Aurten Manu Goiogana, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi arituko dira bertsotan, larunbatean, abuztuaren 5ean, Urdanibia plazan, 11:00etatik aurrera. Oholtzan arituko dira lehenbizi. Agurrarekin batera, entzuleak tabernetara gonbidatuz. Altzolan, Aian eta Aranaztarran eta Eskiñan egingo dituzte saioak. 12:00etan, oholtzara berriro igo eta bertan egingo dute azken saioa.
Igande honetan, hilak 18, Bortzirietako Bertso Eskolak antolatuta, Txingudiko eta Berako bertso-eskoletako kideak ariko dira Berako Altzateko bestetan, bertso-poteoan, eguerdiko 12:30ean Lixoia ostatutik abiatuta. Berako Udalak eta Altzateko besta-batzordearen laguntzaz antolatu dute ekimena, “bertso-truk” deitu diote, eta 5 bertsolari ariko dira bertan kantuan: Castillo, Zelaieta, Goiogana, Luzuriaga eta Errazkin.
Lehen bost saioak egin ditugu eta primerakoak izan dira. Seigarren saioaren atarian gaude honezkero. 2023ko ilbeltzean abiatu genuen proiektuak ikasturte amaiera aurrean du eta, beraz, ikasturteko azken saioa izango da ekainaren 9an izango duguna.
Saioa berezia izango da. Orain arte ez bezala, musikatua izango da ekainekoa. Kantuan ariko dira Adrian Arruti Bernadet irundarra, Izarne Zelaia Arratibel donostiarra eta Manu Goiogana Bengoetxea irundarra. Haiekin batera musikan arituko dira Iban Clemente Martin, baxuarekin, Iker [Xufi] Eizagirre Zufiaurre, gitarrarekin, Beñat Elosegi Ortiz de Zarate, mandolinarekin, Rafa Rodrigo Perurena, gitarrarekin eta Maddi Sanz Sanchez, harparekin. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.
Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.
1) Erreferente bat izateak egiten digu mesede: Pitagoras, Gauss, Euler, … badira gizonen hamaika lege. Emakumeek ez zuten arren merezi beste botere, erreferente asko badaude matematiketan ere.
2) Hipatiak zer ekarri ote zuen Alexandriara? Aurrerapauso asko aljebra eta astronomiara. Irakaskuntzan ere zabaldu zuen bere lan ilara, ezagutzen den lehen emakume matematikaria da.
3) Agnesik egin zuen lotura, gaztea zela artean, aljebra eta ekuazio diferentzialen artean; noski, kalkulu dibulgazio lanak egin bitartean. Behar du toki diferentzial bat gaur egungo jendartean.
4) Kovaleskaiak egindakoez ote gara jakitunak? Cauchy-ren lan bat hobetu zuen Sofiaren erantzunak, definituta utzi zituen Saturnoren eraztunak. Biak, izenak eta lorpenak, izan bitez ezagunak!
5) Emmy Noetherren lana aljebra abstraktuan aitzindari; Teorema bat badu berea zabaldua munduari. Emakumea zenez igaro arren zailtasun ugari, pasio handiz bizitza eman zion matematikari.
6) Katherine Johnson famatu zuen bere NASAko karrerak orbitetako mekaniketan zenez erreferente bat. Ilargirako ibilbidea kalkulatu zuen berak; ea gai garen aireratzeko orain bere ibilerak.
7) Ikertu eta zabaldu ditu ipini arte ulergai geometria, topologia eta beste hamaika gai. Marta Machoren bizitza bera dagoenez zientziaz blai, matematika bultzatuz dabil, berdintasuna ere bai.
8) Mary Somerville zein Sophie Germain, Mirzakhani ere berdin, matematika landu zutenak hori baitzuten atsegin. Etiketetaz ahaztu eta ilusioa jaregin: lehen baziren, orain badira, … zuk zer nahi zenuke egin?
1 Konektatuta bizitzearen joera da emendatu: nor ez da bizi konektatuta nahiz eta ez gomendatu? Datuak eman bezala jaso, eta ezin zerrendatu, datuak hara-honaka baina norentzat eta zein datu? Big Brother zena orain Big Data gisa dute izendatu Pantailak jarri ditugu bistan eta begiak bendatu.(BIS)
2 Norbanakooi sinetsarazi dizkiguten arauetan harrapatuta gaude haririk gabeko amaraunetan. Konexioak zintzilikatzen gaitu soldaten tauletan; zer dela eta biharko utzi egin ahal bada gaur bertan? Halabeharrez bermatzen gara urrutiko intxaurretan bertso sorta hau jada iragan dugun ez-garai hauetan.(BIS)
3 Harreman sare toxikoenen menpekoa den jendarte honetan bizi behar izan dugu, berez gara bere parte; etengabeko esposizio, ez huts eta ez hutsarte, ez norberaren mundu intimo, ez arnaserako tarte. Ez zaigu beste ezer axola onarpen hitzez aparte gutaz kezkatzen ez diren haiek kezkatzen gaituzten arte.(BIS)
4 Bidaiatzea betebehar da, erakustea helburu; berdin dastatu dugun izozki, irentsitako liburu. Gure bizitza “Historietan” zatikatzen dihardugu inork eskaini diezazkigun hiru segundo inguru. Erakusleiho nartzisistenak perfil bihurtzen ditugu eta ondoren gure perfila garela sinesten dugu. (BIS)
5 Menpekotasun maila handituz doa esponentzialki, gailu berri bat datorrenero zain gauzka eskuzabalki. Ordulariak bihurtu dira eskuburdinen estalki, gure gorputzen kontrol osoa eman zaie literalki. Susmoa daukat gure gorputza aditu ordez normalki ez ote dugun egingo laster loa ere digitalki.(BIS)
6 Hasieretan gure datuen hau guztia josteta zen, eskerrak hasi garen pixkana auziaz gogoetatzen! Ari baikara pribatutasun guztia hipotekatzen, oharkabean hirugarrenen nahietara moldekatzen. Jarraitu ordez naturala den zerbait datuz kolpekatzen, saia gaitezen jaso ditugun bizitzekin konektatzen. (BIS)
Lehen hiru saioak egin ditugu eta primerakoak izan dira. Laugarren saioaren atarian gaude honezkero. Apirilaren 7an izango da. Bertan ariko da kantuan Txingudiko Bertso-Eskoletako Manu GoioganaBengoetxea irundarra. Harekin batera Odei Lopez Larrauri legorretarra eta German Urteaga Garmendia beasaindarra izango ditugu. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.
Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.
1) Orri zuri gaur zuri bertsoak hitz neurtuen orekan. Formetan zaren laukizuzena bezain zuri koloretan; zeinen txikia zinen umetan koloreekin olgetan eta zein handi guztia muga dudan momentu honetan
2) Geroxeago piko-pikoak hegazkinekin batera: hortik ebaki, handik tolestu, egunaren arabera. Lehenengoetan beti zabaltzen genuen kolore bera ta bigarrenek egiten zuten aurrera baino atzera.
3) Iskin batean oin zerrenda bat eta txarrenak baztertu, idazten zuzen hasiagatik ohartzerako okertu… Lehen bertsoak orri zuritan uzten genituen gertu, ordutik nahiko horitu zara, baina ez gara aspertu.
4) Nola ahaztu lehendabiziko gutunak eta aitortzak txiskeroaren gar puntarekin ilunduta ertz zorrotzak. Zuk zure baitan sarri eraman dituzu arkatzen hotsak, nik aurrez aurre isildutako sentipenak eta lotsak.
5) Gero iritsi ginen, itxuraz, azterketak pasatzera: galdera goian eta orri, zu, krudelki zuri antzera. Orduan pasa bide nintzen zu nigandik urrun jartzera, sortzeko gogoz hartu beharrean ikaratuta hartzera.
6) Orain eskutan beharrean zaude sarean partekatuta, arkatzen punta zorroztu ordez teklatua sakatuta. Orri zuri gaur zauzkate kasik erabat debekatuta zeinen tristea zu ikustea pantaila bilakatuta.
7) Ikasturtea hastean dena da neurrizko_eta zentzudun, baina bidea sortu behar da hitzez hitz, egunez egun. Etapa oro nola_orri zuri bat bezalakoa dugun ea kurtsoa amaitzerako nola betetzen zaitugun.
1) Bi euskaldunen semea naiz ni ni ere euskaldun, nahiko nukeena aldiro nire lehen hizkuntzan jardun. Traba ugari daudela nahiz eta dugun ezagun bada garaia gure motxila arindu dezagun.
2) Erabileraz egin ondoren aski analisi salbatzaile on gisa mugitu ginen bizi-bizi; egin ginen Belarriprest, egin ginen Ahobizi: ardurak beti norbanakoon gainera lehenbizi.
3) Euskara ito egin daiteke, ez da agortuko, erabilerak, beraz, kalterik ez digu sortuko. Nahiz eta denok Hitzekin beharra dugun aitortuko ogia euskaraz erosiz soilik ez da deus lortuko.
4) Erakundeek jarraitzen dute egiten entzungor hartu beharrean behar diren beste neurri eraginkor. Arduradunen postuek nola ardura duten zor ni adibide batzuk bertsotan salatzera nator.
5) Diru-laguntzak dira hedabide askoren sostengu baina Lakuan erdarazkoak dira nabarmendu. Hor erabaki behar da, nori eman, nori kendu, … letrez ulertu nahi ez duenak zifrez ulertzen du.
6) Zifrekin segiz, Laudion hara nolako ranking-a, elebakarrek hizkuntza zailak sailkatuz egina. Ikasten egingo zuen sekulako ahalegina toga daraman hark arrazoiak bilatzen adina.
7) Ez dago jarri beharrik, ordea, kanpora begira Irunen ere udaltzainekin zenbat tirabira! Behingoz lortzean lege bat eskubideen neurrira epaitegiak tentakuluak bilakatzen dira.
8) Nonbait ez da hain derrigorrezko Irunen euskara, erabilera baxua baita dioten erara; etengabe doa behera hamarkadaz hamarkada eta Udala horren konplize nabarmenena da.
9) Nik segiko dut ogia beti euskaraz erosten, euskararekin eta euskaraz pizten eta pozten, baina noiz arte ariko gara petatxuak josten arduradunek ez dutelako besterik adosten? baina noiz arte ariko gara petatxuak josten, erabakiak hartu beharrean ogia erosten?
1) Covidak bete dituenean ZIUak, albistegiak, bertso-jarriak, sare sozialak eta laborategiak ukatu gabe bizi ditugun momentu larriegiak beste gaitz larri batean jarri nahiko nituzke begiak
2) Estatistikak begiratuta datua da nabarmena: heriotzaren kausa bat dela zirkulazio-sistema, hain zuzen ere iaz hildako gehien utzi zituena. Beraz, zergatik ez da aztertu sedentarismoarena?
3) Etorkizunaz pentsatu eta gaztetxoei errepara nola bidali ditugun preso denak euren geletara. Ezin kalera atera, beraz, pantaila aurrean laga… mugitu gabe bizi den gazte asko hezten ari gara.
4) Jana etxera eramaten da eta bezeroa ditxan haren gorputzak alferrikako bi pausu eman ez ditzan.. Zalantza daukat eraiki dugun pantailen telebizitzan zulo bat beste zulo batekin estaltzen ez al gabiltzan.
5) Elkartu ginen “S.O.S. Ostalaritza” oihura hala bultzatu dugu berriro jan-edanaren ohitura eta helduok behin geundenean desiotako modura aisialdiko langileekin inor gutxi oroitu da.
6) Aisialdia debekatuta egon da aste luzeetan eta eskola kirola ere baztertu da gehienetan. Obesitate-maila gizen bat dugun jendarte honetan ez dago zulo kopuru bera guztion gerrikoetan.
7) Baina gazteek ez aisirik, ez kirolik, ez gaztetxerik eta kaleko edana ere, nonbait, ez da babesterik ez baitago hau gatazkarekin lotzen ez den albisterik, alternatiben bila, ordea, utzi al zaie besterik?
8) Gaztetxoenek ez dute jaso merezi duten tratua eta halere haiei egozten zaie gure bekatua, kirol-aisia murriztu zaie, egon da debekatua, egon beharko lukeenean ohituretan txertatua.
9) Kirol-aisia ez da bakarrik begiz ikusten duguna, halaber dira balore batzuk eta buru-osasuna. Hortaz, hasi den kurtsoan ea zein dugun neurri-bilduma, ea non jartzen dugun fokua eta non lehentasuna.