Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Baratzea”. Josu Laguardia Igiñitzen bertsoak, Iruneron.

BARATZEA

Egilea: Josu Laguardia Igiñitz

Doinua: Praixku Galtzarreta A

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Baratzea udazkenean, oraindik, emankor.
Tomate festak jarraitzen du, baina gain behera dator…
Elikatzen, erleak, etenik gabe, hor…
Kuia eta zerba biltzera oso gustura nator!

2)
Abenduan bada lana, baina nahiko suabe.
Zeruan eguzkia ez da gehiago jaun da jabe.
Babak erein behar dira, ta erleak, bestalde,
erlauntzetan gordetzera egiten dute alde.

3)
Urtarrilean gurean ezin dut gehiago.
Hotza eta euria barra-barra, jai girorik ez dago.
Etxetik irten gabe, aspertuta nago.
Bitartean baratzean, barazki gutxiago.

4)
Barazki gutxi eta euria, guretzat, kondena.
Kuiarik eta zerbarik ez… betetzeko barrena.
Aza bat edo beste, neguko azkena…
Norbaitek uzta biltzeko ba al du itxaropena?

5)
Martxoarekin batera, epeltze garaia.
Agur otsaileko elurra, barazkien etsaia!
Konpondu arrastalua, zorroztu igitaia!
Azkenean, baratzean piztu egin da jaia.

6)
Jaia hasi ondoren, uzta; bazkaltzeko, bapo!
Eguzki-beroa nolako, jan-edana halako!
Marrubiak, ilarrak…. Den-dena, etxerako!
Lagunei pixar batzuk… maite ditugulako!

7)
Baratzea egin dezagun! Egin, berehala!
Tokikoa baino hoberik, topa daiteke ala?
Bideratu hortara gure eginahala!
Elikadura sanoa… Hori bai naturala!

8)
Ta erleekin arestian, a zer buruhauste!
Lorautseztapenik ez dago, haiek gabe, ez uste!
Milioika polen-bidai egiten dituzte.
Baratzeen desagertzetik, salbatu ohi gaituzte!

Iturria: https://irunero.eus/zerrendan/

Single Post Navigation

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.