“(Ber)pizkunde”. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak, Iruneron.
(BER)PIZKUNDE
Egilea: Xabier Isasi Balanzategi
Doinua: Sentimentua sartu zitzaidan
1
Zer gertatzen da? Nola dagoen
abertzaleen baratza?
abertzaleek badaukate, bai,
independentisten antza
baina berdinak baldin badira,
zergatik izenen dantza?
abertzaleak aberria du
izatearen ardatza
aberri gabe ezin daiteke
independentzia altxa.
2
Aupa emazte jaiki andrea
eutsi mutil aktibista!
Borrokarako deitu baitute
piz dezagun berriz txispa!
nekazari zein langile edo
arrantzale zein artista
askabidetik galbideraino
ez dezan inor irrista
Euskal Herria behar bait gaitu
euskal independentista.
3
Bildu gaitezen, izan gaitezen
berriro antolakunde
hiztun elkarte bihur dezagun
gure herri-erakunde
hizkuntza zaharrak berriz behar du
lortu lehengo hazkunde
biziraupena izan dadila
hizkuntzaren zabalkunde
beste bidetik ez da lortuko
euskararen berpizkunde.
4
Epaile eta agintariak
gure hizkuntzaren etsai
nola piztiek usnatzen duten
herio beltzaren usai
hola dabiltza gure gainean
hamaika putre eta sai
artega gaude ezin bizirik
zoriontsu eta lasai
haiek baitaude gu euskaldunak
amore emateko zai.
5
Hizkuntzak badu bere bizitza
hiztunaren aho-mihitan
herria eta hizkuntza berez
ezin da bereiz bitan
gure hizkuntzak bizirik dirau
amaigabeko auzitan
mintzo gaitezen beldurrik gabe
pizkundearen argitan
gu bizi arte euskara ere
bizi baita gure baitan
6
Euskaldun batzuk etorri zaigu
gure burua nahastera
esanez bihar izan leikela
garaipenaren bezpera
baina hizkuntza estualdia
oraindino albiste da
aspaldidanik notizia da
gaurkoz berria ostera
gu euskaldunok ez bara nork
salba lezake euskera?
Iturria: https://irunero.eus/berpizkunde/
