Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “urtarrila, 2026”

Badator Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa

Badator Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa, eta 2017ko hartan bezala, Txingudi A eta Txingudi B taldeak osatu ditugu eskualdean, txapelketan parte hartzeko.

Txapelketak hainbat fase izango ditu, eta eskualdeka antolatzea erabaki duten lehendabiziko honetan, talde bakoitzak bi saiotan kantatu beharko du.

Txingudi A taldearen lehen faseko saioak

  • Martxoak 12 > Txingudi A vs. Xenpelar (Orereta) > 19:30ean Kabigorrin (Irun) > [ Oroitzapenen kutxa [1] [2] [3] ]
  • Martxoak 6 > Bilintxi (Donostia) vs. Txingudi A > 20:00etan (Donostian)

Txingudi B taldearen lehen faseko saioak

  • Otsailak 19 > Txingudi B vs. Basandrik (Oiartzun) > 19:30ean Kabigorrin (Irun) > [ Oroitzapenen kutxa [1] [2] [3] ]
  • Martxoak 6 > Añorga vs. Txingudi B > (ordutegia zehazteke) (Añorgan)

Taldeen osaera:

Txingudi A:
Igauri Lopetegi Amostegi (bertsolaria)
Jon Luzuriaga Iurramendi (bertsolaria)
Manu Goiogana Bengoetxea (bertsolaria)
Jon Cia Insausti (gai-jartzailea)
Aitor Errazkin Vicente (epailea)

Txingudi B:
Abel Zabala Elizazu (bertsolaria)
Adrian Arruti Bernadet (bertsolaria)
Iñigo Ugarte Azurmendi (bertsolaria)
Andde Berasategi Goñi (gai-jartzailea)
Zuhaitz Olazabal Susperregi (epailea)

Informazio gehiago:

https://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/herriartekoa-2026/albisteak/57-talderekin-hasiko-da-herriartekoa

“Kanpolarrosak”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

KANPOLARROSAK

Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

Doinua: Emazte baten bihotz xamurra I

1)
Bertsolariok aritzen gara
inoiz goxo, inoiz zakar,
gaurkoak ere, nor den hartzaile,
pixka bat denetik dakar.
Dena den, argi utzi nahi nuke,
egin aurretik atzapar,
ni neu naizela idatzitako
hitzen erantzule bakar.

2)
Bertsolariak behar ditu plazak
eta ikasten joatea,
transmiti dadin, zabaldu dadin,
eten ez dadin katea.
Erakundeek zein elkarteek
hala itxita atea
utopia da Bidasoako
bertsolari izatea.

3)
Bertso munduan Gipuzkoako
Elkarteak badu sona,
alboratuta, gutxietsita
duena hemengo zona.
Beraien mapak duen itxurak
sortzen dit ezinegona:
Gipuzkoarik ba ote dago
Gaintxurizketatik hona?

4)
Urrunekotik abiatu naiz,
baina, tira, ez du zertan,
zer hausnartua, zer konpondua
ere badaukagu bertan.
Irungo Udalak bista beti du
urrutiko intxaurretan:
bertako zeinek kantatu du ba
Irungo San Martzialetan?

5)
Abenduaren hasieran, bai,
kantatu dut honezkero,
baina aurpegi zuritze hori
onartzerik ez espero…
Kulturaz eta diru partidez
hitz egiten dute gero,
baina ez dakit nondik hasten den
euren km0.

6)
Euskal Jiraren jarrera ere
ez da bere onenean
nahiz eta esku asko ez dauden
lanerako orenean.
Azken aldian gure jardunik
ez dute oroimenean,
baina agudo oroitu ziren
sosik ez zegoenean.

7)
Nahiz ez nukeen inor mindu nahi
nire usteen aitortzan,
bertsotan beti lehenik besteak
eta gu euren morrontzan.
Imajinatzen al dituzue,
etsenplu bat otzan-otzan,
Auntxa eta Kemen deitu ez eta
Solano eta Kukai oholtzan?

8)
Hondarribiko Udala ere
sar dadila kalabazan,
arduradunen itsutasunak
guri nola ez erasan?
Bailarakoen presentzia ere
ez al da nahiko eskas han?
Hasi zenetik nork kantatu du
Santiago kaleko plazan?

9)
Bertan daudenak nahi baditugu
arrimatu kulturara
herri gogoak udaletxetik
izan behar du bultzada.
Dagoeneko ailegatu zait
pazientzia mugara:
ez da alderdi kontua soilik
borondate kontua da.

10)
Nahiz eta ez den deus aldatuko
bertsook idaztearren
azken boladan nire barruak
husteko nahia nekarren.
Esperantzara kondenatuta
bizi nahi ez nukeen arren
bi mila eta hogeita seiak
ea berririk dakarren.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/manu-goiogana-bengoetxea-kanpolarrosak/

“Luhusoko gorabeherak”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Iruneron.

LUHUSOKO GORABEHERAK

Doinua: Maskadak heltu gira
Egilea: Iker Altuna Albisu

1)
Azkenaldian zenbait
aldaketa izan
dira, egia esan,
Ikerren bizitzan.
Bertsoak jarri ditut
ohitura den gisan,
interesa duenak
irakurri ditzan.

2)
Luhusora joatea
aukera zelako,
jada hemen bizi naiz,
konturatzerako.
“Biziraungo ote dut
Hendaiatik kanpo?”
Behin bizi gara eta
probatu beharko!

3)
Hasieran sentitu
naiz hemen arraro,
herri txikia da hau,
lasaia zeharo,
gaueko zortzietan
kristaurik ez dago;
baina lasai bestela
oso ongi nago!

4)
Ez, ez, lasai ze ari
nauzue barrezka,
nola jende dezente
dabilen galdezka.
Hau ez da leku txarra,
ez zaitezte kezka!
Akats bakarra dauka,
tabernarik ez da!

5)
Baina zabala denez
hemengo partzela,
kirolerako dugu
toki bat itzela.
Neurrira ipini dut
txirrindaren zela.
Arruti eta Maia
presta daitezela!

6)
Eta bertsotan inor
ote da ari han?
Hori pentsatuko du
norbaitek agian.
Ba izena eman dut
bertsoen habian,
Irisarriko bertso
eskola handian.

7)
Bertsotan segitzeko
beraz nago gertu;
ahal bada, bertsokera
hobetu, edertu.
Jaizubia hor dago,
betiere gertu,
barka bi hilabetez
ez banaiz agertu!

8)
Lasai, uste baino lehen
banatorkizue,
baina beste gauza bat,
aizue, aizue!
Irakurleoi, zuzen,
hor doakizue:
Luhuso non dagoen
ba al dakizue?

9)
Hendaiaren antzera,
ertzeko, mugako
herria da Luhuso,
beraz antzerako!
Baina etxean nago,
lasai eta bapo,
Lapurditik sekula
ez naiz aterako!

10)
Hementxe hamar bertso
zuentzat opari,
bizitzen ari naizen
aldaketen kari.
Nahiz eta gaur nabilen
hemen ibiltari,
noizbait itzuliko naiz
etxera kantari!

Iturria: https://irunero.eus/luhusoko-gorabeherak/

Post Navigation