Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Gotzon Aizpiolea”

Korrikaren aldeko bertso-afaria ederki asko joan zen

Joan den martxoaren 14ean bertso-afaria antolatu genuen, Korrika 19 zela eta, Irungo AEKrekin eta Bidasoako EKTrekin elkarlanean. Bikain afaldu genuen bertara bildutako 60 lagun inguruk, sukaldari eta zerbitzari boluntarioen lanari esker. Afalondoan, omenaldia eskaini zien Irungo AEKk Brasil gozodendako Koldo eta Xoleri, erretiroa hartu berritan, urtetan egindako lana eskertzeko. Lore sorta, Ainara Maiaren olerkia, Egoitz Zelaiaren bertsoak eta bertaratutako guztion txaloak eta esker ona etxeratu zituen bikoteak. Ondoren, bertso saio ederraz gozatzeko parada izan genuen Iñigo Ugarte, Egoitz Zelaia, Gotzon Aizpiolea eta Abel Zabalaren bertsoei esker.

Hona larunbatean bildutako hainbat irudi:

This slideshow requires JavaScript.

“Hendaia Euskaraz”en estreinaldian bertsotan

Hendaia Euskaraz hilabetearen estreinaldia ospatzen zela eta, Txingudiko bertso eskolako Gotzon Aizpiolea eta Urko Casado Hendaiako Herriko Etxean aritu ziren bertsotan martxoaren 3an. Ekimenaren antolatzaileek aurten aisialdia hautatu dute lan-lerrotzat, eta honako leloa jarri hilabetez luzatuko duten ekintza multzoa biltzeko: “Aisialdiak, euskaraz aise!”, eta gaiaren bueltan aritu ziren Urko eta Gotzon.

 

This slideshow requires JavaScript.

Kabigorriko martxoko bertso gaua, hilaren 5ean!

Martxoaren 5ean izango da hilabete honi dagokion bertso gaua. Kabigorrin izango da, beti bezala, Irungo Peña kaleko lehenengoan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Martxoko zitan Gotzon Aizpiolea irundarra, Maddalen Lopez lesakarra, Aimar Karrika auriztarra eta Aitor Servier azkaindarra ariko dira kantuan, guztiak Egoitz Zelaia hendaiarraren aginduetara. Bat-bateko saio aurretik Abel Zabala irundarrak bertso jarriak kantatuko ditu. Eta saioa amaitutakoan, badakizue Kabigorrik aukera ezinhobea eskaintzen digula bertan lagunarte atseginean afaltzeko; aprobetxa dezagun.

This slideshow requires JavaScript.

Bestalde, ostegunean sarituko dugu joan den hilabeteko argazki lehiaketako irabazlea, eta jendearen parte hartzea ikusita, ekimenari jarraipena ematea pentsatu dugu. Beraz, prest ekarri zuen argazki makinak, sakelekoak, edo dena delakoak.

 

Moskuko jaietako bertso saioetako argazkiak

Aurten Moskuko Jaietako bertso saioetan Irunabarreko hainbat kide aritu dira bertsotan eta antolakuntza lanetan. Hona larunbateko bertso-triki-poteoak eta igandeko bertso saioak utzi dizkiguten hainbat irudi.

This slideshow requires JavaScript.

Moskuko Jaiak 2014 (abuztuaren 14tik, 17ra) bertsoz lepo

Gaur hasi dira Moskuko jaiak, eta egitarau betea eskainiko digute igandera bitarte. Bertsoari dagokionean, bertso-triki-poteoa izango da larunbat honetan, abuztuak 16, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, herri bazkariaren ondotik. Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarra, Egoitz Zelaia hendaiarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira bertsotan.

Igandean, aldiz, bertso jaialdia izango da eguerdiko 12:00etatik aurrera. Bertan, Haritz Casabal pasaitarra, Julen Zelaieta beratarra eta Gotzon Aizpiolea irundarra ariko dira bertsotan; laugarren bertsolari bat ere izango da oholtzan, baina oraindik ez da nor izango den zehaztu. Gaiak jartzeaz Egoitz Zelaia hendaiarra arduratuko da.

moskuko jaiak 2014

Azaroak 7, osteguna, BERTSO SAIOA Kabigorrin

Adi. Antxeta Irratiaren PROGRAMAZIO BERRIA aurkezteko baliatuko dugu hilabete hontako bertso saioa. Odei Barroso, Aimar Karrika eta Maddi Ane Txoperenarekin batera, Gotzon Aizpiolea irundarra ariko da honako honetan. Itxura ezin hobea du.

Egoitz Zelaia Hendaiarra saioa gidatzeko prest izango delarik, ARRATSALDEKO 19:00etan izango gaituzue zain, ostegun hontan, Kabigorrin.

Bertso Saio besta azaroak 7

Aurreko hilabeteko giro bera sortzea lortzen badugu mundiala izango da.

Anima zaitezte.

‘Itsasturiak’ Hendaiako ‘Mendi Zolan’ aretoan

Pasa den Iralilaren 13an, Hendaian, “Itsasturiak” izeneko erakusketaren irekiera ekitaldia burutu zen Mendi Zolan erakusgelan.

“Itsasturiak” euskal arrantzale, portu eta itsas langileen bizimoduari buruzko erakusketa izaki, aurkezpen ekitaldian ez zen euskal kulturaren erakusgarri diren dantza, kantu eta bertsorik falta izan. Antolatzaileek Txingudiko bertso eskolatik bertsolaririk joango ote zen galdetu zutenean, Gotzon Aizpioleak hasiera-hasieratik azaldu zuen lanerako prestutasuna, eta hona egunerako prestatu zituen bertsoak. Ederrak benetan:

ITSASTURIAK

Zokoa eta Donibaneko
portua da sorburua,
kresal usainez, elkarlanean
sortutako ingurua.
Itsasoaren alde guztiak
biltzea zen helburua,
lana du ardatz, “Itsasturiak”
berezko izenburua.
Ikus dezagun, ikas dezagun
itsasturien mundua.

Arrantza ontzi, bilketa sare
nahiz portu antolaketa,
urte luzetan osatu duten
argazki erakusketa,
familiaren bizimoduak
behar du bere arreta,
itsasoari lotu zirenen
hamarnaka eleketa …
Guztia dago altxor honetan
behar bezala gordeta.

Baña altxorrak ezin du bere
bidea bertan amaitu,
itsasturien mundua behar
du erakusten jarraitu
jendeak entzun ditzan emazte
gizon hauen mila aipu,
itsas jendeak bizi duena
gizarteagan sustraitu.
Goza dezagun bere sarean
harrapatuko baigaitu.

Azpiko bideoan, azken bertsoa kantatu zueneko bideo zatia:

Txikitakoa

Adi bertso eskoletako haur guztiak! Hainbeste gustatzen zaizkizuen Gotzon Aizpiolea irundarraren bertsoak hemen dira zuentzat entzungai. Ea etxean ere gelan bezain ozen kantatzen dituzuen!!!

Post Navigation