Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Iker Altuna”

“Apustua”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Iruneron.

APUSTUA

Egilea: Iker Altuna Albisu

Doinua: Azken urteetan gure herrian

Bertso-sorta hau Arantxa Iturberen Apustua ipuinean oinarritua dago.

1)
Behinola elkar topatu zuten,
izango zen abuztua;
eta segidan azaleratu
elkarrekiko gustua.
Batak pauso bat aurrera eta
eskatu zion eskua;
besteak baietz erantzun zion,
ontzat hartuta jestua.
Bikote bat adostua,
erabat amorostua,
euren arteko harremana zen
eroa bezain estua;
eta, hain zuzen, horren froga da
egin zuten apustua.

2)
“Nik betirako maitatuko haut”
belarrira xuxurlatu,
“Bai zera! Noizbait aspertuko haiz!”
natural batez ukatu.
Apustua nork aipatu zuen
ezin dira gogoratu.
Azkenerako ideiarekin
ausartu ziren ausartu.
Tratua beti da tratu,
eta horrela finkatu:
batak betiko haustearena
bazuen deliberatu,
gero bestea oporretara
behar zuen gonbidatu.

3)
Helmuga ere adostu zuten:
Parisera, alafede!
Ironikoa irudituta,
hura aukeratu trebe.
Harremanaren kudeaketan,
zer indar eta botere!
Ez zuten uste hein horretara
ailegatzerik batere.
Bukaerak, mendez mende,
zeinen gogorrak, halere!
Eta beraiek kontu hutsal bat
bihurtzea zuten xede,
edo agian ez zuten uste
gertatzen ahal zenik ere.

4)
Hasierako emari hura,
ordea, behin zen agortu;
beste bide bat hobea zela,
bati zitzaionez otu.
Apustu hura zela medio,
zenbatetan zen harrotu?
Eta momentu horretan dudak
harengan ziren errotu.
Amai on bat nola lortu?
Hari denak nola lotu?
Bere burua bera deitzera
azkenean derrigortu:
“Parisera noiz joan nahi duzu?
Bidaia hau nire kontu.”

5)
Bere partea kunplitu zuen,
ez zen horretan koldarra,
ahal bezain ongi borobiltzeko
harreman haren hondarra.
Aireportura ailegatu zen,
oso garaiz, tirri-tarra;
“Etorriko al zara zu ere?”
bere zalantza bakarra.
Jada zen ilunabarra.
Jo ote zion adarra?
Hegazkina ja airatu zela
jasoa zuen oharra,
eta garrasi bat bota zuen:
“Zeinen irabazle txarra!”

6)
Hainbeste urtez batera eta
ez zuen espero hala,
ez azaltzerik, eta beheraino
jaitsi zitzaion morala.
Eta halako batean urrun
ikusi zuen itzala;
berandu baina han etorri zen,
irribarrea zabala.
“Jada galdu dugu, ala?
Baina etorri naiz, ala!”
Besarkada bat eman elkarri,
garai zaharretan bezala,
gero gertatu zena bakoitzak
imajinatu dezala.

Iturria: https://irunero.eus/apustua/

Txingudiko bertso-eskolen eguna [2024-06-08]

Zazpi urteren ondoren, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko kideok berreskuratu egin dugu Txingudiko bertso-eskolen eguna.

Kateako Auzo Elkarteko areto nagusian ospatu genuen (Eskerrik asko, Maider!), eta lagun-giro ezinhobean joan zitzaigun arratsaldea, Otazpi tabernako lagunek prestatutako arroza, kroketa eta tortillaz lagunduta, besteak beste.

Oholtza gainean “denetik” izan bazen ere, bertso-saio musikatua osatu genuen guztion artean. Musikari lanetan, Aitor (kitarra), Iban (baxua) eta Beñat (mandolina) aritu ziren.

Saioa aurkezten eta ekitaldiaren gidari, Egoitz aritu zen.

Oholtzan kantari Iker, Jon, Lorea (bejondaiela zure kuadrilako guztiei!), Joseba, Abel, Iñigo, Urko, Adrian, Xabier, Andoni, Aiora, Maider eta Igauri aritu ziren.

Eta Arratsaldeko bertso-sortak Lorea, Aiora, Maider eta Jonen eskutik heldu zitzaizkigun.

Ederki pasa genuen. Egun ahaztezina. Datorren ikasturtean gehiago. Hobeto? Kostako zaigu. Horretarako, 2024-2025 ikasturteak joan berri denak baino gehiago eman beharko digu. Erronka mahai gainean da, heldu nahi dionarentzat.

Eskerrik asko guztioi!

“Goizuetako misioa”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

GOIZUETAKO MISIOA

Egilea: Iker Altuna Albisu

Doinua: Manuel Narruk atzo esan dit B

Hemen jaitsi dezakezu

1) Zorionez gu nola gabiltzan
bizimodu hain librean,
hemen dena da posible eta
dena dugu posible han.
Lerroburu hau erreala da,
ez dut aurkitu airean:
“Txintxetak eta iltzeak daude
Goizuetako bidean”.

2) Hainbat ziklistek salatu dute,
garaia da ohartzeko,
errepidean norbait ibili
da jartzen hamaika zepo.
Nik ez dakit ba, baina jendea
dago aspertuta seko,
batek denbora librea hori
egiten igarotzeko.

3) Askok gurpila zulatu zuten
pasa orduko stopa,
eta segidan ulertu zuten
eratutako konplota.
Ondorioa argia dugu,
eta ez al du inporta?
Nonbait gorroto handia dago
txirrindularion kontra.

4) “Nire aurrean ziklista bat, dios!
Sorpresa desatsegina!
Hura lehenbailehen aurreratzeko
egin behar ahalegina!”
Errepideko esperientzia
ez litzateke berdina,
bizi honetan beti presaka
ibiliko ez bagina.

5) Presaren erruz istripu latza
izaten baita askotan,
zenbat ziklista hil ote dira
azkenengo urteotan?
Helburua ez izanagatik
hastea norgehiagokan,
gorrotoa guk behar genuke,
norbaitek izatekotan!

6) Diskurtsoetan diskurtso hau da,
nire ustez, erregea:
“Trafiko-arau guztiak hausten
ziklista dugu trebea!”
Mito faltsuak gezurtatzea
da bertso hauen xedea,
salbuespenak ez duelako
inoiz egiten legea.

7) Esan nahi nuen hori, aizue,
esan ote dut argiro?
Problematika hauek zabaltzen
segituko dut aldiro.
Ai! Usabiaga jauna, ETBn,
azal ezazu geldiro:
Euskal Herriko errepidean
gehiegitan ez da giro!

8) Bizikidetza erronka dela
sarri askotan diogu;
nolanahi ere, hitz horrek ditu
gurean hainbeste zoru.
Errepideko elkarbizitza
nahi baldin bada konpondu,
arazoari denok batera
heldu beharko diogu.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-iker-altuna-albisu/

“Banoa”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Iruneron.

BANOA

Egilea: Iker Altuna Albisu

Doinua: Arratsalde on ta aupa zuek

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Atzean utzi neure herria,
iturri eta mezkita,
eta Bilbora etorri nintzen,
dena izan da epika. (bis)
Orduz geroztik zenbat borroka
eta zenbat kalapita!
Zentro batera ekarri naute,
denak ditut ausikika.
Ihes egingo dut, tita!
Igual gehiago sufrituko dut,
baina neuk erabakita. (bis)

2)
Lagun guztiei aipatu diet,
dira planaren lekuko;
ordea planto egin didate,
ez baitira ausartuko. (bis)
Kartzela puta hau utziko dut
gaua iritsi orduko,
izarrak eta iluntasuna
izango ditut gertuko.
Ez diot egingo uko!
Poliziari deituta ere,
ez naute harrapatuko. (bis)

3)
Dirudienez deitu dituzte,
eta ehizara atera;
ederki asko betetzen dute
eskatzen zaien papera. (bis)
Indar betean alde egin dut
korrika sasi artera.
Haien arnasa senti dezaket
neurearekin batera.
Eskuak ditut artega,
baina alferrik galdu dute ni
atxilotzeko aukera.

4)
Geroztik modu horretan nabil,
eskapo eta eskapo;
emoziorik bizi honetan
ez zait sekula faltako! (bis)
Nolanahi ere, emaitza ez da
guztiz neure kalterako;
itsas hondoan egon nintekeen
gaur, esate baterako.
Bizitza, esan beharko:
eskerrik asko berriz aukera
bat eman didazulako! (bis)

5)
Jateko zerbait harrapatzeko
ibiltzen naiz ezinean,
supermerkatu atzealdeetan
askotan ahaleginean. (bis)
Gau hotzak ere luzeak dira
kartoi soil baten gainean;
horietara ere ohitu naiz,
aurrera noan heinean.
Itxaropena soinean;
inortxo gabe, ezertxo gabe,
baina libre azkenean. (bis)

6)
Zoritxarrean ezagutu dut
hainbeste jende soraio:
mafioso, apaiz, irakasle txar,
munipa eta zipaio. (bis)
Nire bidea oztopatzeko
egin dute hainbat saio,
baina finean neu naizenari
beti lotuko natzaio.
Esaten dizuet, aio!
Zuen menera bizirauteko
ez nintzen mundura jaio. (bis)

Iturria: https://irunero.eus/banoa/

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalok musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Muarako bigarren bertso-gaua [2023-02-03]

Kaixo, bertsozale:

Lehenbiziko saioa egin ostean, bigarren saioaren atarian gaude. Otsailaren 3an izango da. Bertan ariko dira kantuan Txingudiko Bertso-Eskoletako Iker Altuna hendaiarra eta Xabi Maia baztandarra. Haiekin batera Ekhiñe Zapiain beratarra izango dugu. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.

Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

anima zaitezte!

Bortziritako Bertso Eskolaren XXIII. taldekako lehiaketan kantuan

Bortzirietako Bertso Eskolak gonbidatuta joan ginen Irunabarren jirako hainbat lagun XXIII. taldekako lehiaketara kantura, eta sekulako harrera egin ziguten bortziritarrek. Horra bidasotarrentzat ondutako bertsoak, esate baterako; behin baino gehiagotan kantatu genituen denok elkarrekin, baita Arrano Elkartean jokatu zen finalean ere.

Irun badaukazu zerbait

Hondarribiko kresala

Irun badaukazu zerbait

Aiako harrien itzala

Irun badaukazu zerbait

Biriatuko magala

Irun badaukazu zerbait

Plaiaundi ta Sindikala

Irun badaukazu zerbait

Bidasoa ospitala

Irun badaukazu zerbait

Bortziriko kapitala?

Irun badaukazu zerbait

Irunabar mundiala

ta bihar egunsentiak

bertsotan erna zaitzala

Bortziriko bertso eskolan

gabon bueltako epela

hogeita hiru aldi dira

taldeka biltzen garela

bertso onenaren saria

Kottorentzako txapela

koplak trikitixarekin

kale ixkiñan kartzela

oparia oroigarri

ta kanta bat gai bezela

Arranoko afaria

bertsozaleen hotela

irri algara ta malko

emozioen koktela

gazteak zarete eta

gozatu dezazuela

Eskerrik asko Kataku, Zialdo, Antoiu eta Arrano; eskerrik asko Bortziriak!

Azken Kabigorriko Bertso-Gaueko argazki bilduma [2022-12-01]

Kaixo, bertsozale.
Hainbeste saioren ondoren, abenduaren lehenean egin genuen proiektu handi honen azken saioa. Jarraian gauak emandako zenbait irudi.

Bertso-afaria Muara Elkartean [2022-10-14]

Kaixo, bertsozale:

Muara Elkarteak bertso-afaria antolatu du heldu den ostiralean. Bertan arituko dira kantuan Txingudiko bertso-eskoletako Iker Altuna hendaiarra eta Adrian Arruti irundarra. Iluntzeko 21:00etan izango da eta sarrera eskuratzeko telefono zenbakia (630027343) jarri dute antolatzaileek. Ostegunera bitarte izango da aukera izena emateko.

Antolatzaileek egin duten kartelean dago gainerako informazioa.

“Leihotik”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Iruneron.

LEIHOTIK

Doinua: Hogeigarren urtera
Egilea: Iker Altuna Albisu

Sorta hau 2zio taldearen izen bereko kantuan oinarritua dago.

1. Gela zuri batean
egunak dira beltz;
ospitalea etxe,
osasuna amets.
Makina bati lotu
behar derrigorrez,
gaitzarentzat adinik
ez dago tamalez.
Makina bati lotu
behar derrigorrez,
horrela bizi ziren
Miren eta Amets.

2. Bertsua bazen ere
bien dolamena,
diferentzia bat zen
aski nabarmena.
Ametsek zuen ustez
oherik onena,
ez politena eta
ez erosoena.
Ametsek zuen ustez
oherik onena,
ganberako leihoa
ondoan zuena.

3. Biak egonagatik
gelan preso katez,
leihoa ihesbide
bat zuten, izatez.
Miren uros izan zen
garai luze batez,
Ametsek deskribatzen
zion dena artez.
Miren uros izan zen
garai luze batez,
mundua ikusten zuen
Ametsen bitartez.

4. “Arreta jar dezagun
zuhaitz-adaxketan,
han txori bat kantari
dabil jostaketan.
Zabalera begira,
zabalguneetan;
ume bat zoriontsu
dabil gordeketan.
Zabalera begira,
zabalguneetan;
bizia sentitzen da
txoko guzietan”.

5. Asteburuan eta
astean, orobat,
arreta zuzentzen zen
aldiro leihorat.
Bidaiatu nahi zuten
gelatik kanporat,
beren bizi dorpea
ahanzteko erabat.
Bidaiatu nahi zuten
gelatik kanporat,
hala egiten zuten
munduarekin bat.

6. Baina denborak Miren
zuen erasana,
eta sumatzen ari
zen kontraesana.
Dolu zuen leihorik
hurbil ez izana,
irudikatu behar
Ametsek esana.
Dolu zuen leihorik
hurbil ez izana,
pixka bat pisuago
zen zeraman zama.

7. Amets usaintzen hasi
zen giro goibela,
eta azpimarratu
zion behin honela:
Sekula ez ahantzi ber
atakan gaudela,
nire bi begi hauek
zureak direla.
Sekula ez ahantzi ber
atakan gaudela,
eta biok izate
bakarra garela.”

8. Baina Miren zegoen
zalantzaz josia,
hark ere nahi baitzuen
ikusi ortzia.
Galdera bilakatu
zen diagnosia:
ez al dut nik merezi
hark duen dosia?
Galdera bilakatu
zen diagnosia:
ez al da auzokide
txarra jelosia?

9. Azken horrek, tamalez,
pertsona noizetik
noizera kolpatzen du
barren-barrenetik.
Amets behatu zuen
hurbil-hurbiletik,
eta pentsatu zuen:
“Ken zaitez paretik!”
Amets behatu zuen
hurbil-hurbiletik,
eta haren bihotza
eten zen kolpetik.

10. Leihoraino hurbildu
zen goizean goizik,
eta ezin ulertu
Mirenek zipitzik.
Ez zuen deus sentitzen
harridura baizik,
ezin zuen atera
mingainetik hitzik.
Ez zuen deus sentitzen
harridura baizik,
leihotik haratago
ez zegoen fitsik.

Iturria: https://irunero.eus/leihotik/

“Eta, bitartean, ni zain”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ETA, BITARTEAN, NI ZAIN

Doinua: Gure aurreko guraso zaharrak
Egilea: Iker Altuna Albisu

1)
Iraganean gertatu denak

nahiz garbiro erakutsi
nondik ez joan, nik okertzeko
behar izaten dut gutxi.
Mugikorrean murgildu eta
zenbaki hori ikusi
bezain agudo, egonezina
da neure baitan nagusi.
Saiatu, behintzat, ni saiatzen naiz,
baina ezin diot eutsi.

2)
SMS bat idatzi dizut:
Ni orain noa plazara”;
letra bakoitza idatzi eta
ezinegona latza da.
Nire bizitza hutsa denean,
basamortua, Sahara,
izan ohi zara nire argia
eta nire ugazaba.
Nahiz eta jakin oker noala,
indartsuegia zara.

3)
Betiko plaza horretan, beraz”,
denak segitzen du berdin,
hori besterik ez nuen behar
etxetik atera nendin.
Neure burua ongi aditzen
nahiz eta egin ahalegin
piloa, ez dut askotan lortzen;
badut nahikoa zeregin.
Zure sirena-oihu horiei
ezin diet muzin egin.

4)
Oinez segitu eta gainditu
dut barneko gurutzada;
sendoegia da, alegia,
zu ikusteko bultzada.
Etorbideak eta bideak
hartu ditut sigi-saga;
auto artean, laster batean,
zeharkatu dut galtzada.
Baina ez zara inon ageri,
non arraio gorde zara?

5)
Nahiz eta jakin ohikoa dela,
lekuko da iragana,
ez etortzeak mina eman dit,
sartu didazu labana.
Nahiz eta jakin horrelakoa
dela gure harremana,
zu lasai egon, laztua baitut
dagoeneko orbana.
Zu ez bazatoz niregana, ni
joango naiz zuregana.

6)
Kale guztiak miatu ditut,

aurrera eta atzera;
xake tauletan ibiltzen diren
dorre azkarren antzera.
Baina ez zaitut inon aurkitzen,
joan ote zara etxera?
Azkenerako etsi egin dut,
banoa barra ertzera.
Etorri, arren, nire barruan
dudan hutsa betetzera!

7)
Bizi honetan maiz pasatzen da,

begiratu urrutiko
intxaurrei eta lau besterik ez
dira izaten txikito!
Nolanahi ere, zer egingo dut?”
eta segidan txupito
zenbait barrura eraman ditut,
alkoholean ito, kito!
Etorri nire ondora ala
alde egizu betiko!

8)
Bi ordu edo pasatu dira,
azkenean tabernazain
batek kalera bota egin nau,
garrasika hainbat irain.
Pareta baten kontra jarri naiz,
benetan sekula bezain
pentsakor nago, guzti-guztia
ulertu dezaket orain:
mundu zikin hau aurrera doa
eta, bitartean, ni zain.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/irunabar-bertso-sorta-iker-altuna/

Post Navigation