Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Muara Kultur Elkartea”

Ikasturteko 2. eta azken bertso mendaria. 2019-06-21, Hondarribiko Muara Kultur Elkartean

2019ko ekainaren 21ean ospatuko dugu ikasturteko 2. eta azken bertso mendaria. Horrek ez du esan nahi urtea amaitu aurretik besterik antolatuko ez dugunik, baina hel diezaiogun, oraingoz behinik behin, ekainean datorkigun honi.
Estrainekoan bezalaxe, jatekoa eta edatekoa izango da, merke eta ona, eta bertsoa izango da protagonista nagusi. 19:30etan emango diogu hasiera eta 22:30ak bitarte iraungo du mendariak. Bertan elkar ikusiko dugulakoan, izan ongi eta anima zaitezte ikasturteari lagun artean eta bertsotan agur esatera. Ederki pasako dugu.

2019-06-21

Erne! Hemen da “I. Bertso Mendaria”. Animatu!

Txingudiko Bertso Eskolako bertso tailerraren ekimena da bertso mendariena. Hain justu ere joan den ekainean, ikasturteko azken bilkura amaitu eta mahaitik altxatzen ari zirela, bertso tailerreko kide batek botatako ideia izan zen. Gainerako kideek proposamena entzun, eta bost bat segundoz geratu omen zen denbora Irungo Motor Elkarteko hartan. “Zer?”, “Nola?”, “Ederra!”, “Horixe!”… “Egin behar diagu!”. Eta gaur arte.

Bertso tailerreko kideen esanetan, bertsozaletasuna garatzeko espazio bat gehiago izan nahi dute bertso mendariek. Aisialdiarekin lotutako espazio informala, baina bertsoaren jiran ibiliko dena, nolabait esan.

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiete bertso tailerreko kideek Muara Elkartekoei, jarduera gauzatzeko lokala eta azpiegiturak erabiltzen uzteagatik. Bai eta mendaria dinamizatzen laguntzeko hurbildu zaizkien Irun eta Hondarribiko gazteei ere.

Anima zaitezte “bertso mendaria” probatzera. Ziur ez zaizuela kontrako eztarritik joango.

Post Navigation