Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Moskuko jaiak 2023

Kaixo, bertsozale:
2023an ere Moskuko jaiak egongo dira eta antolatzaileek aukeratutako leloa “Egiten baduzu hozka, gure auzotik ospa” da. Aurten ere, egitarau zabal eta aberats baten baitan, bi bertso-saio antolatu ditu Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko jai batzordeko kideekin elkarlanean: bertso-poteoa eta bertso-saioa.

Bertso-poteoa izango da lehena, abuztuaren 12an, larunbatean, herri-bazkariaren aurretik, eguerdiko 12:30ean, Larragane tabernatik abiatuta. Beñat Gaztelumendi, Irantzu Idoate eta Ekhiñe Zapiain ariko dira auzoko tabernetan barrena kantuan.

Bertso-saioa, berriz, asteartean izango da, abuztuaren 15ean. Plazan izango da, arratsaldeko 17:30ean. Adrian Arruti, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Maddi Ane Txoperena ariko dira kantuan Egoitz Zelaia esanetara.

Aurtengo kartela eta gainontzeko egitaraua:

Abuztuak 11, ostirala

  • 18:00etan: Txosna irekiera eta pregoia.
  • 18:30-20:00: Ibilbide historikoa Mertxe Trantxerekin.
  • 20:15-20:45: Santanin lasterketa.
  • 21:00etan: LUKIEK eta BAD SOUND SYSTEM ETA LAGUNAK.

Abuztuak 12, larunbata

  • 12:30-14:00: Bertso poteoa.
  • 14:00-16:30: Herri bazkaria. Tiketak Moskuko ostatuetan salgai 12 euroan.
  • 16:30-17:30: Bertso poteoa 2.0.
  • 18:00: Pintxada gaua. DJ VIV; S.U.A; SUSTRAI SISTER ETA AMETS; TOXMINA; ETA SELECTOR DON LOOPE.

Abuztuak 13, igandea

  • 12:30: Patata tortilla txapelketa.
  • 17:00-21:00: Artisau eta bigarren eskuko azoka.
  • 18:00-19:00: Bakarrizketa.
  • 22:00: Pestañas postizas SL: ALICIA KISS ETA GARAZI LA FANTASY.

Abuztuak 14, astelehena

  • 15:00-17:30: Mus txapelketa.
  • 18:00: Futbolin txapelketa.
  • 21:00: YOGURINHA BOROVA; OCCHI DI FARFALLA; SOFA; ETA CHULERIA, JODER!.

Abuztuak 15, asteartea

  • 11:00-13:00: Haur eta helduen olinpiadak.
  • 13:00: Txotxongilo ikuskizuna Ostomila konpainiaren eskutik.
  • 17:30-19:00: Bertso saioa.
  • 18:00: Sardinada.
  • 19:00: Moskuko mila.
  • 19:30-21:00: Toka eta bolo txapelketak.

Euskal Jirako bertso-saioa

Kaixo, bertsozale:

Aurten Manu Goiogana, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi arituko dira bertsotan, larunbatean, abuztuaren 5ean, Urdanibia plazan, 11:00etatik aurrera. Oholtzan arituko dira lehenbizi. Agurrarekin batera, entzuleak tabernetara gonbidatuz. Altzolan, Aian eta Aranaztarran eta Eskiñan egingo dituzte saioak. 12:00etan, oholtzara berriro igo eta bertan egingo dute azken saioa.

Aurtengo Euskal Jiraren kartela. Informazio gehiago: http://www.irungoeuskaljira.com

Txingudiko bertso-eskolak: 2023-2024 ikasturtea. Izen-ematea abian.

Azken ikasturteetan bezalaxe, datorrenean ere hainbat talde izango dira Txingudiko bertso-eskolan, 2023ko urritik aurrera: haur, nerabe eta gazteentzako bertso-eskolak, hasiberrientzako bertso-eskolak, bertso-tailerra, bapateko jardunerako taldeak, …

Izena emateko, edo informazioa behar baduzu, idatzi lasai asko irunabar@gmail.com posta elektroniko zenbakira eta gu geu jarriko gara zurekin harremanetan.

Anima zaitezte eta zabaldu mezua.

“Kantineroei”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

KANTINEROEI

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Naparruatik ardo karraio A

Hemen jaitsi dezakezu

Aurrera egin dezan denborak
ez baitu behar baimenik,
ezer berririk aurkitzen zail da,
aurreko bat ez duenik.
Txirritak bertso batzuk jarrita
trenbide bati lehenik,
aurrera doan beste zerbaiti
jarri nahi nizkioke nik.

Mila bederatziehun eta
hirurogeita batean,
alardea ez zen oso arrunt
izan Irungo partean.
Istorioa nahiz gelditu den
ezkutatua lurpean,
antzekotasun bat berpiztu da
handikan orain artean.

Goiz hartan beti bezala joan zen
desfilean jende pila.
Bazkalorduan hasi omen zen
arratsaldeko nahaspila:
Gizonik ezin hasi liteke
edatekoaren bila,
Kantinera bat husten ari zen
aldiro ardo botila.

Behobiako errepublika
Independientean iaio,
eginez Juani Etxeberria
zurrutetik hainbat saio.
Arratsaldeko desfilerantza
joan ziren, zer arraio!
Ezin pausoa egoki segi,
Mozkorra bere garraio.

Musika hasi, formatu eta…
kantinera non ote da?
Galdu zen eta nor ipiniko
hutsunea betetzera?
Soldadu bat jarri zen orduan,
hau ere mozkor antzera.
“Lehengo hura bezain ederra
da oraingo kantinera!

Eskuan hartu zuen zapia,
abanikotzat on ona.
Nahiz eta falta zuen moñoa,
pololoak eta gona,
zein ondo pasa zuen oraindik
oroitzen zaigu amoña:
Pedro Berrospe bilakatu zen
Behobiako moñoña!

Gizon abila zen kantinero
atera zen maisuari:
Egur gehiegi botatzen zaio
gaur aspaldiko suari.
Lehen paisaia soila zena gaur
begiratzen dugu adi.
Garai batean merke zen baina
gaur balio du ugari.

Bi mila eta hogeita hiru
Bolbora dator gainezka
Antxon Jauregi izango baita
Kantinera bai, ez neska.
Behin egin bazen gaur arazorik
Ez dugu izango, ezta?
Jaitan nahieran parte hartzea
Baino gauza hoberik ez da.

Duela ia hogeita hamar 
urteko bidetik segi!
Helmugaraino konpainia hau
agudo ailega bedi.
Hirurogei bat urte tartean,
kantineroak, a ze bi!
Gogoan Pedro Berrospe hura,
aurrera, Antxon Jauregi!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunaban-bertso-sorta-kantineroei/

Bukatu da ikasturteko Muarako Bertso-Gauen ekimena [2023-06-20]

Kaixo, bertsozale:

Urte hasierarekin batera ekin genion Muarako bertso-gauen ekimenari. Hilabetero, lehenbiziko ostiralarekin batera, Hondarribiko Muara Kultur-Elkartean sei bertso saio eskaini ditugu ikasturtea amaitu bitarte.

Esan bezala, sei bertso saio izan dira guztira eta hamazazpi bertsolarik hartu dute parte. Etxeko bederatzi bertsolari izan ditugu eta gertuko bertso-eskoletatik heldu diren zortzi bertsolari. Azken saioa berezia izan zedin nahi genuela-eta, eskualdeko bost musikarirekin harremanetan jarri eta bertso-saio musikatua antolatu genuen.

Saioek berezitasuna izan dute; denak izan dira libreko saioak. Bertsolarien protagonismo bera izan zezaten, alde batetik, eta jaialdiek ez duten entzuleekiko harremanean oinarritutako bertso-saioak izan zitezen, bestetik. Guztiak izan dira primerako saioak eta entzuleek zein bertsolariek elkarrekin afaltzeko aukera izan dute saio bakoitza amaitu bezalaxe.

Heldu den ikasturtean egitasmoari jarraipena emango diogun ez dakigun arren, frogatu dugu eragileen arteko harremanean oinarrituta, arrakasta duten bertso-saioak antolatu daitezkeela, bai eskualdeko bertsozaleari begira, bai eta tokiko bertsolariari begira ere. Horretarako, bi lehengai edo baldintza baino ez dira behar; eragiteko gogoa eta ardura.

Besterik gabe, bertsolari, musikari, entzule eta eragile guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.

Jarraian, saioetan bildutako argazki bilduma duzue ikusgai:

Primeran joan da bidasotarren eta bortziritarren arteko bertso-trukea

Eskerrik asko beratarroi! Beso zabalik hartu gaituzue, eta ederki asko pasa dugu. Bueltakoa gure kontu. Gure teilatuan dago orain pilota.

Bortziriak eta Txingudiko bertso-eskoletako kideak “bertso trukean” (2023-06-18)

Igande honetan, hilak 18, Bortzirietako Bertso Eskolak antolatuta, Txingudiko eta Berako bertso-eskoletako kideak ariko dira Berako Altzateko bestetan, bertso-poteoan, eguerdiko 12:30ean Lixoia ostatutik abiatuta. Berako Udalak eta Altzateko besta-batzordearen laguntzaz antolatu dute ekimena, “bertso-truk” deitu diote, eta 5 bertsolari ariko dira bertan kantuan: Castillo, Zelaieta, Goiogana, Luzuriaga eta Errazkin.

“Pospoloak”. Andoni Agirre Arabolazaren bertsoak, Iruneron.

POSPOLOAK

Egilea: Andoni Agirre Arabolaza
Doinua: Hogeigarren urtera III

Hemen jaitsi dezakezu

1.-
Maitatzen duenetik
bizitza erraza,
beregandik urruti
du ekaitzen basa.
Zeru urdinen pean
onduz bere kasa
bere gordelekua
den pospolo-kaxa,
bertan jarrita lasai
hartzen du arnasa;
eternitatea nahi
luke hala pasa.
Bertan jarrita lasai
hartzen du arnasa,
baina gaur munduak du
bestelako traza.

2.-
Txorrotxio urrunak
beraren belarri-
ertzak kilimatzean
zutitu da, larri.
Liskarren etorrera
zaio kezkagarri;
baretu nahi lituzke,
ordena ezarri.
Bistakoa da, nahiz hark
ez duen igarri,
gaixoak ezingo du
inor erakarri,
bistakoa da, nahiz hark
ez duen igarri:
erdian jartzekotan,
hobe da ez jarri.

3.-
Pospoloak saltoka
batetik bestera,
lehen urdin zen zerua
gaur erdi-more da.
Sei suzko txori hegan
tximisten aldera,
zinez hasi ote da
denaren gainbehera.
Deforma ez dakion
bere ikuskera
alde egin behar du
lehengora, atzera,
deforma ez dakion
bere ikuskera,
bere kaxa barruko
itzalen artera.

4.-
Begiak zabaltzean,
ez bere kaltean,
Tximista da nagusi
tximisten partean.
Dena dago berriro
betiko bakean;
hala ere, bera ez
lehengo aldartean.
Ikusten zaio buru
inguruko kean:
ezin du lehengoratu
munduaz batean;
ikusten zaio buru
inguruko kean
sua piztu zaiola
belarri artean.

Iturria: https://irunero.eus/pospoloak/

“Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean” liburuaren aurkezpena

Liburua eskuratzeko:

Irun eta Hondarribiko liburutegietan eta https://www.alberdania.net/eu/libro/bertsoak-eta-bertsolariak-irunen-xix-mendean/

“Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean” liburuaren aurkezpena, ekainaren 14an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan, Irungo CBA udal liburutegiko “Jose Antonio Loidi” aretoan.

Elosegik eta Errazkinek Irungo Udalak eskaintzen duen “Loidi beka” eskuratu zuten 2020 urtean. Ikerketa txostena iazko maiatzean aurkeztu zioten Udalari, eta honek, liburua argitaratzea erabaki. Apailatze lanetan aritu dira orain arte, eta, adierazi bezala, 2023ko ekainaren 14an aurkeztuko dute.

2021. urtean eman genuen ikerketaren berri, blog honetan berean:

(Editatua: 2023-06-16)
Aurkezpen eguneko argazkiak

Muarako seigarren bertso-gaua [2023-06-09]

Kaixo, bertsozale:

Lehen bost saioak egin ditugu eta primerakoak izan dira. Seigarren saioaren atarian gaude honezkero. 2023ko ilbeltzean abiatu genuen proiektuak ikasturte amaiera aurrean du eta, beraz, ikasturteko azken saioa izango da ekainaren 9an izango duguna.

Saioa berezia izango da. Orain arte ez bezala, musikatua izango da ekainekoa. Kantuan ariko dira Adrian Arruti Bernadet irundarra, Izarne Zelaia Arratibel donostiarra eta Manu Goiogana Bengoetxea irundarra. Haiekin batera musikan arituko dira Iban Clemente Martin, baxuarekin, Iker [Xufi] Eizagirre Zufiaurre, gitarrarekin, Beñat Elosegi Ortiz de Zarate, mandolinarekin, Rafa Rodrigo Perurena, gitarrarekin eta Maddi Sanz Sanchez, harparekin. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.

Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

anima zaitezte!

Post Navigation