Lehen bi saioen ondotik, hirugarren saioaren atarian gaude. Martxoaren 3an izango da. Bertan ariko dira kantuan Txingudiko Bertso-Eskoletako Jon Luzuriaga ikaztegietarra, Aitor Errazkin irundarra eta Julen Zelaieta beratarra. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.
Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.
Bortzirietako Bertso Eskolak gonbidatuta joan ginen Irunabarren jirako hainbat lagun XXIII. taldekako lehiaketara kantura, eta sekulako harrera egin ziguten bortziritarrek. Horra bidasotarrentzat ondutako bertsoak, esate baterako; behin baino gehiagotan kantatu genituen denok elkarrekin, baita Arrano Elkartean jokatu zen finalean ere.
Irun badaukazu zerbait
Hondarribiko kresala
Irun badaukazu zerbait
Aiako harrien itzala
Irun badaukazu zerbait
Biriatuko magala
Irun badaukazu zerbait
Plaiaundi ta Sindikala
Irun badaukazu zerbait
Bidasoa ospitala
Irun badaukazu zerbait
Bortziriko kapitala?
Irun badaukazu zerbait
Irunabar mundiala
ta bihar egunsentiak
bertsotan erna zaitzala
Bortziriko bertso eskolan
gabon bueltako epela
hogeita hiru aldi dira
taldeka biltzen garela
bertso onenaren saria
Kottorentzako txapela
koplak trikitixarekin
kale ixkiñan kartzela
oparia oroigarri
ta kanta bat gai bezela
Arranoko afaria
bertsozaleen hotela
irri algara ta malko
emozioen koktela
gazteak zarete eta
gozatu dezazuela
Eskerrik asko Kataku, Zialdo, Antoiu eta Arrano; eskerrik asko Bortziriak!
Oarsoaldeko Hitzak “Erronka berriekin plazara” erreportajea argitaratu du. Bertan, Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetako bertsolaritzaren panoramaren errepasoa egin du. Horretarako, zenbait eragileri egin dizkiete elkarrizketak.
Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.
Hasi berri dugun 2022/23 hau laugarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.
Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 6. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.
Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.
Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako bertso-sorta pare bat:
“Bizitzako gauzarik onenak doan”, Aitor Errazkin Vicentek 2022ko maiatzean Iruneron argitaratu eta Aitorrek berak musikatutako bertso-sorta:
Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa izan da aurtengo Kateako jaietan: Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin), musikariak (Maddi Sanz, Rafa Rodrigo, Iker Eizagirre eta Beñat Elosegi), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). 2022ko maiatzaren 22an izan zen saioa, eguerdiko 12:30etatik 14:00etara bitarte, auzoko frontoian. Hainbat lagunek bidalitako argazkiak segidan. Eskerrik asko zinez Aitor Martinez, Iñigo Gebara, Edurne Mendia, Aratz Altzaga, Gotzon, eta Maddiren “jarraitzaileei”, saioko argazkiak egin eta guri bidaltzeagatik.
1/ Besarkada bat, adiskideak, barre alaienak, amets, maitasun, muxu, familia eta oroimenak. Doan direla diote bizitzan gauza onenak… Ikus dezagun benetan hala ote diren denak.
2/ Ez da erraza besarkadekin egitea herren baina badago lortzen duenik zaila izan arren estutu gaiztorik ez da utziko zaitu pozarren esku artean aiztorik baldin eta ez dakarren.
3/ Gizakia da animalia interesatua zilborrari so bizi beharra da gure patua laguntasun ugari da ertz horretxek urratua ederki hasiagatik penagarri bukatua.
4/ Irriak irri, barreak barre algarak algara poza horien araberako kontua al da ba? Nahiz karkailaz jo daitekeen zorionaren aldaba grazia gutxi egiten du gure bizkar baldin bada.
5/ Ametsa aske eta doako dugu, alajaina! Eta egia bihurtzen saia gintezke, bai, baina beti ez da erdiesten amestutako ordaina sistema honek ez baitu gu guztiontzako haina.
6/ Maitasunari buruz hainbeste dago esateko… Sorta osoa dedikatuta akaso hobeto gorrotoak, maiteminak, frustrazioak tarteko ifrentzu txarra du txanpon horrek doan izateko.
7/ Muxuak eman soilik onartu nahi dizkizun hari gehien behar den unean edo noizean opari erne! Eskuraezinak ere badira eta adi! Halakoetan eman “pa” baina zeure buruari.
8/ Gaur “familia” aipatzen duen hark zertaz dihardu? Batzuk erosi nahian dabiltza beste batzuk saldu guk onartu behar dugu edota familiak gu? Pagotxa izan daiteke bietatik baldin badu.
9/ Oroimen txarrek egiten dute pertsona nahasi irudikortu, lotsagorritu ta damuarazi morrontza horretan ezin zorion betean hazi onartu eta haiekin elkarbizitzen ikasi.
10/ “Bizitzan gauza ederrak doan” esaten da hala salbuespena garrantzitsua ez balitz bezala argiune bakoitzeko loratu denez itzala kontuak norberak egin edo desegin ditzala.
Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.