Zenbait urte igaro dira Toki-Alai ikastetxeak bertso saioa antolatzen duela. Urtero jarri dira gurekin harremanetan eta, azken bi urte hauen ondoren, berriz egin dugu saioa. Aurtengoan, Adrian Arruti eta Iñigo Ugarte aritu dira ikasleen agindupean. Udaberriko oporraldiaren bezperan, bertsolariek hainbat jolasi egin diete aurre eta Korrika zein migrazio fluxuen gainean ere aritzeko parada izan dute.
Pasa den azaroaren 26an, ostiralarekin, burutu genuen Irabazi asmorik gabeko I. Bertso paper sariaren ekitaldia. Hondarribiako Muara elkartean batu ginen sorta aurkeztu zuten zortzi lagunekin batera. Denera, 10 sorta kantatu zituzten sortzaileek eta, ondotik, parte hartzaileek Aitor Errazkin Vicentek aurkeztutako BI GOI BILERA: GLASGOW eta HONDARRIBIA sorta deliberatu zuten onena.
Aurkeztutako sorta guztiekin, txostena osatu dugu. Jarraian duzue eskuragarri.
Pasa den larunbatean, ekainaren 19an, Zizta[KA] kolektiboak Irungo euskararen eta kulturaren eragileen saretzearen aldeko jaialdia antolatu zuen. Jakina, Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea ere bertan izan zen.
Egitasmoaren helburu behinena Kafe Antzokia sortzea da eta, plaza baten beharra dugula agerian uzteko, herriko eragileon arteko saretzea eta elkar plaza partekatzea izan da lehen alea.
Egun mundiala izan zen. Hamaika lagun batu ginen bertan, haur, gazte, nerabe eta heldu. Tartean, Txingudiko Bertso-Eskoletako Igauri Lopetegi eta Adrian Arruti irundarrak. Ekimenari, helburuari eta irundarrei eskaini zieten bertso saioa.
Jarraian, Pau Montagut argazkilariak bertso saioan ateratako irudiak eta jaialdiaren kartela.
Pasa den ekainaren 6an, igandez, Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak antolatu zuen ekimenean parte hartu genuen.
Bidasoko Irun eta Hondarribi arteko lotura den Mendeluko auzoak duen gabezia bistaratzeko bizikleta martxa izan zen. Jakina da, urteetan bidegorria egingo dutela hitz emanagatik, oraindik ere ez dela halakorik gauzatu. Errepide nagusia da eta bizikletaz aritzeko zailtasun nabarmena dago. Hain zuzen ere, horregatik, antolatu zuten ekimena.
Egun mundiala izan zen. Eguraldi bikainak lagunduta zientoka haur, gazte, nerabe eta heldu batu ziren bertan. Tartean, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko Aitor Errazkin eta Adrian Arruti irundarrak. Ekimenari, helburuari eta bidasoarrei eskaini zizkieten hainbat bertso.
Larunbatean, maiatzaren 1ean, Oarso-Bidasoko LAB Sindikatuak eta Ezker Abertzaleak elkarretaratzea antolatu zuen Oreretan. Bertan, Langileon Nazioarteko Egunez, manifestaldia egin zuten herriko kale nagusienetatik igarota eta Zumardian bukatu zuten. Hitzartze politiko bakoitzaren aurretik, Txingudiko Bertso Eskolako Adrian Arruti Bernadetek bertsoak bota zituen. Horiekin, bertso sorta ondu eta Iker Eizagirre “Xufi” eta Iban Clementerekin batera musikatu egin zituzten. Jarraian bertan bildutako bertsoen transkripzioa, eta LAB Sindikatuak bildu diren argazkiekin eta sortarekin argitaratu duen bideoaren esteka:
1 Kaixo, lagun agurgarri, zaurgarri zein ez zaurgarri, ezinbesteko euskarri. Pasa ondoren urtebetetik gora egun errukarri ikasturteko aldarri batzuk harturik oinarri hona zenbait bertso jarri:
2 Bistan da gaurko eguna, zientoka aldarriduna, ezin besteko duguna! Baina falta da lagun ugari, bada gauza ezaguna: preso daukaten laguna zein zendu egin zaiguna guztiei agur kuttuna!
3 Zaintzarena zer langintza! Gau eta egun dabiltza ez sostengu, ez plangintza. Elkar menpeko baldin bagara elkar zaintzea da giltza! Auzolana, herrigintza; erdigunean bizitza… Hori da lehen baldintza!
4 Erizain edo mediku guztiek a zer meritu lanak ez ditu gelditu. Inoiz uretan sartu ez eta orain SURFean aditu! Uholdea da handitu jada lau olatu ditu… Eta ez dira ahitu!
5 Pentsiodunek zer orbain jada hiru urtez bikain lana eginagatik zain! Hainbeste eman digute eta ez al da hainbeste dohain bueltan guk emateko lain? Bizitza ez denez dohain pentsio duinak orain!
6 Behin ikasteari laga ostean hasten da traba, hori normala al da ba? Prekarietate gordinenean baitabil gazte bailara! Eta gu, gazteok, jada etorkizuna bagara lana beharrezkoa da!
7 Inoiz ez da topikoa krisi sistematikoa dela sintomatikoa. Kapitalaren erasoa ez baldin bada begikoa landu mira kritikoa, sozio-politikoa eta tokiz tokikoa.
8 Peraltako Baratzea, Tubacexen oinazea, Aiararen loratzea. Garbitzaile zein jangeletako andreen esku hartzea, ostalarien batzea, langileen oldartzea… Hori da hori klasea!
9 Pentsiodun burkidea, fabrikako lankidea, gaztetxo ikaskidea, garbitzen edo zaintzan aritzen den gertuko senidea… Berdin da ogibidea ikusirik deklibea… Argi da zein den bidea!
Joan den larunbatean, martxoaren 27an, Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea antolatu zuen San Juan plazan. Bertan, martxoaren 30an etxez etxeko zaintzaileen nazioarteko eguna dela erreferentzia harturik, performancea egin zuten. Pentsiodun baten etxeko egongela irudikatu zuten eta bere bakardadea bistaratu. Ondoren, sektoreak nozitzen dituen gaitzen gaineko irakurketa burutu zuten eta Txingudiko Bertso Eskolako Adrian Arruti eta Maddi Sanz kideek bertso sorta musikatu zuten. Jarraian bertan bildutako bertsoen transkripzioa eta Gari Garaialde argazkilariak jasotako irudiak:
1 Hasi aurretik etxe zaintzaile denei agur beroenak lan egoera zein dela ere gogor lan egin dutenak. Gureak egin nahi genituzke zientoka lagunen penak sektorekoak diren enpresak prekario dauzkatenak baina oraindik gehiago dira kontratu gabe daudenak!
2 Saldu gisara ez ote zen ba pagotxaren mundua hau? Zenbat langile aritzen ote da ez hitzarmen, ez arau? Txanpon batzuen truke lanean izan egun zein izan gau… Zaurgarri dena zaurgarri zainduz zazpi bider hogeitalau! Sostengu gisa sostengu gabe; injustiziak hor dirau!
3 Gure sistema merkatua da. Gordina bezain krudela. Suntsitu behar dugun piztia ezin da izan bestela. Ohar gaitezen aurrera pauso garaia iritsi dela: etxeko zaintzan, zahar-etxeko zaintzaileekin bezela, negozioa egiteari utzi diezaiotela!
4 Historikoki emakumea zapaldu dugu sobera lan merkatura jauzi eginda makina bat gorabehera. Lanetik irten etxean lana eta berriro lanera gizarteak du zorra zuekin, eta galanta gainera! Beste izenik ezin du izan zor patriarkala deitzen da!
5 Zaintza sistema merkatuaren jarduerak bahitu du eta gaur hori salatzea da hemen gaudenon helburu. Pausorik pauso, pauso txikika, pauso motz; pauso seguru elkar zaintzeko sare publiko integrala behar dugu! Guk zaintzaileak zaindu ezean nork zaindu behar gaitu gu?
Xilaba Bertsulari Txapelketan urriaren 17an ekin zioten final herenei. Bertan aritu zen kantuan Txingudiko Bertso-eskolako Irati Alcantarilla, eta zuzenean final erdietan aritzeko txartela eskuratu zuen.
Aste bete beranduago, hilaren 24an, aritu ziren Sohütan Txingudiko Bertso-eskolako beste bi kide; Iker Altuna eta Egoitz Zelaia. Tamalez, Egoitz Zelaiak baino ez zuen matematikoki lortu final erdietan kantatzeko txartela.
Azken final herenaren atarian, izurrite kontu eta etxeratze aginduak direla-eta, Txapelketa etetea erabaki zuen talde antolatzaileak. Txapelketari berrekiteko erabakira arte itxaron beharko dugu, bada. Txapelketa berriro abiatzen denean, final herenetatik aurrera ekingo diote, beraz, berriro ere kantatu beharko dute gure hiru kideek.
Oparo joan zaigu 2019a. Antolatu ditugu bertso-saioak, proiektu berriak sortu ditugu eta lehendik zetozenei ere erantzun diegu. Arrazoi bategatik ala besteagatik erantzun ezinean geratu garen ekimenetako antolatzaileei, barkamenak; zuek plazer baduzue, etorkizuneko erronka moduan hartuko dugu zuen beharrei ere merezi neurriko erantzuna ematea.
>> Kabigorriko bertso gauak: 6. ikasturteari errematea jo genion urtarriletik ekainera bitarte. Eta 7. ikasturteari ekin diogu: 57. saioa izan zen abenduaren 12an antolatutakoa.
>> Bertso jarriak: Irunero hamabostekariarekin elkarlana (3. ikasturtez jarraian), Oarsoalde-Bidasoaldeko Hitzarekin elkarlana (lehendabiziko ikasturtea elkarlanean), eta beste hainbat hainbat lehiaketa eta elkarlan.
Gabonak bete betean harrapatu gaituen honetan, gabon gau egunean Hondarribian izan zen bertso poteoaren kronika eta argazkiak helarazi nahi dizkizugu.
Hondarribiako Sustengu Taldeak bertso poteoa antolatu zuen bertako kaleetan barna. Bertan aritu ziren kantuan Txingudiko bertso eskoletako kide diren Irati Alcantarilla urruñarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra.
Eguzkia bidelagun, bertso eta giro ederraz gozatzeko parada izan genuen bertaratu ginenak, eta bide batez, familia eta lagunekin biltzeko garai esanguratsu hauetan, hemen ez daudenak gogora ekartzeko ere balio izan zuen.
Irunabarretik eskerrak eman nahi dizkiogu Hondarribiko Sustengu Taldeari gurekin pentsatzeagatik.
Gotzon Aizpiolea eta Beñat Elosegi Kabitik irratsaioa emititzeari ekin zioten iaz, Antxeta Irratiarekin elkarlanean. Hamabi saio burutu dituzte dagoeneko, eta gehiago ere izango dira, ziur, aurrerantzean.
Hilaren laugarren astean argitaratzen dira saioak: astelehenetan, 13:00ean, Antxeta Irratian; eta 19:00etan, Euskal Irratietan. Orduan aditzeko aukerarik ez duenak, asteartetan izaten du bigarren aukera, 16:00etatik aurrera. Gainera, Antxeta Irratiaren webgunean ere eskegita daude orain arteko saio guztiak. Esker mila egiten ari zareten lanagatik, Beñat, Gotzon eta Antxeta Irratiko lagunak!