Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Berriak”

JOXE MARI LOPETEGIREN ITURRITIK BERTSOTAN – Kantaldia (bideoa)

Blog honetan adierazi genuen bezala, 2016ko urriaren 22an izan zen Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarraren omenez antolatu genuen kantaldia; orduko grabazioa publiko egiteko, ordea, gaurko eguna hautatu dugu: Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zen egunaren bezpera, eta Joxe Mari Lopetegi zenaren eguna, 1875eko apirilaren 13an jaio baitzen, Irunen, orain dela 142 urte.

Post honekin itxitzat ematen dugu, momentuz, Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerreko kideek 2016ko urrian Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra eta haren obra ezagutzera emateko abiatutako ekitaldi sorta. Mila esker bihotz-bihotzez bidelagun izan zareten guztioi.

Kantaldiari buruz, hona Argia aldizkariko zuzendari Estitxu Eizagirrek bere blogean idatzitakoak. Mila esker, Estitxu, beste behin ere (Estitxuk “Joxe Mari Lopetegi: Irungoa, errepublikarra eta bertsolaria” artikulua idatzia zuen, aurrez, Argian bertan, 2005. urtean).

Gipuzkoako Herriartekoa: “Txingudi II” – “26 +”, Hondarribiko Olagarro Elkartean [2017-04-08]

 Gipuzkoako Herriarteko bigarren faseko saioa izango da Hondarribiko Olagarro Kultur Elkartean, 2017ko apirilaren 8an.

14:00etan izango da bazkaria, eta bazkaldu eta gero, Txinguditarrek (Manu Goiogana, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin) eta Tolosaldekoek (Iñigo Gorostarzu, Adur Gorostidi eta Txomin Azpiroz) eskainiko duten bertso-saioa izango da. Sarrerak 15 €an izango dira. Izena ematearekin nahikoa izango da. Sarrerak egunean bertan kobratuko zaizkie bazkaltiarrei.

Sarrerak eskuratzeko, irunabar@gmail.com helbide elektronikoan edo 690 065 826 telefono zenbakian.

Bi taldeek egin beharko dituzten ariketak, honakoak:

  • Hasierako agurrak
  • Binaka (talde bakoitzeko kide bat), “Iparragirre abila dela” doinuan, hiruna bertso, gaia emanda.
  • Binaka (talde bakoitzeko kide bat), zortziko txikian, hiruna bertso, gaia emanda.
  • Binaka (talde bakoitzeko kide bat), hamarreko txikian, hiruna bertso, gaia emanda.
  • Bakarka (talde bakoitzeko kide bat), bina punturi erantzun.
  • Bakarka (talde bakoitzeko kide bat), gaia emanda, bina bertso.
  • Binaka (talde bakoitzeko kide bat), abiapuntu bat emanda, puntutan saioa egin,  sei bertso osatu arte.
  • Taldeka, pertsonaia bat emanda, bi kide pistak ematen eta hirugarrena asmatzen.
  • Taldeka, gai librean, koplatan, bederatzi kopla egin arte, eta trikitiaren laguntzaz.
  • Amaierako agurrak

Anima zaitezte!

Txingudiko Bertso-Eskolako gaztetxoenak Hendaiako Euskararen Hilabetean

Atzo (2017-03-10) Txingudiko Bertso-Eskolako gaztetxoen taldeko lau kidek parte hartu zuten Hendaiako Udalak antolatutako Euskararen Hilabetean. Arkaitz Oiartzabal irakasleak lagunduta joan ziren June Caro, Uxue Muguruza, Hai Trieu Alzaga eta Osane Amiano, eta Hendaiako Herriko Etxean bildu zirenentzat aritu ziren bertsotan.

This slideshow requires JavaScript.

Gipuzkoako Herriartekoa: martxoaren 10ean, bi hitzordu

Martxoaren 10ean bi hitzordu ditugu txinguditarrok, Gipuzkoako Herriartekoa dela eta. Txingudi I taldeak Azkoitira egin beharko du; eta Txingudi II-k, aldiz, Andoainera. Hementxe dituzue bi saioen berri ematen duten kartelak.

Eta hona orain arteko bi saioetako hainbat argazki:

This slideshow requires JavaScript.

 

Martxoko Kabigorriko Bertso-gaua [2017-03-02]

IMG-20160211-WA0006Abel Zabala irundarra, Izarne Zelaia donostiarra, Xabi Maia elizondoarra eta Eneko Fernandez lesakarra ariko dira kantuan. Aitor Errazkin irundarrak jarriko dizkie gaiak, eta Xabier Isasi Txingudiko Bertso Eskolako bertso-tailerreko kidearen eskutik helduko zaizkigu bat-bateko saio aurreko bertso jarriak. 19:30etan hasiko da saioa. Saioa eta gero, beti bezala, Kabigorrin afaltzen geratzeko aukera aparta izango dugu.

Anima zaitezte!

This slideshow requires JavaScript.

Txingudi I – Ereñotzu [2017-03-03], Hazia Elkartean (bertso-afaria)

Martxoaren 3an, ostiralarekin, Txingudi I eta Ereñotzu taldeak aurrez-aurre jarriko dituen saioa izango dugu Irungo Hazia Elkartean. Afaldu eta gero izango da bertso saioa, gaueko 23:00etatik aurrera, gutxi gorabehera. Hazia Kultur Elkarteak menua finkatuko du, eta aurrez tokia hartu nahi duenak izango du horretarako aukerarik, Hazian bertan abisu emanez gero (Haziako telefonoa: 943 63 36 42). Menua 15 euroan izango da. Txartelak erosteko azken eguna Martxoak 1, asteazkena.

Txingudi I taldetik Abel Zabalak, Iñigo Ugartek eta Andoni Zelaiak kantatuko dute. Ereñotzuko taldea Arnaitz Lasarte, Aritz Zerain, Ibon Miner eta Iñaki Zelaiak osatzen dute, eta lau horietatik hiruk kantatuko dute Irunen.

txingudii-erenutzu

Txingudi II – Ebie ai do (Goierri) [2017-02-18]

herriartekoa-logoDatorren larunbatean izango da Gipuzkoako Herriartekoa dela eta eskualdeko lehendabiziko bertso-zita, 2017ko otsailaren 18an, hain zuzen ere. Txingudi II eta “Ebie ai do” taldeak ariko dira buruz buru, Irungo Mendizaleak Elkarteak Larretxipi kalean duen lokalean (Zokueta jatetxea zena). Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, eta sarrera doan izango da. Txingudi II taldetik Aitor Errazkin, Egoitz Zelaia eta Manu Goiogana ariko dira bertsotan, eta, “Eurie ai do”-tik, berriz, Gemma Urteaga, Aitor Irastorza eta Odei Lopez.

Bertsolariek egin beharreko lanak honakoak izango dira.

Anima zaitezte.

herriartekoa_txingudiii-eurie-ai-do_2017_02_18

Bertsotruk: Txingudi-Algorta. Otsailaren 11n, Erlaitz Elkartean

bertsotruk logoAlgortako Bertsolari Eskolako (ALBE) lagunak hartuko ditugu Irunen Txingudikook, aurten Bertsotruk diamika dela-eta burutzera goazen hirugarren saioan.

Bertso-bazkari formatuan planteatu dugu saioa, zarauztarrak etxean hartu genituenean egin bezalaxe. Erlaitz Elkartean izango da bertso-saioa, bazkaldu ondorenean. Bazkari-txartel bakoitza 15€an izango da (egunean bertan ordainduko da), eta 685 72 75 39 telefono zenbakira dietuz zein WhatsApp edo Telegram mezuak bidaliz har ditzakezue.

Txinguditik Urko Casado astigartarrak eta Abel Zabala eta Iñigo Ugarte irundarrek kantatuko dute. ALBEtik, aldiz, Kerman Diaz, Paule Loizaga eta Unai Mendiburu bertsolariak ariko dira kantuan. Adrian Arruti irundarrak egingo ditu aurkezle lanak.

Hona Bertsotruk dinamikaren harira antolatu izan ditugun iazko eta aurtengo saioetako hainbat irudi: zinez giro ederra izan ohi da!

This slideshow requires JavaScript.

 

Anima zaitezte eta izena eman!

Kabigorriko otsaileko bertso-gaua [2017_02_02]

Gainean dugu dagoeneko otsaileko bertso-gaua ere. Aitor Errazkin irundarra, Aitor Albistur oreretarra, Aitor Sarriegi beasaindarra eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarra ariko dira bertso kantuan, Egoitz Zelaia hendaiarraren aginduetara.

Saioa arratsaldeko 19:30etan hasiko da, Bidasoaldeko Kabigorri Ateneoan. Gogoan izan afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela Kabigorrik.

This slideshow requires JavaScript.

 

Urtarrilaren 12an, 2017ko lehen Kabigorriko bertso-gaua!

Gainean dugu dagoeneko 2017ko lehendabiziko Kabigorriko bertso-gaua; urtarrilaren 12an izango da, Irungo Peña kaleko Kabigorri Ateneoan, 19:30etatik aurrera. Manu Goiogana irundarra, Patxi Castillo beratarra, Haritz Casabal antxotarra eta Iñigo Mantzisidor “Mantxi” zarauztarra ariko dira kantuan, eta Xabier Bengoetxea Hondarribiarrak jarriko dizkie gaiak. Bat-bateko saio aurretik, eta azken hiru urteotan ohitura dugun bezala, bertso-jarriak izango ditugu: Abel Zabala irundarrak kantatuko dizkigu berak hilaren 12ko saio-aurrerako propio ondutako bertsoak. Dena prest, beraz, urteari bertsotan eta ganoraz ekiteko.

This slideshow requires JavaScript.

Gogoan izan, bestalde, saioa eta gero afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaini ohi duela Kabigorrik. Bertan elkar ikusiko ahal dugu!

Urte berri on eta datorren ostegunera arte!

Post Navigation