, egin dut irrista,
KRAK, hautsi da telebista,
TRAKATAN,TRAK, zaldiz zaldizka
TRINK,DRINK, irentsi dilista,
ARRE,ARRE, astoa bezala
lau hankan jarri da aita.

6)
TARRAT, jantzia puskatu,
KU,KU, nonbait ezkutatu,
KILI,KILI, kilimak egiten
lo dagoenean esnatu,
ZURRUT, edan edari goxoa
PLOST, zuzen putzuan sartu.

7)
TXITXI, haragi jatea,
MAMA, ura edatea,
ogitarteko goxoa denez
KOKOLO, txokolatea,
MEMELO, horra karamelua
dago azukrez betea.

8)
PUN,PUN, tiro eskopeta,
DILIN, DALAN, kanpai festa,
BURRUN,BURRUN, trumoia motorra
BOTA,BOTA, jo pilota,
TILIN,TOLON, zintzarria jarri
errazteko bilaketa.

9)
UAU, UAU, txakurrak UAU,
KIR,KIR, kilkerra dugu hau,
M,U,U, orroa behi hala zezen
B,E,E, ardi, katuak miau,
KUKURRUKUA, oilarrak jo du
PIO,PIO, txoritu nau.

Iturria: https://irunero.eus/haurren-mintzoa/

Post Navigation