Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Pello Mari Otaño”

“Onbuaren itzalak” figuranteak behar ditu Hondarribian, 2024-08-03an, 9:00etan.

Onbuaren itzala filmatzen ari dira dagoeneko, eta 80 figurante inguru behar dituzte 2024ko abuztuaren 3an Hondarribiko herriko etxeko areto nagusia betetzeko. Filmaketan parte hartzeko prest dagoenak 653 71 56 64 telefono zenbakira deitu behar du, eta bertan emango dizkiote jakin beharreko guztien gaineko azalpenak.

Antolatzaileek zabaldu duten irudia

Segidan, antolatzaileek zabaldu duten testua:

“Arratsalde on lagun hori.
Oraingo honetan eskeintza-eskaera bat egitera natorkizu.
Segurozko gaia honetaz zerbait entzuna izango duzula azken hilabete hauetan
Horrela ez bada orain bidaltzen dizudan imajinaren bidez berri izango duzu.
Motx motxean agertu nahi dizudana da, zuretaz-zuetaz gogoratu naizela honen berri ematerakoan. Zure-zuen beharra izango bai du Euskal kultur ekintza honetarako Patxi Biskert Tasio filmako aktoreak, orain esku artean eta grabaketa lan aurreratuan Hondarribian Abuztuaren 3an egitera dijoan grabaziorako.
80-90 pertsonaren beharrean aurkitzen da Hondarribiko UDAL ARETO NAGUSIA entzulez bete ahal izateko.
OMBUREN ITZALA Pellomari Otaño bertsolari izanduaren bizitzaz izango den filmaz ari gara.
Denon arte lortzeko saioan buru belarri sartuta gaude. Ta gaude esaten dut, zurekin ere kontatu nahi bai dugu AUZOLANEAN aurrera eramanez bukatu nahi dugulako.
Karteltxoarekin obeto irudikatuko duzulakoan, zure deiaren zai gelditzen gara.
Animatuko zarelakoan-zaretelakoan agur eta ongi etorri bero bat.
Deitu tfno honetara
653715664
Eta mila esker aurreratuak.
Ez utzi azken ordu arte mesedez.”

Bertso festa berezia Irunen abenduaren 15ean; izena emateko azken eguna, abenduak 12.

Bertso festa berezia izanen da Irunen abenduaren 15ean, Bidasoako EKT elkartean, Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunearen eskutik. 

Arratsaldeko 19:00etan hasiko da bertso festa horretako lehen ekitaldi nagusia, Ombuaren Itzala film proiektuaren aurkezpena eginen baitu Patxi Bisquert zinema aktore eta zuzendari ezagunak. Bertsozale askok dagoeneko jakinen duen bezala, Pedro Mari Otaño bertsolari handiaren bizitza eta bertso gogoangarriak aurkeztuko ditu Ombuaren Itzala filmak. Ez gara, zoritxarrez, horren ohituak gure bertsolari handien eta gure bertso ondare paregabearen gaineko filmak ikusten, eta haren osagarri garrantzitsu batez gozatzeko aukera ederra eskainiko digu, zalantzarik gabe, Patxi Bisquertek zuzenduriko proiektuak. 

Badu, gainera, proiektu horrek, halako berezitasuna, aukera emanen baitigu bertsozale eta, oro har, euskaldun guztioi bere partaide izateko. Crowdfunding deitzen diote orain batzuek, baina auzolana aipatzen du bete-betean Patxi Bisquertek. Izan ere, hamarna euroan, 30.000 zinema sarrera saldu nahi dituzte aurrez Ombuaren Itzala filmaren egileek, proiektuaren geroa eta herri nortasuna ziurtatzeko. Aukera ederra gu guztiok film proiektuaren partaide bilakatzeko.

Arratseko 21:00etan hasiko da bertso festako bigarren ekitaldi nagusia, bertso-afari berezia. Pedro Mari Otaño (Zizurkil, 1857 – Rosario, Argentina, 1910) bertsolari eta poeta handiaren obra abiapuntutzat harturik, bertso emanaldi berezia prestatu du Irunabar, Irungo Bertsoaren Bilguneak afalondorako, XIX. mende bukaera eta XX. mende hasiera bitarteko urteetan esana eta izana izan zuten bertsolari batzuen bertsoak kantatzeko. Otañoren bertsoekin batean, ez da Joxe Manuel Lujanbio Txirrita ospetsuarenik faltako (Hernani, 1860 – Errenteria, 1936), eta egokiera izanen dugu, era berean, irundarrok Joxe Mari Lopetegi  gogoangarriaren (Irun, 1875 – Arrueta, Nafarroa Beherea, 1943) bertsoak berritzeko. 

Jakina den bezala, hiru aldiz hartu zuen Otañok Ameriketarako bidea, eta azkenekoaren ondoan ez zen Euskal Herrira itzuli. Halatan, Argentinan izan zen garai hartako beste bertsolari garrantzitsu baten kantuak ekarri nahi izan ditu Irunabarrek, eta horra Joxe Mendiaga bertsolari apartaren lanak (Aldude, Nafarroa Beherea, 1845 – Montevideo, 1937). Harremanak izan zituzten Otañok eta Mendiagak Ameriketan, Rosario aldean eta Montevideon bizi izanagatik.

Irunabarren eskutik, bertsolari handi hauen bertsoak ezagutzeko eta kantatzeko aukera izanen dugu abenduaren 15ean, ostiralez, Bidasoako EKT elkartean prestatuko den bertso-afari goxoan. Prezioa: 20 euro. Izena emateko telefonoa (whatsapp): 685727539.

Jakin ezazue, bestalde, bertso festa honek lekua egina duela gaurgero Korrika Kulturalaren agendan. Ongi dakizuen bezala, Irun izango da XXIII. Korrikaren abiapuntu, 2024 martxoaren 14an.

Ombuaren itzala: Pello Mari Otañori buruzko film bat auzolanean

Bertso-saio berezia antolatu dute elkarlanean Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerrak eta Bidasoko EKTk, Pello Mari Otaño Zizurkilgo bertsolari handiaren bizitzaren gaineko zinema proiektuaren alde: Ombuaren itzala. Patxi Bisquert da proiektu horren zuzendaria, eta Bisquertek berak emango du auzolanean oinarritu duen egitasmoaren berri, abenduaren 15ean, Irungo EKTn, 19:00etatik aurrera.

Horrez gainera, Otaño, Txirrita eta Lopetegiren bertsoak ezagutzeko eta kantatzeko aukera izango dute arrats-iluntzean zehar bertaratzen diren guztiek, bai proiektuaren aurkezpen saioan (19:00), bai afaritan (21:00). Afaltzen geratu nahi duenak 685 727539 telefono zenbakira idatzita dauka izena emateko aukera (menu “bejeta” eta beganoa erreserbatzeko aukera badago).

Bisquerten “Ombuaren itzala” proiektuaren webgune ofiziala, diru-akarpena egiteko aukera eskaintzen duena:

Proiektuari buruz gehiago jakiteko:

Post Navigation