Urko Casado eta Aitor Errazkin Elurretxen kantari
Irungo “Gure Esku”-k eskatuta, “saioxka” egin zuten Urko Casadok eta Aitor Errazkinek uztailaren 10ean, Elurretxen.

Irungo “Gure Esku”-k eskatuta, “saioxka” egin zuten Urko Casadok eta Aitor Errazkinek uztailaren 10ean, Elurretxen.

Aurten ere antolatu dute bertso saioa Landetxako Auzo Elkarteko kideek. Martxoaren 13an izan zen saioa, arratsaldeko 17:00etan. Alaia Martin eta Jon Maia aritu ziren bertsotan, eta Zuhaitz Olazabalek jarri zizkien gaiak.
Saioa zuzenean eskaini zuten internet bidez, eta honako loturan duzue ikusgai: https://youtu.be/J4E-SLgpvZg
Joan den martxoaren 28an, AEK-k, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak, hainbat herritako plazatan biltzera deitu zuen euskal gizartea, euskarari eta euskaltegiei bultzada emateko. Bidasoko AEK-k Irungo San Juan Plazan eta Hondarribiko Kasino Zaharrean biltzeko deialdi bi egin zituen, eta ekitaldi bietan Txingudiko Bertso Eskolako kideak aritu ziren bertsotan: Irungoan, Aitor Errazkin eta Maddi Sanz aritu ziren; Hondarribian, Irati Alcantarilla. Eskualdetik kanpo era aritu zen bertso eskolako kiderik; Egoitz Zelaia hendaiarrak Baionako deialdian hartu zuen parte.





Argazkiak “LAMIA Argazkintza”ko Beñat Larrukertek eginak dira. Bidasoko AEK-k eskerrik beroenak helarazi nahi dizkie, Beñat Larrukert berak bezalaxe, Irun eta Hondarribiko saioak posible egin zituzten guztiei. Mila esker, bihotz bihotzez.
2020-2021 ikasturteko urriko bertso-gaua aurrera ateratzea lortu bagenuen ere, azarokoa ere bertan behera utzi behar izan dugu, joan den ikasturteko apirileko, maiatzeko eta ekaineko bertso-gauak bezalaxe. Motiboa, COVID-19ak eragindako egoera, bistan da.
Egoerak aukera eman bezain laster saiatuko gara bertso-gauak berriz ere martxan jartzen. Bien bitartean, zaindu eta laster arte.
Urtarrilaren 23an Bizipoza aurkeztu zuten Hondarribiko Kultur Etxean. Tartean, Mindara, Juneren Hegoak eta Ume Alaia elkarteak ere aurkeztu zituzten. Adrian Arruti eta Aitor Errazkin irundarrak bertsotan aritu ziren ekitaldian.
Azken urteetan bezala, aurtengo Moskuko jaietan ere bi bertso saio antolatu ditu Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko jai batzordeko kideekin elkarlanean: bertso-poteoa eta bertso saioa.
Abuztuaren 10ean izan zen lehena, herri bazkaria eta gero, arratsaldeko 17:00ak inguruan. Manu Goiogana irundarra, Maddi Ane Txoperena lesakarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra aritu ziren auzoko tabernetan barrena kantuan. Giro bikaina ipini zuten, eta gustura geratu ziren bertaratutakoak.
Bertso saioa, berriz, igandean izan zen, abuztuaren 11n. Eguraldiaren baimena garaiz iritsiko ez ote zen beldur ibili ondoren, azkenean plazan bertan egin zen bertso saioa, eta Alaia Martin oiartzuarra, Igor Elortza durangarra eta Miren Amuriza berriztarra eta Aitor Sarriegi beasaindarra aritu ziren kantuan Egoitz Zelaia hendaiarraren esanetara. 18:30ean hasi zen saioak seriotik beste eduki zuen umoretik, eta bikain asmatu zuten 4 protagonistek Egoitzek agindutako lanak betetzen. Saioa amaitzerako plaza ere jendez beteta zegoela agurtu zituzten bertsolariek Moskuko jaiak, aurtengoz.
Amaitzear den ikasturte honetan ere, bigarrenez jarraian, Irunabar eta Irunero aldizkariaren arteko elkarlanak emaitza politak utzi ditu.
Elkarlan honen helburu nagusia, aspaldian indarra galtzen ari den idatzizko bertso-sorten generoari bultzadatxo bat emateaz gain, Txingudiko Bertso Eskolako kideek idatzitakoei ikusgarritasuna ematea da. Honela, hilero Txingudiko Bertso Eskolako kide ezberdin batek sorta bat idatzi du gai, bertso-kopuru eta neurri librean, ondoren Irunerok hileko lehen aldizkarian argitaratzeko.
Ikasturte honen laburpen modura, Iruneron argitaratzeko idatzi diren sorta ezberdinen bilduma dakarkizuegu jarraian:
Urria | Bertso berriak 2018-2019 ikasturte berriari jarriak | Aitor Errazkin Vicente

Azaroa | Hegazti migratzaileak | Egoitz Zelaia

Abendua | Irungo Euskaraldia | Adrian Arruti Bernadet

Urtarrila | Etorri berriak | Xabier Isasi Balanzategi

Otsaila | Ametsak eta desirak | Mikel Garmendia Lekuona

Apirila | Jokua | Igauri Lopetegi Amostegi

Maiatza | Lurtarrak | Andoni Zelaia

Ekaina | Ea ulertzen den | Manu Goiogana Bengoetxea

Irakurri ahal izan dituzuen sortak gustuko izango zenituztelakoan, ea datorren ikasturtean ere ekimen honi jarraipena emateko aukerarik dugun, irakurleen eta idazleen gozamenerako.
Kantaldi formatuan egingo dio omenaldia Txingudiko bertso eskolak Xanti Zabala “Lexo” bertsolari handia zenari. Martxoaren 16an izango da emanaldia, Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, eta dohainik izango da sarrera.
Gaztetan ekin zion Lexok bertso lanari, eta hainbat sariketa eta txapelketatan hartu zuen parte. Zepai Saria irabazitakoa, 1967ko Gipuzkoako finalean ere kantatu zuen, besteak beste. Eta bertso jarritan ere sekulako altxorra, animaleko ondarea utzita zendu zen Xanti, 2012ko martxoan. Bere obra idatziaren zati handi bat txukun asko jasota dago Udaberriz izeneko Auspoa bildumako 325. liburukian, eta baita bat-batean kantatutako hainbat bertso ere, liburuak KDa baitakar barruan. Liburuaren koordinazio lanak eta iruzkinak Nikolas Aldaik eginak dira, eta Pello Esnalen hitzaurrea darama. Liburu horretatik beretik hautatu dituzte bertso tailerreko kideek kantaldian kantatuko dituzten bertso-sorta guztiak, hautaketa egitea galanki kosta bazaie ere.
Donostiako hainbat lagunekin bildu ohi zen Xanti bere zaletasunik handiena zuenari eusteko, eta 2008 eta 2012 urteen bitartean Txingudiko bertso eskolara ere etortzen hasi zen, bat-bateko taldean aritzera. Abel Zabala, Xantiren seme gazteena, Txingudiko bertso eskolako kide da, eta Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko eragile. Aita-semeek makina bat bertso kantatu zituzten elkarrekin, beraz, denbora tarte horretan. Baina bertso eskolako kide guztiekin zuen Xantik hartu-eman bikaina, eta hortik bertso eskolako kideek kantaldiari aitortzen dioten garrantzia. Bertsolaria omenduko dute, obrari aitortza egin, baina batez ere, berak idatzitako bertsoak mimoz musikatu eta kantatuz oroitu nahi dute laguna.
Orain hiru urte, 2016ko urriaren 22an, hain zuzen ere, Joxe Mari Lopetegiren aldeko kantaldi omenaldia antolatu zuten Txingudiko bertso eskolako bertso tailerreko kideek. Eta kantaldi harekiko lanak amaitu bezain laster ekin zioten Xanti Zabala “Lexo”ren aldekoa antolatzeari. Bertso tailerreko lagunek Lopetegi omendu zuteneko hainbat kantari eta musikariren laguntza jasoko dute honakoan ere: Auntxa Trikitixa Eskolako irakasle eta ikasleak, Irungo eta Hondarribiko Musika Eskoletako hainbat irakasle eta ikasle, eta beste hainbat musikari, kantari, bertsolari eta lagun.
40 lagun ingururen artean burutuko dituzte emanaldiko oholtza gaineko lanak. Eta Joxan Elosegi idazle eta itzultzaileak hartuko du bertso sortei buruzko iruzkinak egin eta kantaldia aurkezteko ardura. Bertso tailerreko kideek emanaldi hunkigarri bezain ederra espero dute. Ziur daude egindako bertso-sorten hautaketarekin, eta oso pozik kantari, musikari eta lagunek bertsoak musikatzeko eta oholtzaratzeko egiten ari diren lanarekin. Martxoaren 16a iristeko irrikitan daude dagoeneko bertso eskolako kideak, eta gonbidapena egin nahi diete eskualdeko bertsozale guztiei kantaldia entzutera Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumera etor daitezen, ezustez betetako kantaldia izango delako.
Bertso Tailerreko kideek Txingudiko Mugaz Gaindiko Partzuergoaren eta Hondarribiko Udalaren laguntza jaso du kantaldia aurrera ateratzeko.