Gogoratu datorren ilbeltzaren 20an egitarau txukun askoa antolatu dugula Bidasoko AEK, Landetxako auzo elkartea eta Larrea, hurbileko elikadurarekin batera. Oraindik sarrerarik erosi ez baduzu, kontuan izan erosteko azken eguna igande honetan izango dela. Saioaren gaineko informazio gehiago nahi baduzu, esteka honetan bilatuko duzu behar duzun hori. Musikari eta bertsolariak prest daude honezkero, zeren zain zaude?
1) Nabari dugun honetan urte berriaren presentzia ez nuke nahiko transmititzerik zaharraren dekadentzia. Ahaztu nahirik bizi gaituzten estresen biolentzia loak hartzeko pilulatxo bat pozarren dut irentsia behingoagatik hartu dezagun amesteko lizentzia. (BIS)
2) Begiak itxi eta gau-mahaira botatzean prospektua, ikus dezaket Mosku bete bat, herri baten proiektua. Denek diete izar gorridun plaza horri afektua, Korrika bertan hastea_izango litzateke perfektua! Itxoin, ez dakit hasi ote den orfidalen efektua. (BIS)
3) San Miguel eta Anaka mugan hantxe ezker zein eskubi beilatokia eta Lanbide, zenbat tristura irudi, irailan eta itxarongelan hainbat pertsona urduri; uniformedun gizon txiki bat kasko beltz, ilea zuri, … Miopia ez zait sendatu baina Urkullu dela dirudi (BIS)
4) Bufalo talde bat balitz legez lurra astinduz orroaz, mendebaldetik konpainia bat hautsak harrotuz pausoaz. Nor ote diren igarri asmoz bilaka hasi naiz soaz: betikokoak baldin badira beraien esprintak joaz arrakala bat irekitzen da eta lurrazpira doaz. (BIS)
5) Bidasoan surf taula gainean dator migrante-oldea, izurde-talde batek tirata, irrifartsu umorea. Hendaian uzten dituzte denak, helmuga ezin hobea. Haiek salatuz agertzen dira bakanen batzuk, ordea, eta ilundu egiten zaie azalaren kolorea. (BIS)
6) Estralurtar bat Zabaltza plazan trakets bezain handikote, gerritik gora gizakia da handik behera antilope. Hurbildu dira Printze txikia, Santxo eta On Kixote, hari ez dio inork galdetu neska edo mutil ote eta gainera, badaezpada, zuka hitz egin diote. (BIS)
7) 20 pertsona hurbildu dira GAL estadio erdira lepo gainean baloi bat dute eta_ostikoa desira. Desagertzear den jokoaren azken printzak ote dira? Jarraitzailerik gabe askotan egin dute erretira baina baloia puztu zaie gaur: Rantanplan dute begira.
8) Uholdeetan maiz itotzen naiz eta joaten hondora maskurikoa hustu ezean bere bidetik kanpora… Korridorean errekortari, komunean ziaboga, atzera sartu ohean eta estali naiz ahoz gora ea berriro murgil naitekeen nire ametsen goxora. (BIS)
Kaixo, bertsozale: 2024ko Korrika Irundik hasiko dela-eta, Bidasoko AEK eta eskualdeko gainontzeko euskara eta kultura eragileak martxoaren 14ra bitarteko asteak girotzeko lanetan hasi gara. Testuinguru horrekin, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa antolatu dute Katea-Landetxako auzo elkartearekin batera. Bertso bazkari musikatua izango da. Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Aitor Errazkin eta Manu Goiogana), musikariak (Iban Clemente, Beñat Elosegi, Rafa Rodrigo eta Maddi Sanz), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). Horixe da antolatutako menua. Ilbeltzaren 20an izango da, eguerdiko 14:00etan, auzo elkartean. Jatekoa Larrea, hurbileko elikadurak prestatuko du eta sarrerak 15 euroan eskuratu ahal dira, honezkero, Hazia, Depor, Aranaztarra, Nuevo, Otazpi eta Itzala tabernetan (aukera beganoa ere egongo da. Hala nahi izanez gero, idatzi 747425434 telefono zenbakira).
Aurten Manu Goiogana, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi arituko dira bertsotan, larunbatean, abuztuaren 5ean, Urdanibia plazan, 11:00etatik aurrera. Oholtzan arituko dira lehenbizi. Agurrarekin batera, entzuleak tabernetara gonbidatuz. Altzolan, Aian eta Aranaztarran eta Eskiñan egingo dituzte saioak. 12:00etan, oholtzara berriro igo eta bertan egingo dute azken saioa.
Igande honetan, hilak 18, Bortzirietako Bertso Eskolak antolatuta, Txingudiko eta Berako bertso-eskoletako kideak ariko dira Berako Altzateko bestetan, bertso-poteoan, eguerdiko 12:30ean Lixoia ostatutik abiatuta. Berako Udalak eta Altzateko besta-batzordearen laguntzaz antolatu dute ekimena, “bertso-truk” deitu diote, eta 5 bertsolari ariko dira bertan kantuan: Castillo, Zelaieta, Goiogana, Luzuriaga eta Errazkin.
Lehen bost saioak egin ditugu eta primerakoak izan dira. Seigarren saioaren atarian gaude honezkero. 2023ko ilbeltzean abiatu genuen proiektuak ikasturte amaiera aurrean du eta, beraz, ikasturteko azken saioa izango da ekainaren 9an izango duguna.
Saioa berezia izango da. Orain arte ez bezala, musikatua izango da ekainekoa. Kantuan ariko dira Adrian Arruti Bernadet irundarra, Izarne Zelaia Arratibel donostiarra eta Manu Goiogana Bengoetxea irundarra. Haiekin batera musikan arituko dira Iban Clemente Martin, baxuarekin, Iker [Xufi] Eizagirre Zufiaurre, gitarrarekin, Beñat Elosegi Ortiz de Zarate, mandolinarekin, Rafa Rodrigo Perurena, gitarrarekin eta Maddi Sanz Sanchez, harparekin. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.
Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.
1) Erreferente bat izateak egiten digu mesede: Pitagoras, Gauss, Euler, … badira gizonen hamaika lege. Emakumeek ez zuten arren merezi beste botere, erreferente asko badaude matematiketan ere.
2) Hipatiak zer ekarri ote zuen Alexandriara? Aurrerapauso asko aljebra eta astronomiara. Irakaskuntzan ere zabaldu zuen bere lan ilara, ezagutzen den lehen emakume matematikaria da.
3) Agnesik egin zuen lotura, gaztea zela artean, aljebra eta ekuazio diferentzialen artean; noski, kalkulu dibulgazio lanak egin bitartean. Behar du toki diferentzial bat gaur egungo jendartean.
4) Kovaleskaiak egindakoez ote gara jakitunak? Cauchy-ren lan bat hobetu zuen Sofiaren erantzunak, definituta utzi zituen Saturnoren eraztunak. Biak, izenak eta lorpenak, izan bitez ezagunak!
5) Emmy Noetherren lana aljebra abstraktuan aitzindari; Teorema bat badu berea zabaldua munduari. Emakumea zenez igaro arren zailtasun ugari, pasio handiz bizitza eman zion matematikari.
6) Katherine Johnson famatu zuen bere NASAko karrerak orbitetako mekaniketan zenez erreferente bat. Ilargirako ibilbidea kalkulatu zuen berak; ea gai garen aireratzeko orain bere ibilerak.
7) Ikertu eta zabaldu ditu ipini arte ulergai geometria, topologia eta beste hamaika gai. Marta Machoren bizitza bera dagoenez zientziaz blai, matematika bultzatuz dabil, berdintasuna ere bai.
8) Mary Somerville zein Sophie Germain, Mirzakhani ere berdin, matematika landu zutenak hori baitzuten atsegin. Etiketetaz ahaztu eta ilusioa jaregin: lehen baziren, orain badira, … zuk zer nahi zenuke egin?
1 Konektatuta bizitzearen joera da emendatu: nor ez da bizi konektatuta nahiz eta ez gomendatu? Datuak eman bezala jaso, eta ezin zerrendatu, datuak hara-honaka baina norentzat eta zein datu? Big Brother zena orain Big Data gisa dute izendatu Pantailak jarri ditugu bistan eta begiak bendatu.(BIS)
2 Norbanakooi sinetsarazi dizkiguten arauetan harrapatuta gaude haririk gabeko amaraunetan. Konexioak zintzilikatzen gaitu soldaten tauletan; zer dela eta biharko utzi egin ahal bada gaur bertan? Halabeharrez bermatzen gara urrutiko intxaurretan bertso sorta hau jada iragan dugun ez-garai hauetan.(BIS)
3 Harreman sare toxikoenen menpekoa den jendarte honetan bizi behar izan dugu, berez gara bere parte; etengabeko esposizio, ez huts eta ez hutsarte, ez norberaren mundu intimo, ez arnaserako tarte. Ez zaigu beste ezer axola onarpen hitzez aparte gutaz kezkatzen ez diren haiek kezkatzen gaituzten arte.(BIS)
4 Bidaiatzea betebehar da, erakustea helburu; berdin dastatu dugun izozki, irentsitako liburu. Gure bizitza “Historietan” zatikatzen dihardugu inork eskaini diezazkigun hiru segundo inguru. Erakusleiho nartzisistenak perfil bihurtzen ditugu eta ondoren gure perfila garela sinesten dugu. (BIS)
5 Menpekotasun maila handituz doa esponentzialki, gailu berri bat datorrenero zain gauzka eskuzabalki. Ordulariak bihurtu dira eskuburdinen estalki, gure gorputzen kontrol osoa eman zaie literalki. Susmoa daukat gure gorputza aditu ordez normalki ez ote dugun egingo laster loa ere digitalki.(BIS)
6 Hasieretan gure datuen hau guztia josteta zen, eskerrak hasi garen pixkana auziaz gogoetatzen! Ari baikara pribatutasun guztia hipotekatzen, oharkabean hirugarrenen nahietara moldekatzen. Jarraitu ordez naturala den zerbait datuz kolpekatzen, saia gaitezen jaso ditugun bizitzekin konektatzen. (BIS)
Lehen hiru saioak egin ditugu eta primerakoak izan dira. Laugarren saioaren atarian gaude honezkero. Apirilaren 7an izango da. Bertan ariko da kantuan Txingudiko Bertso-Eskoletako Manu GoioganaBengoetxea irundarra. Harekin batera Odei Lopez Larrauri legorretarra eta German Urteaga Garmendia beasaindarra izango ditugu. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.
Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.