Gogoratu datorren ilbeltzaren 20an egitarau txukun askoa antolatu dugula Bidasoko AEK, Landetxako auzo elkartea eta Larrea, hurbileko elikadurarekin batera. Oraindik sarrerarik erosi ez baduzu, kontuan izan erosteko azken eguna igande honetan izango dela. Saioaren gaineko informazio gehiago nahi baduzu, esteka honetan bilatuko duzu behar duzun hori. Musikari eta bertsolariak prest daude honezkero, zeren zain zaude?
Kaixo, bertsozale: 2024ko Korrika Irundik hasiko dela-eta, Bidasoko AEK eta eskualdeko gainontzeko euskara eta kultura eragileak martxoaren 14ra bitarteko asteak girotzeko lanetan hasi gara. Testuinguru horrekin, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa antolatu dute Katea-Landetxako auzo elkartearekin batera. Bertso bazkari musikatua izango da. Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Aitor Errazkin eta Manu Goiogana), musikariak (Iban Clemente, Beñat Elosegi, Rafa Rodrigo eta Maddi Sanz), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). Horixe da antolatutako menua. Ilbeltzaren 20an izango da, eguerdiko 14:00etan, auzo elkartean. Jatekoa Larrea, hurbileko elikadurak prestatuko du eta sarrerak 15 euroan eskuratu ahal dira, honezkero, Hazia, Depor, Aranaztarra, Nuevo, Otazpi eta Itzala tabernetan (aukera beganoa ere egongo da. Hala nahi izanez gero, idatzi 747425434 telefono zenbakira).
1.- Euskalduntzea ez dugu proba jakin bat gainditze hutsa C1a eta C2a baino gehiago baita hizkuntza ikaskuntzari zentzu betean egin nahi dionak bultza EUSKALTEGIAN bi-biak ditu: AUKERA eta LAGUNTZA.
2.- Iaz bezala HIKA TALDEA badaukagu, beraz, adi! “Trebatu asmoz baldin bayabil, gurera hurbildu yari!” Azkenerako baietz bihurtu makina bat hikalari aurtengo uzta batzen bazaio iaz bildutakoari.
3.- EUS-KA-HAL-DUN-TZE TALDEAN ere begiak jarri ditugu euskarak jiran hamaika putre baitu inguru-minguru gutxiespenaz ohartu eta eskubideak helburu talde-lanean ahalduntzeko bidea egingo dugu.
4.-Euskal sortzaile baten izena galdetu eta… akabo! Literatura, bertso, antzerki… Goazen pauso bat harago! Hizkuntzak batzen duen herrian egin nahi bada abaro KULTURGINTZARI ARRETA jarriz ikasi beharra dago.
5.- Proiektu, e-mail, ohar zein kartel punttu-punttuan uzteko taldea sortu gabe dugunik ez zenuen, ba, usteko! Ikastaro hau funtzionala da hainbat praktika tarteko ZURE LANEKO BEHAR-IZANEI EUSKARAZ ERANTZUTEKO.
6.- ALFABETATZE TAILERRA indar betean nahi dugu noski bizitzan zehar mingain-arimak nahiz eta euskaraz busti araugintzatik urrun gertatu direnentzat da zehazki, aurrerantzean molda daitezen hatxe, koma eta guzti.
7.- Gramatikatik abiatzeak sortzen digu asperdura hargatik MINTZA-TALDEEK pizten dute gurean lilura aztertzen dugu lotsarik gabe ateratzen zaigun hura eta norbere beharretatik jotzen dugu liburura.
8.- IDAZKETARI SORMENA gehitu eta nolako eztanda! Barrenak nori ez dio egin askotan horren demanda? Baina bakarrik saiatu eta… etsipen bide izan da. Horrela bizi izan baduzu, oraintxe da zure txanda!
9.- Zure helburu gure hizkuntza ikastea baldin bada OHIKO ESKAINTZAZ GAINERA AURTEN BERRIA1 daukagu, hara! Jakin-minak koxk egin badizu etor zaitez AEKra eskarmenturik ez zaigu falta eta mintzatuko gara.
Sarean kontsultatzen ahal duzu, “irungo aek eskaintza” bilatuta. ↩︎
Igande honetan, hilak 18, Bortzirietako Bertso Eskolak antolatuta, Txingudiko eta Berako bertso-eskoletako kideak ariko dira Berako Altzateko bestetan, bertso-poteoan, eguerdiko 12:30ean Lixoia ostatutik abiatuta. Berako Udalak eta Altzateko besta-batzordearen laguntzaz antolatu dute ekimena, “bertso-truk” deitu diote, eta 5 bertsolari ariko dira bertan kantuan: Castillo, Zelaieta, Goiogana, Luzuriaga eta Errazkin.
“Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean” liburuaren aurkezpena, ekainaren 14an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan, Irungo CBA udal liburutegiko “Jose Antonio Loidi” aretoan.
Elosegik eta Errazkinek Irungo Udalak eskaintzen duen “Loidi beka” eskuratu zuten 2020 urtean. Ikerketa txostena iazko maiatzean aurkeztu zioten Udalari, eta honek, liburua argitaratzea erabaki. Apailatze lanetan aritu dira orain arte, eta, adierazi bezala, 2023ko ekainaren 14an aurkeztuko dute.
2021. urtean eman genuen ikerketaren berri, blog honetan berean:
1.- “Pequeña Velocidad” pabiloi bitxia pasaeran frankotan nahiz eta ikusia eskolatik gutxitxo dator ikasia bere baitan dagoen historia guzia
2.- Kontzentrazio-esparru kontuak nazien istorioak zirela sinetsita nintzen baina Irunen ere gauzak nola diren… baten faltan bospasei izan omen ziren!
3.- Bideratu zituzten hamaika preso han ez zirenak postura oso erosoan frogak oraindik zutik dirau Bidasoan horrek baino ez omen Gipuzkoa osoan
4.- Argazkiak badira noski ikusteko keinu faxistak eta eriak tarteko nahiz txuri-beltzak izan horitu antzeko aski dira edozein lotsagorritzeko
5.- Ez zaio inoiz jarri izandu arreta beti apartatuta zeuden lau pareta balioz hustu eta goroldioz beteta memoriaz oroitzeaz ahaztu ginen eta
6.- Estatu Espainolaren eskuetan luzaro Udalarenetara berriki igaro eta orain airean galdera bat dago: luzituko ote duen gaur baino gehiago
7.- Udalak proiektu bat baitu hor barrena Via-Irun izena jarri ziotena horra ekin aurretik aitortu zutena: eraitsi nahi zutela zutik dagoena
8.- Nicolas Gerendiain eta Kepa Ordoki taldeek adierazi dute publikoki han lekiokeela eskaini egoki memoriari behar bezainbeste toki.
9.- Udalak pasarela nahi du bideratu eta memorialistek ez dute ukatu Gainera museo bat noiztik da bekatu? Ezin al dira biak bakarrera batu?
10.- Trenez elkar litezke Madril, Paris, Irun baina nondik gatozen ahantzi ez dakigun iraganak zeregin bat ezarri zigun: Ea geroarekin uztartzen dakigun…
Lehen bi saioen ondotik, hirugarren saioaren atarian gaude. Martxoaren 3an izango da. Bertan ariko dira kantuan Txingudiko Bertso-Eskoletako Jon Luzuriaga ikaztegietarra, Aitor Errazkin irundarra eta Julen Zelaieta beratarra. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.
Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.
Bortzirietako Bertso Eskolak gonbidatuta joan ginen Irunabarren jirako hainbat lagun XXIII. taldekako lehiaketara kantura, eta sekulako harrera egin ziguten bortziritarrek. Horra bidasotarrentzat ondutako bertsoak, esate baterako; behin baino gehiagotan kantatu genituen denok elkarrekin, baita Arrano Elkartean jokatu zen finalean ere.
Irun badaukazu zerbait
Hondarribiko kresala
Irun badaukazu zerbait
Aiako harrien itzala
Irun badaukazu zerbait
Biriatuko magala
Irun badaukazu zerbait
Plaiaundi ta Sindikala
Irun badaukazu zerbait
Bidasoa ospitala
Irun badaukazu zerbait
Bortziriko kapitala?
Irun badaukazu zerbait
Irunabar mundiala
ta bihar egunsentiak
bertsotan erna zaitzala
Bortziriko bertso eskolan
gabon bueltako epela
hogeita hiru aldi dira
taldeka biltzen garela
bertso onenaren saria
Kottorentzako txapela
koplak trikitixarekin
kale ixkiñan kartzela
oparia oroigarri
ta kanta bat gai bezela
Arranoko afaria
bertsozaleen hotela
irri algara ta malko
emozioen koktela
gazteak zarete eta
gozatu dezazuela
Eskerrik asko Kataku, Zialdo, Antoiu eta Arrano; eskerrik asko Bortziriak!