Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Egoitz Zelaia”

“Luhusoko gorabeherak”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Iruneron.

LUHUSOKO GORABEHERAK

Doinua: Maskadak heltu gira
Egilea: Iker Altuna Albisu

1)
Azkenaldian zenbait
aldaketa izan
dira, egia esan,
Ikerren bizitzan.
Bertsoak jarri ditut
ohitura den gisan,
interesa duenak
irakurri ditzan.

2)
Luhusora joatea
aukera zelako,
jada hemen bizi naiz,
konturatzerako.
“Biziraungo ote dut
Hendaiatik kanpo?”
Behin bizi gara eta
probatu beharko!

3)
Hasieran sentitu
naiz hemen arraro,
herri txikia da hau,
lasaia zeharo,
gaueko zortzietan
kristaurik ez dago;
baina lasai bestela
oso ongi nago!

4)
Ez, ez, lasai ze ari
nauzue barrezka,
nola jende dezente
dabilen galdezka.
Hau ez da leku txarra,
ez zaitezte kezka!
Akats bakarra dauka,
tabernarik ez da!

5)
Baina zabala denez
hemengo partzela,
kirolerako dugu
toki bat itzela.
Neurrira ipini dut
txirrindaren zela.
Arruti eta Maia
presta daitezela!

6)
Eta bertsotan inor
ote da ari han?
Hori pentsatuko du
norbaitek agian.
Ba izena eman dut
bertsoen habian,
Irisarriko bertso
eskola handian.

7)
Bertsotan segitzeko
beraz nago gertu;
ahal bada, bertsokera
hobetu, edertu.
Jaizubia hor dago,
betiere gertu,
barka bi hilabetez
ez banaiz agertu!

8)
Lasai, uste baino lehen
banatorkizue,
baina beste gauza bat,
aizue, aizue!
Irakurleoi, zuzen,
hor doakizue:
Luhuso non dagoen
ba al dakizue?

9)
Hendaiaren antzera,
ertzeko, mugako
herria da Luhuso,
beraz antzerako!
Baina etxean nago,
lasai eta bapo,
Lapurditik sekula
ez naiz aterako!

10)
Hementxe hamar bertso
zuentzat opari,
bizitzen ari naizen
aldaketen kari.
Nahiz eta gaur nabilen
hemen ibiltari,
noizbait itzuliko naiz
etxera kantari!

Iturria: https://irunero.eus/luhusoko-gorabeherak/

“Etxe merkatua”. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak, Iruneron.

ETXE MERKATUA

Doinua: Arantzazu izan da / Korrika 10
Egilea: Egoitz Zelaia Perez

1)
Ukan berrogei urte edo hogeita bost
lagunekin saiatu arren; kaketan plost!
Etxea ukan nahiak egin badizu kosk
izorratuta zaude eta guztiei bost.

2)
Lana eduki arren dena duzu traba.
Etxetxo bat non bizi, bertatik bertara,
ukaitea jai duzu ez baldin bazara
amaren seme edo aitaren alaba.

3)
Herentzia bat edo norbaiten laguntza
da bete behar duzun lehenengo funtsa.
Ez baduzu abalik zurea da hutsa
banketxeek itxita dute haien kutxa.

4)
Ez duzulako zertan erosi, zu lasai,
Alokatzea izan daiteke sendagai;
ez duzu merkeago, garestiago bai.
Inortxok ez ote du irtenbiderik nahi?

5)
Babes ofizialeko etxeen promesa
ez al da zugan pizten ari interesa?
Bortitzena delako ametsen estresa
estraofiziala da haien babesa.

6)
Frantziak onartzen du dela behinena.
Espainian, berrogeita zazpigarrena,
konstituzioan du haren aipamena.
Orduan non demontre daukagu problema?

7)
Turismotik libre da bakarrik herena
esku pribatuetan al da beste dena?
Guztiok badakigu eskubide dena
deklaratua baina betetzen ez dena.

8)
Erregulatu gabe honek dakarrena
da diru-irabazi handia, gardena.
Nonbait, etxebizitzen aferan barrena
lege bakarra dago; merkatuarena.

Iturria: https://irunero.eus/etxe-merkatua/

“Etxe minez”. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ETXE MINEZ

Egilea: Egoitz Zelaia Perez

Doinua: Lagundurikan danoi I

1)
Etxeko egongela
da haien arkupe.
Serioski dabiltzan
egindura dute.
Ezkontza argazkiez
hitzez dihardute
koloreko zirenak
duela hiru urte
orain zuri-beltzean
ikusten dituzte.

2)
Diruak agintea
dakarren planetan
noizbait ausartu ziren
geroko planetan.
Lanak ebatsitako
azken laztanetan
mina atzeman dute
kontraerranetan.
Kanporatze agindu
baten erranetan.

3)
Odol hotzak jandako
mezu otzanetan,
beroa geratzen da
maiz pertsianetan.
Etxebizitza berri
baten porlanetan
eraiki nahiak duen
joan-iganetan
noiz hasi ote ziren
eraiste lanetan.

4)
Aspaldi ez direla
mintzo sentimenduz.
Aspaldi ez dutela
ulertzen aieruz.
Erantzun nahi lukete
lasaiki, soseguz,
baina mintzatzen dira
minaren erneguz
eri nagian duten
eraztuna helduz.

5)
Hitz soseguetatik
garrasira jinik
elkarrentzat ez dute
atera hitz finik.
Hauxe azkenengoa
dutela jakinik
adosteko ez dute
egiten zirkinik
elkar maite dutela
oroitu ezinik.

6)
Hasiera batean
hain zena berezi
zergatik ez ote du
gehiago merezi?
Badabiltza elkarri
ezin ihardetsi
halako bikote bat,
ezin da sinetsi,
zein erraz elkartzen den
zein zailki bereizi.

7)
Zorrak minak adina
eta dohakabe
harremana bihurtu
zaie atsekabe.
kanapetik altxatu
dira oharkabe
eta elkarrengandik
egin dute alde
galdu dutena zer den
konprenitu gabe.

8)
Zer gauza behar ote
dugu ulertzeko
zein gutxi behar dugun
minez zimeltzeko.
Ametsak amets dira
baina banketxeko
horiek jarraitzen dute,
batekoz bertzeko,
ez duzuna ematen
duzuna kentzeko.


Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-egoitz-zelaia/

Txingudiko bertso-eskolen eguna [2024-06-08]

Zazpi urteren ondoren, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko kideok berreskuratu egin dugu Txingudiko bertso-eskolen eguna.

Kateako Auzo Elkarteko areto nagusian ospatu genuen (Eskerrik asko, Maider!), eta lagun-giro ezinhobean joan zitzaigun arratsaldea, Otazpi tabernako lagunek prestatutako arroza, kroketa eta tortillaz lagunduta, besteak beste.

Oholtza gainean “denetik” izan bazen ere, bertso-saio musikatua osatu genuen guztion artean. Musikari lanetan, Aitor (kitarra), Iban (baxua) eta Beñat (mandolina) aritu ziren.

Saioa aurkezten eta ekitaldiaren gidari, Egoitz aritu zen.

Oholtzan kantari Iker, Jon, Lorea (bejondaiela zure kuadrilako guztiei!), Joseba, Abel, Iñigo, Urko, Adrian, Xabier, Andoni, Aiora, Maider eta Igauri aritu ziren.

Eta Arratsaldeko bertso-sortak Lorea, Aiora, Maider eta Jonen eskutik heldu zitzaizkigun.

Ederki pasa genuen. Egun ahaztezina. Datorren ikasturtean gehiago. Hobeto? Kostako zaigu. Horretarako, 2024-2025 ikasturteak joan berri denak baino gehiago eman beharko digu. Erronka mahai gainean da, heldu nahi dionarentzat.

Eskerrik asko guztioi!

Azken Kabigorriko Bertso-Gaueko argazki bilduma [2022-12-01]

Kaixo, bertsozale.
Hainbeste saioren ondoren, abenduaren lehenean egin genuen proiektu handi honen azken saioa. Jarraian gauak emandako zenbait irudi.

Moskuko jaiak 2022

Kaixo, bertsozale:

Pasa diren bi urteetan ezin izan da Moskuko jairik antolatu, aurten, baina, izurritearen aurreko ohiturari heldu eta auzoko jaiei berrekin diegu. 2022ko Moskuko jaietan ere, egitarau zabal eta aberats baten baitan, bi bertso-saio antolatu ditu Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko jai batzordeko kideekin elkarlanean: bertso-poteoa eta bertso-saioa.

Abuztuaren 13an, larunbatean, izango da lehena, herri-bazkariaren aurretik, eguerdiko 12:30ean, Larragane tabernatik abiatuta. Maddi Ane Txoperena lesakarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira auzoko tabernetan barrena kantuan.

Bertso-saioa, berriz, astelehenean izango da, abuztuaren 15ean. Plazan izango da, eguerdiko 12:00etan. Alaia Martin oiartzuarra, Aitor Sarriegi beasaindarra, Ekhiñe Zapiain beratarra eta Adrian Arruti irundarra ariko dira kantuan Egoitz Zelaia hendaiarraren esanetara.

Euskal Jirako bertso-saioa

Aurten Egoitz Zelaia, Sustrai Colina eta Anjel Mari Peñagarikano arituko dira bertsotan, abuztuaren 6an, Urdanibia plazan, eguerdiko 12:15etik aurrera.

Aurtengo Euskal Jiraren kartela. Informazio gehiago: http://www.irungoeuskaljira.com

Bertso-saio musikatua Landetxa-Kateako jaietan

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa izan da aurtengo Kateako jaietan: Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin), musikariak (Maddi Sanz, Rafa Rodrigo, Iker Eizagirre eta Beñat Elosegi), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). 2022ko maiatzaren 22an izan zen saioa, eguerdiko 12:30etatik 14:00etara bitarte, auzoko frontoian. Hainbat lagunek bidalitako argazkiak segidan. Eskerrik asko zinez Aitor Martinez, Iñigo Gebara, Edurne Mendia, Aratz Altzaga, Gotzon, eta Maddiren “jarraitzaileei”, saioko argazkiak egin eta guri bidaltzeagatik.

Loratze eguna larunbatean [2022-05-14]

Kaixo, bertsozale:

Datorren larunbatean, maiatzaren 14an, Loratze eguna antolatu du Irungo Sortuk. Alderdiak izan duen kongresuaren ondotik, herriko kideek osatu duten egitura berriaren ekimena da. Gainera, Haziaren irekiera berriarekin uztartu dute. Egun osoko egitaraua antolatu dute: goizean, hitzaldia egongo da Hazian, eguerdian, bertso-poteoa, ondoren, bazkaria, arratsaldean, kontzertua, eta, gauean, pintxada. Irunabarreko Egoitz Zelaia eta Adrian Arruti arituko dira bertso-poteoan, eta eguerdiko 13:00ean abiatuko dira Haziatik.

Korrika egunean Bertso-saio musikatua [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.

Post Navigation