Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Bertsoak”

“Goizuetako misioa”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

GOIZUETAKO MISIOA

Egilea: Iker Altuna Albisu

Doinua: Manuel Narruk atzo esan dit B

Hemen jaitsi dezakezu

1) Zorionez gu nola gabiltzan
bizimodu hain librean,
hemen dena da posible eta
dena dugu posible han.
Lerroburu hau erreala da,
ez dut aurkitu airean:
“Txintxetak eta iltzeak daude
Goizuetako bidean”.

2) Hainbat ziklistek salatu dute,
garaia da ohartzeko,
errepidean norbait ibili
da jartzen hamaika zepo.
Nik ez dakit ba, baina jendea
dago aspertuta seko,
batek denbora librea hori
egiten igarotzeko.

3) Askok gurpila zulatu zuten
pasa orduko stopa,
eta segidan ulertu zuten
eratutako konplota.
Ondorioa argia dugu,
eta ez al du inporta?
Nonbait gorroto handia dago
txirrindularion kontra.

4) “Nire aurrean ziklista bat, dios!
Sorpresa desatsegina!
Hura lehenbailehen aurreratzeko
egin behar ahalegina!”
Errepideko esperientzia
ez litzateke berdina,
bizi honetan beti presaka
ibiliko ez bagina.

5) Presaren erruz istripu latza
izaten baita askotan,
zenbat ziklista hil ote dira
azkenengo urteotan?
Helburua ez izanagatik
hastea norgehiagokan,
gorrotoa guk behar genuke,
norbaitek izatekotan!

6) Diskurtsoetan diskurtso hau da,
nire ustez, erregea:
“Trafiko-arau guztiak hausten
ziklista dugu trebea!”
Mito faltsuak gezurtatzea
da bertso hauen xedea,
salbuespenak ez duelako
inoiz egiten legea.

7) Esan nahi nuen hori, aizue,
esan ote dut argiro?
Problematika hauek zabaltzen
segituko dut aldiro.
Ai! Usabiaga jauna, ETBn,
azal ezazu geldiro:
Euskal Herriko errepidean
gehiegitan ez da giro!

8) Bizikidetza erronka dela
sarri askotan diogu;
nolanahi ere, hitz horrek ditu
gurean hainbeste zoru.
Errepideko elkarbizitza
nahi baldin bada konpondu,
arazoari denok batera
heldu beharko diogu.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-iker-altuna-albisu/

“Eskolatik jasotzeko”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Iruneron.

ESKOLATIK JASOTZEKO

Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea
Doinua: XILABAra jina nauzu

1)
Bere bastoi, bere txapel
eta bere alkandora,
berez inoren zain baina
gozatu nahian denbora.
Oilategira begira,
ez bereziki inora,
lasai elkarri hizketan
hitzak ahotik ahora.
Egun noiz ikusten dira
irtendakoan kanpora
enbor berean jarrita
aitona eta biloba?

2)
Kanpotik egurra sartu
mantal zaharra soinean,
irria du ezpainetan,
jakintza du mingainean.
Arto irina nahastuz
atzamarren dohainean,
biloba dauka begira
egur erre usainean.
Ea nor ari daitekeen
bilobekin orainean
taloa goxo egiten
ekonomika gainean.

3)
Atarira irteteko
etxeko arropak jantzi,
naturako bizitzari
eman behar beste garrantzi,
horri amonak dakarren
jakituria erantsi:
landareak nola jarri,
adarrak nola itsatsi,
ura noiz eta non bota,
zer sekula ez ahantzi, …
ea gaur egun hori nork
ahal duen irakatsi.

4)
Altxa paretaren aurka
lehortu zaion txalupa,
biloba tostan ipini
aurrez uretaratuta,
gero arraunei eragin
“Boga boga” kantatuta,
haurrari arraunak utzi,
aurkako bidean buka, …
Ea nor ari daitekeen
beita amuan hartuta
pitak eta begiradak
barrezka kateatuta.

5)
Kaxa zahar bat ireki,
han argazkiak pilaka,
bakoitzak anekdota bat
eta bizkarrean data.
Honek lagundu ohi dio,
nostalgiari tiraka,
amon-aitonen bizitzen
puzzlea sortzen atalka.
Egun argazki pila bat
egiten ditugu, alta
berrikusteko denbora
eta anekdotak falta.

6)
Momentu horiei gutxi
falta zaie agortzeko
ea nor den gai halako
une goxo bat lortzeko.
Ea nor agertzen den prest
amontzeko, aitontzeko
jadanik ez daude eta
jakintzetan sakontzeko,
frogatuta geratzen da
bideo-dei bakoitzeko
bakarrik nahi ditugula
eskolatik jasotzeko.

Iturria: https://irunero.eus/eskolatik-jasotzeko/

Jarraian bertso-sorta entzungai Eleuterio Jauregi “Makalo”k musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Trenaren gainbeherari jarriak”. Andoni Agirre Arabolazaren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

TRENAREN GAINBEHERARI JARRIAK

Egilea: Andoni Agirre Arabolaza

Doinua: Naparruatik ardo karraio A

Hemen jaitsi dezakezu

1.-
Nik ikusiek martxan jartzean
pentsamenduen gurpila,
barruko senak agindu zidan
idazten hasi nendila.
Gaur bat edonon hasi liteke
zaldi hobearen bila;
azken aldian herren baitabil
Norteko ferrokarrila.

2.-
Gu bizi garen mende berriko
hamaseigarren urtean
estudiante sartu nintzen ni,
urrun, Bizkaiko partean.
Gaintxurizketan trenbide-lanak
hasi berriak artean,
apenas ezer aurreratu da
ordutik orain artean.

3.-
Hamaika aldiz ikusia naiz,
Landetxakoa izaki,
fedea nola itzaltzen zaion
geltokian zain den bati.
Amore eman edo zain segi
sarri ezin erabaki;
tren zaharra horra noiz helduko den
Jaungoikoak’e ez daki.

4.-
Lanak medio lehen agindua:
“Bi trenbideetan bat itxi!”
Orduz geroztik gure auzoan
ezin gara lasai bizi.
Jandako hitzak pilatuz beste
jandako hainbeste hitzi,
hor behar zuten hamar trenetik
zortzi ez dira iritsi.

5.-
Zer gertatzen da besterik gabe?
Mundu honetan ezer ez;
zerbait gertatu dadin baldintzak
ezarri ohi dira aurrez.
Gaur egunean nola daukagun
gure tren zaharra negarrez
laurogei urte atzera joanda
ulertu daiteke errez.

6.-
Begira jarri Euskal Herriko
trenbide zaharren mapari;
Urolan, Deban zein Bidasoan
trenak baziren ugari.
Haiek ixteko asmo gaiztoaz
bazen zenbait agintari;
esaten zuten: “Trenez ez dabil
behar beste bidaiari!”

7.-
Baina ixteko zio gorderik
hobe ez utzi aparte:
automobilen etorrera zen
trenbide haientzat kalte.
Errepideak eraikitzeko
ze antsia ta ze arte;
etorkizuna trenak direla
konturatu ziren arte.

8.-
Barru-barrura sartu zitzaien
abiaduraren harra;
hura zen mendi, zelai ta baso,
dena suntsitu beharra!
Begiak itxi eta dirutza
xahutu ordez barra-barra,
Lehendik zeudenak konponduz gero
ez zen izango hain txarra.

9.-
Gauza jakina izanagatik
asko ados ez dagola,
harrak barrua jan die eta
beste denak bost ajola.
Martxa honetan, berandu gabe,
trenbide zahar haiek nola,
agintarien utzikeriak
hilko du Irun-Brinkola.

10.-
Nafar itzainen zoritxarrean
heldu zenari lehenago
garai bateko perra berriak
herdoildu zaizka zeharo.
Txirrita bera txunditu arren
ulermenetik harago,
zaindu ezean iraungo duen
berrikuntzarik ez dago.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-otsailak23/

“Maskarak”. Maddi Sanz Sanchezen bertsoak, Iruneron.

Maskarak

Egilea: Maddi Sanz Sanchez
Doinua: Estutzen ez bagaitu / Treneko koplak

1-
Ihauterien bueltan
hamaika jantzi,
barnean gu garena
hein batez ahantzi
hein batez ahantzi
eta hautatutako
maskara jantzi

2-
Maskara jantzi eta
zer gozamena!
libre sentitzen gara
hori da pena
hori da pena
egun bakarrerako
dela hitzarmena

3-
Maskara bat jantzi ohi
dugu soinean
dena ondo doala
diogunean
diogunean
justu dena jaustear
dugun unean

4-
Ispiluari adi
begiratuta
zer saldu nahi genukeen
aukeratuta
aukeratuta
Izaera zeharo
makillatuta

5-
Instagramen filtroak
hashtag: #gustura
paisaje, bidaia (e)ta
lagun bilkura
lagun bilkura
faltsuki mantendu nahi
dugu itxura

6-
Beste maskara bat da
aski ezaguna
neurri bakarrekoa,
oso zurruna
oso zurruna
jaio (e)ta gizarteak
janzten dizuna

7-
Barruko deabruak
jarrita goxo
ardi larruz estaltzen
horren eroso
horren eroso
egunero dabiltza
hamaika otso

8-
Beraz ihauteriak
aprobetxatu
mozorratuta egin
mila pekatu
mila pekatu
eta aste santuan
zorrak barkatu

Iturria: https://irunero.eus/maskarak/

Jarraian bertso-sorta entzungai Eleuterio Jauregi “Makalo”k musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Urbasan”. Jexuxmari Mendizabal Iraola «Bizargorri»-ren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

URBASAN

Egilea: Jexuxmari Mendizabal Iraola “Bizargorri”

Doinua: Maritxu nora zoaz I

Hemen jaitsi dezakezu

1. Urbasan maldan goitti
putz eta ufaka
gizon gazte koadrila
doa tiki-taka…
Bero zitalak jota
ezinez tiraka,
barrenak egartsuak,
soinak sobran praka.

2. Bidoitza zabaldira
iritsi orduko,
iturritxo bat bertan,
guztiak lekuko!
Hango inork inori
zer ba aginduko…?
Ur trago luuuze bati
ezin egin uko.

3. Itoka ziren denak
iturrira murgil,
baina hara artzain bat
oihuz hasi hurbil:
«Etzazuela hortik
tantatxo bat ur bil,
hamaika utzi du-ta
hilzorian zurbil!».

4. Txangolari apainek
orduan: «¿Qué?», Zer, zer?
Ez zioten ulertzen
artzainari ezer.
«Ez da edangarria,
monsieur eta mister.
Señoras y señores,
alde hortik laister!!!».

5. Haien albo ondora
inguratuz gero:
«Alde hemendik, ospa!
Deus ez edan, gero!
Hilak aleka baina,
gaixoak astero
utzi ditu iturri
honek honezkero».

6. Iturriaren jiran
makur belauniko,
inork deus ez ulertzen
haren ahotik, o…!?
Zutik jarri zen gizon
plantako mutiko,
artzainari zuzenduz
jauntxo zerutiko:

7. «De Madrid somos todos:
Nacho, David, Toño…
En la cabeza “PP”
llevamos de moño.
Háblenos en cristiano,
espainolez, koino,
que estamos en España,
basko, errekoino!».

8. Artzainak bi besoak
atzean gordeta:
«Que beban despazito,
ahoa erreta;
despazio, despazito,
hotza dator eta.
Sin prisa…, todo el día…
Zuentzat erreka!».

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irurabar-bertso-sorta-urtarrilak26/

Bertso bazkari musikatuaren argazki bilduma [2024-01-20]

Kaixo, bertsozale:

Primerako eguna pasa genuen Katean. Jarraian Andoni Eizagirrek, Ane Mendizabalek eta Egoitz Zelaiak egindako zenbait argazki:

“Amesteko lizentzia”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Iruneron.

AMESTEKO LIZENTZIA

Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea
Doinua: Zer buruzbide bihotz gabe

1)
Nabari dugun honetan urte
berriaren presentzia
ez nuke nahiko transmititzerik
zaharraren dekadentzia.
Ahaztu nahirik bizi gaituzten
estresen biolentzia
loak hartzeko pilulatxo bat
pozarren dut irentsia
behingoagatik hartu dezagun
amesteko lizentzia. (BIS)

2)
Begiak itxi eta gau-mahaira
botatzean prospektua,
ikus dezaket Mosku bete bat,
herri baten proiektua.
Denek diete izar gorridun
plaza horri afektua,
Korrika bertan hastea_izango
litzateke perfektua!
Itxoin, ez dakit hasi ote den
orfidalen efektua. (BIS)

3)
San Miguel eta Anaka mugan
hantxe ezker zein eskubi
beilatokia eta Lanbide,
zenbat tristura irudi,
irailan eta itxarongelan
hainbat pertsona urduri;
uniformedun gizon txiki bat
kasko beltz, ilea zuri, …
Miopia ez zait sendatu baina
Urkullu dela dirudi (BIS)

4)
Bufalo talde bat balitz legez
lurra astinduz orroaz,
mendebaldetik konpainia bat
hautsak harrotuz pausoaz.
Nor ote diren igarri asmoz
bilaka hasi naiz soaz:
betikokoak baldin badira
beraien esprintak joaz
arrakala bat irekitzen da
eta lurrazpira doaz. (BIS)

5)
Bidasoan surf taula gainean
dator migrante-oldea,
izurde-talde batek tirata,
irrifartsu umorea.
Hendaian uzten dituzte denak,
helmuga ezin hobea.
Haiek salatuz agertzen dira
bakanen batzuk, ordea,
eta ilundu egiten zaie
azalaren kolorea. (BIS)

6)
Estralurtar bat Zabaltza plazan
trakets bezain handikote,
gerritik gora gizakia da
handik behera antilope.
Hurbildu dira Printze txikia,
Santxo eta On Kixote,
hari ez dio inork galdetu
neska edo mutil ote
eta gainera, badaezpada,
zuka hitz egin diote. (BIS)

7)
20 pertsona hurbildu dira
GAL estadio erdira
lepo gainean baloi bat dute
eta_ostikoa desira.
Desagertzear den jokoaren
azken printzak ote dira?
Jarraitzailerik gabe askotan
egin dute erretira
baina baloia puztu zaie gaur:
Rantanplan dute begira.

8)
Uholdeetan maiz itotzen naiz
eta joaten hondora
maskurikoa hustu ezean
bere bidetik kanpora…
Korridorean errekortari,
komunean ziaboga,
atzera sartu ohean eta
estali naiz ahoz gora
ea berriro murgil naitekeen
nire ametsen goxora. (BIS)

Iturria: https://irunero.eus/amesteko-lizentzia/

“Milesker, Kote!”. Adrian Arruti Bernadeten bertsoak, Bidasoko Hitzan.

MILESKER, KOTE!

Egilea: Adrian Arruti Bernadet

Doinua: Herri txikien negu gordina

Hemen jaitsi dezakezu

1
Abenduaren hamabostean,
hala duzu iragarri,
erretiratu zara aritu
ostean buru-belarri.
Merezitako esker keinurik
ez denez jasotzen sarri
nahi nizkioke zure lanari
hainbat bertso xume jarri.

2
Alde batetik, biblioteka bat
sortu duzu aldez alde.
Zenbait ikerlan historikoren
jabea zara, bestalde.
Ez dakit ongi jabetu garen,
behin eginda zure galde,
zenbat lan egin duzun gaurgero
Hondarribiaren alde.

3
Itsas Etxetik Zuloagara,
mandatuari jarraiki,
hogeita hamasei urtean zehar
lana egin duzu, baiki,
biblioteka bat ez baita inoiz,
aditu gisa zenbaiti,
eskuizkribu eta liburu
zaharrez soilik eraiki.

4
Gehiago dela konforme gaude,
baina gehiago zer da ba?
Erakusketa, tailer, liburu
eta ekimen bailara.
Zenbat hitzaldi, zenbat aurkezpen…
guztia Zuloaga da.
Gure kapital kulturalaren
hornitzaile izan zara.

5
Zeregin hori beste edonork
burutu zezakeenik
gauza jakina da eta ez dut
esango hala ez denik.
Baina horrela gertatu balitz
ikusi nahiko nuke nik
zuk adinako elegantziaz
egin ahalko zuenik.

6
Baleen ehizaz Hondarribian
nahiz Konbentzio guduaz,
Hondarribiko itsaslapurraz
zein baserrien munduaz…
inor kezkatu ez balitz kontu
horien iturburuaz
nekez jakingo genuke ezer
bizi dugun inguruaz.

7
Herri bat ezin da sortu bere
historia jakin gabe
zure alea eskaini duzu
izan dadin burujabe.
Hondarribitik harago ere
ez da pasa oharkabe
hori ulertu dugun guztiok
oso eskertuta gaude.

8
Sorta zintzoa eskribitu nahi
nizun, baina hala ote?
Ingurukoek, behintzat, hitzez hitz
gauza berbera diote.
Merezi duen horri aitortza
egin behar genioke
salbuespena ez zara eta
milesker, bihotzez, Kote!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/adrian-arruti-bernadet-milesker-kote/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Berdea berdea ote”. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak, Iruneron.

BERDEA BERDEA OTE

Egilea: Andoni Zelaia Otaño
Doinua: Iskin hontatik idazten dizut

Hemen jaitsi dezakezu

1
Aran soinpeko Fun Chang jakintsu
berdea omen neutroa,
gauza guztien zergatiari
filosofi handikoa,
baikorrak honat ezkorrak harat
eta erdian erdikoa,
mundu guztian ezaguna da
txinatarrentzat jainkoa.

2
Zalantza gabe esango nuen
berdea dela baikorra,
naturak berez jantzi ohi du
unibertso emankorra,
udaberriro esnatu arren
hain da mundu aldakorra,
ahaztu gabe lurra dugula
gure bigarren zilborra

3
Betaurrekoak berdeak jantzi
berdea gatibu dugu,
gaur berdeari apologia
egitea da helburu,
berdekeriak txiste berdeak
txiste matxistak seguru,
taberna hartan egon ondoren
ia bi oren inguru.

4
Berdeak ziran guardia-zibilak
berdeak ninya dordoka,
martxa berdea Marokotikan
matxinada ate joka,
politikoak erakundeak
berdetzearen erronka,
punta gabeko korapiloa
ezkutatzen duen soka.

5
Zenbat ekintza berdez apaindu
aldaketaren lekuko,
pentsamendua ideiaz jantzi
lagun eta lagun hurko,
beste mundu bat posible dela
nork ez luke amestuko,
kontsumoari heldu ezean
ezer ez da aldatuko.

6
Muskerrak eta aza buruek
berdetzen dute ortua,
erle munduak erakusten du
naturaren jo puntua,
berari esker argi pixka bat
kandela jarri piztua,
gizaldietan ez bedi eten
gure harreman estua.

7
Arkaitzerreka erraustegia
hemen bertatik bertara,
ura urdina berdea grisa
kolorez aldatu bada,
Europan denik eraikinetan
seguruenen gisara,
saldu ziguten zorpetu ere
isiltasun hau zer da ba.

8
Nuklearrekin trantsizioan
ari dira eragiten,
energiaren berriztatzeko
kate begiak berpizten,
garbia eta berdea zer den
ez da samurra jakiten,
kameleoiez jantzita ere
ez du berdea egiten.

Iturria: https://irunero.eus/berdea-berdea-ote/

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalok musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Ibaitik itsasora”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

IBAITIK ITSASORA

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Kubako gerrarena

Hemen jaitsi dezakezu

Bertso berriak jarri nahian, bai,
baina jartzekotan zeri?
Nik ezin diot hitzik eskaini
honi ez beste ezeri.
Nahiz eta suerta dakidakeen
esplikatzea zailegi,
beste ezertaz hitz egitea
gaur egun ez da zilegi.

Mendebaldetik kontrolaezin
zen ekialde hurbila.
Galtzada baten bila zebilen
kapitalaren gurpila.
Han Palestina hautatu zuten
bidea izan zedila,
besteren etxe zena ibiliz
euren interesen bila.

II. Mundu Gerra pasata,
Europan hitz hauek saldu:
“Lur sakratuan bizi nahi badu
inork aukera orain du.
Holokaustoko zauri guztiak
baietz han ongi orbaindu!”
Naziek sortu kaltea, eta
palestinarrek ordaindu.

Sionismoa babestuz joan zen
hara kolono bailara,
Israel sortuz, estatu on bat,
Europakoen mailara,
NATOrentzako base berri bat
bere interesetara.
Armada duen estatu baino
Estatudun armada da.

Harrezkeroztik palestinarrek
abiaturik borroka,
eurek hil arte inor hiltzeak
ez zuen asko inporta.
Biolentoa da orain ibaia
gainezka, harro, dator ta,
ta inork ez du aipatzen hura
estutzen duen arroka.

Palestinaren ta Israelen
artean dago ataka
Ta negoziatu dezaten askok
ematen dute matraka.
Negoziaketan negoziorik ez
duenak ezer ez dauka,
noiztik aritzen dira hizketan
lepoa eta ezpata?

Mendebaldeko biztanle asko
nahiz eta gaiaz kezkatu,
eta bakean bizi daitezen
estatu bana eskatu,
Sionistei esan zitzaien
sortzeko, ba, bi estatu!
Baina, gero lur zati bakarra
ere ez zuten askatu.

Ondo babestu izanagatik
Israelgo potentzia,
Espainiako presidentea
ezkerrak du hautetsia.
Ez naiz hasiko hemen salatzen
zer den inkoherentzia,
norberak jasan beharrekoa
da norbere kontzientzia.

Hamaika mila hildako dira,
egunetik egun gora.
Hemendik ere bultzatu ezik
ezin iritsi inora.
Oh, Palestina, lur zanpatua,
inoiz libre izango da,
Mendebaldeko kateetatik
ta ibaitik itsasora.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-azaroak24/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation