Euskararen eguna aitzakiatzat hartuta, azken urteetan eskualdeko ikastetxeetan saioak egin izan ditugu, eta hala izan da aurten ere.
Txingudi Ikastolako urteroko bertso saioan izan ziren Aitor Errazkin irundarra eta Izarne Zelaia donostiarra. Bestalde, Plaiaundi Institutuan Adrian Arruti eta Iñigo Ugarte irundarrak aritu ziren.
Jarraian, egunak utzitako hainbat irudi:
Abenduaren 13koa izango da 2018ko azken bertso-gaua, eta boskote mundial batekin emango diogu amaiera urteari: Jon Martin oiartzuarra, Nerea Elustondo legazpiarra, Maider Arregi oñatiarra, Andoni Zelaia hendaiarra eta Iñigo Ugarte irundarrarekin. Gaiak jartzen Aitor Errazkin irundarra ariko da eta bertso jarriak Adrian Arruti irundarraren eskutik etorriko zaizkigu. Anima zaitezte eta gogoratu Kabigorrik aukera bikaina eskaintzen digula saioaren ondotik afaltzen geratzeko.
Txingudi eta Aramaioko bertso eskoletako harrobietatik elikatutako bi talde jarri ginen buruz buru apirilaren 20an, Katea auzoko Elatzeta Elkartera bildutako 50 lagun ingururi afalosteko bertso-saio bizi eta gustagarria eskaintzeko asmoz. Elkarlan polita gauzatu genuen Elatzeta Elkartea eta Kateako auzo elkarteko kideekin batera. Gainera, afalaurrean auzoko pintxo-potean murgilduta ibili ginen, eta bertso saio biziak eskaini genituen Otazpi, Itzala eta Auzoko tabernetako kanpoaldean.
Hemendik eskerrak luzatu nahi dizkiegu bertso truke honen antolakuntzan bidelagun izan ditugun guztiei: poteo eta afariko entzuleei, sukaldariei, Nerea eta Josebari eta, nola ez, Aramaioko kantu-kideei… Guzti-guztioi mila esker eta nahi duzuenera arte.
Bertsotruk
dinamika dela eta, Txingudi eta Aramaioko taldeen arteko bertso trukea antolatu dugu apirilaren 20rako, ostiralarekin. Katea auzoko pintxo-potean emango diogu hasiera saioari, eta Elatzeta elkartean antolatuta dagoen afalostean segida emango, bertso saio formatuan.
Afariaren kostua 12 euroren bueltan izango da. Afaritara eta ondorengo bertso saiora etorri nahi baduzue, deitu edo mezua bidali 685 72 75 39 telefono zenbakira, apirilaren 16a baino lehen, zenbat lagun izango zareten zehaztuz.
Aramaiotik Xabi Igoa, Manex Agirre eta Paula Amilburu ariko dira bertsotan, eta Txinguditik, aldiz, Iñigo Ugarte, Irati Alcantarilla eta Aitor Errazkin. Gaiak jartzen Adrian Arruti irundarra ariko da.
Bertsotruk dinamikak orain bitarte utzi dituen hainbat irudi:
Apirilaren 12an, Bidasoaldeko Kabigorri Ateneoan, nola ez, Iñigo Mantzisidor “Mantxi” zarauztarra, Miren Artetxe hendaiarra, Nerea Elustondo legazpiarra, Xabi Maia baztandarra eta eta Iñigo Ugarte irundarra ariko dira bertsotan, Zuhaitz Olazabal eta Egoitz Zelaia Irunabarreko kideek ondutako gaiekin.
Bide batez, oroitu, saioa eta gero afaltzen geratzeko parada ezin hobea eskaintzen digula Kabigorrik.
Bertan elkar ikusiko dugulakoan, ongi izan eta Aste Santu eta Pazko Aste ederrak izan ditzazuela.
Bereziak izaten dira ikasturte amaierako bertso gauak, ezbairik gabe, eta berezia izan nahi du aurtengoank ere. Gipuzkoako Herriartekoan ibili dira Txingudi I eta Txingudi II taldeak, beste 34 talde gehiagorekin lehian, baina lehen aldiz igoko dira bi taldeak batera oholtzara, jendeaurrean. Batera oholtzaratu? Aurrez aurre jarri? Nork daki? Izan ere, Irunabarren jirako hainbat lagun bildu da bi talde hauetara, Gipuzkoako Herriartekoan parte hartu eta antolakuntza lanetan laguntzeko, eta honakoan ere Adrian Arruti, Zuhaitz Olazabal, Mikel Garmendia eta Gotzon Aizpiolea aritu dira ekainaren 1eko saioak zer-nolakoa beharko lukeen pentsatzen. Eta zer izango den? Bada, hori bertaratzen direnek bakarrik jakingo dute. Kabigorrin hamaika ikusiak gara honezkero… Beraz, auskalo!
Azken bertso gaua izaki, Irunabarrek jatekoa eta edatekoa eskainiko die bertaratzen direnei, aurreko hiru ikasturte amaieretan eta zenbait egun berezitan egin bezalaxe. Joan da laugarren urtea, dagoeneko, hilabeteko lehendabiziko ostegunarekin bertso gauak antolatzen; urtean bederatzi bertso gau… Datorren ostegunekoa, beraz, hogeita hamaseigarrena: Txingudi I vs. Txingudi II. Hantxe izango gara zuen zain, plazer baduzue.
Txingudi I taldeak Irungo Hazia Elkarte Kulturalean hartu zuen Ereñotzuko Taldea, 2017ko martxoaren 3an, eta Azkoitiara kantatzera joan ziren 2017ko martxoaren 10an. Hona bi saio horietan barrena Abel Zabalak, Iñigo Ugartek eta Andoni Zelaiak ondutako ariketa eta bertsoaldi zenbait.
Martxoaren 10ean bi hitzordu ditugu txinguditarrok, Gipuzkoako Herriartekoa dela eta. Txingudi I taldeak Azkoitira egin beharko du; eta Txingudi II-k, aldiz, Andoainera. Hementxe dituzue bi saioen berri ematen duten kartelak.
Eta hona orain arteko bi saioetako hainbat argazki: