Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Aitor Errazkin”

Txingudi II – Ebie ai do (Goierri) [2017-02-18]

herriartekoa-logoDatorren larunbatean izango da Gipuzkoako Herriartekoa dela eta eskualdeko lehendabiziko bertso-zita, 2017ko otsailaren 18an, hain zuzen ere. Txingudi II eta “Ebie ai do” taldeak ariko dira buruz buru, Irungo Mendizaleak Elkarteak Larretxipi kalean duen lokalean (Zokueta jatetxea zena). Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, eta sarrera doan izango da. Txingudi II taldetik Aitor Errazkin, Egoitz Zelaia eta Manu Goiogana ariko dira bertsotan, eta, “Eurie ai do”-tik, berriz, Gemma Urteaga, Aitor Irastorza eta Odei Lopez.

Bertsolariek egin beharreko lanak honakoak izango dira.

Anima zaitezte.

herriartekoa_txingudiii-eurie-ai-do_2017_02_18

Txingudi I eta Txingudi II taldeak, Gipuzkoako Herriartekoan

herriartekoa-logoGipuzkoako Herriartekoa antolatu dugu elkarlanean Gipuzkoako hainbat bertso-eskolak, bertso-taldek eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Ekimenari buruzko informazioa http://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/herriartekoa helbidean duzue. 38 taldek hartuko dugu parte guztira, eta tartean, Txingudiko Bertso Eskolaren jiran sortutako bi: Txingudi I eta Txingudi II

Txingudi I

img-20161110-wa0013

Bertsolariak: Abel Zabala, Iñigo Ugarte eta Andoni Zelaia

Epaileak: Beñat Elosegi eta Gotzon Aizpiolea

Gai jartzaileak: Oinatz Mitxelena, Igauri Lopetegi eta Peio Iriarte

Ordezkariak: Laida Oronoz eta Oihana Aranburu

 

Txingudi II

img-20161110-wa0011

Bertsolariak: Aitor Errazkin, Manu Goiogana, Zuhaitz Olazabal eta Egoitz Zelaia

Epailea: Eneko Sanchez

Gai jartzaileak: Mikel Garmendia, Adrian Arruti eta Xabier Isasi

Ordezkariak: Joxeja Zabalo eta Mikel Garcia

 

 

Joango gara saioen berri ematen, jada gainean ditugu eta!

Kabigorriko otsaileko bertso-gaua [2017_02_02]

Gainean dugu dagoeneko otsaileko bertso-gaua ere. Aitor Errazkin irundarra, Aitor Albistur oreretarra, Aitor Sarriegi beasaindarra eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarra ariko dira bertso kantuan, Egoitz Zelaia hendaiarraren aginduetara.

Saioa arratsaldeko 19:30etan hasiko da, Bidasoaldeko Kabigorri Ateneoan. Gogoan izan afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela Kabigorrik.

This slideshow requires JavaScript.

 

Bikaina joan zen Txingudikoen eta zarauztarren arteko elkarretaratzea

Izaten dira ba abenduko egun hotzak. Abenduaren hamarra ere halaxe etorri zen, hotz. Erlaitz Mendi Elkartea txukuntzeko geratu ziren Irunabarreko kide batzuk, eta aperitifak eskaintzen duen goxoarekin berotzen hasi zen eguna.

Oilaskoa, orburuak eta entsaladak bere erritmoa behar omen dute, eta beraien erritmoan ere heldu ziren Zarauzko bertsolariak eta beraien jarraigoa. Epelera hurbiltzen joan ahala, hitz jarioa ere hotzetik epelera igaro zen.

Ordu biak ttanko eta jendea ere Erlaitz Mendi Elkartera iristen hasi zen. Ohartzerako berrogei lagun-edo izango ginen. Mahaiaren itzulian ezarri ziren gehienak, plateren aurrean. Horrelaxe hasi zen bazkari legea. Gosea berdintzeko adinako jana bazen, bederen.

Bertsotarako unea, usaian bezala, kafearekin batera heldu zen. Seikote majoa eta saioa ere bertsotan egiteko prestatu zuen Adrian Arrutik. Bere lehen saioa zuen aurkezle bezala, eta estreinaldiak ez badira ere beti gozoak izaten, goxoan aritu zen Adrian. Gaiak jartzerako orduan, agian, bertsolariek patxada gehiago eskertuko zuten, baina dena egoki joan zen.

Zarauztarrek, Fede eta Urbietaren ahotik sendotasuna erakutsi zuten eta Markelen ideia eta moduek bikain osatu zuten hirukotea. Ez zitzaien ez umorerik, ez sakontasunik falta izan.

Txinguditik ere, hirukote polita zegoen prest kanturako. Andonik bertsotan aspaldi egin zuen jaunartzea, edo agian, bertso-hartzea erran behar genuke. Aspaldi plazak eta jardunak utzirik, berriz ere itzuli zen jende aurrera, beraz, bigarren bertso-hartzea balitz bezala har genezakeen. Errazkinek dotorezia ageri zuen bertso bakoitzean, eta Gotzonek zuhurtzia.

Seikoteak ale ederrak utzi zituen entzule geundenon gozagarri, ideia originalak entzuteko parada izan genuen, eta teknikoki ongi osaturiko lanak. Ezin gehiago eskatu, beraz.

Izaten dira ba abenduko egun hotzak. Ba, sutondorik beroenean bezain goxo izan ginen gu Irungo Erlaitz Mendi Elkartean. Mila esker denei.

Egoitz Zelaia

This slideshow requires JavaScript.

Abenduaren 10ean, BERTSOTRUK: Txingudi-Zarautz, Erlaitz Elkartean

bertsotruk logoAbenduaren 10ean Txingudi-Zarautz lagunarteko “bertso-desafioa” jokatuko da, bertso-bazkari formatuan, Irungo Peña kaleko Erlaitz Elkartean, eta 14:00etatik aurrera.

Zarauztik Aitor Urbieta, Beñat Jauregi “Fede” eta Markel Eizagirre ariko dira bertsotan, eta Txinguditik, aldiz, Gotzon Aizpiolea, Andoni Zelaia eta Aitor Errazkin. Gai jartzaile lanetan Adrian Arruti ariko da.

Irunabarreko kideok arduratuko gara otordua prestatzeaz, eta bazkaltzera etorri nahi duzuenok zenbat izango zareten jakinaraztea beste lanik ez duzue izango. Otordurako txartel bakoitzak 15 euro balio du. Etorri nahi duzuenok, mezua bidali edo deitu honako bi telefono zenbakietara:

690 065 826 (Abel) edo 669 366 589 (Egoitz)

Eta gure posta elektroniko helbidera ere idatz dezakezue: irunabar@gmail.com

Anima zaitezte eta izena eman!

Abenduaren 1ean, urteko azken bertso gaua

Abenduaren 1ean izango da urteko azken bertso gaua, ikasturteko hirugarrena: bertan, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia bertsolariak ariko dira Eneko Sanchez, Oinatz Mitxelena eta Zuhaitz Olazabal gai-jartzaileen aginduetara. Bertsolari beste gai-jartzaile, beraz. Bertso jarriak Aitor Errazkinen eskutik helduko dira, eta Aritz Erasun eta Aitziber Arruabarrena trikitilarien laguntza izango du.

Abenduko Kabigorriko bertso-gaua “Irungo Euskararen Egunak” herri-ekimenaren egitarauan txertatuta dago.

This slideshow requires JavaScript.

2015-2016 ikasturteko Kabigorriko bertso-gauetako bertso sortak

Hemen dituzue irakurtzeko moduan 2015-2016 ikasturtean Kabigorriko berts-gauetako bat-bateko saioen aurretik Irunabarreko hainbat kide eta lagunek ondu eta kantatutako bertso-sortak.

http://issuu.com/irunabarirungobertsoarenbilgunea/docs/kabigorriko_bertso_sortak_2015-2016?e=26461396/39283552

//e.issuu.com/embed.html#26461396/39283552

Irungo Euskal Jiran bertsotan

Irungo Euskal Jira egunean bertso-saioa eskaini zuten Egoitz Zelaia, Abel Zabala eta Aitor Errazkin bertsolariek, Urdanibia Plazan atondutako oholtzan. Ohitura den moduan, eguerdi partean izan zen saioa, herri-kirolen ikuskizunaren ondoren.

Hondarribiako Sagardo Egunean bertsotan

Aurtengoan ere Hondarribiko Sagardo Egunari bertsotan eman diote hasiera Txingudiko Bertso Eskolako kideek. Aitor Errazkin, Abel Zabala eta Manu Goiogana irundarrak aritu dira.

Moskuko jaietako bertso saioak, abuztuaren 13an eta 15ean

Irunabarrek bere aletxoa jarriko du aurten ere Moskuko jaien antolakuntzan, eta bere gain hartu ditu abuztuaren 13ko eta 15eko bertso saioak. Lehendabizikoa, abuztuaren 13koa, larunbatarekin, bertso poteoa izango da, eta Egoitz Zelaia hendaiarra, Jokin Bergara eibartarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira bertsotan. Herri-bazkariaren ondotik abiatuko dira bertso-poteoan Urdanibia plazako tabernetatik.

Abuztuaren 15ean, aldiz, astelehenarekin, bertso saioa antolatu dugu Urdanibia plazan Manu Goiogana, Igor Elortza eta Jon Maia bertsolariekin. Gaiak jartzen Egoitz Zelaia ariko da.

Hona iazko saioetako hainbat argazki:

Post Navigation