50 lagun inguru Lopetegiren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko bertso kantu bazkarian (2025-05-31)
50 lagun pasatxo bildu ginen 2025eko maiatzaren azken egunean Irungo Atsegiñara, bazkaria egin eta Joxe Mari Lopetegi zenaren jaiotzaren 150. urteurrena haren bertsoak kantatuz ospatzera. Eloi Lopetegik eta bere ingurutxoak primerako otordua prestatu zuten bertan bildu ginen guztion gozagarri, Igauri Lopetegi eta Jon Luzuriaga bertsotan aritu ziren bat-batean, eta plater eta plater artean Joxe Mariren bertsoak kantatu genituen guztiok aho batez, Iker Gomez errenteriarraren soinu txikiaren laguntzaz. Hona hemen Joxan Elosegik Atsegiñako bertso kantu bazkarirako ere, beti bezain eskuzabal eta fin apailatutako liburuxka.







Egun ederra igaro genuen. Eskerrik asko Atsegiña, eskerrik asko Bidasoko AEK Irungo euskaltegia, eskerrik asko Lopetegitarrei, argazkiak bidali dizkiguzuenoi ere bai, eta eskerrik asko, bereziki, bertaratutako guzti-guztioi. Hurrengora arte.
