Bortziritako bertso eskolak beren “Bertso Eskolaren XXIII. Taldekako Lehiaketa”-n parte hartzera gonbidatu gaitu. Taldetxoa batu eta parte hartzera joatekoak gara. Plazer baduzue, Berako Katakun izango gara, esan bezala, abenduaren 10ean, larunbatarekin, eguerditik aurrera.
1- Sorta hau idazteko hartua dut beta buruari emanda makina bat buelta adinaren gaineko nire hausnarketa berrogeita hamar urte bete ditut eta.
2- Jaiotzak haurtzaroa dakar parez-pare zenbat momentu eder nintzela nerabe bat bestearen atzetik zenbakiek alde! Urteak joan zaizkit konturatu gabe.
3- Sasoiko sentitzen naiz badaukat indarra baina hain da lausoa adinaren marra linbo batean nago ai zer zoritxarra za(ha)rrentzat gaztea naiz gazteentzat zaharra.
4- ”Zahartzen ari zara ta goiari eutsi!” hori gezurra dala nola erakutsi zalantzari tarte bat nahi nioke utzi zenbat da urte asko? zenbat urte gutxi?
5- Galdera potoloa dugu alafede! Nork bere erantzuna egin behar bere aktiboa izatea beti da mesede zenbait ederki daude laurogeikin ere.
6- Denboraren joanak dakar desgastea eta ezinezkoa hori saihestea baina izpiritua badugu askea ezin ahal da bihurtu zaharra gaztea?
7- Hogei eta laurogei ez direnez berdin mirari haundirikan ezin leike egin buruari ahal dela egoki eragin gorputza hein berean emendatu dadin.
8- Berrogeita hamar urte berdin mende erdi ongi bizitzekotan ez dira gehiegi! Nik zortea izan dut argi gera bedi baina gehiago batzen nahiko nuke segi. (Bis)
1) Eternitate biren tarteko bizitza dugu jaio-hil arteko. Bizitzan, berriz, zahartu ahala murrizten zaigu, eskasten ahala… Bi belaunen hau luzetik dator, testigu nerau; baina ezinak hezi ere nau.
2) Gazte urteetan kirola lege, hamaika egina naiz, alafede! Gero artritis nahiz zahartrosiak gaindika dizkit eman dosiak. Atarramendu onik kojoak, ai!, ez omen du: minak ezina ze sufrimendu!
3) Belaun biak min gaiztoz josita, medikuari derrigor bisita. Behar zutela protesi bana; abila zela; erraza lana… «Eskuina, di-dau! Ezkerrak pozik ipiniko nau baldin urte bat onik badirau…».
4) Ospitalera (Irun hurbil nik) etsi-etsian jo nuen zurbilik. Ohean etzan, anestesia…; oroitzapenik deus ere ez ia… Ai, demonio, nire belaunak erremedio plastiko-kromo-ta-titanio!
5) Hortik paseak ondo badaki zein latz diren bost burdin-adabaki. Haizeak eta lainezak otxan, txirriki-txarra oinezko lotsan, zer fandangoa…! Baina gaitz orok du txarragoa: aurki noiz, ene, beste zangoa!?
6) Nolanahi ere, makuluz ekin eta egun, aste, hil motz luzeekin protesi zeukan belaun-burua sendo jarri zen, oin segurua… Txirriki-txan-txan!, gorputzak berez baitaki dantzan, oinez hasteko ni esperantzan.
7) Lehen pausoekin aski batera, kontuak nituen asko atera. “Kirolak” aldez beste “kalorik”, deus ez kirola bezalakorik. «Hi habil jota! —nuen brast neure brankara bota—; usteltzen beti, geldi hago-ta!».
8) Gaur egunero nabil suabe, senperrenak jotzen ibili gabe. Bost urtez gero, kontent belaunak; akabo zaharron min-amaraunak… Eta eskerrak sarri ematen dizkit ezkerrak: «Ut!, ospitale zoko-bazterrak!!!».
9) Jakintsu dabil gure gorputza; alditsu burua, zakurren putza! Segi temati oinez-ta-oinez; ahaztuko zara soinezko minez. Bai, baldinbetan!, ibiliaz on gehio benetan, botikaz baino, bi belaunetan.
Oarsoaldeko Hitzak “Erronka berriekin plazara” erreportajea argitaratu du. Bertan, Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetako bertsolaritzaren panoramaren errepasoa egin du. Horretarako, zenbait eragileri egin dizkiete elkarrizketak.
1) Eskuentzako heldulekua, eragiteko bi biela, hiri barruan, mendian edo errepidean bestela. Izan azkar, nahiz trankil gurpil gainean dabil eta esertzeko zela. Ba al dakizu asmakizunik onenetakoa dela?
2) Bakoitza bere lekuan jartzen aritzen zara zintzoki mundu guztia ez garelako Ane, Miguel edo Coppi. Baina zenbat helburu, gu adina seguru, ta mundua jolastoki. Lanean zintzo ariko zara zaindu ezkero egoki
3) Bi platerako bizikletari jarri dizute bakarra. Nire ustetan erabakia izan da nahiko kaxkarra. Pisuaren antsia, hori da garrantzia… Hemen ere, kaka za(ha)rra! Hau da guztia, eta guztiok, dietaz mugatu beharra!
4) Diskoak edo zapatak hobe? Nola balazta gainbe(he)ra? Modu berria edo zaharra? Ez atzera, ez aurrera. Gaur arte zen normala, harreman naturala, ondorioak atera; diskorik gabe zapata batzuk dantzatzerik ba ote da?
5) Koroak berriz, hamabi jada, ez da kopuru hutsala, eta onartu behar da gorantz kontrolik gabe doala. Ez al da gertatuko, historia lekuko, ez baldinbetan, oxala! Espainiako koroarekin gertatu zaigun bezala
6) Suge txistuak utzi badizu gurpil-uztaia lurrean, zorteak iskin egin dizula zaude jakin beharrean. Geratu zaitez hemen, eta hartu atseden lasaitasun ederrean, zulatutako hori konponduz errepide bazterrean
7) Azken bertso hau irakurtzean utz iezadazu esaten, bizikleta bat baldin baduzu, ez geratu itxaroten. Sor ezazu aukera igotzeko gainera, utziozu eramaten, koipe beltzik ez duen kate hau sekula ez dadin eten.
1 Nahiz irakurtzera heltzen zaren ez zaidan inporta hitz hauekin hautsiko dut zu eta bion konforta. Hona hemen idatzita, eta odola borborka, nire ahotik sekula entzungo ez duzun sorta.
2 Hasierako eztia bilakatu zen gozakaitz nahiz egoerak behartu ez zuen izan behar gaitz. Izurriek zer ikasi erakusten dutenez maiz; zoriontasunik bada asintomatikoa naiz.
3 Ez nagoelako ongi ezin dut egin eskerik, baina zure jokaerak nire mina berresten dit. Ustez ez zenuenean zure hitza saihesterik zugandik ez dut aditu isiltasuna besterik.
4 Hautazko isiltasunak, ohartu behar zenuke, gainontzekooi ahotsa ere ken diezaguke. Ahots-korden loturek maiz gehiegi estutzen dute zure eztarrian daude, baina ni itotzen naute.
5 Batera eta bakarrik pasatako une latzen ondotik ez dakit ongi zer ari zaren bilatzen mundua ez baita zure zilborretik abiatzen eta, are gutxiago, zure ohean bukatzen.
6 Aldentzearen ideia gu biontzat bada bera bidea aukeratzean joan banaiz galbidera nik nire gezurrarekin egin dezaket aurrera. Zuk zure egia duzu, baina egia ote da?
Muara Elkarteak bertso-afaria antolatu du heldu den ostiralean. Bertan arituko dira kantuan Txingudiko bertso-eskoletako Iker Altuna hendaiarra eta Adrian Arruti irundarra. Iluntzeko 21:00etan izango da eta sarrera eskuratzeko telefono zenbakia (630027343) jarri dute antolatzaileek. Ostegunera bitarte izango da aukera izena emateko.
Antolatzaileek egin duten kartelean dago gainerako informazioa.