Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Bertsoak”

“Hortxe duzu hizkuntza bat gutxiagotua”. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HORTXE DUZU HIZKUNTZA BAT GUTXIAGOTUA

Egilea: Aitor Errazkin Vicente

Doinua: Furra-furra/Zizperriko kalean

1)
Euskararen eguna
abenduak hiru
Udalak diskurtsoa
preparatzen digu:

2)
Denok “ehuntzen” omen
dugunez euskara
guztion “eskubide”
eta “ardura” da.

3)
Ez dakit norena den
aurtengo testua
baina sutan jarrita
erre du eskua.

4)
Aspaldi ez baitabil
liskarra besterik;
ez “ardurarik” eta
ez “eskubiderik”.

Furra-furra
fandangua!
Hortxe duzu
hizkuntza bat
gutxiagotua!

5)
Ondoko egunean
hilak lau zituen
argiak pizteko prest
Gabonak Irunen!

6)
Jaialdiak bazuen
hamaika arrisku
Asma ezazue zein
argi ez zen piztu!

7)
Nahiz ez dudan esan nahi
inolaz hemen nik
euskara berariaz
“itzali” zutenik…

8)
… berdin dio nahi gabe
egin ala nahita
kaltea aldiro bat
eta bera baita.

Furra-furra
fandangua!
Hortxe duzu
hizkuntza bat
gutxiagotua!

9)
Oldarraldi betea
euskararen aurka
egoerak itxura
oso txarra dauka.

10)
Erantzun behar dela
ba omen dakigu
baina, “denona bada”,
denoi dagokigu.

11)
Berrogeita bi urte
laurogeita bitik
eta erabilera
sasien azpitik.

12)
Espabila gaitezen
ez da berriketa
argi gorriak berriz
piztu dira eta.

Furra-furra
fandangua!
Hortxe duzu
hizkuntza bat
gutxiagotua!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-aitor-errazkin-vicente/

“Jaiak”. Lorea Abejon Sunsundeguiren bertsoak, Iruneron.

JAIAK

Egilea: Lorea Abejon Sunsundegui

Doinua: Frantses euskaldun bat etorri zait I

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Urtarrila da urte hasiera
lehenengo hilabetea,
honekin dator Donostiako
ta Azpeitiko jai betea,
ta hilaren 20an danborrak
auzo guztien atea,
ta eguerdian protagonistak
haurren danborren kolpea.

2)
Gehienetan inauteriekin
dator otsaila maitea,
Tolosakoa izan ohi da
benetan inportantea,
kaldereroekin hasten dira
urtero zartai kolpea,
ta bukatzeko urtero berdin
sardinaren erretzea.

3)
Hilabete honetako prota
hilaren 8a dela,
emakumeon egun handia
jai izan beharko zela,
eta aita denei Zorionak
19an gaudela,
ez da oso zaila asmatzen ere
martxoaz hari garela.

4)
Laugarrengo hilabete hontan
aste santua nagusi,
erlijiosoak prozesiora
ta gu oporretan jausi,
ta beste aldetik 25ean
opila eguna ikusi,
mendira goaz opilarekin
ta jateari ez utzi.

5)
Maiatza hastearekin batera
dugu jai arauduna,
langilearen eguna da ta
mundu osoan jai eguna,
hilaren 15ean urtero
baserri ospakizuna,
bi horiekin itxoin dezagun
hurrengo hilean daukaguna.

6)
Uda badator eta horrekin
datoz jaiak berehala,
ekaina dugu hilabete hau
hain maitea, espeziala,
San Juanak dira Hernanin noski
beti urtero bezala,
ta bukatzeko hain maite dugun
Irungo San Martziala.

7)
Hainbat zezen ta hainbat erraldoi
kalera irten txandaka,
bi horiekin nahikoa da
jakiteko uztaila dala,
Iruñan San Ferminak nagusi
zezenak dabiltz pasaka,
ta urtero berdin erraldoiak
Errenterian dantzaka.

8)
Bai Zeledon bai Marijaia ta
kañonazoa bestea,
uda betean hasiko dugu
kontzertuen ekitea,
haste hauetan badugu nahiko
parrandarako tartea,
hilabete hau beti dihoa aste
nagusiz betea.

9)
Txilibiitoak eta danborrak
jotzen hori harrotasuna,
Hondarribiko alardea da
benetan oso ezaguna,
hilak 8an izaten dela
hori da guk dakiguna,
hau da ze pena, bukatzen zaigu
udarak eman diguna.

10)
Pilar guztiei Zorionak
hilak 12a aipatuz,
hispanitatearen eguna
goardiazibilak omenduz,
gero dator mozorroen festa
Izutzeko mozorratuz,
azken eguna hogeita hamaika
Haloween festa ospatuz.

11)
Hasi dezagun hilabetea
festa egunez aparte,
hortxe dihoa lehenengo eguna
hilerrirako hartuz tarte,
hurrengo egunak lanean pasa
egun guztian jo ta ke,
ta azaroa deskantsa zagun
hurrengo hilabete arte.

12)
Badoa urtea ta honekin
opariak barra-barra,
eguberriak hemen ditugu
eta Olentzero zaharra,
bazkariz eta afariz lepo
ez da batere plan txarra,
urte berri on guztioi, denoi
ondo pasa Urte Zaharra!

Iturria: https://irunero.eus/jaiak/

“Bertso-sorta hau ere heldu da”. Adrian Arruti Bernadeten bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BERTSO-SORTA HAU ERE HELDU DA

Egilea: Adrian Arruti Bernadet

Doinua: Sentimentu asko dauzkat nerekin

1)
Bertso-sorta hau ere heldu da,
beste guztien gisara,
kanpai hotsaren soinu ozenak
deitzen du ehorzketara.
Sorta azalpen-bertso batekin
abiatu behar bada,
Hitzari egin diodan azken
entrega hau, beharbada,
sortzaile baten heriotzaren
iragarpen kronika da.

2)
Zer da esan nahi nukeen hori?
Zer da esan behar dena?
Gogaikarri zait hitz-hartzearen
gurutze-bide zekena!
Egin ditudan bertso-sortetan,
urte hauetan barrena,
idatzi ezin izan dudana
da adierazgarriena
eta idatzi dudana ez da
adierazi nahi nuena.

3)
Dekadentzia protagonista
egin den agerraldian
ez da porturik nora itzuli;
ez da itzalik argian.
Iparrorratzak iparrik ez du
aurkitu azken aldian,
nori edota zeri idatzi
aritu naiz aspaldian
heldulekurik ezin bilatu
nabilelako, agian…

4)
Mundutik nire baitara doan
berotegi efektuak
neuzkan ideien iturburuak
utzi ditu idortuak.
Nihilismoak ebatsi dizkit
nituen heldulekuak
NItik arituz GUa ez ote
du irentsi ezlekuak…
agian oso urrun joan naiz
sortu nahian NItik GUak.

5)
Inoiz federik izan ez duen
abadea otoitzean,
alkohol idorra eta zigarro
biharamuna goizean,
narda puntua bikotearen
musuetara ohitzean,
korapilo bat ahots-kordetan
bertso berri bakoitzean…
esanahietik esan nahiera
Ulises naiz Odisean.

6)
Mendian gora Sisifo edo
eguzki bila Ikaro
sortak idazten kalbariotik
gehiegitan naiz igaro.
Saiatu erruz saiatua naiz;
jada ezin dut gehiago.
Orain bezala jarraitzekotan,
bukaera argi dago…
epikoa ez izanagatik
asumitzeko prest nago.

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/adrian-arruti-bernadet-bertso-sorta-hau-ere-heldu-da/

“Zerrendan”. Josu Laguardia Igiñitzen bertsoak, Iruneron.

ZERRENDAN

Egilea: Josu Laguardia Igiñitz

Doinua: Gure herri txiki hau da

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Testamentu Zaharrean,
EXODO dago eskura,
Bertan idatzitakoa
gureganaino heldu da.
Sinai mendian, antza,
Yavhe jaitsi zen mundura,
Moisesi eskaini zion
aurrean zuen lur hura.
“Hemen izango duzue,
amestu duzuen uda.
Ez zaitezte bertakoez,
inolaz ere, arrangura.
Zuentzat dagoen guztia:
lurra, jakiak eta ura.
Hau da Jainkoak zuentzat
asmatutako lilura”.

2)
Yavheren horiek entzunda,
zer nolako hotzikara!
Herzl-en ametsa, egun,
Netanyahuren ozkada.
Israel sortzea izan zen
Europaren lehen haitada.
Geroztik indarkeria,
Nakba eta intifada.
Palestinarrak kanpora,
urrutira, pikutara…
Hau da Europa aberatsak
jarri dizuen enboskada.
“Lurrik gabeko herria”,
lapurtutako lautada.
Palestinakoa zer da,
genozidio bat ez bada?

3)
Eskonbroz beterik dago
emankorra zen soroa.
Txikituak, etxe ondoko
erreka eta basoa.
Lorerik ez da ageri.
Ez da itzuli usoa.
Ura kutsatua dago,
gainera ez da nahikoa.
Amak faltan du senarra,
geroztik galdu du loa,
Semeak, irrifarrik ez…
irrifarra du itoa.
Nola berreraiki zerbait?
Nola berpiztu gogoa?
Sinesgaitza izan arren,
bizitza aurrera doa.

4)
“Ama, duela urte erdi bat,
belztu egin zen zerua.
DANBA hark astindu zuen
beste behin gure patua.
Ez da oraindik itzali
orduan piztu zen sua,
garbiketarik latzena
eragiteko sortua.
Ama, besarka nazazu,
nahasia dut barrua.
Atta erail zutenetik,
galdu egin dut burua.
Haren oroimenez, noski,
hartuko dut mendekua.
Hauxe da jarri didaten
ate bakar eta estua”.

5)
“Jamal, hauxe da attonak
aspaldi esaten zuena:
Duela mende bat edo
etorri zela zezena.
Pizti beltza eta adardun,
denetatik bortitzena,
bertakook adarkadez
hauts bihurtuko gintuena.
Etzazula ate hori pasa,
izan baitaiteke azkena.
Zu zara nire mundua,
mundu honetan dudan dena.
Lehenengo attona, gero
osaba eta atta hurrena…
Zu gabe galduko nuke
zutik mantentzen nauena”.

Iturria: https://irunero.eus/zerrendan/

“Beldur eszenikoa”. Maider Ugarte Garbizuren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BELDUR ESZENIKOA

Egilea: Maider Ugarte Garbizu

Doinua: Santa Barbara zure bizitza

1)
Hitzak, ahotsa, gorputza eta
birikei eskerrak arnas
Ideiak lotu ta diskurtsoak
egiteko banaiz kapaz
Oraingo hontan hitz egin nahi dut
ez zait aterako erraz
Jende aurrean hitz egiteak
ematen didan beldurraz

2)
Blokeo eta dardar kolpea
gorputzean zait mugitzen
izerdi hotza tantaka daukat
izu usaina jaurtitzen
Zalantzak ditut buru-belarri
gorputz osoa zatitzen
autoestimu falta ari zait
neure burua txikitzen

3)
Erre zituzten emakumeak
esanez zela mesede
gure gorputzen desjabetzea
egiteko zenbat lege
Bizi gaitezke enbarazurik
egin gabe, alafede!
Beraz, ikasi dugu mezua:
ez zaitez saiatu ere.

4)
Jaiotzetikan espero dute
guk asko egin dezagun
Espektatibak izan daitezke
beldur guztien errudun
hegoak dira eta batzuetan
edo aingura pisudun
Ea Anarik dioen bezala
diren aingura hegodun.

5)
Langile, ama, bikote, lagun
beti eredu ta gida
Maiz perfektua izan beharrak
sortzen dit niri hozkira
Jende aurrean hanka sartzea,
zaudetenean begira,
zuek ez duzue inoiz barkatzen
begiradak iltzeak dira

6)
Periferian gaude gu beti
zentroetan bakar batzuk
gurea ez den espazioa
hartzeko egon behar zut
hizlariak eta publikoak
egin dugunean tupust
arnasa sakon hartu, aurrera
tokia nire egin behar dut

7)
Espazio hau edukitzeak
eragiten dit zirrara
saiatuko naiz lasai hartu ta
neurtzen daukadan ikara
esan entzuten duzula nire
bihotzaren hots taupada
lasaitu nadin gorputz osoaz
emaidazu besarkada!

8)
Bortizki epaitua izatea
beldurraren kausa dut hor
badirudi guk zuei beti
dizuegula zerbait zor
Nirearekin nahikoa dut ta
ni bertsotan ez bainaiz nor
hasi berria naiz eta beraz
arren, ez epaitu gogor!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/maider-ugarte-garbizu-beldur-eszenikoa/

“Ikaztegietatik Irunabarrera”. Jon Luzuriaga Iurramediren bertsoak, Iruneron.

IKAZTEGIETATIK IRUNABARRERA

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

Doinua: Trikitilariak omen gara

1)
Ez al da galdera ona
zer ote den zoriona?
Zer ote den zoriona
nola den putzu sakona
kontatu nahi nizueke
nola heldu naizen hona.
Nola heldu naizen hona
ez al da galdera ona?

2)
Haize freskoaren nahian
ibili nintzen garaian;
ibili nintzen garaian
aldaketaren bidaian,
Ikaztegietatik urrun
bukatu nuen Hendaian.
Bukatu nuen Hendaian
haize freskoaren nahian!

3)
Nahiz eta sinesten kosta
joan da egun mordoxka,
joan da egun mordoxka
hiru urte ozta-ozta
barnealdea utzirik
harrapatu nuen kosta.
Harrapatu nuen kosta
nahiz eta sinesten kosta!

4)
Izanaz nola damutu,
izenez ez dabil mutu,
izenez ez dabil mutu
beraz egin nion kuku
ia oharkabe nuen
Irunabar ezagutu.
Irunabar ezagutu
izanaz nola damutu!

5)
Beraz niretzat mesede
bai baitaukat aski fede,
bai baitaukat aski fede
baina izenak ze lege?
Irunetik badu zerbait
badu abarretik ere.
Badu abarretik ere
beraz niretzat mesede.

6)
Ez ote nabil honetan
balantzan eta orekan?
Balantzan eta orekan
hitzen esanahi gordetan
gozoa topatu nahian
nola erleak loretan,
nola erleak loretan
ez ote nabil honetan?

7)
Eta zaila da gelditzen
gurpila martxan hasi zen.
Gurpila martxan hasi zen
behin hona sartu bainintzen;
errima, doinu, neurrien
munstroa doa handitzen.
Munstroa doa handitzen
eta zaila da gelditzen.

8)
Beti zerbait baitaukagu
noizbait saio bat mokadu,
noizbait saio bat mokadu,
bertso idatzitik badu,
saio musikatuekin
zorioneko gara gu.
Zorioneko gara gu
beti zerbait baitaukagu.

9)
Zeinen leku egokia
asteroko biltokia.
Asteroko biltokia
emozioz diot ia
euskaraz eta bertsotan
izan dezagun tokia.
Izan dezagun tokia
zeinen leku egokia.

10)
Ez Marinak, ez Butronek,
ez Abadiako hormek,
ez Abadiako hormek,
ez Jaizkibeleko formek…
Txingudialdea horren
eder egiten du honek.
Eder egiten du honek
ez Marinak, ez Butronek!

11)
Nahiz nahikoa ez den sarri
deiadar eta aldarri,
deiadar eta aldarri
gabe lana da oinarri,
hemen esker on moduan
dozena bat bertso jarri,
dozena bat bertso jarri
nahiz nahikoa ez den sarri.

12)
Orain artean bezala
jarraitu nahi nuke hala.
Jarraitu nahi nuke hala
ez ote dugu normala,
maite dugun txoko honek
luzaro elkar gaitzala.
Luzaro elkar gaitzala
orain artean bezala!

Jarraian bertso-sorta entzungai Jone Garmendia Castañosek eta Jonek berak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Iturria: https://irunero.eus/ikaztegietatik-irunabarrera/

“Korrika urtea”. Aiora Fagoaga Izaren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

KORRIKA URTEA

Egilea: Aiora Fagoaga Iza

Doinua: Zeru altuan zegoen jaunak

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Euskal Herrian galdetu ezkero
zer da zuretzat Korrika?
Maitea dugun gure hizkuntzak
bi urtetik behin duen zita.
Bertan doanak aldiro uzten du
errepidean birika.
Korrikak beti eragiten du
bizipoza ta irrika.

2)
Ibilbidean mapa ikusi
ta egin dugu gogoeta;
makiltxo baten emango dio
euskarak herriari buelta.
Eguna hurbilduz dijoa eta
gu gaude pozez beteta,
erne ibili, prestatu zaitez,
hortxe dator furgoneta.

3) 23. Korrika
hemen hasiko dela entzun,
jarraian denok sentitu gara
berezi eta zortedun.
Elkartu ezagun, familiako,
bikotekide zein lagun.
Gure herrian hasiko da ta,
gozatu dezagun, Irun!

4)
Lagunekin hitz egiten hasi
eta gehiengoek lana,
horixe baita denek duguna
egunerokoan zama,
ordutegia aldatu nahi dut,
Korrikak horra narama,
eguna hurbiltzen hasi da eta
zein da zuk daukazun plana?

5)
Hiri hontako euskaldunontzat
bai pozgarria berria!
Eguna hurbilduz dijoan ahala,
ezin ezkuta irria.
Euskarak hemen izan dezake
bultzada, udaberria,
behingoagatik dagoelako,
Irunez harro herria.

6)
Hasiko da ta, den-denak erne
denok piztuta antena.
Hitz egin dute, eman digute,
korrika hasteko baimena.
Gaur hala ere berdin-berdin du
lehenengo ala azkena,
hemendik hasi eta badoa
Euskal Herrian barrena.

7)
Euskal Herrian barrena hortxe,
hartuz edozein karrika.
Herrietako txoko guztitan
piztuaz bai bere txispa.
Bi urte luzez itxoin ta gero,
pasatu zaigu irrista.
Hurrengora arte, aio pelaio,
beste bat arte, Korrika!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-aiora-fagoaga/

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2024/25 hau seigarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. Zortzigarren ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako zenbait bertso-sorta:

  • “Hemen duzu nire sorta”, Rafa Rodrigo Perurenak 2024ko apirilean Bidasoako Hitzan argitaratu eta Rafak berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Eskolatik jasotzeko”, Manu Goiogana Bengoetxeak 2024ko marxoan Iruneron argitaratu eta Makalo Jauregi Belokik musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Ibaitik itsasora”, Igauri Lopetegi Amostegik 2023ko azaroan Bidasoako Hitzan argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

“Iñigo Muguruza”. Makalo Jauregi Belokiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

IÑIGO MUGURUZA

Egilea: Makalo Jauregi Beloki

Hemen jaitsi dezakezu

Doinua: Agur sagar beltzeran

1)
Mila bederatzirehun
Larogei ta lauan
Haize berriren batek
Astindu gintuan
Rocka Ska jauziak
Argiak fokuan
Kitarra-apalarekin
Koroak kantuan
Iñigo Muguruza
Zaitut akorduan.

2)
After-boltxebike ta
Azken guda dantza
Kolpez kolpe datozkit
Izenburu saltsa
Urte luzeetan nun nahi
Zenbat kontradantza!
Kortaturen indarra
Piper eta gatza
Iñigo zure eskua
Hain zen aberatsa!.

3)
Kortatutik “Delirium”
Ta negu gorrira
Borreroak dituen
Milaka-aurpegira
Galindo ta enparau
Nolako mugida
Zuen irudimenak
Bazuen dizdira
Iñigo zu ez zinan
Iñoiz erretira.

4)
“Joxe Ripiau” “Sagarroi”
“Lurra”, “Hiru leike”
Beste lau izenburu
Ene! Nola leike
Musika pasioa
Musika egite
Eta jaso zenitun
Beste hainbat konbite
Zinena zinelako
Guk zaitugu maite.

5)
“Bizitza triste eta
Ederra” zenion
“Karpe diem” “Gabriela”
Entzun genizkion
Erritmo kutxakorrak
Sortzen zitzaizkion
Bide amaigabeetan
“Manresan” “Laudion”
Ke arteko gaupasak
Milaka zorion.

Doinua: Ai Margarita

6)
Zure Aurrera gatoz-Kantatzera Margarita
Bertsolari ta zale-Ai zer kuadrila polita
Iñigo ez al zaude?- bazter batetik irrika
Ea gustatzen zaizun-gure arteko lirika
Gure jolasa hau da-batak bestea zirika
Ragamufin eta Ska-kantari eta jauzika.

7)
Ai Margarita…….
Janis joplin, Bob Maley-Laboa ta Maurizia
Iñigoren alboan-konplizitate bizia
Gure artean dabil-zuek guretzat utzia
Karpe diem da hemen-gure lema Nagusia
Bizirik dago zuek-sortutako extasia.
Ai Margarita……

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalok berak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-makalo-jauregi/

Txingudiko bertso-eskolen eguna [2024-06-08]

Zazpi urteren ondoren, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko kideok berreskuratu egin dugu Txingudiko bertso-eskolen eguna.

Kateako Auzo Elkarteko areto nagusian ospatu genuen (Eskerrik asko, Maider!), eta lagun-giro ezinhobean joan zitzaigun arratsaldea, Otazpi tabernako lagunek prestatutako arroza, kroketa eta tortillaz lagunduta, besteak beste.

Oholtza gainean “denetik” izan bazen ere, bertso-saio musikatua osatu genuen guztion artean. Musikari lanetan, Aitor (kitarra), Iban (baxua) eta Beñat (mandolina) aritu ziren.

Saioa aurkezten eta ekitaldiaren gidari, Egoitz aritu zen.

Oholtzan kantari Iker, Jon, Lorea (bejondaiela zure kuadrilako guztiei!), Joseba, Abel, Iñigo, Urko, Adrian, Xabier, Andoni, Aiora, Maider eta Igauri aritu ziren.

Eta Arratsaldeko bertso-sortak Lorea, Aiora, Maider eta Jonen eskutik heldu zitzaizkigun.

Ederki pasa genuen. Egun ahaztezina. Datorren ikasturtean gehiago. Hobeto? Kostako zaigu. Horretarako, 2024-2025 ikasturteak joan berri denak baino gehiago eman beharko digu. Erronka mahai gainean da, heldu nahi dionarentzat.

Eskerrik asko guztioi!

Post Navigation