Hilaren 9an izango da Kabigorriko azaroko bertso-gaua, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, ohitura dugun moduan. Mikel Garmendia irundarrak jarritako bertsoekin emango diogu hasiera saioari, eta segidan izango ditugu bat-bateko bertso lanean murgilduta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarra, Jokin Bergara eibartarra, Patxi Castillo beratarra eta Aitor Errazkin irundarra. Azaroko saioan hirugarren irundar baten aginduetara arituko dira bertsolariak: Adrian Arrutirenetara, hain zuzen ere, saiorako gaiak prestatzeko eta egunean bertan aurkezle lanak egiteko ardura izango duena.
Gure aldetik besterik ez. Anima zaitezte saioaz gozatzera, eta oroitu Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero mokadu bat egitera geratzeko ere.
Ongi izan eta sarri arte.
2017ko uztailaren 29an ospatu zen XII. aldiz Hondarribiko Sagardo Eguna, , larunbatarekin, Olagarro Elkarteak antolatuta, eta azken urteetan ohitura bihurtu den gisara, Txingudiko bertsolariek eman zioten hasiera ekitaldiari. Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin aritu ziren bertsotan.
Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin bertsolariak Hondarribiko Mendelu auzoko jaietan aritu ziren kantari, 2017ko maiatzaren 13an.
Bereziak izaten dira ikasturte amaierako bertso gauak, ezbairik gabe, eta berezia izan nahi du aurtengoank ere. Gipuzkoako Herriartekoan ibili dira Txingudi I eta Txingudi II taldeak, beste 34 talde gehiagorekin lehian, baina lehen aldiz igoko dira bi taldeak batera oholtzara, jendeaurrean. Batera oholtzaratu? Aurrez aurre jarri? Nork daki? Izan ere, Irunabarren jirako hainbat lagun bildu da bi talde hauetara, Gipuzkoako Herriartekoan parte hartu eta antolakuntza lanetan laguntzeko, eta honakoan ere Adrian Arruti, Zuhaitz Olazabal, Mikel Garmendia eta Gotzon Aizpiolea aritu dira ekainaren 1eko saioak zer-nolakoa beharko lukeen pentsatzen. Eta zer izango den? Bada, hori bertaratzen direnek bakarrik jakingo dute. Kabigorrin hamaika ikusiak gara honezkero… Beraz, auskalo!
Azken bertso gaua izaki, Irunabarrek jatekoa eta edatekoa eskainiko die bertaratzen direnei, aurreko hiru ikasturte amaieretan eta zenbait egun berezitan egin bezalaxe. Joan da laugarren urtea, dagoeneko, hilabeteko lehendabiziko ostegunarekin bertso gauak antolatzen; urtean bederatzi bertso gau… Datorren ostegunekoa, beraz, hogeita hamaseigarrena: Txingudi I vs. Txingudi II. Hantxe izango gara zuen zain, plazer baduzue.
Txingudi II taldeak Irungo Mendizaleak Elkarteak Larretxipi kalean duen lokalean hartu zuen “Ebie ai do” taldea, 2017ko martxoaren 3an, eta Andoainen kantatzera joan ziren 2017ko martxoaren 10ean. Hura eta gero, bigarren faserako sailkatu, eta Villabonako gaztetxean aritu ziren “Am…ona” taldearekin, lehenik, eta Hondarribiko Olagarro Kultur Elkartean hartu zuten “26 +” taldea, 2017ko apirilaren 8an. Hona lau saio horietan barrena Aitor Errazkinek, Egoitz Zelaiak eta Manu Goioganak ondutako ariketa eta bertsoaldi zenbait.
Gipuzkoako Herriarteko bigarren faseko saioa izango da Hondarribiko Olagarro Kultur Elkartean, 2017ko apirilaren 8an.
14:00etan izango da bazkaria, eta bazkaldu eta gero, Txinguditarrek (Manu Goiogana, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin) eta Tolosaldekoek (Iñigo Gorostarzu, Adur Gorostidi eta Txomin Azpiroz) eskainiko duten bertso-saioa izango da. Sarrerak 15 €an izango dira. Izena ematearekin nahikoa izango da. Sarrerak egunean bertan kobratuko zaizkie bazkaltiarrei.
Sarrerak eskuratzeko, irunabar@gmail.com helbide elektronikoan edo 690 065 826 telefono zenbakian.
Bi taldeek egin beharko dituzten ariketak, honakoak:
Martxoaren 10ean bi hitzordu ditugu txinguditarrok, Gipuzkoako Herriartekoa dela eta. Txingudi I taldeak Azkoitira egin beharko du; eta Txingudi II-k, aldiz, Andoainera. Hementxe dituzue bi saioen berri ematen duten kartelak.
Eta hona orain arteko bi saioetako hainbat argazki:
Abel Zabala irundarra, Izarne Zelaia donostiarra, Xabi Maia elizondoarra eta Eneko Fernandez lesakarra ariko dira kantuan. Aitor Errazkin irundarrak jarriko dizkie gaiak, eta Xabier Isasi Txingudiko Bertso Eskolako bertso-tailerreko kidearen eskutik helduko zaizkigu bat-bateko saio aurreko bertso jarriak. 19:30etan hasiko da saioa. Saioa eta gero, beti bezala, Kabigorrin afaltzen geratzeko aukera aparta izango dugu.
Anima zaitezte!
Ederki pasa genuen Gipuzkoako Herriartekoa dela eta eskualdeko lehendabiziko zitan. Hona saioaren kronika ofiziala:
Gipuzkoako Herriartekoaren baitan, Txingudi bailarako “Txingudi II” eta Goierriko “Ebie ai do!” taldeak aritu dira, otsailaren 18an, Irungo Mendizaleak Elkartean. 30 bat lagun bildu dira, tartean Goierritik gerturatutako bertsozaleak, eta giro onean joan da saioa. “Txingudi II”-tik Aitor Errazkin, Manu Goiogana eta Egoitz Zelaia aritu dira bertsotan, eta “Ebie ai do!”-ren ordezkari, Aitor Irastorza, Odei Lopez eta Gemma Urteaga. Adrian Arruti eta Mikel Garmendia aritu dira gai-jartzaile, eta Zuhaitz Olazabal, Eneko Sanchez eta Mikel Urteaga epaile lanetan.
Umoretsu abiatu da buruz burukoa. Agurrean, goierritarrek ironia handiz zirikatu dituzte Txingudiko bertsolariak, Xalbadorren heriotza, Olentzero joan zaigu edota Mayonesa doinuen erritmora. Bidasoaldeko hirukoteren leloak berriz, kantari jarri du publikoa: Oh, oh, oh, euri azpian naiz ari, euri azpian kantari. Epaimahaiak nabarmendutako lanen artean izan da, esaterako, Manu Goiogana eta Aitor Irastorzaren buruz burukoa, hamarreko txikian: internet bidez ezagutu dute elkar, eta lehenengoz elkartu dira. Etxeko hirukoteak koplaka egindako ariketa ere azpimarratzekoa, Tolosako inauterietara zein mozorro eraman erabaki beharraz. Eta berdin bakarkakoak, bai Urteagarena, auzoan kamerak jarri dituztela-eta, bai Goioganarena, Elikagaien Bankura lehenengoz joan den herritarraren rolean. Erabilitako doinuetan bertsolariek egindako ahalegina ere eskertzekoa da.
Ordu eta hogei minutu inguru iraun du saioak eta epaileek 17 puntu eman dizkiote “Txingudi II” taldeari eta 7 “Ebie ai do!” taldeari.