Larreaundi-Olaberriako Auzo Elkarteak egitarau zabala antolatu du Euskararen Nazioarteko Egunaren giran. Dakizuenez, abenduaren 3an den arren, azaroaren 30ean, larunbatean, burutuko dira ekimen gehienak. Tartean, eguerditik hasita, bertso-saioa eskainiko dute Manu Goiogana Bengoetxea eta Igauri Lopetegi Amostegi irundarrek eta Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegietarrak. Jarraian egitarau osoaren berri ematen duten afitxak dauzkazu ikusgai:
Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.
Hasi berri dugun 2024/25 hau seigarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.
Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. Zortzigarren ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.
Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.
Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako zenbait bertso-sorta:
“Hemen duzu nire sorta”, Rafa Rodrigo Perurenak 2024ko apirilean Bidasoako Hitzan argitaratu eta Rafak berak musikatutako bertso-sorta:
1) Bere bastoi, bere txapel eta bere alkandora, berez inoren zain baina gozatu nahian denbora. Oilategira begira, ez bereziki inora, lasai elkarri hizketan hitzak ahotik ahora. Egun noiz ikusten dira irtendakoan kanpora enbor berean jarrita aitona eta biloba?
2) Kanpotik egurra sartu mantal zaharra soinean, irria du ezpainetan, jakintza du mingainean. Arto irina nahastuz atzamarren dohainean, biloba dauka begira egur erre usainean. Ea nor ari daitekeen bilobekin orainean taloa goxo egiten ekonomika gainean.
3) Atarira irteteko etxeko arropak jantzi, naturako bizitzari eman behar beste garrantzi, horri amonak dakarren jakituria erantsi: landareak nola jarri, adarrak nola itsatsi, ura noiz eta non bota, zer sekula ez ahantzi, … ea gaur egun hori nork ahal duen irakatsi.
4) Altxa paretaren aurka lehortu zaion txalupa, biloba tostan ipini aurrez uretaratuta, gero arraunei eragin “Boga boga” kantatuta, haurrari arraunak utzi, aurkako bidean buka, … Ea nor ari daitekeen beita amuan hartuta pitak eta begiradak barrezka kateatuta.
5) Kaxa zahar bat ireki, han argazkiak pilaka, bakoitzak anekdota bat eta bizkarrean data. Honek lagundu ohi dio, nostalgiari tiraka, amon-aitonen bizitzen puzzlea sortzen atalka. Egun argazki pila bat egiten ditugu, alta berrikusteko denbora eta anekdotak falta.
6) Momentu horiei gutxi falta zaie agortzeko ea nor den gai halako une goxo bat lortzeko. Ea nor agertzen den prest amontzeko, aitontzeko jadanik ez daude eta jakintzetan sakontzeko, frogatuta geratzen da bideo-dei bakoitzeko bakarrik nahi ditugula eskolatik jasotzeko.
2024ko Korrika Irundik hasiko dela-eta, hamaika ekimen da eskualde osoan zehar. Girotze fase horretan, hainbat eragilerekin ari gara elkarlanean, eta Hendaiako Enbata gaztetxearekin onduko dugu hurrengo ekimena. Martxoaren 1ean, ostiralean, bertso-saio musikatua antolatu dugu Enbatako eta Aek-ko kideekin batera. Urko Casadok gidatuko du saioa, arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Adrian Arruti, Haira Aizpurua, Manu Goiogana eta Maddi Ane Txoperena bertsolariak ariko dira, eta baita Iban Clemente, Beñat Elosegi, Oneka Jauregi eta Rafa Rodrigo musikariak ere.
Gogoratu datorren ilbeltzaren 20an egitarau txukun askoa antolatu dugula Bidasoko AEK, Landetxako auzo elkartea eta Larrea, hurbileko elikadurarekin batera. Oraindik sarrerarik erosi ez baduzu, kontuan izan erosteko azken eguna igande honetan izango dela. Saioaren gaineko informazio gehiago nahi baduzu, esteka honetan bilatuko duzu behar duzun hori. Musikari eta bertsolariak prest daude honezkero, zeren zain zaude?
1) Nabari dugun honetan urte berriaren presentzia ez nuke nahiko transmititzerik zaharraren dekadentzia. Ahaztu nahirik bizi gaituzten estresen biolentzia loak hartzeko pilulatxo bat pozarren dut irentsia behingoagatik hartu dezagun amesteko lizentzia. (BIS)
2) Begiak itxi eta gau-mahaira botatzean prospektua, ikus dezaket Mosku bete bat, herri baten proiektua. Denek diete izar gorridun plaza horri afektua, Korrika bertan hastea_izango litzateke perfektua! Itxoin, ez dakit hasi ote den orfidalen efektua. (BIS)
3) San Miguel eta Anaka mugan hantxe ezker zein eskubi beilatokia eta Lanbide, zenbat tristura irudi, irailan eta itxarongelan hainbat pertsona urduri; uniformedun gizon txiki bat kasko beltz, ilea zuri, … Miopia ez zait sendatu baina Urkullu dela dirudi (BIS)
4) Bufalo talde bat balitz legez lurra astinduz orroaz, mendebaldetik konpainia bat hautsak harrotuz pausoaz. Nor ote diren igarri asmoz bilaka hasi naiz soaz: betikokoak baldin badira beraien esprintak joaz arrakala bat irekitzen da eta lurrazpira doaz. (BIS)
5) Bidasoan surf taula gainean dator migrante-oldea, izurde-talde batek tirata, irrifartsu umorea. Hendaian uzten dituzte denak, helmuga ezin hobea. Haiek salatuz agertzen dira bakanen batzuk, ordea, eta ilundu egiten zaie azalaren kolorea. (BIS)
6) Estralurtar bat Zabaltza plazan trakets bezain handikote, gerritik gora gizakia da handik behera antilope. Hurbildu dira Printze txikia, Santxo eta On Kixote, hari ez dio inork galdetu neska edo mutil ote eta gainera, badaezpada, zuka hitz egin diote. (BIS)
7) 20 pertsona hurbildu dira GAL estadio erdira lepo gainean baloi bat dute eta_ostikoa desira. Desagertzear den jokoaren azken printzak ote dira? Jarraitzailerik gabe askotan egin dute erretira baina baloia puztu zaie gaur: Rantanplan dute begira.
8) Uholdeetan maiz itotzen naiz eta joaten hondora maskurikoa hustu ezean bere bidetik kanpora… Korridorean errekortari, komunean ziaboga, atzera sartu ohean eta estali naiz ahoz gora ea berriro murgil naitekeen nire ametsen goxora. (BIS)
Kaixo, bertsozale: 2024ko Korrika Irundik hasiko dela-eta, Bidasoko AEK eta eskualdeko gainontzeko euskara eta kultura eragileak martxoaren 14ra bitarteko asteak girotzeko lanetan hasi gara. Testuinguru horrekin, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa antolatu dute Katea-Landetxako auzo elkartearekin batera. Bertso bazkari musikatua izango da. Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Aitor Errazkin eta Manu Goiogana), musikariak (Iban Clemente, Beñat Elosegi, Rafa Rodrigo eta Maddi Sanz), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). Horixe da antolatutako menua. Ilbeltzaren 20an izango da, eguerdiko 14:00etan, auzo elkartean. Jatekoa Larrea, hurbileko elikadurak prestatuko du eta sarrerak 15 euroan eskuratu ahal dira, honezkero, Hazia, Depor, Aranaztarra, Nuevo, Otazpi eta Itzala tabernetan (aukera beganoa ere egongo da. Hala nahi izanez gero, idatzi 747425434 telefono zenbakira).