Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Berriak”

Txingudiko bertso-eskolak martxan: doan eta denontzako. Hots egin eta izena eman.

Ikasturtero bezala, martxan da Bidasoaldean bertso-eskolan izena emateko “epea”. Berez, ikasturte osoan zehar eman dezakezue izena, baina dagoeneko hasita gaude taldeak osatzen. Hasiberrien talde polit askoa dugu dagoeneko martxan; bat-bateko taldeak ere bai: bi. Bertso-tailerra ere bai. Baina onena, deitu 688826433 (Igauri) edo idatzi: irunabar@gmail.com.

Ikastetxerik edo elkarterik balego bertso-eskola edo antzekorik martxan jarri nahi lukeena, deitu edo idatzi beldurrik gabe.

Animatu!

Beste ikasturte batez bailarako hedabideekin elkarlanean

Irunabarren, bat-bateko bertsoez gain bertso idatziek ere garrantzia handia dute, bertsolaritza eta bertso-jarriak inguruko hainbat txokotara helarazi asmoz, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2025/26 hau bederatzigarren ikasturtea dugu Irunerorekin elkarlanean. Urrian hasi eta ekaina bitarte, hilero, hilabete hasieran, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Bestalde, zazpigarren ikasturtea osatuko dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso-jarriek argia ikusiko dute, irailetik hasi eta ekaina bitarte, hilabeteko azken ostiraletan. Kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai eta Hitzako sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako zenbait bertso-sorta:

  • “Madraí amach!” Beñat Elosegi Ortiz de Zaratek 2025eko apirilean Iruneron argitaratu eta Beñatek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Bertso sorta hau ere heldu da”, Adrian Arruti Bernadetek 2024ko azaroan Bidasoako Hitzan argitaratu eta Peio Etxebarriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Ikaztegietatik Irunabarreara”, Jon Luzuriaga Iurramendik 2024ko urrian Iruneron argitaratu eta Jone Garmendia eta Jonek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

Moskuko Jaiak 2025

Kaixo, bertsozale:

2025 honetan ere Moskuko Jaiak egongo dira eta aurten ere, egitarau zabal eta aberats baten baitan, bertso-saioa antolatu du Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko Jai Batzordeko kideekin elkarlanean.

Bertso-saioa, igandean izango da, abuztuaren 17an. Plazan izango da, arratsaldeko 17:30ean. Oinatz Mitxelena gai-jartzailearen esanetara ariko dira kantuan Nerea Elustondo legazpiarra, Irantzu Idoate hazpandarra, Igauri Lopetegi irundarra eta Alaia Martin oiartzuarra.

Baztan-Bidasoko XXXVIII. Bertsopaper Lehiaketa. Xabi Maia Etxeberriak eta Jon Luzuriaga Iurramendik lehen eta bigarren sariak jaso dituzte “Azkenaren azkenaurrekoa” eta “x²+y²=r²” bertso-sortengatik hurrenez hurren. [2025-05-19]

Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera antolatutako Baztan-Bidasoko XXXVIII. Bertsopaper Lehiaketako sariak banatu dituzte maiatzaren 19an, Berako Kultur Etxean.

Lau maila ezberdinetako sortak zenbatuta, guztira 92 lan jaso dituzte. Maila nagusian (18 urtetik gorakoentzat), Txingudiko bertso-eskoletako kidea den Xabi Maia Etxeberria elizondoarra nagusitu da ‘Azkenaren azkenaurrekoa’ bertso-sortarekin. Aldiz, bigarren saria eskuratu du Irunabarreko Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegiar hendaiartuak ‘x²+y²=r²’ lanarekin.

Albistea hemen.

Zorionak, Xabi eta Jon!

Jarraian, Maiaren eta Luzuriagaren bertso-sortak eta sari banaketako zenbait irudi:

Azkenaren azkenaurrekoa

Egilea: Xabi Maia Etxeberria

Doinua: Irun badaukazu zerbait

1)
Hasierak baldin badu
amaieraren eztena
molde apurtzailea da
euskal musika eszena.
Azken aldian askotan
ikusi dugun eskema,
bueltan datozen taldeak
zein “agurren” aurkezpena:
“Urteurren kontzertuak!,
azken biraren azkena!”
Errepikaezinaren
galdu ezinaren pena…
Joan-etorriko forman
neurtu ohi dugunez dena,
zerbait al dakar denborak
inoiz joaten ez dena? (bis)

2)
Kontzertuak iragartzen,
urte batetik bertzera
etorkizuna eskura
omen dugula uste da…
Azkar bagoaz dena den,
nola ardiak larrera,
psikosi moduko batez
ordenagailu aurrera.
“- Pistan,harmailan,edonon…
berdin da zein den aukera,
azkena izango da (e)ta
hartu dezagun sarrera”
Guda hastear, “- sorpresa!
azkena zen ,baina, zera…
bertze bat egon daiteke
salmentaren arabera” (bis)

3)
Ondoren web orrialde
zein plataforma ugari,
kolapsatuta, zintzilik,
ezin eutsiz guztiari.
Bortz minutuz AGORTUTA
letra larriekin haundi
-”kaka, hau malaostia”
erran bezain pronto: “- Adi!
azkena zen, baina bueno,
hor bi gehiago opari,
aukera ematearren
gabe gelditu denari”
Zukutzearen zukutzez
tinta dario letrari
zenbait aldiz emandako
azken emanaldiari. (bis)

4)
Konparaketan atzera
botatzean begirada
nostalgiazko malko bat
etortzen da begi(e)tara
Orain iragana dira,
ohartzeke kamarada,
itxaronaldi luzeak,
asfaltoan akanpada,
amestutako sarrera
izatearen zirrara,
bertzela batere gabe
gelditzearen ikara.
Orain online bihurtu da
lehenagoko ilara,
biak lerroan, bai, baina
zeharo desberdina da. (bis)

5)
Joan zenean kasette,
eta CD-en kultura
guztia da Spotify
playlistaren diktadura.
Talde zein bakarlariek,
berdin aroen modura
zikloak ixten dituzte,
zer egingo diogu ba…
Peter Pan sindromedunen
bideak datoz burura:
“-arrakastatsua sarri
arrastaka amaitu da”.
Soilik oroitu ezkero
noizbait izan ziren hura,
norbere mugak helduta
iristen zaie helmuga. (bis)

6)
Hiztegia bihurrituz
ulertzen ez da xamurra
“-Hiru puntu suspentsibo,
atsedenaldi laburra,
ikusi arte,adio,
amaiera (ez-ziurra)
parentesia, etena,
atzerapauso zuhurra”.
Fokupetik aterata
ahanzturari beldurra,
erabakia hartzean
labainkorra baita lurra.
Norbere baitan dagoen
aterabide makurra,
hartu beharreko edo
behartutako agurra. (bis)

7)
Entsegu gela ttipian
sartzen ziren ordu pila,
gaztetxe zein tabernetan
lehen kontzertu umila,
kontzertu osteko juergan
barran entzule hurbila,
Ai! baina bide xumean
noiz zulatu zen gurpila?
Lepo beteta Illunbe,
Arena, BEC, Miribilla…
sortu nahi dute munduko
zortzigarren marabilla.
Inoiz atzenduko ez den
azken agurraren bila,
izan ez duten guztia
aurkituz izan dadila. (bis)

8)
Baina entzuleak ere
aztergai gisa jarrita
ez al gabiltza finean
gure buruei harrika
Euskaraz kontsumitzea
egokia da,apika
baina agerian utziz
musikaren pragmatika.
Bonberenea, Kaxerna
Matadeixe, Lakaxita…
makroak betetzen dira
etxekoak ahantzita.
Gure kontraerranetan
ez al gabiltz kixkalita
Sute haundiak hauspotuz
su ttikiak itzalita. (bis)

9)
Xorroxineko Arrats On!
zein Durangoko azoka
Antxetan Lau Airetara
Euskadi Gaztean Top-a
kontsumitzeko badago
aukera adina mota
flamenkoa, funk-a, blues-a
reggaetoi, ska, hip hop-a
metal-a, punka, technoa
reggae-a, rantxera, popa
trikitixa, jazza, salsa
trap-a, rap-a edo rock-a
soberan ez dago inor
irautea da erronka
euskal musika munduan
denen beharra dago ta! (bis)

10)
Azkena azkena bada
berriz ez da itzuliko
bizitzan nola musikan
gehiegi baita “betiko”.
Artista jaioa denak
nola ez du ba begiko
berarekin hunkitzea,
bihurtzea denen mito…
Baina desberdinik bada
bertzeen moldeekiko…
salbuespena, nola ez,
zu izan behar, Benito!
Ez amaierako bira
edo kontzertu magiko,
egindakoak eginda
“bukatu da eta kito!“ (bis)


x²+y²=r²

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

Doinua: Agur sagar beltzeran

1)
Lehen puntutik azken
puntura bidaian
hamaika bira eman
eta gero gaian,
matematikaz hitzik
ez dugun garaian,
hemen hamaika bertso
elkarren jarraian
zirkunferentzia zer
den azaldu nahian.

2)
Gurpilak dira lehen
erreferentziak
biraketa ekartzen
baitu inertziak;
denok txunditu arren
bere presentziak,
bere perfekzioak,
bere esentziak…
mutur dezente ditu
zirkunferentziak.

3)
Izan matematika,
izan bertsogintza,
izan kimika, izan
hizkuntzalaritza…
Baldin kontzeptu bati
buruz hartuz hitza
azterketa bat egin
nahian bagabiltza
definitzea ez al
da lehen baldintza?

4)
Planoko punturen bat
har dezagun, hara,
eta zentro hartatik,
bertatik bertara,
erradio deituko
den distantziara
topatu ditzakegun
puntuen ilara
horrek marrazten duen
kurba itxia da.

5)
Kurbaren luzerari,
hain ospetsu dena,
perimetroa jarri
zioten izena;
diametroa dugu
segmentu zuzena,
gaur egungo kurbarik
preziatuena
bi zati berdinetan
banatzen duena.

6)
Kristo aurretik, zenbat
zaila da jakiten,
matematikalari
onak ziruditen,
nahiz doitasun osorik
ez zerabilkiten
azalera kalkulu
duin bat egiten
babiloniatarrek
zerbait bazekiten.

7)
Beti, borobil ñaño
zein erraldoiaren
perimetroa eta
diametroaren
erlazioa nola
zenbaki bera den,
esango al zenuke
argi eta garden
ze konstanteri buruz
ari ote garen?

8)
Infinitu digituz
betetako hizki
greko honek ze ospe
eta argi izpi;
batzuontzat magiko,
besteentzat pizti.
Nahiz ikertu izan den
arreta handiz pi,
haren sekretuak hark
ere ez dakizki!

9)
Gurean ez ditugu
oso urrunean:
baloian, erlojuan,
zein eraztunean,
Viturbioren gizon
hain ezagunean
edo eskuan harri
bat dugun unean
eta putzu erdira
bota dugunean.

10)
Lehen gurpil hartarik,
zeinek sinetsiko?
kurba hau bihurtu zen
ospe bereziko,
mekanikak inoiz ez
du gutxietsiko,
gaur egun edukirik
hainbeste exito,
bertso-sorta bat nola
ez du mereziko?

11)
Ideiak bertsotara
makurtzeko gudan
nahiz modu egokian
aritu itxuran;
behin zirkunferentzia
harturik jomugan,
bertso-sorta honekin
nabil duda-mudan,
ez dakit behar beste
borobildu dudan…


Maiatzaren 26ra arte baino ez bertso kantu bazkarirako tiketak erosteko!

Aspalditik ari gara maiatzaren 31n Irungo Atsegiña Elkartean egingo dugun bazkarirako prestaketa lanetan. Dakizuenez, Joxe Mari Lopetegi zena orain 150 urte jaio zen, eta hura oroitzeko eta omentzeko antolatu dugu, eta geuk prest dugu gehien-gehiena; orain zeu(e)k txartela erostea baino ez zaigu falta. Horretarako, gogoan izan maiatzaren 26ra bitarte izango ditugula salgai, Irungo Atsegiña tabernan eta Bidasoko AEK Irungo euskaltegian, 20 euroan. Anima zaitez(te)!

Bertso kantu bazkaria maiatzaren 31n, Joxe Mari Lopetegiren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzen jarraitzeko

Irungo Atsegiña Elkartean bertso kantu bazkaria antolatu dugu Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerrak eta Irunabarrek, maiatzaren 31rako. Txartelak Atsegiña tabernan eta Bidasoko AEK Irungo euskaltegian izango dituzue salgai, 20 euroan, maiatzaren 26ra arte, gehienez ere. Beraz, bizkor ibili!

Joxe Mariren ondorengoak eta haien adiskideak ere burubelarri ditugu antolakuntza lanetan murgilduta, bazkari prestaketa kontuetan, besteak beste. Horren harira, txartela erosten duten bazkaltiarrek antolatzaileekin harremanetan jartzeko modua izango dute 688 826 433 telefono zenbakira idatzita, elikaduraren nahasmendurik edo menuaren gaineko oharrik egin nahi izanez gero (haragirik ez…).

Ea apirilaren 13koa bezain arrakastatsua egiten dugun maiatzaren 31koa ere. Zuen zain izango gara. Anima zaitezte. Primeran bazkaldu eta hobeto pasatuko dugu.

Lopetegi oroitzeko kantaldiak harrera ezin hobea. Eskerrik asko guztioi. Orain kantu bazkariaren txanda (2025-05-31)

Joan den apirilaren 13an jendeak estu moldatu behar izan zuen Irunabarrek Joxe Mari Lopetegi oroitu eta omentzeko Bidasoako EKTn antolatu zuen kantaldian. Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu Txingudiko bertso-eskolako bertso-tailerraren, Irunabarren eta Lopetegiren ondorengoen partez, modu batera zein bestera kantaldian parte hartu zenuten guzti-guztioi.

Orain kantu bazkari herrikoiaren txanda da. Irungo Atsegiñan antolatu dugu maiatzaren 31rako, larunbatarekin, eta laster zabalduko dugu kartela. Animatuko ahal zarete! Bien bitartean, joan den apirilaren 13ko kantaldiko irudi batzuk hementxe:

Azkenik, horra Joxan Elosegik beti bezain fin eta eskuzabal ikus-entzule guztientzat apailatutako liburuxka.

Bertso saioa Larreaundi-Olaberria auzoko euskararen egunean [2024-11-30]

Kaixo, bertsozale:

Larreaundi-Olaberriako Auzo Elkarteak egitarau zabala antolatu du Euskararen Nazioarteko Egunaren giran.
Dakizuenez, abenduaren 3an den arren, azaroaren 30ean, larunbatean, burutuko dira ekimen gehienak. Tartean, eguerditik hasita, bertso-saioa eskainiko dute Manu Goiogana Bengoetxea eta Igauri Lopetegi Amostegi irundarrek eta Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegietarrak.
Jarraian egitarau osoaren berri ematen duten afitxak dauzkazu ikusgai:

Ikasturtea hasi dugu, baina izen emateko aukera beti dago zabalik [2024-10-10]

Kaixo, bertsozale:

Ikasturteari ekin diogu jada, baina gogoan izan urte osoan zehar zabalik dagoela Txingudiko bertso-eskoletan izena emateko aukera. Bertsolaritzaren alderdi “guztiak” lantzeko moduko taldeak ditugu gurean: bat-batean aritzeko, aritzen ikasteko, trebatzeko, idatzizkorako, eskualdean bertsolaritza sustatzeko…

Oraingoz aktibo dauzkagun bertso-eskolak hauek dira:


1- Gazte eta heldu hasi berrien bertso-eskola: asteazken arratsaldeetan. Igauri Lopetegi da arduraduna.
2- Bat-batean I bertso-eskola: asteazken arratsaldeetan. Igauri Lopetegi da arduraduna.
3- Bat-batean II bertso-eskola: ostegun arratsaldeetan. Abel Zabala da arduraduna.

Hala ere, ez da baztertzen ikasturtean zehar beste talderen bat sortzeko aukera. Bertso-tailerra edo bertso jarriak lantzeko taldea esaterako.

Beraz, edozein dela ere bertsolaritzara hurbiltzeko buruan duzu(e)n manera, ez izan zalantzarik, eta idatzi irunabar@gmail.com helbide elektronikora. Gu geu jarriko gara zu(r)ekin harremanetan, eta hitz egingo dugu.

Jarraian Iruneroko urriko zenbakian argitaratua: https://irunero.eus/ikasturte-berria-bertsolari-hasiberri-zein-eskarmentudunentzat-ere-hasiko-da/

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2024/25 hau seigarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. Zortzigarren ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako zenbait bertso-sorta:

  • “Hemen duzu nire sorta”, Rafa Rodrigo Perurenak 2024ko apirilean Bidasoako Hitzan argitaratu eta Rafak berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Eskolatik jasotzeko”, Manu Goiogana Bengoetxeak 2024ko marxoan Iruneron argitaratu eta Makalo Jauregi Belokik musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Ibaitik itsasora”, Igauri Lopetegi Amostegik 2023ko azaroan Bidasoako Hitzan argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation