Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Besterik”

Andoni Zelaia, Julen Zelaieta eta Karlos Aizpurua bertsotan Orozkoko Bertsolari Beteranoen Sariketean [2025-05-17]

Bertsolari Beteranoen Sariketea jokatu zen maiatzaren 17an Orozkon, Supazterrean Kultura Alkarteak antolatuta, bertan, Irunabarreko Andoni Zelaia, Julen Zelaieta eta Karlos Aizpuruak hartu zuten parte. Hiru kanporaketa eta finala izan zituen sariketak, azkenean Asier Otamendik jantzi zuen txapela eta Karlos Aizpuruak irabazi zuen publikoaren agur onenaren saria. Giro goxoarekin, egun ederra pasa zuten bertaratu zirenek.

Hemen albistea osorik: https://bertsoa.eus/albisteak/10824-asier-otamendik-irabazi-du-beteranoen-sariketea-orozkoan

Hamar egun baino ez 150. urteurrenerako

Hamar egunen buruan ospatuko dugu kantuz Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra jaio zeneko 150. urteurrena. Bidasoako EKTn izango da ekitaldia, apirilaren 13an, igandearekin, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Saioa musikatua izango da, bertso eskolako eta jirako musikariak izango ditugu lagun, eta bertaratzen den guztiak izango du ere, nola ez, gurekin batera Joxe Mariren bertsoak kantatzeko aukera. Kantaldi ondotik, jan-edanetik zerbait izango da bertaratzen den guztiarentzat, eta txolarte atseginean emango diogu asteburuari despedida.

Bideoa ikusterik ez baduzu, sakatu hemen (Antxeta Irratiaren webgunea) edo hemen (audioa entzuteko).

Ikus dezakezuen bezala, Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerra lanean ari da, apirilaren 13an dena pronto izateko.

Kantaldia antolatu du bertso-tailerrak, Joxe Mari Lopetegiren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta

Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerrak kantaldia antolatu du apirilaren 13rako, igandearekin. Kantaldia arratsaldez izango da, 18:00etatik aurrera, Bidasoako EKTn (Larretxipi kalea, 12). Bertan, bertso-eskolako eta jirako hainbat lagunek Lopetegiren bertso-sortak kantatuko dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, emanaldia dohainik izango da, eta bertaratu nahi duten guztiek EKTko ateak zabalik izango dituzte. Anima zaitezte eta lagundu ekitaldiaren berri zabaltzen. Eskerrik asko guztiei aldez aurretik eta apirilaren 13ra arte!

150 urte Joxe Mari Lopetegi jaio zela

1875. urteko apirilaren 13an jaio zen Joxe Mari Lopetegi Olaizola Irunen, eta 1945ean hil, Arrueta-Sarrikotan. Bertsolaria eta politikari errepublikanoa izan zen, eta Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerreko kideak lanean hasita daude dagoeneko omenaldia prestatzeko.

Lehendabiziko hitzordua 2025eko apirilaren 13an izango dugu, igandearekin. Kantaldi modukoa izango da: bertso-eskolako kideek eta inguruko lagunek Joxe Mari Lopetegiren 8 bertso-sorta kantatuko dituzte, musikaz lagunduta. Lekua zehaztu bezain laster zabalduko omen dituzte bertso-tailerrekoek kartela eta kantaldiaren gaineko xehetasunak.

Urtean zehar izango da, baina, beste hitzordurik ere, apirilaren 13koaz gainera. Esate baterako, bertso-tailerrekoek aurreratu dute herri-bazkaria ere antolatzen ari direla, ekainaren 7rako .

Aurtengoa ez da bertso-tailerrak Lopetegi omentzen duen lehendabiziko aldia, 2016. urtean ere antolatu baitzituzten hitzaldia, kantu-jira eta kantaldia, Joxan Elosegiren laguntzaz guztiak ere:

Izan ere, Elosegi izan zen Lopetegiren lana biltzeaz eta Euskal Herri guztiari aurkezteaz kezka izan zuen lehena. Bertso-sortak eta era guztietako dokumentazioa bildu, eta liburua argitaratu zuen: JOXE MARI LOPETEGI, ERREPUBLIKANOEN BERTSOLARIA (Paper Hotsak, 2004). Eta liburu hori bera izan da gaur bitarte Lopetegi oroitzen, ohoratzen, eta haren bertsoak leitzen eta kantatzen jarraitu nahi izan duten guztientzako ezinbesteko abiapuntu eta oinarri; baita aurtengo hitzorduak antolatzeko garaian ere, bistan da.

Beraz, izango da aurten ere zer ospatu eta zer gozatu. Gehiago jakiteko, ordea, bertso-tailerraren abisuen zain geratu behar. Azaldu nahi duzu gurekin aurtengo argazkietan? Adi egon eta anima zaitez! Bien bitartean, horra orain ia 10 urteko zenbait irudi.

Sarri arte!

Iker Ormazabal “Tturko” eta Igauri Lopetegi bertsotan Otazpiko lehendabiziko hika topaketan

Katea auzoko Otazpi tabernak hika topaketa antolatu zuen 2025eko otsailaren 27an. Bidasoko AEK-ko lagunak aritu ziren topaketa dinamizatzen, Otazpiko sendi osoa tabernari, sukaldari, teknikari eta argazkilari lanetan, eta arratsaldea borobiltzeko, bertso-saioa eskaini zuten Iker Ormazabal “Tturko” hernaniarrak eta Igauri Lopetegi irundarrak.

Ikasturtea hasi dugu, baina izen emateko aukera beti dago zabalik [2024-10-10]

Kaixo, bertsozale:

Ikasturteari ekin diogu jada, baina gogoan izan urte osoan zehar zabalik dagoela Txingudiko bertso-eskoletan izena emateko aukera. Bertsolaritzaren alderdi “guztiak” lantzeko moduko taldeak ditugu gurean: bat-batean aritzeko, aritzen ikasteko, trebatzeko, idatzizkorako, eskualdean bertsolaritza sustatzeko…

Oraingoz aktibo dauzkagun bertso-eskolak hauek dira:


1- Gazte eta heldu hasi berrien bertso-eskola: asteazken arratsaldeetan. Igauri Lopetegi da arduraduna.
2- Bat-batean I bertso-eskola: asteazken arratsaldeetan. Igauri Lopetegi da arduraduna.
3- Bat-batean II bertso-eskola: ostegun arratsaldeetan. Abel Zabala da arduraduna.

Hala ere, ez da baztertzen ikasturtean zehar beste talderen bat sortzeko aukera. Bertso-tailerra edo bertso jarriak lantzeko taldea esaterako.

Beraz, edozein dela ere bertsolaritzara hurbiltzeko buruan duzu(e)n manera, ez izan zalantzarik, eta idatzi irunabar@gmail.com helbide elektronikora. Gu geu jarriko gara zu(r)ekin harremanetan, eta hitz egingo dugu.

Jarraian Iruneroko urriko zenbakian argitaratua: https://irunero.eus/ikasturte-berria-bertsolari-hasiberri-zein-eskarmentudunentzat-ere-hasiko-da/

Txingudiko bertso-eskoletako Manu Goiogana Bengoetxea Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan [2024-09-10]

Kaixo, bertsozale:

Larunbatean, irailaren 14an, hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. 2024ko ekitaldian Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak kudeatzen dituen Txingudiko bertso-eskoletako Manu Goiogana Bengoetxea irundarrak hartuko du parte. Goioganak irailaren 15ean izango du lehen saioa, Lasarte-Orian.

Animo eta zorte on!

Txingudiko bertso-eskolak: 2024-2025 ikasturtea. Izen-ematea abian.

Azken ikasturteetan bezalaxe, datorrenean ere hainbat talde izango dira Txingudiko bertso-eskolan, 2024ko urritik aurrera: haur, nerabe eta gazteentzako bertso-eskolak, hasiberrientzako bertso-eskolak, bertso-tailerra, bat-bateko jardunerako taldeak, …

Izena emateko, edo informazioa behar baduzu, idatzi lasai asko irunabar@gmail.com posta elektronikora eta gu geu jarriko gara zuekin harremanetan.

Anima zaitezte eta zabaldu mezua.

Txingudiko bertso-eskoletako hiru kide Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean (Gipuzkoa Bertsotan) [2024-04-26]

Kaixo, bertsozale:

Ostegunean, apirilaren 25an, hasi berri da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. 2024ko ekitaldian Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak kudeatzen dituen Txingudiko bertso-eskoletako hiru kidek hartuko dute parte: Manu Goiogana Bengoetxea eta Igauri Lopetegi Amostegi irundarrek eta Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegietarrak, hain zuzen ere. Goioganak maiatzaren 2an izango du lehen saioa, Zaldibian. Lopetegik, maiatzaren 9an, Idiazabalen. Eta Luzuriagak, aldiz, maiatzaren 10ean, Anoetan.

Animo hiruroi!

“Bertsolaritza feminista” ikastaroa, Emakumeen Etxean

Emakumeen Etxeak (Istillaga plaza) 2024ko Eskola feminista kurtsoa antolatu du, eta besteak beste, “Bertsolaritza feminista” ikastaroa eskainiko dute. Maddi Sanzek gidatuko du, eta 8 saio izango dira guztira, apirilaren 11tik maiatzaren 30era bitarte, ostegunetan, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara.

Izena emateko formularioa bete.

Post Navigation