Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Iñigo Ugarte”

Zita bikoitza Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan

Kaixo, bertsozale:

Dakizuenez, dagoeneko abian da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Pasa den otsailaren 19an Txingudi B taldea estreinatu zen txapelketan, eta ostiral honetan izango du lehen zita Txingudi A taldeak. Iluntze berean izango du bere bigarren saioa Txingudi B taldeak ere. Etxetik kanpo aritzea egokituko zaie gure bi taldeei.

Alde batetik, iluntzeko 20:00etan hasiko Donostiako Bilintxi eta Txingudi A taldeen arteko saioa. Kantuan Igauri Lopetegi Amostegi, Jon Luzuriaga Iurramendi, Manu Goiogana Bengoetxea, Andoni Otamendi, Andoitz Urdapilleta, Asier Ibarguren eta Todor Azurtza ariko dira. Donostiako Ikatz kaleko Arrano Beltza Euskal Tokian izango da saioa.

Bestetik, ordu erdi beranduago, iluntzeko 20:30ean hasiko da Añorga eta Txingudi B taldeak elkartuko dituen afaria. Afalostean izango da bertso-saioa. Bertsotan Adrian Arruti Bernadet, Abel Zabala Elizazu, Iñigo Ugarte Azurmendi, Iñaki Gartziandia, Unai Gaztelumendi, Olatz Arrieta, Jon Altuna eta Harri Agirresarobe ariko dira. Errekaldeko elkartean izango dira aipatutako afaria eta saioa.

Batean ala bestean elkartuko garelakoan, segi bertsoez disfrutatzen.

Herriartekoaren lehendabizikoa, egina

Giro polita izan zen atzo Kabigorrin, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako bidasotarren lehendabiziko saioa zela eta. Saio bizia eta gustagarria; motza, aukeran. Hala iritzi zion bertaratutako hainbatek. Txingudi B aldea (Adrian Arruti Bernadet, Abel Zabala Elizazu eta Iñigo Ugarte Azurmendi) eta Basandrik (Oiartzun) (Kattalin Arabolaza Palomo, Egiar Otegi Torres eta Karlos Aizpurua Etxarte) aritu ziren kantuan; Anne Izagirre eta Aitzol Goikoetxea (Añorga) gai jartzen; eta epaile lenetan, aldiz, Zuhaitz Olazabal Susperregi (Txingudi), Karlos Ibarguren (Oiartzun) eta Amaia Izagirre (Añorga).

Epaileek hala erabakita, oiartzuarrentzat izan zen saioa. Zinez mila esker bertaratu zineten guztiei, eta, bereziki, Kabigorriko langile eta bazkide boluntarioei, eginiko harreragatik, eta, batez ere, saioaren ondotik eskainitako afariagatik.

Dena ongi bidean, martxoaren 12an, ostegunarekin ere, izango dugu taldekako txapelketaren hurrengo hitzordua. Bien bitartean, eskerrik asko guztioi beste behin ere eta izan ongi!

Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako bertso-saioa Kabigorrin [2026-02-19]

Kaixo, bertsozale.

Dagoeneko abian da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa, eta beraz, Kabigorriko bertso-saioa ere hemen da.

Kabigorriko lehen saioari otsailaren 19an, ostegunean, ekingo diogu 19:30ean hasita. Bertsotan, Irungo Txingudi B eta Oiartzungo Basandrik taldeak arituko dira. Kantuan Adrian Arruti Bernadet, Abel Zabala Elizazu, Iñigo Ugarte Azurmendi, Kattalin Arabolaza Palomo, Egiar Otegi Torres eta Karlos Aizpurua Etxarte ariko dira, gai jartzen berriz Anne Izagirre eta Aitzol Goikoetxea.

Gogoan izan Kabigorrik aukera ezin hobea eskaintzen duela behin saioa amaituta afaltzen geratzeko ere.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, ostegunera arte!

Badator Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa

Badator Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa, eta 2017ko hartan bezala, Txingudi A eta Txingudi B taldeak osatu ditugu eskualdean, txapelketan parte hartzeko.

Txapelketak hainbat fase izango ditu, eta eskualdeka antolatzea erabaki duten lehendabiziko honetan, talde bakoitzak bi saiotan kantatu beharko du.

Txingudi A taldearen lehen faseko saioak

  • Martxoak 12 > Txingudi A vs. Xenpelar (Orereta) > 19:30ean Kabigorrin (Irun) > [ Oroitzapenen kutxa [1] [2] [3] ]
  • Martxoak 6 > Bilintxi (Donostia) vs. Txingudi A > 20:00etan (Donostian)

Txingudi B taldearen lehen faseko saioak

  • Otsailak 19 > Txingudi B vs. Basandrik (Oiartzun) > 19:30ean Kabigorrin (Irun) > [ Oroitzapenen kutxa [1] [2] [3] ]
  • Martxoak 6 > Añorga vs. Txingudi B > (ordutegia zehazteke) (Añorgan)

Taldeen osaera:

Txingudi A:
Igauri Lopetegi Amostegi (bertsolaria)
Jon Luzuriaga Iurramendi (bertsolaria)
Manu Goiogana Bengoetxea (bertsolaria)
Jon Cia Insausti (gai-jartzailea)
Aitor Errazkin Vicente (epailea)

Txingudi B:
Abel Zabala Elizazu (bertsolaria)
Adrian Arruti Bernadet (bertsolaria)
Iñigo Ugarte Azurmendi (bertsolaria)
Andde Berasategi Goñi (gai-jartzailea)
Zuhaitz Olazabal Susperregi (epailea)

Informazio gehiago:

https://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/herriartekoa-2026/albisteak/57-talderekin-hasiko-da-herriartekoa

Txingudiko bertso-eskolen eguna [2024-06-08]

Zazpi urteren ondoren, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko kideok berreskuratu egin dugu Txingudiko bertso-eskolen eguna.

Kateako Auzo Elkarteko areto nagusian ospatu genuen (Eskerrik asko, Maider!), eta lagun-giro ezinhobean joan zitzaigun arratsaldea, Otazpi tabernako lagunek prestatutako arroza, kroketa eta tortillaz lagunduta, besteak beste.

Oholtza gainean “denetik” izan bazen ere, bertso-saio musikatua osatu genuen guztion artean. Musikari lanetan, Aitor (kitarra), Iban (baxua) eta Beñat (mandolina) aritu ziren.

Saioa aurkezten eta ekitaldiaren gidari, Egoitz aritu zen.

Oholtzan kantari Iker, Jon, Lorea (bejondaiela zure kuadrilako guztiei!), Joseba, Abel, Iñigo, Urko, Adrian, Xabier, Andoni, Aiora, Maider eta Igauri aritu ziren.

Eta Arratsaldeko bertso-sortak Lorea, Aiora, Maider eta Jonen eskutik heldu zitzaizkigun.

Ederki pasa genuen. Egun ahaztezina. Datorren ikasturtean gehiago. Hobeto? Kostako zaigu. Horretarako, 2024-2025 ikasturteak joan berri denak baino gehiago eman beharko digu. Erronka mahai gainean da, heldu nahi dionarentzat.

Eskerrik asko guztioi!

Azken Kabigorriko Bertso-Gaueko argazki bilduma [2022-12-01]

Kaixo, bertsozale.
Hainbeste saioren ondoren, abenduaren lehenean egin genuen proiektu handi honen azken saioa. Jarraian gauak emandako zenbait irudi.

Korrika egunean Bertso-saio musikatua [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.

Beste urte batez, Toki-Alai ikastetxean izan gara [2022-04-08]

Kaixo, bertsozale:

Zenbait urte igaro dira Toki-Alai ikastetxeak bertso saioa antolatzen duela. Urtero jarri dira gurekin harremanetan eta, azken bi urte hauen ondoren, berriz egin dugu saioa. Aurtengoan, Adrian Arruti eta Iñigo Ugarte aritu dira ikasleen agindupean. Udaberriko oporraldiaren bezperan, bertsolariek hainbat jolasi egin diete aurre eta Korrika zein migrazio fluxuen gainean ere aritzeko parada izan dute.

Jarraian, egunak utzitako argazki bilduma:

Kabigorriko martxoko Bertso-gaua [2020-03-05]

Kaixo, bertsozale:

Badator aurtengo hirugarren Kabigorriko bertso-gaua ere, ikasturteko seigarrena. Martxoaren 5an izango da 19:30ean hasita. Bertan ariko dira kantuan Nahikari Gabilondo zarauztarra, Aitor Sarriegi beasaindarra, Iñigo Ugarte irundarra eta Ane Zuazubiskar arrasatearra. Saioaren gidaritza Gotzon Aizpiolea irudarraren esku egongo da. Hilero legez, saioaren aurretik bertso jarriak izango ditugu, honakoan Xabier Isasi hondarribiarraren bitartez.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan ikusiko dugulakoan,

Anima zaitezte!

Kabigorriko otsaileko Bertso-gaua [2020-02-06]

Kaixo, bertsozale:

Badator aurtengo bigarren Kabigorriko bertso gaua ere, ikasturteko bosgarrena. Otsailaren 6an izango da 19:30ean hasita. Bertan ariko dira kantuan Abel Zabala irundarra, Jokin Bergara eibartarra, Maider Arregi oñatiarra eta Iñigo Mantzizidor “Mantxi” zarauztarra. Saioaren gidaritza Iñigo Ugarte irudarraren esku egongo da. Hilero legez, saioaren aurretik bertso jarriak izango ditugu, honakoan Garbiñe Beraetxe hendaiarraren bitartez.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan ikusiko dugulakoan,
Anima zaitezte!

Post Navigation