Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerrak kantaldia antolatu du apirilaren 13rako, igandearekin. Kantaldia arratsaldez izango da, 18:00etatik aurrera, Bidasoako EKTn (Larretxipi kalea, 12). Bertan, bertso-eskolako eta jirako hainbat lagunek Lopetegiren bertso-sortak kantatuko dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, emanaldia dohainik izango da, eta bertaratu nahi duten guztiek EKTko ateak zabalik izango dituzte. Anima zaitezte eta lagundu ekitaldiaren berri zabaltzen. Eskerrik asko guztiei aldez aurretik eta apirilaren 13ra arte!
1875. urteko apirilaren 13an jaio zen Joxe Mari Lopetegi Olaizola Irunen, eta 1945ean hil, Arrueta-Sarrikotan. Bertsolaria eta politikari errepublikanoa izan zen, eta Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerreko kideak lanean hasita daude dagoeneko omenaldia prestatzeko.
Lehendabiziko hitzordua 2025eko apirilaren 13an izango dugu, igandearekin. Kantaldi modukoa izango da: bertso-eskolako kideek eta inguruko lagunek Joxe Mari Lopetegiren 8 bertso-sorta kantatuko dituzte, musikaz lagunduta. Lekua zehaztu bezain laster zabalduko omen dituzte bertso-tailerrekoek kartela eta kantaldiaren gaineko xehetasunak.
Urtean zehar izango da, baina, beste hitzordurik ere, apirilaren 13koaz gainera. Esate baterako, bertso-tailerrekoek aurreratu dute herri-bazkaria ere antolatzen ari direla, ekainaren 7rako .
Aurtengoa ez da bertso-tailerrak Lopetegi omentzen duen lehendabiziko aldia, 2016. urtean ere antolatu baitzituzten hitzaldia, kantu-jira eta kantaldia, Joxan Elosegiren laguntzaz guztiak ere:
Izan ere, Elosegi izan zen Lopetegiren lana biltzeaz eta Euskal Herri guztiari aurkezteaz kezka izan zuen lehena. Bertso-sortak eta era guztietako dokumentazioa bildu, eta liburua argitaratu zuen: JOXE MARI LOPETEGI, ERREPUBLIKANOEN BERTSOLARIA (Paper Hotsak, 2004). Eta liburu hori bera izan da gaur bitarte Lopetegi oroitzen, ohoratzen, eta haren bertsoak leitzen eta kantatzen jarraitu nahi izan duten guztientzako ezinbesteko abiapuntu eta oinarri; baita aurtengo hitzorduak antolatzeko garaian ere, bistan da.
Beraz, izango da aurten ere zer ospatu eta zer gozatu. Gehiago jakiteko, ordea, bertso-tailerraren abisuen zain geratu behar. Azaldu nahi duzu gurekin aurtengo argazkietan? Adi egon eta anima zaitez! Bien bitartean, horra orain ia 10 urteko zenbait irudi.
1) Etxeko egongela da haien arkupe. Serioski dabiltzan egindura dute. Ezkontza argazkiez hitzez dihardute koloreko zirenak duela hiru urte orain zuri-beltzean ikusten dituzte.
2) Diruak agintea dakarren planetan noizbait ausartu ziren geroko planetan. Lanak ebatsitako azken laztanetan mina atzeman dute kontraerranetan. Kanporatze agindu baten erranetan.
3) Odol hotzak jandako mezu otzanetan, beroa geratzen da maiz pertsianetan. Etxebizitza berri baten porlanetan eraiki nahiak duen joan-iganetan noiz hasi ote ziren eraiste lanetan.
4) Aspaldi ez direla mintzo sentimenduz. Aspaldi ez dutela ulertzen aieruz. Erantzun nahi lukete lasaiki, soseguz, baina mintzatzen dira minaren erneguz eri nagian duten eraztuna helduz.
5) Hitz soseguetatik garrasira jinik elkarrentzat ez dute atera hitz finik. Hauxe azkenengoa dutela jakinik adosteko ez dute egiten zirkinik elkar maite dutela oroitu ezinik.
6) Hasiera batean hain zena berezi zergatik ez ote du gehiago merezi? Badabiltza elkarri ezin ihardetsi halako bikote bat, ezin da sinetsi, zein erraz elkartzen den zein zailki bereizi.
7) Zorrak minak adina eta dohakabe harremana bihurtu zaie atsekabe. kanapetik altxatu dira oharkabe eta elkarrengandik egin dute alde galdu dutena zer den konprenitu gabe.
8) Zer gauza behar ote dugu ulertzeko zein gutxi behar dugun minez zimeltzeko. Ametsak amets dira baina banketxeko horiek jarraitzen dute, batekoz bertzeko, ez duzuna ematen duzuna kentzeko.
Katea auzoko Otazpi tabernak hika topaketa antolatu zuen 2025eko otsailaren 27an. Bidasoko AEK-ko lagunak aritu ziren topaketa dinamizatzen, Otazpiko sendi osoa tabernari, sukaldari, teknikari eta argazkilari lanetan, eta arratsaldea borobiltzeko, bertso-saioa eskaini zuten Iker Ormazabal “Tturko” hernaniarrak eta Igauri Lopetegi irundarrak.
1) Teilatupean estalgarritzat jartzen zen hainbat latorri jakinduria garatu ohi da inork ez digu igorri horra aurrean Lesaka dugu eta han dago Baigorri hemendik ez da frantzesik joanen handik ez baita etorri.
2) Artzain etxola gainean ere zotal ta garo-hostorri ardi lekuak dira Urepel Aralar edo Aizkorri ez diezaiogun gehitxo so egin Bidasoaren ertz horri hemendik ez da frantzesik joanen handik ez baita etorri.
3) Irun gainean hor San Martzial Urruñan aldiz Sokorri gauez zakua bizkarrean ta korri hara, hona korri zenbat istori entzun diogun hamaika jende jatorri hemendik ez da frantzesik joanen handik ez baita etorri.
4) Kattalingorri marigorringo nahiz amona mantangorri hizkuntza berak elkartzen gaitu lur bera dugu jatorri ez gara frantzes ez ta espainol Kasu eman kontu horri hemendik ez da frantzesik joanen handik ez baita etorri.
5) Horra Xalbador bost bertso xume zure arrazoi sakon horri herri zahar honek bere historian pasa arren hainbat orri gaur ere berdin esan behar, zuk errana Egileorri hemendik ez da frantzesik joanen handik ez baita etorri.
Jarraian bertso-sorta entzungai Makalo Jauregi Beloki berak musikatuta: