Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Oarso-Bidasoaldeko Hitza”

“Gerra txikiak”. Zuhaitz Olazabal Susperreguiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

GERRA TXIKIAK

Egilea: Zuhaitz Olazabal Susperregui

Doinua: Naparruatik ardo karraio A

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Zein polita den hiru umeren
begietako dirdira
baina itsustu daitekeena
adi jarrita begira.
Eguneroko bizitzan dauden
gertakarien harira
irabazteko zailenak beti
gerra txikienak dira.

2)
Gurean behintzat ohiko dira
purrusta eta protesta
denon oihuez etxea dugu
dezibelioz gainezka.
Ingurukoek hala diote:
horren arraroa ez da!
Beraz, nahi dugun lasaitasuna
ezinezkoa da, ezta?

3)
Ez, ez eta ez izaten dugu
erantzun ohikoena,
uste al dute modu horretan
lortuko dutela dena?
Baina eurengan nork ernatu du
errebeldiaren sena
jada zainetan baitaramate
kontra egitearena?

4)
Otorduetan ere liskarrak
jakiekin egunero,
dutxa garaian euren aldetik
borondaterik balego!
Negar zotinka hasten zaizkigu
lotara esan ezkero
umeak bizi poza direla
salduko digute gero.

5)
Aratz handia dugunez dena
egin nahi du bere kasa,
Izarrek dio bera ez dela
guk uste bezain eskasa.
Zazpi eta bost urte dituzte,
sakon hartzen dut arnasa…
handiusteko ume hauekin
asmatzen ez da erraza.

6)
Iraitzek bere jolas berria
behingoz albora dezala,
bi urterekin eskalatzea
noiztik dugu ba normala!
Besotik helduz, entzun maitea
jaitsi hortik berehala
baina zergatik begiratzen dit
behiak trenari bezala?

7)
Nahiz sarri dantzan jartzen gaituzten
despistatzen garenean
bizitza eder egiten duten
gauzak dira azkenean.
Gerra txikiez kexatu arren
ongi gaude gehienean
elkar goxatuz eta gozatuz
aukera sortzen denean.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-3/

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalok musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Viva Rusia!”. Beñat Elosegi Ortiz de Zarateren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

VIVA RUSIA !

Egilea: Beñat Elosegi Ortiz de Zarate

Doinua: Haurtxo txikia negarrez dago I

Hemen jaitsi dezakezu

Pilar Valles Vicuña, 18 urte
Mercedes (Mertxe) Lopez Cotarelo, 16 urte

1
“Viva Rusia!” oihukatuta
ondoren deskarga hotsa
gure gorputzak erori dira
lorea zena hilotza
izadi justu bat nahi genuen
ez tiranoen morrontza
lur heze honek eskaini digu
berrogei urtez ehortza

2
“Salbazioa” agindu digu
aurrez euren kapilauak
damua eta barka eskea
ez dira gure arauak
erruki pixkat izango balu
pareko sasi kristauak
haren graziaz estali gaitu
berrogei urteko gauak

3
Kolpeka bortxaz horman gaituzte
ilaran zuzen ordena
zaunkaka zakar aritu zaigu
aurrean kargu gorena
sena irentsiz sumatu dugu
zein den gure ondorena
merezi gabe jasoko dugu
epai gabeko kondena

4
Lanbroak goiza estali digu
lausotuz zenbait kolore
ustekabean tiroka gogor
pare bat metrailadore
astirik ere ez dugu izan
guk emateko amore
lagun kuadrila gazte tartean
heldu gabeko bi lore

5
Pikoketako pago bustian
kantari bi txantxangorri
ote arteko baserri eder
iratze eta elorri
adore biziz gazteok gara
defendatzera etorri
nabari gabe datozkigula
berrogeina negu gorri

6
Lurrazpitara makurrarazi
gaituzte bortxaren legez
egin dutena denborarekin
denok ahazteko xedez.
Oroimenean babes gaitzazue
gogoan izan mesedez
zutik hildako guztiak eta
gu, Pilar eta Mercedes.

7
Laino arteko laritz oinetan
goroldio eta txilar
lili ongarri bihurtzeko prest
gure azal eta gihar
hezurrek kanta bezate gero
zer nahi genukeen bihar
zuen gogoan bizi gaitezen
gu, Mercedes eta Pilar.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/benat-elosegi-ortiz-de-zarate-viva-rusia/

“Gure herri ttiki hau zer den”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

GURE HERRI TTIKI HAU ZER DEN

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Gure herri ttiki hau da

 

“Gure herri ttiki hau da
gosetearen erreinu.
Gaitz erdi zer janik behintzat,
denek izango bagenu.
Ura ta ogia dira
biztanlearen mantenu,
negarrak eta gosea
gure goizeroko menu.
Gaitz erdi gure herrian
bizi ahalko bagenu,
ea ez zaidan bihurtzen
paradisua infernu.” X. Silveira

1)
Gure herri ttiki hau da
mundu handi baten testigu,
gogor hartzen gaituena,
nahiz ta saiatu ezti gu.
Ttikitasunak mesede
handirik egin ez digu,
ez dugu mundu hark beste
ez botere ta ez diru.
Askatasun desioak 
kateak ditu kastigu,
ta boterea duenak 
mantendu nahia aski du.

2)
Gure herri ttiki hau da
horma zuhaitzen gerizan,
Istorioak asmatua
geronek sinis genitzan.
Sehaska kanta kantatuz
Pedagogia bailitzan,
haizea bezain ixilik
egon gintezen bizitzan.
Isiltasunak, norbere
azken esperantza gisan,
azkenerako, alferrik,
ez digu balio izan.

3)
Gure herri ttiki hau da
kolpatua esan zezan
nor babesten duen berak,
nor duen bere defentsan.
Izan izateko gure
buruekiko promesan,
gurari bat jarri dugu
gaur garenaren ordez han.
Nahiz ta hau sinistu dugun
bizi hau jasan genezan,
entzun nahi ez ditugunak
nahi nituzke hemen esan.

4)
Gure herri ttiki, hau da,
hiritxo baten tamaina.
Irunek ez du balio,
antza, besteenak aina.
Irun da delinkuentzia,
muga, droga ta labaina.
Irudi ederra egin 
digute, bai, alajaina.
Euskaldun peto batzuen
hitzez “Irún es España”,
Irun España omen da,
besteak zer dira, baina?

5)
Gure herri ttiki hau da
bereizteko instintua,
sarri berariazkoa,
batzuetan istripua.
Klasismoa izaten du,
maizenik, inplizitua:
Atzo belarrimotza zen,
gaur moroa, ijitua.
Txio batean soberan
gelditzen den digitua.
Herri neurriz ttikitua,
pusketatan txikitua.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irubabar-bertso-sorta/

“Hontza eta hartza”. Andoni Agirre Arabolazaren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HONTZA ETA HARTZA

Egilea: Andoni Agirre Arabolaza

Doinua: Agur sagar beltzeran

Hemen jaitsi dezakezu
 

HONTZA

1)
Haltzaren goialdetik
inguru guztira
baso beltzean zehar
luze ene mira.
Luma arreak harro
goizeko gorrira;
eguzkia irteten
oraintxe hasi da…
Hara, Hartza, hor hago
neroni begira.

3)
Horretan hobe ez jar
hik itxaropenik:
harrapatu beharko
nindukek lehenik.
Ez pentsa horren erraz
galduko naizenik;
ni jan nahi banauk, ez duk
mundu honen senik.
Ba al da Hartza baino
leloago denik?

5)
Alferrik probatu duk
mila akrobazi;
nire irrikak hau hi
itsutuarazi.
Inork ezin duela
beti irabazi,
horixe nahi niake
konpreniarazi.
Goseak hil baino lehen
hobe duk ikasi.

 

HARTZA

2)
Piztien artean nik
handi diat sona
dena probatu diat,
ez duk, gero, broma!
Izokina, oreina,
baita ere gizona,
eta gaur piztu zaidak
desira sakona:
jakin nahia Hontza den
haiek bezain ona.

4)
Niregan daukadanez
horrenbeste fede,
nire grinak direnez
besteentzat lege,
zuhaitz beltzean gora
igotzen nauk trebe
hire gorputz txikia
dudanetan xede;
gora heltzerako hi
joana haiz halere.

6)
Betiko egin haiz hi
jada nire jabe.
Behetik begira naukak
goibel, dohakabe…
Ezinezko maitasun
honen suzko labe,
maite haut, uler ezak,
horren nagok grabe,
haltzaren puntan hagon
Honztxo bihozgabe.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-2/

“Erregina hil zitzaieneko”. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ERREGINA HIL ZITZAIENEKO

Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

Doinua: Euskal Herriko lur maite hartan

Hemen jaitsi dezakezu

1
Bertsoak jarri nahi dugunean
gaia bilatu beharko
Gaia bilatzen non abiatu
nola eta norentzako
Aski ezagun bada hobeto
ezaguna denerako
Elisabete Bigarrenari
jarri nahi diodalako
sinestarazi digute haien
ERREGINA HIL DELAKO

2
Londresen jaio, Ingalaterran
zainetan odol urdina
alemaniar jatorri eta
umetan nazi egina
Windsor deitura hautatu zuten
hori da gauza jakina
aita hiltzean, ustekabean
erreginaren zina
askatasuna gertu daukate
HIL DELAKO ERREGINA

3
Ingalaterra Eskoziako
Commonwealth Galeseko
Mundu erdia bere menean
Erreginak agintzeko
Zenbat pertsona eduki zuen
haren esklabo antzeko
badaezpada armada zuen
beti prest gerrarako
haien mundua zalantzan dago
ERREGINA HIL DELAKO

4
Itzal handiko agintaria
nonahi zuen eragina
Asian eta Afrikan ere
boterez ase ezina
Itxuraz bazen andre txiki bat
alaia kaskarina
herriak berriz sufritzen zuen
ankerkeriaren mina
askatasuna gertu daukate
HIL DELAKO ERREGINA

5
Zein mundu klase eraiki dugu
zeinentzat eta nolako?
Pertsona batek izan dezake
mundua bere meneko?
Ez gara gauza gure burua
guk berez gobernatzeko
egoki bizi gintezke denok
ez errege eta ez jainko
askatasuna gertu daukate
ERREGINA HIL DELAKO

6
Hamar egunez hiletaz bete
handikien purpurina
negar antzeko ikuskizuna
bakan batzuen samina
joan den mendeko mundu astuna
egingo zaigu arina
amaitu baita behin betirako
agintaritza gordina
mundu hobea izan daiteke
HIL DELAKO ERREGINA

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-abenduak23/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“BI BELAUN”. Jexuxmari Mendizabal Iraola «Bizargorri»-ren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BI BELAUN

Egilea: Jexuxmari Mendizabal Iraola «Bizargorri»

Doinua: Juana Bixenta Olabe

1)
Eternitate biren tarteko
bizitza dugu jaio-hil arteko.
Bizitzan, berriz, zahartu ahala
murrizten zaigu, eskasten ahala…
Bi belaunen hau
luzetik dator, testigu nerau;
baina ezinak hezi ere nau.

2)
Gazte urteetan kirola lege,
hamaika egina naiz, alafede!
Gero artritis nahiz zahartrosiak
gaindika dizkit eman dosiak.
Atarramendu
onik kojoak, ai!, ez omen du:
minak ezina ze sufrimendu!

3)
Belaun biak min gaiztoz josita,
medikuari derrigor bisita.
Behar zutela protesi bana;
abila zela; erraza lana…
«Eskuina, di-dau!
Ezkerrak pozik ipiniko nau
baldin urte bat onik badirau…».

4)
Ospitalera (Irun hurbil nik)
etsi-etsian jo nuen zurbilik.
Ohean etzan, anestesia…;
oroitzapenik deus ere ez ia…
Ai, demonio,
nire belaunak erremedio
plastiko-kromo-ta-titanio!

5)
Hortik paseak ondo badaki
zein latz diren bost burdin-adabaki.
Haizeak eta lainezak otxan,
txirriki-txarra oinezko lotsan,
zer fandangoa…!
Baina gaitz orok du txarragoa:
aurki noiz, ene, beste zangoa!?

6)
Nolanahi ere, makuluz ekin
eta egun, aste, hil motz luzeekin
protesi zeukan belaun-burua
sendo jarri zen, oin segurua…
Txirriki-txan-txan!,
gorputzak berez baitaki dantzan,
oinez hasteko ni esperantzan.

7)
Lehen pausoekin aski batera,
kontuak nituen asko atera.
“Kirolak” aldez beste “kalorik”,
deus ez kirola bezalakorik.
«Hi habil jota!
—nuen brast neure brankara bota—;
usteltzen beti, geldi hago-ta!».

8)
Gaur egunero nabil suabe,
senperrenak jotzen ibili gabe.
Bost urtez gero, kontent belaunak;
akabo zaharron min-amaraunak…
Eta eskerrak
sarri ematen dizkit ezkerrak:
«Ut!, ospitale zoko-bazterrak!!!».

9)
Jakintsu dabil gure gorputza;
alditsu burua, zakurren putza!
Segi temati oinez-ta-oinez;
ahaztuko zara soinezko minez.
Bai, baldinbetan!,
ibiliaz on gehio benetan,
botikaz baino, bi belaunetan.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Aspaldiko”. Gotzon Aizpiolea Etxegoienen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ASPALDIKO

Egilea: Gotzon Aizpiolea Etxegoien
Doinua: Iparragirre abila dela

1)
Eskuentzako heldulekua,
eragiteko bi biela,
hiri barruan, mendian edo
errepidean bestela.
Izan azkar, nahiz trankil
gurpil gainean dabil
eta esertzeko zela.
Ba al dakizu asmakizunik
onenetakoa dela?

2)
Bakoitza bere lekuan jartzen
aritzen zara zintzoki
mundu guztia ez garelako
Ane, Miguel edo Coppi.
Baina zenbat helburu,
gu adina seguru,
ta mundua jolastoki.
Lanean zintzo ariko zara
zaindu ezkero egoki

3)
Bi platerako bizikletari
jarri dizute bakarra.
Nire ustetan erabakia
izan da nahiko kaxkarra.
Pisuaren antsia,
hori da garrantzia…
Hemen ere, kaka za(ha)rra!
Hau da guztia, eta guztiok,
dietaz mugatu beharra!

4)
Diskoak edo zapatak hobe?
Nola balazta gainbe(he)ra?
Modu berria edo zaharra?
Ez atzera, ez aurrera.
Gaur arte zen normala,
harreman naturala,
ondorioak atera;
diskorik gabe zapata batzuk
dantzatzerik ba ote da?

5)
Koroak berriz, hamabi jada,
ez da kopuru hutsala,
eta onartu behar da gorantz
kontrolik gabe doala.
Ez al da gertatuko,
historia lekuko,
ez baldinbetan, oxala!
Espainiako koroarekin
gertatu zaigun bezala

6)
Suge txistuak utzi badizu
gurpil-uztaia lurrean,
zorteak iskin egin dizula
zaude jakin beharrean.
Geratu zaitez hemen,
eta hartu atseden
lasaitasun ederrean,
zulatutako hori konponduz
errepide bazterrean

7)
Azken bertso hau irakurtzean
utz iezadazu esaten,
bizikleta bat baldin baduzu,
ez geratu itxaroten.
Sor ezazu aukera
igotzeko gainera,
utziozu eramaten,
koipe beltzik ez duen kate hau
sekula ez dadin eten.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-kolaborazioak-bertso-sorta-irunabar/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Minetik”. Adrian Arruti Bernadeten bertsoak, Bidasoko Hitzan.

MINETIK

Egilea: Adrian Arruti Bernadet
Doinua: Calle melancolía

1
Nahiz irakurtzera heltzen
zaren ez zaidan inporta
hitz hauekin hautsiko dut
zu eta bion konforta.
Hona hemen idatzita,
eta odola borborka,
nire ahotik sekula
entzungo ez duzun sorta.

2
Hasierako eztia
bilakatu zen gozakaitz
nahiz egoerak behartu
ez zuen izan behar gaitz.
Izurriek zer ikasi
erakusten dutenez maiz;
zoriontasunik bada
asintomatikoa naiz.

3
Ez nagoelako ongi
ezin dut egin eskerik,
baina zure jokaerak
nire mina berresten dit.
Ustez ez zenuenean
zure hitza saihesterik
zugandik ez dut aditu
isiltasuna besterik.

4
Hautazko isiltasunak,
ohartu behar zenuke,
gainontzekooi ahotsa
ere ken diezaguke.
Ahots-korden loturek maiz
gehiegi estutzen dute
zure eztarrian daude,
baina ni itotzen naute.

5
Batera eta bakarrik
pasatako une latzen
ondotik ez dakit ongi
zer ari zaren bilatzen
mundua ez baita zure
zilborretik abiatzen
eta, are gutxiago,
zure ohean bukatzen.

6
Aldentzearen ideia
gu biontzat bada bera
bidea aukeratzean
joan banaiz galbidera
nik nire gezurrarekin
egin dezaket aurrera.
Zuk zure egia duzu,
baina egia ote da?

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-bertso-sorta-irunabar-adrian-arruti-minetik/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Emankorra izan zen Bertso-jartzaileen I. topaketa

Joan den irailaren 17an, larunbatarekin, egin zen Bertso-jartzaileen I. topaketa. 11 lagun bildu ziren, primerako lan-giroan. Saio amaieran parte-hartzaile guztiek ongi baloratu zuten jardunaldia, guztien artean egoeraren diagnosia osatzeko eta aurrera begirako lan-ildoak zerrendatzeko gai izan baitziren.

Irunabarrek Irunero eta Bidasoko Hitzarako ikasturtez ikasturte bertsoak idazten egiten duen elkarlanak bertso-egileengan sortutako kezka eta beharren jiran antolatu dira topaketak. Aurrerantzean topaketa gehiago antolatu beharra dagoela ebatzi zuten parte-hartzaileek, kezkatzen dituzten gaiak lantzen eta haien gaineko iritzi eta esperientziak partekatzen jarraitzeko.

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2022/23 hau laugarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 6. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako bertso-sorta pare bat:

  • “Bizitzako gauzarik onenak doan”, Aitor Errazkin Vicentek 2022ko maiatzean Iruneron argitaratu eta Aitorrek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

  • “Bidasoa”, Adrian Arruti Bernadetek 2022ko otsailean Bidasoko Hitzan argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation