Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa izan da aurtengo Kateako jaietan: Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin), musikariak (Maddi Sanz, Rafa Rodrigo, Iker Eizagirre eta Beñat Elosegi), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). 2022ko maiatzaren 22an izan zen saioa, eguerdiko 12:30etatik 14:00etara bitarte, auzoko frontoian. Hainbat lagunek bidalitako argazkiak segidan. Eskerrik asko zinez Aitor Martinez, Iñigo Gebara, Edurne Mendia, Aratz Altzaga, Gotzon, eta Maddiren “jarraitzaileei”, saioko argazkiak egin eta guri bidaltzeagatik.
Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.
Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.
Hasi berri dugun 2021/22 hau hirugarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.
Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 5. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabeteko lehen aldizkarian argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.
Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Orain arte Makalo eta Maddi Sanzek musikatutakoak ipini dizkizuegu, baina beste inor animatuko balitz ere plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.
Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako bertso-sorta pare bat:
“Irungo Harrera Sarea”, Abel Zabala Elizazuk 2021eko apirilean Iruneron argitaratu eta Makalok musikatutako bertso-sorta:
1-Eskualdean bada talde bat Irungo Harrera Sarea migranteekin egiten du lan ederra, paregabea haiek artatuz haiek lagunduz haiei goxatuz bidea bere jarduna plazaratzea nire sortaren xedea
2-Bi mila eta hemezortziko udako egun batean hainbat migrante agertu ziren RENFE geltokiko atean egun batzuek pasa zituzten haiek artatu arte han ez genekien zenbat gehiago helduko ziren artean.
3-Geroztik zifrak gora egin du azkarrago, mantsoago eta milaka etorri dira hori begi bistan dago bi mila eta hogei urtean bi mila baino gehiago baina tamalez egoera honek jarraituko du luzaro.
4-Frantzia edo Alemania migratearen jomuga baina zubia zeharkatzea zer nolako abentura Hendaialdean harrapatuak dira gaizkile modura ta poliziak berriz Iruna bueltatzea seguru da.
5-Gobernuz kanpo dauden taldeek jarri zuten interesa ordezkatzeko agintariek emandako erantzun eza ordutik hona bidea noski ez da izan hain erreza gure artera heldu den orok eduki dezan babesa.
6-Hiru taldetan banatzen dute euren jardueren zama Gautxorikoak joaten dira geltokira haiengana Harrerakoek banatzen dute informazio andana eta arropa arduradunek arropa batzeko lana.
7-Gautxorikoen jarduna noski kontuan hartu beharko geltokiraino joaten dira busa datorrenerako ahal den azkarren artatu oso garrantzitsua delako pasatzaileen eskutan laster erori daitezkeelako.
8-Harrerakoen taldean ere bada hainbat jende prestu noski ederki dakite jakin pertsona nola babestu galderarikan inork badauka ba erantzuna erreztu eta planorik behar badute jartzen dute haien esku.
9-Look aldaketak edo itxurak ez du garrantzi gutxi (e)ta aldagelara egiten dute ezinbesteko bisita eta handikan irteten dira egokiago jantzita migrantearen uniformea alde batera utzita.
10-Bolondres hauen jokabideak badu nahikoa meritu debalde ze lan egiten duten hemen ezin da kabitu eta norbaitek bere ekintzaz lagundu nahiko balitu udaletxeko aurrealdean hantxe topatuko ditu.
2020ko Xilabako Bertsulari Txapelketa aurrera doa eta Txingudiko Bertso Eskoletako kideak ere bai. Irailaren 19an egin zuten lehen saioa Hiriburun. Orduan Irati Alcantarilla eta Egoitz Zelaia aritu ziren eta hurrengo faserako sailkatzeko adina puntu eskuratu zituzten. Bi aste beranduago, Ainhoan aritu zen Iker Altuna eta honek ere saio ederra erdietsi zuen. Hurrengo kanporaketan izango da bera ere.
Final herenak asteburu honetan hasiko dira, urriaren 17an, Senperen. Bertan arituko da kantuan Irati Alcantarilla. Iker Altuna eta Egoitz Zelaia saio berean egokitu dira, urriaren 24an, Sohütan.
Bestalde, Epaile taldean dauzkagu Zuhaitz Olazabal eta Abel Zabala. Lehen kanporaketan biak aritu ziren epaile lanetan, bigarren honetan, ordea, Zuhaitz Olazabal arituko da, eta Abel batuko zaio aurrerago berriz.
Kaixo, bertsozale: 2020ko Xilaba Bertsulari Txapelketa iritsi da eta Txingudiko Bertso Eskoletako kideak bertan izango dira. Gaur, irailak 19, egingo dute lehen saioa eta bertan arituko dira Irati Alcantarilla urruñarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra bertsotan. Bestalde, Zuhaitz Olazabal eta Abel Zabala kideak arituko dira epaile lanetan.Saioa Hiriburun izango da arratsaldeko 17:00etan.
Badator aurtengo bigarren Kabigorriko bertso gaua ere, ikasturteko bosgarrena. Otsailaren 6an izango da 19:30ean hasita. Bertan ariko dira kantuan Abel Zabala irundarra, Jokin Bergara eibartarra, Maider Arregi oñatiarra eta Iñigo Mantzizidor “Mantxi” zarauztarra. Saioaren gidaritza Iñigo Ugarte irudarraren esku egongo da. Hilero legez, saioaren aurretik bertso jarriak izango ditugu, honakoan Garbiñe Beraetxe hendaiarraren bitartez.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.
Batetik edo bestetik Irunera iritsitako 8 emakumeren testigantzak jaso dituzte Parean Berdintasun Elkarteko kideek, eta eskualdeko hainbat bertsolarik, Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunearen bidez, testigantza horiek guztiak bertsotan jarri dituzte.
This slideshow requires JavaScript.
Abel Zabala Elizazu, Egoitz Zelaia Perez, Urko Casado Usandizaga, Manu Goiogana Bengoetxea, Adrian Arruti Bernadet, Beñat Elosegi Ortiz de Zarate, Zuhaitz Olazabal Susperregi eta Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak bildu ditu Parean elkartearen egitasmoak eta hainbat hedabidek zabaldu du ekimenaren berri:
Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak eta Irunerok lankidetza hitzartu zuten joan den uda hasieran, hirugarren urtez jarraian. Hilean behin argitaratuko du Irunerok eskualdeko bertsolariren baten bertso-sorta bat. Irunabarreko eragileak arduratuko dira, urtero bezala, bertsolarien konpromisoa lortzeaz. Dena ongi bidean, 9 bertso-sorta berri utziko dizkigu, beraz, 2019-2020 ikasturteak, urritik ekainera bitarte.