Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “azaroa, 2025”

“Izkirimiriak”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Iruneron.

IZKIRIMIRIAK

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Andre txarraren bentajak

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Bertso berriak idatzi nahian
zeri idatzi enekin.
Holakoetan sarri moldatu
ohi naiz umorearekin.
Espero gabe atera diot
ahal bezainbeste etekin,
hona sorta bat zazpi bertso ta
hiruzpalau txisterekin:

2)
Animalia bat bizi dena
lurpean bost metrotara
harriak jaten abiatzen du
aldiro bere horzkada.
Pentsatu eta esaidazue,
izena nola dauka, ba?
Aski errexa da erantzuna:
bada, “Harrijalea” da!

3)
Pilotalekuan ibiltzeko
ohiturako lagun batzuk,
batak bestea xaxatzen zuen:
“Bi albiste entzun ditut,
bat ona eta beste bat txarra
ongi entzun itzazu zuk,
Itxoin ezazu pixka batean
orain esango dizkizut.”

4)
“Albiste ona zeruan ere
frontoi batzuk badirela.”
Eta besteak: “joe, hori da
hori albiste itzela!”
Lehenak berriz erantzun zion,
irri batekin bezela:
“Bai, ta txarra da larunbat hontan
jokatzekoa zarela…”

5)
Behinola zepo bat erostea
zuen haur batek enkargu,
denda batera joan zen pentsatuz
“zepoak hemen behar du!”
“-Eman zepo bat, agudo, trena
hartzeko nabil berandu”
Ta dendariak erantzun zion:
“Hain handirik ez daukagu.”

6)
Orain hausnartuz, ai, gure Newton!
Ta ai, bere grabitate!
Pentsa zulo bat egin ezkero
hemendik Txinara arte,
Lurra planetak egingo balu
zulo hori bere parte,
handik harri bat bota ezkero
zer gertatuko litzake?

7)
Harriak Lurra planeta pasa
edo erdian mantendu?
Newtonen lege handi horiek
baldin badira eredu…
Erantzun onik ezin ordea
inola ere zuzendu,
zeren bost metro egindakoan
Harrijaleak jaten du.

Iturria: https://irunero.eus/izkirimiriak/

“Ingumaren besarkadak”. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

INGUMAREN BESARKADAK

Egilea: Aitor Errazkin Vicente

Doinua: Tarteka lokartzen gara

1)
Tarteka lokartzen gara
buruari eraginda
luzaro egon bagara
begiak bildu ezinda
halakoetan Ingumak
guretzat boxeo ringa
prestatzen du eta hanka
egin nahi baina ezin da…
Altxa, altxatuko gara,
baina xehe-xehe eginda!

2)
Iritsi denean behingoz
begiak ixteko txanda
oinez goazela uste,
estropezu eta danba!
Ba ote da fisikaren
funtsezko legeez landa
jauzi egiterik ohe
batean luze etzanda?
Gaua nahasia dator
lehen abisua izan da.

3)
Bigarren aldiz heldu naiz
amets “gozoen” mundura
emozioak soltean
jostatzen diren lekura
eta gauetan guztia
igotzen denez burura
egunez izaten dena
jendetasuna, itxura
mozorroa kendu duen
karnabal bilakatu da.

4)
Orain kale erdian naiz
biluzi, larrugorrian
begi-bistakoa denez
nahiko ataka larrian
lagunik minenak ere
modu mespretxagarrian
muzin egiten dit eta
nahigabea eztarrian
arrotz sentitzen hasi naiz
non eta nire herrian!

5)
Lantegi bat urrutira
pausoak harantz zuzendu
lanpostuak eskas baina
lan egitea baimendu
eskatutakoa egin
besteen hutsak zuzendu
nire soldata, ordea,
nagusi jaunak hartzen du
behin eta berriz ari zait
erakutsi eta kendu.

6)
Lantoki horretan luze
arituko nintzen antza
ametsetan inork gutxik
galtzen baitu esperantza
eskuan motozerra bat
daukat bilintzi-balantza
behar ez zuen aldera
egin duenean dantza
ez dut deus sumatu baina…
A zer nolako triskantza!

7)
Nik ez dakit kartzelara
zergatik sartu gaituzten
zaindariak ari dira
bazter guztiak zapuzten
beren begietan ez da
erruki izpirik ikusten
ume bat bisita-gelan
marrazki bat erakusten
besotan hartu nahi nuke
baina ez didate uzten.

8)
Halako batean jende
mordoa daukat atzean
lasterka nahi baina ezin
kamera geldo antzean…
Eta bat-batean nago
zulo beltz baten ertzean
handik amildu egin naiz
hegaldatzen saiatzean
esnatuko ote gara
lurrera ailegatzean?

9)
Nolako surrealistak
Ingumaren besarkadak!
Begiak zabaldu ditut
eta blai daude izarak
berriro berpiztu zaizkit
amesgaiztoko ikarak
“izerdia baino ez da”
baretu gara pixka bat…
Zein lasaigarriak diren
horrelako “eskapadak”!

10)
Eki da “mendebaldarron”
lokamutsen zirrikitu
argiak ongi baitaki
iluna nola gainditu
baina nahiago bideak
denentzat baldin balitu!
Izan ere hemen askok
nahiz eta egunak argitu
amets gaiztoenak esna
bizi behar izaten ditu.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-aitor-errazkin-2/

Post Navigation