Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Rafa Rodrigo”

Beste ikasturte batez bailarako hedabideekin elkarlanean

Irunabarren, bat-bateko bertsoez gain bertso idatziek ere garrantzia handia dute, bertsolaritza eta bertso-jarriak inguruko hainbat txokotara helarazi asmoz, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2025/26 hau bederatzigarren ikasturtea dugu Irunerorekin elkarlanean. Urrian hasi eta ekaina bitarte, hilero, hilabete hasieran, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Bestalde, zazpigarren ikasturtea osatuko dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso-jarriek argia ikusiko dute, irailetik hasi eta ekaina bitarte, hilabeteko azken ostiraletan. Kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai eta Hitzako sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako zenbait bertso-sorta:

  • “Madraí amach!” Beñat Elosegi Ortiz de Zaratek 2025eko apirilean Iruneron argitaratu eta Beñatek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Bertso sorta hau ere heldu da”, Adrian Arruti Bernadetek 2024ko azaroan Bidasoako Hitzan argitaratu eta Peio Etxebarriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Ikaztegietatik Irunabarreara”, Jon Luzuriaga Iurramendik 2024ko urrian Iruneron argitaratu eta Jone Garmendia eta Jonek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

“Idatzi beharra dut”. Rafa Rodrigo Perurenaren bertsoak, Iruneron.

IDATZI BEHARRA DUT

Egilea: Rafael Rodrigo Perurena

Doinua: Idatzi beharra dut

1)
Idatzi beharra dut,
hau bai tormentua,
ezin dut hautatu zein
den argumentua.
Iritsi zait berriro
azken momentua,
oraindik gairik gabe,
hau fundamentua!

2)
Gaur izan nahiko nuke
behingoz alaikorra
gaur ez zait okurritzen
ezer ez baikorra,
zorionen larrea
guztiz da lehorra,
hobe dut isiltzea
eta jo danborra.

3)
Danborrarekin goaz
suabe-suabe,
argi da ez naizela
Bernat Etxepare.
Falta zaizkit oraindik
bi, hiru zutabe,
jada sorta erdian
baina gairik gabe.

4)
Non gaude? Ez dezagun
gal gaurko haria,
zuk aurkitzen baduzu
zuretzat saria.
Esan gabe hitz egin,
ze kalakaria!
izan ahal nintzake
lehendakaria.

5)
Konprometitu nintzen
zerbait idaztera,
sorta bat bidaltzeko
Irunabarrera.
Berriz gerturatzean
zerbait eskatzera,
jarriko naiz begira
beste nonbaitera.

6)
Ezin dugu ukatu
handiesten dala
gehiegitan adimen
artifiziala.
Gaurko sortan argi da
arma bat dudala:
nire ergelkeria,
guztiz naturala.

7)
Bertsoak idazteko
txanda zen berriro
ikusten duzuenez
maila ez da igo.
Falta da sinadura,
jartzen da aldiro,
nirea hauxe duzu:
Rafael Rodrigo.

Jarraian bertso-sorta entzungai Rafak berak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Iturria: https://irunero.eus/izenburua-idatzi-beharra-dut/

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2024/25 hau seigarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. Zortzigarren ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako zenbait bertso-sorta:

  • “Hemen duzu nire sorta”, Rafa Rodrigo Perurenak 2024ko apirilean Bidasoako Hitzan argitaratu eta Rafak berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Eskolatik jasotzeko”, Manu Goiogana Bengoetxeak 2024ko marxoan Iruneron argitaratu eta Makalo Jauregi Belokik musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Ibaitik itsasora”, Igauri Lopetegi Amostegik 2023ko azaroan Bidasoako Hitzan argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

“Hemen duzu nire sorta”. Rafa Rodrigo Perurenaren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HEMEN DUZU NIRE SORTA

Egilea: Rafa Rodrigo Perurena

Doinua: Hemen duzu nire sorta

1.
Hemen duzu nire sorta, zabaltzen dudan lehena
baliteke, baita ere, hau izatea azkena
ez da izango baikorra hartu dezakezu pena
gerorako ez baduzu galdu nahi itxaropena
ez irakurri gehiago hau da nire etsipena
begiratzen dut mundua ta dena da suntsipena
sortzen dugun hondamena bihurtu da eromena
nire ustez alferrik da itxoitea salbamena.

2.
Nonbaitera heltzen gara bukatzen da hor bakea
laguntza eman beharrean prestatzen dugu tankea
berdin zaigu besteen tripa gurea bada betea
txikitzen dugu, baita ere, biodibertsitatea
nahiz ta jakin gure ekintzak sortzen duela kaltea
berdin zaigu, hara joanda uzten dugu soilik kea
Itxita behar genuke ukan munduko atea
barkatu beharko duzu hain gordinik esatea.

3.
Gaur egungo egoera hobe da ez segitzea
ematen du nahi dugula mundu osoa erretzea.
Errudunak bilatzean, beti izango da bertzea
gizakion eragina, izadiaren galtzea
neurriei buruz mintzatzen da, behar dena da hartzea
hiri askoren patua, itsasoan itotzea
ez dugu ikasi zaintzen egoki gure etxea
hoberena litzateke Lurretik desagertzea.

4.
Esan nizun pesimista zela nire diskurtsoa
barkatu bihurtu bada barneratzeko dentsoa.
Belarriak dakuskigu, gertuegi da otsoa
munduko kudeaketan, gure nota: suspentsoa
begia jarri edonon, ta hor plastiko moltsoa
ez esan ongi doala gaur gure unibertsoa
horrelaxe dioena izaten da perbertsoa.
Ados ez bazara, entzun nahi nuke zure bertsoa.

Jarraian bertso-sorta entzungai Rafak berak sorta honentzat sortutako doinuarekin musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/rafa-rodrigo-perurena-hemen-duzu-nire-sorta/

Bertso saio musikatua Hendaiako Enbata gaztetxean [2024-03-01]

Kaixo, bertsozale:

2024ko Korrika Irundik hasiko dela-eta, hamaika ekimen da eskualde osoan zehar. Girotze fase horretan, hainbat eragilerekin ari gara elkarlanean, eta Hendaiako Enbata gaztetxearekin onduko dugu hurrengo ekimena. Martxoaren 1ean, ostiralean, bertso-saio musikatua antolatu dugu Enbatako eta Aek-ko kideekin batera. Urko Casadok gidatuko du saioa, arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Adrian Arruti, Haira Aizpurua, Manu Goiogana eta Maddi Ane Txoperena bertsolariak ariko dira, eta baita Iban Clemente, Beñat Elosegi, Oneka Jauregi eta Rafa Rodrigo musikariak ere.

Anima zaitez!

Bertso bazkari musikatuaren argazki bilduma [2024-01-20]

Kaixo, bertsozale:

Primerako eguna pasa genuen Katean. Jarraian Andoni Eizagirrek, Ane Mendizabalek eta Egoitz Zelaiak egindako zenbait argazki:

Bertso bazkari musikaturako hamar egun baino ez! [2024-01-20]

Kaixo, bertsozale:

Gogoratu datorren ilbeltzaren 20an egitarau txukun askoa antolatu dugula Bidasoko AEK, Landetxako auzo elkartea eta Larrea, hurbileko elikadurarekin batera.
Oraindik sarrerarik erosi ez baduzu, kontuan izan erosteko azken eguna igande honetan izango dela. Saioaren gaineko informazio gehiago nahi baduzu, esteka honetan bilatuko duzu behar duzun hori.
Musikari eta bertsolariak prest daude honezkero, zeren zain zaude?

Muarako seigarren bertso-gaua [2023-06-09]

Kaixo, bertsozale:

Lehen bost saioak egin ditugu eta primerakoak izan dira. Seigarren saioaren atarian gaude honezkero. 2023ko ilbeltzean abiatu genuen proiektuak ikasturte amaiera aurrean du eta, beraz, ikasturteko azken saioa izango da ekainaren 9an izango duguna.

Saioa berezia izango da. Orain arte ez bezala, musikatua izango da ekainekoa. Kantuan ariko dira Adrian Arruti Bernadet irundarra, Izarne Zelaia Arratibel donostiarra eta Manu Goiogana Bengoetxea irundarra. Haiekin batera musikan arituko dira Iban Clemente Martin, baxuarekin, Iker [Xufi] Eizagirre Zufiaurre, gitarrarekin, Beñat Elosegi Ortiz de Zarate, mandolinarekin, Rafa Rodrigo Perurena, gitarrarekin eta Maddi Sanz Sanchez, harparekin. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.

Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

anima zaitezte!

Bertso-saio musikatua Landetxa-Kateako jaietan

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa izan da aurtengo Kateako jaietan: Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin), musikariak (Maddi Sanz, Rafa Rodrigo, Iker Eizagirre eta Beñat Elosegi), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). 2022ko maiatzaren 22an izan zen saioa, eguerdiko 12:30etatik 14:00etara bitarte, auzoko frontoian. Hainbat lagunek bidalitako argazkiak segidan. Eskerrik asko zinez Aitor Martinez, Iñigo Gebara, Edurne Mendia, Aratz Altzaga, Gotzon, eta Maddiren “jarraitzaileei”, saioko argazkiak egin eta guri bidaltzeagatik.

Korrika egunean Bertso-saio musikatua [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.

Post Navigation