Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Irati Alcantarilla”

Txingudi-Aramaio bertso trukea ospatu genuen Elatzeta Elkartean

Txingudi eta Aramaioko bertso eskoletako harrobietatik elikatutako bi talde jarri ginen buruz buru apirilaren 20an, Katea auzoko Elatzeta Elkartera bildutako 50 lagun ingururi afalosteko bertso-saio bizi eta gustagarria eskaintzeko asmoz. Elkarlan polita gauzatu genuen Elatzeta Elkartea eta Kateako auzo elkarteko kideekin batera. Gainera, afalaurrean auzoko pintxo-potean murgilduta ibili ginen, eta bertso saio biziak eskaini genituen Otazpi, Itzala eta Auzoko tabernetako kanpoaldean.

Hemendik eskerrak luzatu nahi dizkiegu bertso truke honen antolakuntzan bidelagun izan ditugun guztiei: poteo eta afariko entzuleei, sukaldariei, Nerea eta Josebari eta, nola ez, Aramaioko kantu-kideei… Guzti-guztioi mila esker eta nahi duzuenera arte.

Irati Alcantarilla zuzenean sailkatu da Bertsulari Gazteen Xapelgoaren finalerako

Gaur, apirilak 10, arratsaldeko 14:30etan jokatu da Iparraldeko Eskolarteko Txapelketako lehen kanporaketa, eta Txingudiko Bertso Eskolan dabilen Irati Alcantarilla gailendu da. Hala, Bertsulari Gazteen Xapelgoaren finalerako txartela zuzenean lortu du Iratik. Zorionak!!!

Bertso afaria. Otsailak 3, larunbata, 20:30etan Hazian

Bertso afaria izango da otsailaren 3an, Irungo Hazia Elkartean, eta Igauri Lopetegi, Irati Alcantarilla eta Manu Goiogana ariko dira kantuan, Ikasle Abertzaleak-ek antolatutako saioan.

Afarirako sarrerak erosteko azken eguna urtarrilaren 31 da, eta Bidasoako IA-koekin harremanetan jartzea nahikoa da horretarako. Sare sozialetan ere badago aukera: bidasoako_ia (Instagram) edo @BidasoakoIA (Twitter) kontuetara joz.

Bertsotruk: Txingudi vs Gernika-Lumo (2018-01-20), Lakaxita gaztetxean

Urtarrilaren 20an, larunbatarekin, emango diegu hasiera 2017-2018 ikasturteko Bertsotruk ekimeneko bertso trukeei. Ikasturte honetan Gernika-Lumoko eta Aramaioko bertso eskoletako kideekin egokitu zaigu txinguditarroi bertso trukean aritzea, eta Gernika-Lumokoak etxean hartuta emango diogu hasiera aurreko bi ikasturteetan hain emankor gertatu zaigun ekimenari.

Horretarako, bertso-bazkaria antolatu dugu Irungo Lakaxita gaztetxean. Bazkaldu eta gero Irati Alcantarilla, Igauri Lopetegi, Manu Goiogana eta Abel Zabala txinguditarrak kantuan entzuteko aukera izango dugu, Koldo Gezuraga, Aitor Zarraga eta Asier Galarza Gernika-Lumoko bertso eskolako kideekin batera. Gai jartzaile eta antolakuntza lanetan Irunabarreko kideak arituko gara, Lakaxitako lagunekin elkarlanean.

Otorduari 13:30ean emango diogu hasiera, eta txartelak 15 euroko prezioa izango du (10 euro kobratuko zaie 20 urtetik beherako zein langabetuei).

Bertso saioaren ondotik kontzertuak izango dira iluntzean hasi eta ordu txikietara bitarte; egun-pasa polita egiteko aukera izango dugu, beraz.

Bertso saiorako sarrerak erreserbatzeko deitu edo idatzi mezu bat (sms, Whatsapp zein Telegram) 685 72 75 39 telefono zenbakira. Izena emateko azken eguna urtarrilak 18 izango da, osteguna.

Anima zaitezte.

Post Navigation