Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Hitzak eta ekintzak”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HITZAK ETA EKINTZAK

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

Doinua: Maitatzen zaitudalako

Hemen jaitsi dezakezu

1
Hire baloreek eta
printzipio politek
printzipioz ia ezin
hobeak ziruditek
baina buelta bat gehiago
eman behar genikek
hire ekintzek berdina
erakusten al ditek?

2
Gobernuaren jarrera
hain baldar hain ulergaitz
berotegi efektuaz
hausnartu izan duk maiz
baina bazkal ordurako
itzuli hadin garaiz
goizero lanera kotxez
bakarrik joaten haiz.

3
Hala pentsatzen duk sare
sozialen kasutan:
“Zergatik izaten dute
haurrek Tik Toka sutan?
Filtroa galduko ditek
hango filtro faltsutan…”
Baina Twiterren sartzen haiz
eztabaida antzutan.

4
Bai garaian garaikoa
bai kilometro zero
ideiekin omen hago
erabat ados edo
entzun behar huke hori
aipatu bakoitzero:
“Zumoa eta kafea
gosaltzen duk goizero!”.

5
Esna nahi dituk herriko
kaleak eta plazak
saltoki txikiek behar
omen ditek ardaztzat.
Hala ere merkeago
eros ditzaan galtzak
Amazon Primen harpide
urteak daramatzak.

6
Nola daukagu bizitza
hain indibiduala?
Auzolana aipatzen duk
elkarlana bezala,
baina pisukideekin
ikaslea hintzala
han hozkailuan bakoitzak
zian bere apala.

7
Bidasoako gorpuak
hain hotzak begitandu
zitzaizkianetik izan
duk zer heureganandu.
Nahiz tabernan lagunekin
afera sakon landu
sekula ez haiz etorkin
batekin harremandu.

8
Hi euskalduna omen haiz
bai buru bai ukabil
zazpiak herri bat gaituk
esanagatik abil
EITBren diskurtsotik
oso urrun ez habil
Maule baino gertuago
sentitzen baituk Madril.

9
Nola ez feminismoa
bizitzen duk bertatik
zein duan hire tokia
nonbait argi daukak hik,
gizontasunen tailerrak
goraipatuagatik
inoiz ez haizela joango
ederki asko dakik.

10
Kezkatzen haute hamaika
jarrera desegokik;
ustez ez izan arren deus
gizon homofobotik
hausnarketa sakonago
bat ez ote dagokik?
Hatz txikia ere ez duk
sartu ipurtzulotik.

11
Nahiz eta osatzen hauten
kontraesan anitzek
oraindik jende askori
atzerakoi deritzek;
nahiz eta bestelakoa
dioten hire hitzek
pertsona ez al zuten ba
definitzen ekintzek?

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/jon-luzuriaga-iurramendi-hitzak-eta-ekintzak/

Jarraian bertso-sorta entzungai Jone Garmendia Castañosek musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“BIDASOKO AEK IRUNGO EUSKALTEGIAREN 2023-2024 IKASTURTEKO ESKAINTZA BEREZIA”. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Iruneron.

BIDASOKO AEK IRUNGO EUSKALTEGIAREN 2023-2024 IKASTURTEKO ESKAINTZA BEREZIA

Egilea: Aitor Errazkin Vicente
Doinua: Zazpiak oihal batetik

Hemen jaitsi dezakezu

1.- Euskalduntzea ez dugu proba
jakin bat gainditze hutsa
C1a eta C2a baino
gehiago baita hizkuntza
ikaskuntzari zentzu betean
egin nahi dionak bultza
EUSKALTEGIAN bi-biak ditu:
AUKERA eta LAGUNTZA.

2.- Iaz bezala HIKA TALDEA
badaukagu, beraz, adi!
“Trebatu asmoz baldin bayabil,
gurera hurbildu yari!”
Azkenerako baietz bihurtu
makina bat hikalari
aurtengo uzta batzen bazaio
iaz bildutakoari.

3.- EUS-KA-HAL-DUN-TZE TALDEAN ere
begiak jarri ditugu
euskarak jiran hamaika putre
baitu inguru-minguru
gutxiespenaz ohartu eta
eskubideak helburu
talde-lanean ahalduntzeko
bidea egingo dugu.

4.-Euskal sortzaile baten izena
galdetu eta… akabo!
Literatura, bertso, antzerki…
Goazen pauso bat harago!
Hizkuntzak batzen duen herrian
egin nahi bada abaro
KULTURGINTZARI ARRETA jarriz
ikasi beharra dago.

5.- Proiektu, e-mail, ohar zein kartel
punttu-punttuan uzteko
taldea sortu gabe dugunik
ez zenuen, ba, usteko!
Ikastaro hau funtzionala da
hainbat praktika tarteko
ZURE LANEKO BEHAR-IZANEI
EUSKARAZ ERANTZUTEKO.

6.- ALFABETATZE TAILERRA indar
betean nahi dugu noski
bizitzan zehar mingain-arimak
nahiz eta euskaraz busti
araugintzatik urrun gertatu
direnentzat da zehazki,
aurrerantzean molda daitezen
hatxe, koma eta guzti.

7.- Gramatikatik abiatzeak
sortzen digu asperdura
hargatik MINTZA-TALDEEK pizten
dute gurean lilura
aztertzen dugu lotsarik gabe
ateratzen zaigun hura
eta norbere beharretatik
jotzen dugu liburura.

8.- IDAZKETARI SORMENA gehitu
eta nolako eztanda!
Barrenak nori ez dio egin
askotan horren demanda?
Baina bakarrik saiatu eta…
etsipen bide izan da.
Horrela bizi izan baduzu,
oraintxe da zure txanda!

9.- Zure helburu gure hizkuntza
ikastea baldin bada
OHIKO ESKAINTZAZ GAINERA AURTEN
BERRIA1 daukagu, hara!
Jakin-minak koxk egin badizu
etor zaitez AEKra
eskarmenturik ez zaigu falta
eta mintzatuko gara.

  1. Sarean kontsultatzen ahal duzu, “irungo aek eskaintza” bilatuta. ↩︎

Iturria: https://irunero.eus/bidasoko-aek-irungo-euskaltegiaren-2023-2024-ikasturteko-eskaintza-berezia/

Gogoan izan zabalik dela Txingudiko bertso-eskoletan izena emateko epea. Urriarekin batera ekingo diogu 2023-2024 ikasturteari.

Bertsolaritzaren alderdi “guztiak” lantzeko moduko taldeak ditugu gurean: bat-batean aritzeko, aritzen ikasteko, trebatzeko, idatzizkorako, eskualdean bertsolaritza sustatzeko…

Adinari dagokionez ere mugarik ez dugu: gaztetxo, nerabe, heldu, zahar… Guztiontzat bada tokia Txingudiko bertso-eskolan.

Beraz, edozein dela ere bertsolaritzara hurbiltzeko buruan duzu(e)n manera, ez izan zalantzarik, eta idatzi irunabar@gmail.com helbide elektronikora. Gu geu jarriko gara zu(r)ekin harremanetan, eta hitz egingo dugu.

Bide batez, asko eskertuko genizu(e)ke gure eskaintzaren berri zabaltzen lagunduko bazenigu(te). Urriaren hasieran nahi genuke martxan hasi. Gainean ditugu, hortaz, izena-emateko azken egunak.

Anima zaitez(te), eta animatu ingurukoak ere.

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2023/24 hau bosgarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 7. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako zenbait bertso-sorta:

  • “50 urte”, Abel Zabala Elizazuk 2022ko abenduan Iruneron argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Bi belaun”, Jexuxmari Mendizabal Iraola “Bizargorri”-k 2022ko azaroan Bidasoko Hitzan argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Erlauntzan barrena”, Jon Luzuriaga Iurramendik 2023ko martxoan Iruneron argitaratu eta Jone Garmendia Castañosek musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

Moskuko jaiak 2023

Kaixo, bertsozale:
2023an ere Moskuko jaiak egongo dira eta antolatzaileek aukeratutako leloa “Egiten baduzu hozka, gure auzotik ospa” da. Aurten ere, egitarau zabal eta aberats baten baitan, bi bertso-saio antolatu ditu Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko jai batzordeko kideekin elkarlanean: bertso-poteoa eta bertso-saioa.

Bertso-poteoa izango da lehena, abuztuaren 12an, larunbatean, herri-bazkariaren aurretik, eguerdiko 12:30ean, Larragane tabernatik abiatuta. Beñat Gaztelumendi, Irantzu Idoate eta Ekhiñe Zapiain ariko dira auzoko tabernetan barrena kantuan.

Bertso-saioa, berriz, asteartean izango da, abuztuaren 15ean. Plazan izango da, arratsaldeko 17:30ean. Adrian Arruti, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Maddi Ane Txoperena ariko dira kantuan Egoitz Zelaia esanetara.

Aurtengo kartela eta gainontzeko egitaraua:

Abuztuak 11, ostirala

  • 18:00etan: Txosna irekiera eta pregoia.
  • 18:30-20:00: Ibilbide historikoa Mertxe Trantxerekin.
  • 20:15-20:45: Santanin lasterketa.
  • 21:00etan: LUKIEK eta BAD SOUND SYSTEM ETA LAGUNAK.

Abuztuak 12, larunbata

  • 12:30-14:00: Bertso poteoa.
  • 14:00-16:30: Herri bazkaria. Tiketak Moskuko ostatuetan salgai 12 euroan.
  • 16:30-17:30: Bertso poteoa 2.0.
  • 18:00: Pintxada gaua. DJ VIV; S.U.A; SUSTRAI SISTER ETA AMETS; TOXMINA; ETA SELECTOR DON LOOPE.

Abuztuak 13, igandea

  • 12:30: Patata tortilla txapelketa.
  • 17:00-21:00: Artisau eta bigarren eskuko azoka.
  • 18:00-19:00: Bakarrizketa.
  • 22:00: Pestañas postizas SL: ALICIA KISS ETA GARAZI LA FANTASY.

Abuztuak 14, astelehena

  • 15:00-17:30: Mus txapelketa.
  • 18:00: Futbolin txapelketa.
  • 21:00: YOGURINHA BOROVA; OCCHI DI FARFALLA; SOFA; ETA CHULERIA, JODER!.

Abuztuak 15, asteartea

  • 11:00-13:00: Haur eta helduen olinpiadak.
  • 13:00: Txotxongilo ikuskizuna Ostomila konpainiaren eskutik.
  • 17:30-19:00: Bertso saioa.
  • 18:00: Sardinada.
  • 19:00: Moskuko mila.
  • 19:30-21:00: Toka eta bolo txapelketak.

Euskal Jirako bertso-saioa

Kaixo, bertsozale:

Aurten Manu Goiogana, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi arituko dira bertsotan, larunbatean, abuztuaren 5ean, Urdanibia plazan, 11:00etatik aurrera. Oholtzan arituko dira lehenbizi. Agurrarekin batera, entzuleak tabernetara gonbidatuz. Altzolan, Aian eta Aranaztarran eta Eskiñan egingo dituzte saioak. 12:00etan, oholtzara berriro igo eta bertan egingo dute azken saioa.

Aurtengo Euskal Jiraren kartela. Informazio gehiago: http://www.irungoeuskaljira.com

Txingudiko bertso-eskolak: 2023-2024 ikasturtea. Izen-ematea abian.

Azken ikasturteetan bezalaxe, datorrenean ere hainbat talde izango dira Txingudiko bertso-eskolan, 2023ko urritik aurrera: haur, nerabe eta gazteentzako bertso-eskolak, hasiberrientzako bertso-eskolak, bertso-tailerra, bapateko jardunerako taldeak, …

Izena emateko, edo informazioa behar baduzu, idatzi lasai asko irunabar@gmail.com posta elektroniko zenbakira eta gu geu jarriko gara zurekin harremanetan.

Anima zaitezte eta zabaldu mezua.

“Kantineroei”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

KANTINEROEI

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Naparruatik ardo karraio A

Hemen jaitsi dezakezu

Aurrera egin dezan denborak
ez baitu behar baimenik,
ezer berririk aurkitzen zail da,
aurreko bat ez duenik.
Txirritak bertso batzuk jarrita
trenbide bati lehenik,
aurrera doan beste zerbaiti
jarri nahi nizkioke nik.

Mila bederatziehun eta
hirurogeita batean,
alardea ez zen oso arrunt
izan Irungo partean.
Istorioa nahiz gelditu den
ezkutatua lurpean,
antzekotasun bat berpiztu da
handikan orain artean.

Goiz hartan beti bezala joan zen
desfilean jende pila.
Bazkalorduan hasi omen zen
arratsaldeko nahaspila:
Gizonik ezin hasi liteke
edatekoaren bila,
Kantinera bat husten ari zen
aldiro ardo botila.

Behobiako errepublika
Independientean iaio,
eginez Juani Etxeberria
zurrutetik hainbat saio.
Arratsaldeko desfilerantza
joan ziren, zer arraio!
Ezin pausoa egoki segi,
Mozkorra bere garraio.

Musika hasi, formatu eta…
kantinera non ote da?
Galdu zen eta nor ipiniko
hutsunea betetzera?
Soldadu bat jarri zen orduan,
hau ere mozkor antzera.
“Lehengo hura bezain ederra
da oraingo kantinera!

Eskuan hartu zuen zapia,
abanikotzat on ona.
Nahiz eta falta zuen moñoa,
pololoak eta gona,
zein ondo pasa zuen oraindik
oroitzen zaigu amoña:
Pedro Berrospe bilakatu zen
Behobiako moñoña!

Gizon abila zen kantinero
atera zen maisuari:
Egur gehiegi botatzen zaio
gaur aspaldiko suari.
Lehen paisaia soila zena gaur
begiratzen dugu adi.
Garai batean merke zen baina
gaur balio du ugari.

Bi mila eta hogeita hiru
Bolbora dator gainezka
Antxon Jauregi izango baita
Kantinera bai, ez neska.
Behin egin bazen gaur arazorik
Ez dugu izango, ezta?
Jaitan nahieran parte hartzea
Baino gauza hoberik ez da.

Duela ia hogeita hamar 
urteko bidetik segi!
Helmugaraino konpainia hau
agudo ailega bedi.
Hirurogei bat urte tartean,
kantineroak, a ze bi!
Gogoan Pedro Berrospe hura,
aurrera, Antxon Jauregi!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunaban-bertso-sorta-kantineroei/

Bukatu da ikasturteko Muarako Bertso-Gauen ekimena [2023-06-20]

Kaixo, bertsozale:

Urte hasierarekin batera ekin genion Muarako bertso-gauen ekimenari. Hilabetero, lehenbiziko ostiralarekin batera, Hondarribiko Muara Kultur-Elkartean sei bertso saio eskaini ditugu ikasturtea amaitu bitarte.

Esan bezala, sei bertso saio izan dira guztira eta hamazazpi bertsolarik hartu dute parte. Etxeko bederatzi bertsolari izan ditugu eta gertuko bertso-eskoletatik heldu diren zortzi bertsolari. Azken saioa berezia izan zedin nahi genuela-eta, eskualdeko bost musikarirekin harremanetan jarri eta bertso-saio musikatua antolatu genuen.

Saioek berezitasuna izan dute; denak izan dira libreko saioak. Bertsolarien protagonismo bera izan zezaten, alde batetik, eta jaialdiek ez duten entzuleekiko harremanean oinarritutako bertso-saioak izan zitezen, bestetik. Guztiak izan dira primerako saioak eta entzuleek zein bertsolariek elkarrekin afaltzeko aukera izan dute saio bakoitza amaitu bezalaxe.

Heldu den ikasturtean egitasmoari jarraipena emango diogun ez dakigun arren, frogatu dugu eragileen arteko harremanean oinarrituta, arrakasta duten bertso-saioak antolatu daitezkeela, bai eskualdeko bertsozaleari begira, bai eta tokiko bertsolariari begira ere. Horretarako, bi lehengai edo baldintza baino ez dira behar; eragiteko gogoa eta ardura.

Besterik gabe, bertsolari, musikari, entzule eta eragile guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.

Jarraian, saioetan bildutako argazki bilduma duzue ikusgai:

Primeran joan da bidasotarren eta bortziritarren arteko bertso-trukea

Eskerrik asko beratarroi! Beso zabalik hartu gaituzue, eta ederki asko pasa dugu. Bueltakoa gure kontu. Gure teilatuan dago orain pilota.

Post Navigation