Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Hemendik ez da frantsesik joanen”. Makalo Jauregi Belokiren bertsoak, Iruneron.

HEMENDIK EZ DA FRANTSESIK JOANEN

Egilea: Makalo Jauregi Beloki

Doinua: Gure herriko bikariuak

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Teilatupean estalgarritzat
jartzen zen hainbat latorri
jakinduria garatu ohi da
inork ez digu igorri
horra aurrean Lesaka dugu
eta han dago Baigorri
hemendik ez da frantzesik joanen
handik ez baita etorri.

2)
Artzain etxola gainean ere
zotal ta garo-hostorri
ardi lekuak dira Urepel
Aralar edo Aizkorri
ez diezaiogun gehitxo so egin
Bidasoaren ertz horri
hemendik ez da frantzesik joanen
handik ez baita etorri.

3)
Irun gainean hor San Martzial
Urruñan aldiz Sokorri
gauez zakua bizkarrean ta
korri hara, hona korri
zenbat istori entzun diogun
hamaika jende jatorri
hemendik ez da frantzesik joanen
handik ez baita etorri.

4)
Kattalingorri marigorringo
nahiz amona mantangorri
hizkuntza berak elkartzen gaitu
lur bera dugu jatorri
ez gara frantzes ez ta espainol
Kasu eman kontu horri
hemendik ez da frantzesik joanen
handik ez baita etorri.

5)
Horra Xalbador bost bertso xume
zure arrazoi sakon horri
herri zahar honek bere historian
pasa arren hainbat orri
gaur ere berdin esan behar, zuk
errana Egileorri
hemendik ez da frantzesik joanen
handik ez baita etorri.

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalo Jauregi Beloki berak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Iturria: https://irunero.eus/hemendik-ez-da-frantzesik-joanen/

Single Post Navigation

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.