Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Bertso-tailerra”

50 lagun inguru Lopetegiren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko bertso kantu bazkarian (2025-05-31)

50 lagun pasatxo bildu ginen 2025eko maiatzaren azken egunean Irungo Atsegiñara, bazkaria egin eta Joxe Mari Lopetegi zenaren jaiotzaren 150. urteurrena haren bertsoak kantatuz ospatzera. Eloi Lopetegik eta bere ingurutxoak primerako otordua prestatu zuten bertan bildu ginen guztion gozagarri, Igauri Lopetegi eta Jon Luzuriaga bertsotan aritu ziren bat-batean, eta plater eta plater artean Joxe Mariren bertsoak kantatu genituen guztiok aho batez, Iker Gomez errenteriarraren soinu txikiaren laguntzaz. Hona hemen Joxan Elosegik Atsegiñako bertso kantu bazkarirako ere, beti bezain eskuzabal eta fin apailatutako liburuxka.

Egun ederra igaro genuen. Eskerrik asko Atsegiña, eskerrik asko Bidasoko AEK Irungo euskaltegia, eskerrik asko Lopetegitarrei, argazkiak bidali dizkiguzuenoi ere bai, eta eskerrik asko, bereziki, bertaratutako guzti-guztioi. Hurrengora arte.

Bertso kantu bazkaria maiatzaren 31n, Joxe Mari Lopetegiren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzen jarraitzeko

Irungo Atsegiña Elkartean bertso kantu bazkaria antolatu dugu Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerrak eta Irunabarrek, maiatzaren 31rako. Txartelak Atsegiña tabernan eta Bidasoko AEK Irungo euskaltegian izango dituzue salgai, 20 euroan, maiatzaren 26ra arte, gehienez ere. Beraz, bizkor ibili!

Joxe Mariren ondorengoak eta haien adiskideak ere burubelarri ditugu antolakuntza lanetan murgilduta, bazkari prestaketa kontuetan, besteak beste. Horren harira, txartela erosten duten bazkaltiarrek antolatzaileekin harremanetan jartzeko modua izango dute 688 826 433 telefono zenbakira idatzita, elikaduraren nahasmendurik edo menuaren gaineko oharrik egin nahi izanez gero (haragirik ez…).

Ea apirilaren 13koa bezain arrakastatsua egiten dugun maiatzaren 31koa ere. Zuen zain izango gara. Anima zaitezte. Primeran bazkaldu eta hobeto pasatuko dugu.

Lopetegi oroitzeko kantaldiak harrera ezin hobea. Eskerrik asko guztioi. Orain kantu bazkariaren txanda (2025-05-31)

Joan den apirilaren 13an jendeak estu moldatu behar izan zuen Irunabarrek Joxe Mari Lopetegi oroitu eta omentzeko Bidasoako EKTn antolatu zuen kantaldian. Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu Txingudiko bertso-eskolako bertso-tailerraren, Irunabarren eta Lopetegiren ondorengoen partez, modu batera zein bestera kantaldian parte hartu zenuten guzti-guztioi.

Orain kantu bazkari herrikoiaren txanda da. Irungo Atsegiñan antolatu dugu maiatzaren 31rako, larunbatarekin, eta laster zabalduko dugu kartela. Animatuko ahal zarete! Bien bitartean, joan den apirilaren 13ko kantaldiko irudi batzuk hementxe:

Azkenik, horra Joxan Elosegik beti bezain fin eta eskuzabal ikus-entzule guztientzat apailatutako liburuxka.

Hamar egun baino ez 150. urteurrenerako

Hamar egunen buruan ospatuko dugu kantuz Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra jaio zeneko 150. urteurrena. Bidasoako EKTn izango da ekitaldia, apirilaren 13an, igandearekin, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Saioa musikatua izango da, bertso eskolako eta jirako musikariak izango ditugu lagun, eta bertaratzen den guztiak izango du ere, nola ez, gurekin batera Joxe Mariren bertsoak kantatzeko aukera. Kantaldi ondotik, jan-edanetik zerbait izango da bertaratzen den guztiarentzat, eta txolarte atseginean emango diogu asteburuari despedida.

Bideoa ikusterik ez baduzu, sakatu hemen (Antxeta Irratiaren webgunea) edo hemen (audioa entzuteko).

Ikus dezakezuen bezala, Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerra lanean ari da, apirilaren 13an dena pronto izateko.

Kantaldia antolatu du bertso-tailerrak, Joxe Mari Lopetegiren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta

Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerrak kantaldia antolatu du apirilaren 13rako, igandearekin. Kantaldia arratsaldez izango da, 18:00etatik aurrera, Bidasoako EKTn (Larretxipi kalea, 12). Bertan, bertso-eskolako eta jirako hainbat lagunek Lopetegiren bertso-sortak kantatuko dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, emanaldia dohainik izango da, eta bertaratu nahi duten guztiek EKTko ateak zabalik izango dituzte. Anima zaitezte eta lagundu ekitaldiaren berri zabaltzen. Eskerrik asko guztiei aldez aurretik eta apirilaren 13ra arte!

150 urte Joxe Mari Lopetegi jaio zela

1875. urteko apirilaren 13an jaio zen Joxe Mari Lopetegi Olaizola Irunen, eta 1945ean hil, Arrueta-Sarrikotan. Bertsolaria eta politikari errepublikanoa izan zen, eta Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerreko kideak lanean hasita daude dagoeneko omenaldia prestatzeko.

Lehendabiziko hitzordua 2025eko apirilaren 13an izango dugu, igandearekin. Kantaldi modukoa izango da: bertso-eskolako kideek eta inguruko lagunek Joxe Mari Lopetegiren 8 bertso-sorta kantatuko dituzte, musikaz lagunduta. Lekua zehaztu bezain laster zabalduko omen dituzte bertso-tailerrekoek kartela eta kantaldiaren gaineko xehetasunak.

Urtean zehar izango da, baina, beste hitzordurik ere, apirilaren 13koaz gainera. Esate baterako, bertso-tailerrekoek aurreratu dute herri-bazkaria ere antolatzen ari direla, ekainaren 7rako .

Aurtengoa ez da bertso-tailerrak Lopetegi omentzen duen lehendabiziko aldia, 2016. urtean ere antolatu baitzituzten hitzaldia, kantu-jira eta kantaldia, Joxan Elosegiren laguntzaz guztiak ere:

Izan ere, Elosegi izan zen Lopetegiren lana biltzeaz eta Euskal Herri guztiari aurkezteaz kezka izan zuen lehena. Bertso-sortak eta era guztietako dokumentazioa bildu, eta liburua argitaratu zuen: JOXE MARI LOPETEGI, ERREPUBLIKANOEN BERTSOLARIA (Paper Hotsak, 2004). Eta liburu hori bera izan da gaur bitarte Lopetegi oroitzen, ohoratzen, eta haren bertsoak leitzen eta kantatzen jarraitu nahi izan duten guztientzako ezinbesteko abiapuntu eta oinarri; baita aurtengo hitzorduak antolatzeko garaian ere, bistan da.

Beraz, izango da aurten ere zer ospatu eta zer gozatu. Gehiago jakiteko, ordea, bertso-tailerraren abisuen zain geratu behar. Azaldu nahi duzu gurekin aurtengo argazkietan? Adi egon eta anima zaitez! Bien bitartean, horra orain ia 10 urteko zenbait irudi.

Sarri arte!

Bertso festa berezia Irunen abenduaren 15ean; izena emateko azken eguna, abenduak 12.

Bertso festa berezia izanen da Irunen abenduaren 15ean, Bidasoako EKT elkartean, Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunearen eskutik. 

Arratsaldeko 19:00etan hasiko da bertso festa horretako lehen ekitaldi nagusia, Ombuaren Itzala film proiektuaren aurkezpena eginen baitu Patxi Bisquert zinema aktore eta zuzendari ezagunak. Bertsozale askok dagoeneko jakinen duen bezala, Pedro Mari Otaño bertsolari handiaren bizitza eta bertso gogoangarriak aurkeztuko ditu Ombuaren Itzala filmak. Ez gara, zoritxarrez, horren ohituak gure bertsolari handien eta gure bertso ondare paregabearen gaineko filmak ikusten, eta haren osagarri garrantzitsu batez gozatzeko aukera ederra eskainiko digu, zalantzarik gabe, Patxi Bisquertek zuzenduriko proiektuak. 

Badu, gainera, proiektu horrek, halako berezitasuna, aukera emanen baitigu bertsozale eta, oro har, euskaldun guztioi bere partaide izateko. Crowdfunding deitzen diote orain batzuek, baina auzolana aipatzen du bete-betean Patxi Bisquertek. Izan ere, hamarna euroan, 30.000 zinema sarrera saldu nahi dituzte aurrez Ombuaren Itzala filmaren egileek, proiektuaren geroa eta herri nortasuna ziurtatzeko. Aukera ederra gu guztiok film proiektuaren partaide bilakatzeko.

Arratseko 21:00etan hasiko da bertso festako bigarren ekitaldi nagusia, bertso-afari berezia. Pedro Mari Otaño (Zizurkil, 1857 – Rosario, Argentina, 1910) bertsolari eta poeta handiaren obra abiapuntutzat harturik, bertso emanaldi berezia prestatu du Irunabar, Irungo Bertsoaren Bilguneak afalondorako, XIX. mende bukaera eta XX. mende hasiera bitarteko urteetan esana eta izana izan zuten bertsolari batzuen bertsoak kantatzeko. Otañoren bertsoekin batean, ez da Joxe Manuel Lujanbio Txirrita ospetsuarenik faltako (Hernani, 1860 – Errenteria, 1936), eta egokiera izanen dugu, era berean, irundarrok Joxe Mari Lopetegi  gogoangarriaren (Irun, 1875 – Arrueta, Nafarroa Beherea, 1943) bertsoak berritzeko. 

Jakina den bezala, hiru aldiz hartu zuen Otañok Ameriketarako bidea, eta azkenekoaren ondoan ez zen Euskal Herrira itzuli. Halatan, Argentinan izan zen garai hartako beste bertsolari garrantzitsu baten kantuak ekarri nahi izan ditu Irunabarrek, eta horra Joxe Mendiaga bertsolari apartaren lanak (Aldude, Nafarroa Beherea, 1845 – Montevideo, 1937). Harremanak izan zituzten Otañok eta Mendiagak Ameriketan, Rosario aldean eta Montevideon bizi izanagatik.

Irunabarren eskutik, bertsolari handi hauen bertsoak ezagutzeko eta kantatzeko aukera izanen dugu abenduaren 15ean, ostiralez, Bidasoako EKT elkartean prestatuko den bertso-afari goxoan. Prezioa: 20 euro. Izena emateko telefonoa (whatsapp): 685727539.

Jakin ezazue, bestalde, bertso festa honek lekua egina duela gaurgero Korrika Kulturalaren agendan. Ongi dakizuen bezala, Irun izango da XXIII. Korrikaren abiapuntu, 2024 martxoaren 14an.

Ombuaren itzala: Pello Mari Otañori buruzko film bat auzolanean

Bertso-saio berezia antolatu dute elkarlanean Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerrak eta Bidasoko EKTk, Pello Mari Otaño Zizurkilgo bertsolari handiaren bizitzaren gaineko zinema proiektuaren alde: Ombuaren itzala. Patxi Bisquert da proiektu horren zuzendaria, eta Bisquertek berak emango du auzolanean oinarritu duen egitasmoaren berri, abenduaren 15ean, Irungo EKTn, 19:00etatik aurrera.

Horrez gainera, Otaño, Txirrita eta Lopetegiren bertsoak ezagutzeko eta kantatzeko aukera izango dute arrats-iluntzean zehar bertaratzen diren guztiek, bai proiektuaren aurkezpen saioan (19:00), bai afaritan (21:00). Afaltzen geratu nahi duenak 685 727539 telefono zenbakira idatzita dauka izena emateko aukera (menu “bejeta” eta beganoa erreserbatzeko aukera badago).

Bisquerten “Ombuaren itzala” proiektuaren webgune ofiziala, diru-akarpena egiteko aukera eskaintzen duena:

Proiektuari buruz gehiago jakiteko:

Bukatu da ikasturteko Muarako Bertso-Gauen ekimena [2023-06-20]

Kaixo, bertsozale:

Urte hasierarekin batera ekin genion Muarako bertso-gauen ekimenari. Hilabetero, lehenbiziko ostiralarekin batera, Hondarribiko Muara Kultur-Elkartean sei bertso saio eskaini ditugu ikasturtea amaitu bitarte.

Esan bezala, sei bertso saio izan dira guztira eta hamazazpi bertsolarik hartu dute parte. Etxeko bederatzi bertsolari izan ditugu eta gertuko bertso-eskoletatik heldu diren zortzi bertsolari. Azken saioa berezia izan zedin nahi genuela-eta, eskualdeko bost musikarirekin harremanetan jarri eta bertso-saio musikatua antolatu genuen.

Saioek berezitasuna izan dute; denak izan dira libreko saioak. Bertsolarien protagonismo bera izan zezaten, alde batetik, eta jaialdiek ez duten entzuleekiko harremanean oinarritutako bertso-saioak izan zitezen, bestetik. Guztiak izan dira primerako saioak eta entzuleek zein bertsolariek elkarrekin afaltzeko aukera izan dute saio bakoitza amaitu bezalaxe.

Heldu den ikasturtean egitasmoari jarraipena emango diogun ez dakigun arren, frogatu dugu eragileen arteko harremanean oinarrituta, arrakasta duten bertso-saioak antolatu daitezkeela, bai eskualdeko bertsozaleari begira, bai eta tokiko bertsolariari begira ere. Horretarako, bi lehengai edo baldintza baino ez dira behar; eragiteko gogoa eta ardura.

Besterik gabe, bertsolari, musikari, entzule eta eragile guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.

Jarraian, saioetan bildutako argazki bilduma duzue ikusgai:

Muarako seigarren bertso-gaua [2023-06-09]

Kaixo, bertsozale:

Lehen bost saioak egin ditugu eta primerakoak izan dira. Seigarren saioaren atarian gaude honezkero. 2023ko ilbeltzean abiatu genuen proiektuak ikasturte amaiera aurrean du eta, beraz, ikasturteko azken saioa izango da ekainaren 9an izango duguna.

Saioa berezia izango da. Orain arte ez bezala, musikatua izango da ekainekoa. Kantuan ariko dira Adrian Arruti Bernadet irundarra, Izarne Zelaia Arratibel donostiarra eta Manu Goiogana Bengoetxea irundarra. Haiekin batera musikan arituko dira Iban Clemente Martin, baxuarekin, Iker [Xufi] Eizagirre Zufiaurre, gitarrarekin, Beñat Elosegi Ortiz de Zarate, mandolinarekin, Rafa Rodrigo Perurena, gitarrarekin eta Maddi Sanz Sanchez, harparekin. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.

Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

anima zaitezte!

Post Navigation