Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Igauri Lopetegi”

“Siberia-Gasteiz”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak Oarso-Bidasoaldeko Hitzan

Siberia-Gasteiz

Doinua: “Batetikan korrozka”
Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

1.
Batxilerra bukatuz
askoren modura
Behingoz askaturikan
etxeko aingura
Bi pisukiderekin
hura plana, hura!
Guk Siberia-Gasteiz
gendula helmuga
Orduantxe hasi zen
gure abentura.

2.
Hertzainak jarri gendun
ezin ozenago
Ta hara non kontrola
parean, akabo!
Jarri ginen txuriak
baino txuriago
Ongi atera ginen
harrituz zeharo
Baina ni kotxe hortan
ez nator gehiago.

3.
Peugeot txuri zaharrak
bete zuen plana
Baina zulaturikan
gurpila ai ama!
Nahiz ta ezin sinetsi
aldatu izana
Eta askotan eman
sekulako lana
Konparaezina da
kotxe horren xarma.

4.
Gainditu genduela
Kotxe-mekanika
Oilasko bat hartu nun
izena jarrita
Litrona bat izan zen
saltsaren teknika
Ta ai! ze ona zeunden
pentsatzen hasita…
Gogoan zaitugu ta
agur Margarita!

5.
Azkenik, juerga ona
da ostegunena
Baina arazo latza
da ostiralena.
Unibertsitatean
hori bai poema
Jabetu naiz gaindituz
hainbeste problema
Sarri bizitza dela
maisurik onena.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/igauri-lopetegi-amostegi-siberia-gasteiz/

Hondarribiko Sagardo Eguna [2019/08/17]

Eguraldiaren eraginez, uztailaren 27an egitekoa zen Sagardo Eguna bertan behera geratu zen. Azken momentuko erabakia izan arren, Sagardo Eguna bera bertan behera ez uzteko asmo irmoa zegoenez, abuztuaren 17an jarri zuten hitzorduan antolatzaileak. Bigarren hitzordua arrakastatsua izan zen oso, eguzkiak galanki lagunduta, berotasunari aurre egiteko sagardoz zintzurrak bustitzeko aukera paregabea izan genuen eta.

Lehen deialdirako prestatutako ekintzak ere burutu ziren bigarren honetan, baita bertso saioa ere. Bertan aritu ziren, Manu Goiogana eta Igauri Lopetegi irundarrak eta Egoitz Zelaia hendaiarra. Ordu erdi inguruko saioa burutu zuen hirukoteak librean jaialdiari hasiera emateko.

Argazkilaria: Adrian Arruti

Hondarribiko Sagardo Egunean bertsolariak [2019-07-27]

Uztailaren 27an Hondarribiko Sagardo Eguna izango dela eta, Txingudiko Bertso-eskolako Igauri Lopategi, Egoitz Zelaia eta Manu Goioganak libreko bertso saioa eskainiko dute 17:30etatik goiti.

Kupelak 18:00etan irekiko dituzte eta 21:00ak bitarte. Azken urteetan bezala, Gipuzkoa Plazan izango da ekitaldia, Muara Kultur Elkarteak antolatua.

Animatu, ederra izango da eta!

 

Mendeluko jaietan izan ginen kantuan

Txingudiko Bertso Eskolako hiru kide aritu ziren  aurten ere kantuan Mendeluko jaietan: Igauri Lopetegi, Adrian Arruti eta Aitor Errazkin. Maiatzaren 18an izan zen saioa, 13:30ak aldera. Eguraldia ez zuten lagun izan; bai, ordea, entzule multzo zintzo askoa. Antolatzaileen harrera ere, betiko moduan, punta puntakoa. Eskerrik asko bihotz bihotzez Mendeluko jaien antolatzaileei. Plazera da urtero zuenera hurbiltzea.

Adrian eta Aitor bertso eskolako kideak Gotzonerekin, Mendeluko jaien antolatzaileetako bat.

Txapelketa ederra Igauri!

Apirilaren 5arekin egin zen Gipuzkoako Eskolarteko Finala, Lasturren.

Aitor Tatiegi Loidi, Uxue Alkorta Iturbe, Aner Peritz Manterola “Euzkitze”, Haizea Arana Cardenal, Imanol Albizu Gurrutxaga, Oihana Arana Cardenal, Igauri Lopetegi Amostegi eta Maddi Aiestaran Iparragirre aritu ziren kantuan.

Igauri Lopetegi, bertso-eskolako kidea, txukun aritu zen, ofiziotan, batik bat. Eta saioa, oro har, bildu zirenen gustagarri izan zen.

Aitor Tatiegi oñatiarrak jantzi zuen txapela eta Aner Peritz izan zen bigarren. Honenbestez, bi hauek eskuratu zituzten Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan aritzeko Gizpuzkoari dagozkion bi tokiak.

Txapelketa ederra, Igauri!

 

“Jokua” Iruneron. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak.

Jokua

Doinua: Amodioa gauza tristea
Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

1)
Gazte guztion arazo batez
Eman nahiko nuke parte
Droga berriro gure herrian
Sartzen dabiltza jo ta ke 
Ludopatian arazoak gu
Ezkaitu uzten aparte
Sistema bera berriz pozik ta
Gizartean zenbat kalte
Eta horrela jarraituko du 
Guk zeozer egin arte

2)
‘Joka ezazu’ mezua dabil
Inguruan egunero
Karteletako idoloekin
Dantzan hamaika numero
Gu Nahi gaituzte sistema hontan
Sistema beran bezero
Nahiz tentagarri izan daiteken
Txanpon bat sartzea gero
Guk apostua galduko dugu
Behin apostatu ezkero

3)
Zenbat arazo konpondu nahian 
Gabiltzan gu gure kasa
Eta driua dohan lortzea 
Ezta laguntza eskasa
Apostu egin, dirua lortu
Ta gainera ongi pasa
Mezuok gu ez konbentzitzea
Ez dela ez lan erraza
Dirua sartu baino lehenago 
Hasten delako jolasa

4)
Diru guztia xahutu ohi da
Txanpon zulotik barrena
Jokalariak beti galtzaile
Bai lehena ta azkena
Apostuekin orduan nor da
Garaile irteten dena?
Beti bezela irabazleak
Burgesia du izena
Jokazaleekin jokatzen duna
da jokalari onena

5)
Alienazio ta lapurreta
Burgesentzako debalde
Ta egoera zeinen latza den
Onartu behar halare
Jokoarena ezin konpondu
Joko hau aldatu gabe
Sistema irauli, izan gaitezen
Gure bizitzaren jabe
Denok apostu egin dezagun
Gure bizitzaren alde

Iturria: https://irunero.eus/jokua/

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa 2019

Txingudiko bertso eskolako kide den Igauri Lopetegi 2019ko Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalefinalerako sailkatu da. Finala Lasturren izango da, apirilaren 5an, arratsaldeko 20:00etan hasita. Bertan bertsokide izango ditu Maddi Aiestaran, Imanol Albizu, Uxue Alkorta, Haizea Arana, Oihana Arana, Aner Peritz eta Aitor Tatiegi.

Animo, Igauri!

 

Bertso desafioa Oiartzun – Txingudi [2019-03-29]

Oiartzungo bertso eskolako gazteen taldeak desafioa bota dio Txingudiko bertso eskolari. Desafio hori, heldu den ostiralean, martxoaren 29an, burutuko da Oiartzungo Kastro tabernan izango da, arratsaldeko 20:00etatik goiti. Desafioak txapelketa formatua izango du eta bertan Txingudiko ordezkari gisa, Iker Altuna hendaiarra eta Adrian Arruti eta Igauri Lopetegi irundarrak jardungo dira Oiartzungo Josu Ibarguren, Jokin Irastorza, Araitz Sagarnaren eta Jon Otegi bertsolariekin norgehiagoka. Saioa Iraitz Mateo oiartzuarrak gidatuko du.

 

 

 

Ikasle Abertzaleakek antolatutako bertso afaria

Ikasle Abertzaleak mugimenduak antolatuta, bertso afaria izango da martxoaren 15ean Moskuko Humo tabernan. Igauri Lopetegi irundarra eta Hodei Renteria Angeluarra ariko dira kantuan. Afarirako txartela 10 euro balio du.

Martxoko bertso gaua, 2019-03-07

Miren Artetxe hendaiarra, Iñigo Mantzisidor “Mantxi” zarauztarra, Iraitz Mateo oiartzuarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira bertsotan Kabigorrin martxoaren 7ko bertso gauean. Adrian Arruti irundarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta aurrekoaren herrikide Igauri Lopetegiren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula. Hala ere, martxoaren 8aren bezpera izaki, Kabigorriko emakume langileek gaueko 0:00etan hasiko dute greba.

Post Navigation