Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Bertso saioa”

Korrikaren aldeko bertso-afaria ederki asko joan zen

Joan den martxoaren 14ean bertso-afaria antolatu genuen, Korrika 19 zela eta, Irungo AEKrekin eta Bidasoako EKTrekin elkarlanean. Bikain afaldu genuen bertara bildutako 60 lagun inguruk, sukaldari eta zerbitzari boluntarioen lanari esker. Afalondoan, omenaldia eskaini zien Irungo AEKk Brasil gozodendako Koldo eta Xoleri, erretiroa hartu berritan, urtetan egindako lana eskertzeko. Lore sorta, Ainara Maiaren olerkia, Egoitz Zelaiaren bertsoak eta bertaratutako guztion txaloak eta esker ona etxeratu zituen bikoteak. Ondoren, bertso saio ederraz gozatzeko parada izan genuen Iñigo Ugarte, Egoitz Zelaia, Gotzon Aizpiolea eta Abel Zabalaren bertsoei esker.

Hona larunbatean bildutako hainbat irudi:

This slideshow requires JavaScript.

Urteko lehendabiziko bertso gaua 2015-01-08

2015eko urtarrilaren 8an izango da Kabigorriko hurrengo ostegunetako bertso-gaua, urteko lehendabizikoa.

Urko Casado astigartarra, Julen Zelaieta beratarra, Jon Martin oiartzuarra eta Nerea Ibarzabal markinarra ariko dira bertsotan, Karlos Aizpurua gai jartzaile oiartzuarraren aginduetara. Bertso idatziak Beñat Elosegi irundarrak jarriak izango dira.

Anima zaitezte, eta gogoan izan, zaio ostean afaltzeko aukera ezin hobea eskaintzen digula Kabigorrik. Ez aukerarik galdu!

This slideshow requires JavaScript.

Gibeletako eguneko zentroan bertsotan

Aurtengoan ere bertsotan aritu dira Manu Goiogana eta Iñigo Ugarte Gibeletako eguneko zentroan. Bertako aiton-amonek prestatu zituzten gaiak eta ariketak bertsolarientzat, Aitziber Martiarena egoitzako langilearen laguntzaz, joan den hiru urtetan ohitura bilakatu den moduan.

2014-12-03 12.39.44

Kabigorriko bertso gauak; azaroak 6, osteguna

Azaroaren 6an izango da hurrengo Kabigorriko bertso gaua, hileko lehen ostegunarekin batera, ohitura den moduan. Honako honetan, Eneritz Zabaleta baionarrak, Alaia Martin oiartzuarrak, Aitzol Barandiaran ataundarrak eta Aitor Errazkin irundarrak kantatuko dute, Urko Casado astigartarraren esanetara. Saioa arratsaldeko 19:30etan hasiko da Egoitz Zelaiaren bertso jarriekin. Segidan, bat-bateko saioa osatuko dute arestian aipatu lau bertsolariek, eta saioa eta gero, dakizuen bezala, afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen du Kabigorrik, beraz, aprobetxatu.

This slideshow requires JavaScript.

Urriaren 2an Goiogana, Murua, Aizpurua eta Casabal Kabigorrin

Aupa, bertsozale.

Iragarri bezala, bigarren aldiz jarraian, eta urriaren 2an hasita, Kabigorriko bertso gauez gozatzen hasteko aukera izango dugu berriz. Aurreko ikasturtean bezalaxe, hilabeteko lehendabiziko ostegunean izango dira saioak, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Irungo Peña kaleko Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan.

Urriaren 2an Manu Goiogana irundarra, Xumai Murua baionarra, Oier Aizpurua zarauztarra eta Haritz Casabal antxotarra ariko dira bertsotan, Abel Zabala irundarrak ondutako gaiei kantari. Saioaren aurretik, eta bigarren edizio honetako saio guztietarako aurreikusia dagoen gisan, Txingudiko Bertso Eskolako edo haren jirako lagunen batek bertso berriak kantatuko ditu, aldiro egunerokoak iradoki dezakeenari jarriak. Aitor Errazkin irundarra izango da lan horri eusten lehena, “Bertso berriak, 2014-2015 bertso ikasturte berriari jarriak” sortarekin.

This slideshow requires JavaScript.

 Besterik ez, lagunok. Egina dizuegu eskaintza, eta ea iazko saio guztietan denon artean sortu genuen giro goxo, eder eta errespetuzkoari eusten diogun aurtengoan ere. Elkarren arrimuan, ziur baietz. Eta gogoan izan saioa eta gero afaltzen geratzeko Kabigorrik eskaintzen duen aukera aparta; probatu duenak ederki daki.

Jaso besarkada bero bat,

Irunabar

Moskuko jaietako bertso saioetako argazkiak

Aurten Moskuko Jaietako bertso saioetan Irunabarreko hainbat kide aritu dira bertsotan eta antolakuntza lanetan. Hona larunbateko bertso-triki-poteoak eta igandeko bertso saioak utzi dizkiguten hainbat irudi.

This slideshow requires JavaScript.

Moskuko Jaiak 2014 (abuztuaren 14tik, 17ra) bertsoz lepo

Gaur hasi dira Moskuko jaiak, eta egitarau betea eskainiko digute igandera bitarte. Bertsoari dagokionean, bertso-triki-poteoa izango da larunbat honetan, abuztuak 16, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, herri bazkariaren ondotik. Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarra, Egoitz Zelaia hendaiarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira bertsotan.

Igandean, aldiz, bertso jaialdia izango da eguerdiko 12:00etatik aurrera. Bertan, Haritz Casabal pasaitarra, Julen Zelaieta beratarra eta Gotzon Aizpiolea irundarra ariko dira bertsotan; laugarren bertsolari bat ere izango da oholtzan, baina oraindik ez da nor izango den zehaztu. Gaiak jartzeaz Egoitz Zelaia hendaiarra arduratuko da.

moskuko jaiak 2014

Abuztuaren 9an Txingudiko Bertso Eskolakoak Euskal Jiran kantari

Aurtengoan abuztuaren 8 eta 9rako deialdia egin dute Euskal Jirako antolatzaileek. Abuztuaren 9an, 11:45 aldera, Txingudiko Bertso Eskolako Egoitz Zelaia, Abel Zabala eta Aitor Errazkin ariko dira bertsotan, Euskal Jai pilotalekuan. Euskal Jirako kartela ekarri dugu hona, egitarauari erreparatu nahi dionarentzat.

euskaljira cartel 2014

 

Irungo Bertso Eskolen III. Eguneko argazkiak

Nekane Barandiaranek ekainaren 14an, Ola Sagardotegian, Irungo Bertso Eskolen III. Egunean egindako hainbat argazki bidali dizkigu. Mila esker, Nekane!

This slideshow requires JavaScript.

Irungo Bertso Eskolen III. Eguna, ekainaren 14an, Irungo Ola sagardotegian

Irunabarrek Irungo Bertso Eskolen Eguna antolatu du, hirugarrenez . Aurtengoan ere Ola sagardotegian jarri dugu hitzordua, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Bertaratu nahi duen bertsozale ororentzat irekia da Irungo Bertso Eskolen Eguna, eta ikasturte osoan zehar Irunen barrena hezkuntza ez formalaren eremuan antolatzen diren bertso eskoletan egindako lanaren hainbat lagin izango da entzungai: bertso jarriak, bertsotan oinarritutako ikuskizunak eta bat-bateko saioak, ordu eta erdi inguru iraun ohi duen saioan zehar tartekatuak guztiak.

Bertan parte hartuko duzuen bertso eskoletako kideei, izan herriko bertso eskoletakoak zein ikastetxetako bertso eskoletakoak, arratsaldeko 16:30etarako Olan egotea eskatzen dizuegu.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, segi ongi! Behealdean, aurreko edizioetan hartutako hainbat argazki.

This slideshow requires JavaScript.

 

Post Navigation