Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Aitor Errazkin”

Urriaren 2an Goiogana, Murua, Aizpurua eta Casabal Kabigorrin

Aupa, bertsozale.

Iragarri bezala, bigarren aldiz jarraian, eta urriaren 2an hasita, Kabigorriko bertso gauez gozatzen hasteko aukera izango dugu berriz. Aurreko ikasturtean bezalaxe, hilabeteko lehendabiziko ostegunean izango dira saioak, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Irungo Peña kaleko Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan.

Urriaren 2an Manu Goiogana irundarra, Xumai Murua baionarra, Oier Aizpurua zarauztarra eta Haritz Casabal antxotarra ariko dira bertsotan, Abel Zabala irundarrak ondutako gaiei kantari. Saioaren aurretik, eta bigarren edizio honetako saio guztietarako aurreikusia dagoen gisan, Txingudiko Bertso Eskolako edo haren jirako lagunen batek bertso berriak kantatuko ditu, aldiro egunerokoak iradoki dezakeenari jarriak. Aitor Errazkin irundarra izango da lan horri eusten lehena, “Bertso berriak, 2014-2015 bertso ikasturte berriari jarriak” sortarekin.

This slideshow requires JavaScript.

 Besterik ez, lagunok. Egina dizuegu eskaintza, eta ea iazko saio guztietan denon artean sortu genuen giro goxo, eder eta errespetuzkoari eusten diogun aurtengoan ere. Elkarren arrimuan, ziur baietz. Eta gogoan izan saioa eta gero afaltzen geratzeko Kabigorrik eskaintzen duen aukera aparta; probatu duenak ederki daki.

Jaso besarkada bero bat,

Irunabar

Moskuko jaietako bertso saioetako argazkiak

Aurten Moskuko Jaietako bertso saioetan Irunabarreko hainbat kide aritu dira bertsotan eta antolakuntza lanetan. Hona larunbateko bertso-triki-poteoak eta igandeko bertso saioak utzi dizkiguten hainbat irudi.

This slideshow requires JavaScript.

Moskuko Jaiak 2014 (abuztuaren 14tik, 17ra) bertsoz lepo

Gaur hasi dira Moskuko jaiak, eta egitarau betea eskainiko digute igandera bitarte. Bertsoari dagokionean, bertso-triki-poteoa izango da larunbat honetan, abuztuak 16, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, herri bazkariaren ondotik. Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarra, Egoitz Zelaia hendaiarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira bertsotan.

Igandean, aldiz, bertso jaialdia izango da eguerdiko 12:00etatik aurrera. Bertan, Haritz Casabal pasaitarra, Julen Zelaieta beratarra eta Gotzon Aizpiolea irundarra ariko dira bertsotan; laugarren bertsolari bat ere izango da oholtzan, baina oraindik ez da nor izango den zehaztu. Gaiak jartzeaz Egoitz Zelaia hendaiarra arduratuko da.

moskuko jaiak 2014

Abuztuaren 9an Txingudiko Bertso Eskolakoak Euskal Jiran kantari

Aurtengoan abuztuaren 8 eta 9rako deialdia egin dute Euskal Jirako antolatzaileek. Abuztuaren 9an, 11:45 aldera, Txingudiko Bertso Eskolako Egoitz Zelaia, Abel Zabala eta Aitor Errazkin ariko dira bertsotan, Euskal Jai pilotalekuan. Euskal Jirako kartela ekarri dugu hona, egitarauari erreparatu nahi dionarentzat.

euskaljira cartel 2014

 

Irun eta Oiartzungo bertsolariak Hondarribiko Txotx Egunean

Zortzi urte dira Hondarribiko Olagarro Kultur Elkarteak Sagardo Eguna antolatzen duela (aurtengoa, lehendabizikoz, Txotx Eguna izan bada ere). Uztailaren 26an izan da aurtengoa, larunbatarekin, eta orain artean Santiago kalean antolatu izan duten arren, 2014an Gipuzkoa plaza izan dute kupelen eta aldarrikapenen agertoki. Olagarrokoak Txingudiko bertso eskolarekin jarri ziren harremanetan, Txotx Egunari irekiera bertsotan emateko aukerarik izango ote zen galdezka, eta hantxe izan ziren kantuan Abel Zabala eta Aitor Errazkin irundarrak eta Exteban Martiarena oiartzuarra.

Horratx 2014. urteko Hondarribiko Txotx Eguneko argazki batzuk, Olagarroko lagunek bidaliak.

This slideshow requires JavaScript.

Uztailaren 1ean 2 bertso saio Irunen

San Martzial eta San Pedro jaietako azken egunean bi bertso saio izango dira Irunen. Bata, Irungo Udalak goizeko 11:30etarako Santiago auzoko Euskal Jai pilotalekura deitua; bestea, Hazia Kultur Elkarteak jai herrikoiak aldarrikatzeko antolatua. Bigarren hau Peña kalean izango da, 13:30etatik aurrera.

Diseinua: Mikel Button

Diseinua: Mikel Button

Ostegunetako Kabigorriko bertso gauak (martxoak 6)

Urteko hilabeterik motzenari agur esateko tenorea heldu eta ate joka dugu martxoa. Hilabete berria hastear den honetan, datorren Ostegunetako Kabigorriko bertso gauaren berri eman behar dizuegu. Martxoaren 6an izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Peña kaleko Kabigorri Ateneoko tabernan. Patxi Castillo beratarra, Jokin Uranga azpeitiarra, Miren Artetxe hendaiarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira bertsotan, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”ren aginduetara.

Gogoan izan saio ostean afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela Kabigorrik. Aprobetxa dezagun!

This slideshow requires JavaScript.

Euskararen Eguna ospatzen Txingudi Ikastolan

Aurtengoan ere Manu Goiogana eta Aitor Errazkin izan dira Txingudi Ikastolan bertso kantari, Euskararen Egunarekin ohikoa bilakatu den saio berezian. Izan ere, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek prestatzen dituzte saioko gaiak, irakasleen laguntzaz, eta saioa aurkezteko ardura ere ikasleek beraiek hartu ohi dute. Giro ezin hobea izaten da bertan, Aitorrek eta Manuk esan ohi dutenez.

This slideshow requires JavaScript.

Euskal Jiran kantari (2013-08-03)

Iaz bezalaxe Manu Goiogana, Abel Zabala eta Aitor Errazkinek ordu erdi inguruko saiotxoa osatu zuten Euskal Jira egunean.

This slideshow requires JavaScript.

 

Eguzkitzako bertso eskolakoak behinola ahaztutako bertsoen bila.

Hona Eguzkitzako bertso eskolako taldea orain lau urte ikasitako bertso batzuk gogoratzen. Hasieran kosta egin zitzaien pixka bat, baina talde lanean aritzea gauza ederra da, eta gaztetxo hauek ederki ikasia dute hori, bai horixe!

Post Navigation