Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Bertsoak”

“Morroi digitala”. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

MORROI DIGITALA

Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

Doinua: Kantatzera noazu II

1
Munduko aldaketak
ez dira makalak
asko, handiak eta
gainera zabalak
denen eskura dauden
lanabes itzelak,
adibide moduan
sare sozialak.(bis)

2
Berrien berriena
hasi ezin buka.
Jende andana dabil
lar aztoratuta.
Azalduko dizuet
bertsoz kantatuta,
zer pizti klase bizi
saretan bilduta. (bis)

3
Ekaingo gizakia
ei neandertala
Sapiens espezieko
itxuraz normala.
Haiengandik gatoz gu,
nola edo hala,
eta guri jarraiki
morroi digitala. (bis)

4
Esnatu bezain pronto
ireki du Twitter.
Glovo gosarirako
oraindik betoker,
tximak ondo orraztu
eta ondoren zer?
Tik-Tok ikusi eta
lanerako Uber.(bis)

5
Lantokira iritsi,
zuzen komunera
WhatsAppek joka tope
mezu isurbera
tripaldeak darabil
kaka goitik behera
segapototik ere
dator kaka bera. (bis)

6
Kamiñeroarenak
su eta galipot,
neguan epel baina
udan beroak pot,
lan etenaldietan
begiratu ten top,
hamar onenen bila
ireki du Tik-Tok (bis)

7
Lanetik etxeraino
makina bat gizon,
bakoitzak bere kasa
nork bere smartphone,
batzuk hizketan edo
erosten edonon.
Dendarik handiena
Bezosen Amazon (bis)

8
Getariko gezurra
Twitterren egia.
Egia biribila:
laua da Ludia.
Ludia laua denez,
Merkurio bia.
2ak bitan esan du
albisbistegia (bis)

9
Morroi digitalak du
sinesteko sena.
Sena Parisekoa
ibaia izena.
Izena Google-k zart
dakargu zuzena.
Zuzena nola izan
galtzen den maizena? (bis)

10
Maria, Manu, Mamen
mutil edo dama
marmarrean matraka
berekin darama
amaren ama edo
amatxi, amama.
Atzo ikusi zuen
aman Instagrama. (bis)

11
Saga, sega, Zangozan
edo baga biga
gogobakoen leiha
gugan dago liga.
Ez du bereizten zer den
gingondoko ginga,
konputagailuko bit,
mega edo giga. (bis)

12
Ustez taldeko edo
indibiduala.
Pantailari josita
bizi nahi du hala,
mundutik joateko
bide graduala.
Sare sozialeko
mundu birtuala. (bis)

13
Klik han eta klik hemen
arriskuz arrisku,
leihatila irekiz
egiten du txistu.
Nora doan ez daki
dariola listu;
Komunan galduz gero
GPSa piztu! (bis)

14
Nabigatzen badaki
baina txarto iger.
Programa_abiatzeko
klikatu bi bider.
Zenbat aldeko eta
beste hainbat hater?
Zer lortu nahi duenik
dabil ezin uler. (bis)

15
Influentzer moduan
ez du eraginik
maitasunaren grina
galdu du jadanik
aberasteko ere
ez itxaropenik
ez diru, ez sonarik
eta ez lagunik. (bis)

16
Morroi digitalari
dena zaio muger.
Azken orduak ere
dena dakar uher,
ohekide nahi luke,
gozatu zeozer.
Kaixomaitia edo
gutxienik Tinder. (bis)

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/206338/

“Gaymularen 2023ko uda”. Beñat Elosegi Ortiz de Zarateren bertsoak, Iruneron.

GAYMULAREN 2023KO UDA

Egilea: Beñat Elosegi Ortiz de Zarate
Doinua: Motibo bat nigana

1
Behin Marokok Sahara
atxikiz esklabu,
Sahararrak ihesi
desertuan salbu.
Udan ezin da jasan
hirurogei gradu,
afera hortan behingoz
hartu nahirik kargu,
ume bati genion
etxea zabaldu.

2
Zortzi urteko neska
ilusioz bero,
ondoren negar malkoz
ia egunero.
Kontatu ziotena
al zuen espero,
partida bat bezala 
gertatu zen gero:
Espektatibak 10
Ikusiak 0.

3
Tinduffetik gaixoa
bidaliz honuntza
etxekoek animoz 
ote zuten bultza?
Komunikazioa
zeharo kamutza,
mobileko transleitor 
genuen laguntza;
izan ere bakoitzak
du bere hizkuntza.

4
Etortzeko unean
hain ginen urduri,
asmatzeko beldurrez
barren denak mugi.
Hainbeste malko nola
daiteke ixuri?
bihotza erdibitzen
zigun bitan guri.
Nahita ezina hortxe
genuen irudi.

5
Etxekoak zituen 
hark oroimenean,
ezintasunak hartu
zuen azkenean.
Ondoren muturtuta
mespretxu batean,
ez dauka jasaterik
nork bere etxean.
Kasik nahiago nuen
negarrez zenean.

6
Aquariuma, Topic
Trenez igo Larrun,
hondartza, padelsurfa,
horrenbeste jardun.
Halako eskaintzarik
ez daukazu inun,
mendia eta kosta
aproposa Irun.
Plana bukatu eta
berriz kopetilun.

7
Igande arratsaldez
Hondarbitik biran,
behin kofidantza pixkat
jarri zuen nigan.
“No me gusta España”
nola bota zidan,
behingoz irribarre bat
atera zitzaidan,
“a mi tampoco mucho”
aitortuz segidan.

8
Haurra bere mundutik 
pintzekin atera,
eta ekarrarazi
martziano artera.
Adin horrekin udan
egin du aurrera,
nire buruarentzat
hauxe dut galdera,
ulertzekoa ez al 
zen bere jarrera?

9
Egoera halere
ez zen hain petrala,
elkartearekin bat
eutsiz nolahala.
Pena denak ahaztuta
etxean bezala,
neska txintxoa baitzen
fin eta apala,
ikusgarria zuen
irribar zabala.

10
Bizitzak eskaintzen du 
zer erakutsia,
elkarbanatzea ez 
dela itsusia.
Norbaitek izan badu 
zer irabazia,
bost urteko alabak 
egin du jauzia,
udan miretsi baitu
ahizpa nagusia.

11
Esperientzien bidez
hazten da pertsona 
eta zer ikasia 
izan da denona.
Nahiz momentu batzutan 
zen ezinegona,
familia hurbil zen,
Saharan dagona,
bihotzez jaso dugu
haren esker ona.

12
Elkartasunik gabe
ez goaz inora,
Españaren ardura
ekarri gogora.
Saharatik Maroko
doala kanpora!
Eta Polisarioa 
behingoz izango da.
“SAHARA AL-GHARBIA
HURRA” eta GORA!!!

Gaylmula Euskal Herrira etorritako haur sahararrei egindako harreran. Argazkia hemendik hartua

Iturria: https://irunero.eus/gaymularen-2023ko-uda/

“Hitzak eta ekintzak”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HITZAK ETA EKINTZAK

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

Doinua: Maitatzen zaitudalako

Hemen jaitsi dezakezu

1
Hire baloreek eta
printzipio politek
printzipioz ia ezin
hobeak ziruditek
baina buelta bat gehiago
eman behar genikek
hire ekintzek berdina
erakusten al ditek?

2
Gobernuaren jarrera
hain baldar hain ulergaitz
berotegi efektuaz
hausnartu izan duk maiz
baina bazkal ordurako
itzuli hadin garaiz
goizero lanera kotxez
bakarrik joaten haiz.

3
Hala pentsatzen duk sare
sozialen kasutan:
“Zergatik izaten dute
haurrek Tik Toka sutan?
Filtroa galduko ditek
hango filtro faltsutan…”
Baina Twiterren sartzen haiz
eztabaida antzutan.

4
Bai garaian garaikoa
bai kilometro zero
ideiekin omen hago
erabat ados edo
entzun behar huke hori
aipatu bakoitzero:
“Zumoa eta kafea
gosaltzen duk goizero!”.

5
Esna nahi dituk herriko
kaleak eta plazak
saltoki txikiek behar
omen ditek ardaztzat.
Hala ere merkeago
eros ditzaan galtzak
Amazon Primen harpide
urteak daramatzak.

6
Nola daukagu bizitza
hain indibiduala?
Auzolana aipatzen duk
elkarlana bezala,
baina pisukideekin
ikaslea hintzala
han hozkailuan bakoitzak
zian bere apala.

7
Bidasoako gorpuak
hain hotzak begitandu
zitzaizkianetik izan
duk zer heureganandu.
Nahiz tabernan lagunekin
afera sakon landu
sekula ez haiz etorkin
batekin harremandu.

8
Hi euskalduna omen haiz
bai buru bai ukabil
zazpiak herri bat gaituk
esanagatik abil
EITBren diskurtsotik
oso urrun ez habil
Maule baino gertuago
sentitzen baituk Madril.

9
Nola ez feminismoa
bizitzen duk bertatik
zein duan hire tokia
nonbait argi daukak hik,
gizontasunen tailerrak
goraipatuagatik
inoiz ez haizela joango
ederki asko dakik.

10
Kezkatzen haute hamaika
jarrera desegokik;
ustez ez izan arren deus
gizon homofobotik
hausnarketa sakonago
bat ez ote dagokik?
Hatz txikia ere ez duk
sartu ipurtzulotik.

11
Nahiz eta osatzen hauten
kontraesan anitzek
oraindik jende askori
atzerakoi deritzek;
nahiz eta bestelakoa
dioten hire hitzek
pertsona ez al zuten ba
definitzen ekintzek?

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/jon-luzuriaga-iurramendi-hitzak-eta-ekintzak/

Jarraian bertso-sorta entzungai Jone Garmendia Castañosek musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“BIDASOKO AEK IRUNGO EUSKALTEGIAREN 2023-2024 IKASTURTEKO ESKAINTZA BEREZIA”. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Iruneron.

BIDASOKO AEK IRUNGO EUSKALTEGIAREN 2023-2024 IKASTURTEKO ESKAINTZA BEREZIA

Egilea: Aitor Errazkin Vicente
Doinua: Zazpiak oihal batetik

Hemen jaitsi dezakezu

1.- Euskalduntzea ez dugu proba
jakin bat gainditze hutsa
C1a eta C2a baino
gehiago baita hizkuntza
ikaskuntzari zentzu betean
egin nahi dionak bultza
EUSKALTEGIAN bi-biak ditu:
AUKERA eta LAGUNTZA.

2.- Iaz bezala HIKA TALDEA
badaukagu, beraz, adi!
“Trebatu asmoz baldin bayabil,
gurera hurbildu yari!”
Azkenerako baietz bihurtu
makina bat hikalari
aurtengo uzta batzen bazaio
iaz bildutakoari.

3.- EUS-KA-HAL-DUN-TZE TALDEAN ere
begiak jarri ditugu
euskarak jiran hamaika putre
baitu inguru-minguru
gutxiespenaz ohartu eta
eskubideak helburu
talde-lanean ahalduntzeko
bidea egingo dugu.

4.-Euskal sortzaile baten izena
galdetu eta… akabo!
Literatura, bertso, antzerki…
Goazen pauso bat harago!
Hizkuntzak batzen duen herrian
egin nahi bada abaro
KULTURGINTZARI ARRETA jarriz
ikasi beharra dago.

5.- Proiektu, e-mail, ohar zein kartel
punttu-punttuan uzteko
taldea sortu gabe dugunik
ez zenuen, ba, usteko!
Ikastaro hau funtzionala da
hainbat praktika tarteko
ZURE LANEKO BEHAR-IZANEI
EUSKARAZ ERANTZUTEKO.

6.- ALFABETATZE TAILERRA indar
betean nahi dugu noski
bizitzan zehar mingain-arimak
nahiz eta euskaraz busti
araugintzatik urrun gertatu
direnentzat da zehazki,
aurrerantzean molda daitezen
hatxe, koma eta guzti.

7.- Gramatikatik abiatzeak
sortzen digu asperdura
hargatik MINTZA-TALDEEK pizten
dute gurean lilura
aztertzen dugu lotsarik gabe
ateratzen zaigun hura
eta norbere beharretatik
jotzen dugu liburura.

8.- IDAZKETARI SORMENA gehitu
eta nolako eztanda!
Barrenak nori ez dio egin
askotan horren demanda?
Baina bakarrik saiatu eta…
etsipen bide izan da.
Horrela bizi izan baduzu,
oraintxe da zure txanda!

9.- Zure helburu gure hizkuntza
ikastea baldin bada
OHIKO ESKAINTZAZ GAINERA AURTEN
BERRIA1 daukagu, hara!
Jakin-minak koxk egin badizu
etor zaitez AEKra
eskarmenturik ez zaigu falta
eta mintzatuko gara.

  1. Sarean kontsultatzen ahal duzu, “irungo aek eskaintza” bilatuta. ↩︎

Iturria: https://irunero.eus/bidasoko-aek-irungo-euskaltegiaren-2023-2024-ikasturteko-eskaintza-berezia/

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2023/24 hau bosgarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 7. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako zenbait bertso-sorta:

  • “50 urte”, Abel Zabala Elizazuk 2022ko abenduan Iruneron argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Bi belaun”, Jexuxmari Mendizabal Iraola “Bizargorri”-k 2022ko azaroan Bidasoko Hitzan argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Erlauntzan barrena”, Jon Luzuriaga Iurramendik 2023ko martxoan Iruneron argitaratu eta Jone Garmendia Castañosek musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

“Kantineroei”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

KANTINEROEI

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Naparruatik ardo karraio A

Hemen jaitsi dezakezu

Aurrera egin dezan denborak
ez baitu behar baimenik,
ezer berririk aurkitzen zail da,
aurreko bat ez duenik.
Txirritak bertso batzuk jarrita
trenbide bati lehenik,
aurrera doan beste zerbaiti
jarri nahi nizkioke nik.

Mila bederatziehun eta
hirurogeita batean,
alardea ez zen oso arrunt
izan Irungo partean.
Istorioa nahiz gelditu den
ezkutatua lurpean,
antzekotasun bat berpiztu da
handikan orain artean.

Goiz hartan beti bezala joan zen
desfilean jende pila.
Bazkalorduan hasi omen zen
arratsaldeko nahaspila:
Gizonik ezin hasi liteke
edatekoaren bila,
Kantinera bat husten ari zen
aldiro ardo botila.

Behobiako errepublika
Independientean iaio,
eginez Juani Etxeberria
zurrutetik hainbat saio.
Arratsaldeko desfilerantza
joan ziren, zer arraio!
Ezin pausoa egoki segi,
Mozkorra bere garraio.

Musika hasi, formatu eta…
kantinera non ote da?
Galdu zen eta nor ipiniko
hutsunea betetzera?
Soldadu bat jarri zen orduan,
hau ere mozkor antzera.
“Lehengo hura bezain ederra
da oraingo kantinera!

Eskuan hartu zuen zapia,
abanikotzat on ona.
Nahiz eta falta zuen moñoa,
pololoak eta gona,
zein ondo pasa zuen oraindik
oroitzen zaigu amoña:
Pedro Berrospe bilakatu zen
Behobiako moñoña!

Gizon abila zen kantinero
atera zen maisuari:
Egur gehiegi botatzen zaio
gaur aspaldiko suari.
Lehen paisaia soila zena gaur
begiratzen dugu adi.
Garai batean merke zen baina
gaur balio du ugari.

Bi mila eta hogeita hiru
Bolbora dator gainezka
Antxon Jauregi izango baita
Kantinera bai, ez neska.
Behin egin bazen gaur arazorik
Ez dugu izango, ezta?
Jaitan nahieran parte hartzea
Baino gauza hoberik ez da.

Duela ia hogeita hamar 
urteko bidetik segi!
Helmugaraino konpainia hau
agudo ailega bedi.
Hirurogei bat urte tartean,
kantineroak, a ze bi!
Gogoan Pedro Berrospe hura,
aurrera, Antxon Jauregi!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunaban-bertso-sorta-kantineroei/

Bukatu da ikasturteko Muarako Bertso-Gauen ekimena [2023-06-20]

Kaixo, bertsozale:

Urte hasierarekin batera ekin genion Muarako bertso-gauen ekimenari. Hilabetero, lehenbiziko ostiralarekin batera, Hondarribiko Muara Kultur-Elkartean sei bertso saio eskaini ditugu ikasturtea amaitu bitarte.

Esan bezala, sei bertso saio izan dira guztira eta hamazazpi bertsolarik hartu dute parte. Etxeko bederatzi bertsolari izan ditugu eta gertuko bertso-eskoletatik heldu diren zortzi bertsolari. Azken saioa berezia izan zedin nahi genuela-eta, eskualdeko bost musikarirekin harremanetan jarri eta bertso-saio musikatua antolatu genuen.

Saioek berezitasuna izan dute; denak izan dira libreko saioak. Bertsolarien protagonismo bera izan zezaten, alde batetik, eta jaialdiek ez duten entzuleekiko harremanean oinarritutako bertso-saioak izan zitezen, bestetik. Guztiak izan dira primerako saioak eta entzuleek zein bertsolariek elkarrekin afaltzeko aukera izan dute saio bakoitza amaitu bezalaxe.

Heldu den ikasturtean egitasmoari jarraipena emango diogun ez dakigun arren, frogatu dugu eragileen arteko harremanean oinarrituta, arrakasta duten bertso-saioak antolatu daitezkeela, bai eskualdeko bertsozaleari begira, bai eta tokiko bertsolariari begira ere. Horretarako, bi lehengai edo baldintza baino ez dira behar; eragiteko gogoa eta ardura.

Besterik gabe, bertsolari, musikari, entzule eta eragile guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.

Jarraian, saioetan bildutako argazki bilduma duzue ikusgai:

“Pospoloak”. Andoni Agirre Arabolazaren bertsoak, Iruneron.

POSPOLOAK

Egilea: Andoni Agirre Arabolaza
Doinua: Hogeigarren urtera III

Hemen jaitsi dezakezu

1.-
Maitatzen duenetik
bizitza erraza,
beregandik urruti
du ekaitzen basa.
Zeru urdinen pean
onduz bere kasa
bere gordelekua
den pospolo-kaxa,
bertan jarrita lasai
hartzen du arnasa;
eternitatea nahi
luke hala pasa.
Bertan jarrita lasai
hartzen du arnasa,
baina gaur munduak du
bestelako traza.

2.-
Txorrotxio urrunak
beraren belarri-
ertzak kilimatzean
zutitu da, larri.
Liskarren etorrera
zaio kezkagarri;
baretu nahi lituzke,
ordena ezarri.
Bistakoa da, nahiz hark
ez duen igarri,
gaixoak ezingo du
inor erakarri,
bistakoa da, nahiz hark
ez duen igarri:
erdian jartzekotan,
hobe da ez jarri.

3.-
Pospoloak saltoka
batetik bestera,
lehen urdin zen zerua
gaur erdi-more da.
Sei suzko txori hegan
tximisten aldera,
zinez hasi ote da
denaren gainbehera.
Deforma ez dakion
bere ikuskera
alde egin behar du
lehengora, atzera,
deforma ez dakion
bere ikuskera,
bere kaxa barruko
itzalen artera.

4.-
Begiak zabaltzean,
ez bere kaltean,
Tximista da nagusi
tximisten partean.
Dena dago berriro
betiko bakean;
hala ere, bera ez
lehengo aldartean.
Ikusten zaio buru
inguruko kean:
ezin du lehengoratu
munduaz batean;
ikusten zaio buru
inguruko kean
sua piztu zaiola
belarri artean.

Iturria: https://irunero.eus/pospoloak/

«”Pequeña Velocidad”, galdera ikur handia». Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

“PEQUEÑA VELOCIDAD”, GALDERA IKUR HANDIA

Egilea: Aitor Errazkin Vicente

Doinua: Zeruari begira

Hemen jaitsi dezakezu

1.- “Pequeña Velocidad”
pabiloi bitxia
pasaeran frankotan
nahiz eta ikusia
eskolatik gutxitxo
dator ikasia
bere baitan dagoen
historia guzia

2.- Kontzentrazio-esparru
kontuak nazien
istorioak zirela
sinetsita nintzen
baina Irunen ere
gauzak nola diren…
baten faltan bospasei
izan omen ziren!

3.- Bideratu zituzten
hamaika preso han
ez zirenak postura
oso erosoan
frogak oraindik zutik
dirau Bidasoan
horrek baino ez omen
Gipuzkoa osoan

4.- Argazkiak badira
noski ikusteko
keinu faxistak eta
eriak tarteko
nahiz txuri-beltzak izan
horitu antzeko
aski dira edozein
lotsagorritzeko

5.- Ez zaio inoiz jarri
izandu arreta
beti apartatuta
zeuden lau pareta
balioz hustu eta
goroldioz beteta
memoriaz oroitzeaz
ahaztu ginen eta

6.- Estatu Espainolaren
eskuetan luzaro
Udalarenetara
berriki igaro
eta orain airean
galdera bat dago:
luzituko ote duen
gaur baino gehiago

7.- Udalak proiektu bat
baitu hor barrena
Via-Irun izena
jarri ziotena
horra ekin aurretik
aitortu zutena:
eraitsi nahi zutela
zutik dagoena

8.- Nicolas Gerendiain
eta Kepa Ordoki
taldeek adierazi
dute publikoki
han lekiokeela
eskaini egoki
memoriari behar
bezainbeste toki.

9.- Udalak pasarela
nahi du bideratu
eta memorialistek
ez dute ukatu
Gainera museo bat
noiztik da bekatu?
Ezin al dira biak
bakarrera batu?

10.- Trenez elkar litezke
Madril, Paris, Irun
baina nondik gatozen
ahantzi ez dakigun
iraganak zeregin
bat ezarri zigun:
Ea geroarekin
uztartzen dakigun…

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-aitor-errazkin/

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalok musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Gerra txikiak”. Zuhaitz Olazabal Susperreguiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

GERRA TXIKIAK

Egilea: Zuhaitz Olazabal Susperregui

Doinua: Naparruatik ardo karraio A

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Zein polita den hiru umeren
begietako dirdira
baina itsustu daitekeena
adi jarrita begira.
Eguneroko bizitzan dauden
gertakarien harira
irabazteko zailenak beti
gerra txikienak dira.

2)
Gurean behintzat ohiko dira
purrusta eta protesta
denon oihuez etxea dugu
dezibelioz gainezka.
Ingurukoek hala diote:
horren arraroa ez da!
Beraz, nahi dugun lasaitasuna
ezinezkoa da, ezta?

3)
Ez, ez eta ez izaten dugu
erantzun ohikoena,
uste al dute modu horretan
lortuko dutela dena?
Baina eurengan nork ernatu du
errebeldiaren sena
jada zainetan baitaramate
kontra egitearena?

4)
Otorduetan ere liskarrak
jakiekin egunero,
dutxa garaian euren aldetik
borondaterik balego!
Negar zotinka hasten zaizkigu
lotara esan ezkero
umeak bizi poza direla
salduko digute gero.

5)
Aratz handia dugunez dena
egin nahi du bere kasa,
Izarrek dio bera ez dela
guk uste bezain eskasa.
Zazpi eta bost urte dituzte,
sakon hartzen dut arnasa…
handiusteko ume hauekin
asmatzen ez da erraza.

6)
Iraitzek bere jolas berria
behingoz albora dezala,
bi urterekin eskalatzea
noiztik dugu ba normala!
Besotik helduz, entzun maitea
jaitsi hortik berehala
baina zergatik begiratzen dit
behiak trenari bezala?

7)
Nahiz sarri dantzan jartzen gaituzten
despistatzen garenean
bizitza eder egiten duten
gauzak dira azkenean.
Gerra txikiez kexatu arren
ongi gaude gehienean
elkar goxatuz eta gozatuz
aukera sortzen denean.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-3/

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalok musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation