Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Egoitz Zelaia”

Jaion 2018: bertso poteoa

Jaion 2018ren egitarauaren barnean, bertso-poteoa antolatu dute aurten, bazkari herrikoia eta gero. Bertan Arkaitz Oiartzabal “Xamoak”, Egoitz Zelaiak eta Igauri Lopetegik kantatuko dute.

Apirileko bertso gaua, hilaren 12an

Apirilaren 12an, Bidasoaldeko Kabigorri Ateneoan, nola ez, Iñigo Mantzisidor “Mantxi” zarauztarra, eta eta Iñigo Ugarte irundarra ariko dira bertsotan, Zuhaitz Olazabal eta Egoitz Zelaia Irunabarreko kideek ondutako gaiekin.

Bide batez, oroitu, saioa eta gero afaltzen geratzeko parada ezin hobea eskaintzen digula Kabigorrik.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, ongi izan eta Aste Santu eta Pazko Aste ederrak izan ditzazuela.

 

2018ko Herri galdeketaren aldeko sinadura bilketan kantari

Irungo Hartu Hitza taldea hiriko hainbat tokitan sinadura bilketa egiten jardun zuen martxoaren 3an, talde horrek berak 2018. urteko azaroan gauzatu nahi duen herri-galdeketaren alde. Irunabarreko Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaiak bertsotan hartu zuten parte egun hartako kale-animazioan, beste hainbat eragile eta taldetako partaiderekin batera.

“Bertsozaleen topaleku bilakatu da Kabigorri” (Irunero, 2018-03-01)

Irunabarrek eta Kabigorrik duela 5 urte elkarlanean abiatutako “bertso-gauei” buruzko erreportajea argitaratu du Irunerok.

https://irunero.eus/wp-content/uploads/2018/03/2-1.jpg

Naroa Mentaberri (Kabigorri) eta Egoitz Zelaia (Irunabar)

Otsailak 1ean, ostegunarekin, bertso gaua Kabigorrin.

Otsailaren 1ean, arratsaldeko 19:30etatik aurrera Manex Agirre aramaioarra, Xabier Sukia oriotarra, Maider Arregi oñatiarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira bertsotan, Kabigorrin, nola ez,  Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarraren esanetara guztiak. Bertso jarrien ardura Arkaitz Oiarzabal “Xamoak” berak hartuko du.

Gogoan izan saioa eta gero afaltzen edo mokadu bat egiten geratzeko aukera ezin hobea eskaintzen duela Kabigorrik.

 

Egoitz Zelaiaren bertsoak Irunero aldizkarian

Hilabetero bertso eskolako kideren batek idatziko ditu bertsoak Iruneron, 2017-2018 ikasturtean zehar. Azaroa Egoitz Zelaiaren txanda izan da.

https://irunero.eus/4830-2/

ESPAINIA

Bertsoak: Egoitz Zelaia

Doinua: Kideari (Mikel Urdangarin)

1.

Kuba, Antillak, India,

Puerto Rico, Kanbodia,

Haiti, Ekuador, Burgia,

Jamaika, Oman, Mahdia,

Peru, Panama, Indonesia,

Portugal, Iran, Santa Luzia,

Guatemala, Bolibia,

Tunez, Angola, Timor, Sahara,

Uruguai, Brasil, Txile, Granada,

Puerto Rico, Kolonbia.

2.

Nork ez zituen ikusten

Argentina odolusten,

besteen sakela husten

eta beraiena puzten?

Guinea, Antigua eta Barbuda,

Maroko, Bahamak, Taiwan, Aruba,

erraz jantzi eta biluzten.

Turkiar Irlak eta Kaikos,

Algeria, Tetuan, Tanger, Barbados, …

odolez hartu zituzten.

3.

Mexikok zuen ondare

ia guziaren jabe

egin eta dohakabe

orain ere harro daude.

Venezuela ere hor dago,

edo Trinidad eta Tobago,

Paraguai, Somalian pare.

Euren bandera, eta soldadu,

Espainiak ez du gerrarik galdu

odolik isuri gabe.

4.

Historiak gogoeta

eragiten du tarteka.

Katalunia dela eta,

dela Irak, dela ETA.

Hauen kasuan Espainiako

monologoak ez duelako

egiten elkarrizketa.

Beti antzera amaitzen dugu

inpotentzia-nekez mukuru

eta kaleak beteta.

5.

Nahiz ta batzuk gogor ari

presionatzen aspaldi

hel diezaion hitzari

eusten dio bereari

burua zurrun, eskuak estu.

Lehendik handia den horrek ez du

izan nahi bat eta handi.

Alferrik dira hainbeste saio

maiz itsasoa eskaintzen zaio

urik nahi ez duenari.

6.

Orain predikuz prediku

zapaltzaile izpiritu

haren odol esplizitu

hura nola defenditu?

Hurbilekoak, zein indigenak,

anikilatu zituen denak.

Ez zuen deus deskubritu.

Onartu gabe behin hildakoak,

oraindik ere, egindakoak

ospatu egiten ditu.

7.

Nonbait, behar den unean,

hitza dagokizunean,

neurtzen zara berunean

eta ez begirunean.

Historia maiz dugu testigu

zer garen berak erraten digu

gure argi-ilunean,

eta zuk argi bezain burutsu

maite zaitzagun eskatzen duzu

gorroto gaituzunean.

Hemen da 2017-2018 ikasturteko lehen bertso-gaua (2017-10-05)

Urriaren 5ean, ostegunarekin, eta arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan ikasturteko berriko lehen bertso-gaua ospatuko dugu. Unai Agirre hernaniarra, Odei Barroso urruñarra, eta Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia hendaiarrak izango dira kantuan. Bertso jarriak, Abel Zabala irundarraren eskutik etorriko zaizkigu, eta Urko Casado astigartarrak egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak.

Gogoan izan Kabigorrik aukera ezinhobea eskaintzen duela behin saioa amaituta afaltzen geratzeko ere.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, izan ongi eta urriaren 5a arte!

This slideshow requires JavaScript.

Bikainak joan ziren Moskuko jaietako bi bertso zitak

2017ko abuztuaren 19an izan zen Moskuko jaietako bertso poteoa. Manu Goiogana irundarrak eta Eneko Abasolo Iurretarrak kantatu zuten, eta aspaldiko triki-bertso-poteo jendetsuenetakoa izan zen. Bertsolariak trikitixa doinuekin laguntzen Itsaso, Gartxot, Jon, Gaizka eta konpainia aritu ziren.

Igandeko saioa ere mundial joan zen. Bertan aritu ziren Igor Elortza, Unai Iturriaga, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Egoitz Zelaia. Gai-emale eta aurkezle lanetan, aldiz, Adrian Arruti aritu zen.

Irungo Euskal Jiran

Azken urteotan ohitura bihurtu moduan, Irungo Euskal Jiran izan ginen kantari. Aurtengoan, Abel Zabala eta Egoitz Zelaia aritu ziren, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarrarekin batera.

Moskuko jaietako bertso saioak

Irunabarrek Moskuko jaiekin bat egin izan du beti, eta baita azken urteetan bertso-saioen antolakuntzak esku-kolpe bat eman ere. Aurtengoan, honakoak prestatu ditugu jaietako antolatzaileekin elkarlanean:

ABUZTUAK 19, LARUNBATA

Herri-bazkaria eta gero, bertso-poteoa. Bertsolariak: MANU GOIOGANA eta ENEKO ABASOLO “ABARKAS”.

ABUZTUAK 20, IGANDEA

Bertso-saioa. Arratsaldeko 19:00etan, Urdanibia plaza inguruan. Bertsolariak: IGOR ELORTZA, UNAI ITURRIAGA, ARKAITZ OIARZABAL “XAMOA” eta EGOITZ ZELAIA. Gai-emalea: ADRIAN ARRUTI.

 

Post Navigation