Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Hau eta hura, hemen eta han”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HAU ETA HURA, HEMEN ETA HAN

Doinua: Itsaso hori dago zatarra
Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

1)

Urpeko hotsa, lurreko lotsa,

titular triste baten aitortza,

ta hemen bertan bizi den haren

entzungorrale zikoitza.

Nola zaie hain arrotza

egunekiko morrontza,

hemen ito den bakoitza?

Bihurtu baita, eta gu gaitu

eten beharrik bihotza,

aste arteko berri arrunt bat

migranteen heriotza.

2)

Batzuen bizi, biziraupena,

ez denez bizi itxaropena

zer da bizitza, bizi beharra

edo bizitzeko pena?

Azkena eta aurrena

zenbat ta zenbatgarrena

putzu hauetan barrena?

Guk hemen ere entzuten dugu

hango “I can’t breath”-arena.

Sakona bezain zabala den hau

da putzurik handiena.

3)

Jabe ez dena da kanpotarra.

Eurek legea, eurek indarra.

Baina gurea da amorrua,

borondatea, negarra.

Jauzi bat batzuk iparra,

hautsita mugako marra.

Auzia zein da? Biharra:

Irtenbide bat bi arazook

konpontzekotan bakarra,

Inork jauzirik ezin emana

ta jauzi egin beharra.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-igauri-lopetegi/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Bertso-saio musikatua Landetxa-Kateako jaietan

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa izan da aurtengo Kateako jaietan: Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin), musikariak (Maddi Sanz, Rafa Rodrigo, Iker Eizagirre eta Beñat Elosegi), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). 2022ko maiatzaren 22an izan zen saioa, eguerdiko 12:30etatik 14:00etara bitarte, auzoko frontoian. Hainbat lagunek bidalitako argazkiak segidan. Eskerrik asko zinez Aitor Martinez, Iñigo Gebara, Edurne Mendia, Aratz Altzaga, Gotzon, eta Maddiren “jarraitzaileei”, saioko argazkiak egin eta guri bidaltzeagatik.

Loratze eguna larunbatean [2022-05-14]

Kaixo, bertsozale:

Datorren larunbatean, maiatzaren 14an, Loratze eguna antolatu du Irungo Sortuk. Alderdiak izan duen kongresuaren ondotik, herriko kideek osatu duten egitura berriaren ekimena da. Gainera, Haziaren irekiera berriarekin uztartu dute. Egun osoko egitaraua antolatu dute: goizean, hitzaldia egongo da Hazian, eguerdian, bertso-poteoa, ondoren, bazkaria, arratsaldean, kontzertua, eta, gauean, pintxada. Irunabarreko Egoitz Zelaia eta Adrian Arruti arituko dira bertso-poteoan, eta eguerdiko 13:00ean abiatuko dira Haziatik.

“Bizitzako gauzarik onenak doan”. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Iruneron.

BIZITZAKO GAUZARIK ONENAK DOAN

Doinua: Besarkada bat, adiskideak
Egilea: Aitor Errazkin Vicente

1/ Besarkada bat, adiskideak,
barre alaienak,
amets, maitasun, muxu, familia
eta oroimenak.
Doan direla diote
bizitzan gauza onenak…
Ikus dezagun benetan
hala ote diren denak.

2/ Ez da erraza besarkadekin
egitea herren
baina badago lortzen duenik
zaila izan arren
estutu gaiztorik ez da
utziko zaitu pozarren
esku artean aiztorik
baldin eta ez dakarren.

3/ Gizakia da animalia
interesatua
zilborrari so bizi beharra
da gure patua
laguntasun ugari da
ertz horretxek urratua
ederki hasiagatik
penagarri bukatua.

4/ Irriak irri, barreak barre
algarak algara
poza horien araberako
kontua al da ba?
Nahiz karkailaz jo daitekeen
zorionaren aldaba
grazia gutxi egiten du
gure bizkar baldin bada.

5/ Ametsa aske eta doako
dugu, alajaina!
Eta egia bihurtzen saia
gintezke, bai, baina
beti ez da erdiesten
amestutako ordaina
sistema honek ez baitu
gu guztiontzako haina.

6/ Maitasunari buruz hainbeste
dago esateko…
Sorta osoa dedikatuta
akaso hobeto
gorrotoak, maiteminak,
frustrazioak tarteko
ifrentzu txarra du txanpon
horrek doan izateko.

7/ Muxuak eman soilik onartu
nahi dizkizun hari
gehien behar den unean edo
noizean opari
erne! Eskuraezinak
ere badira eta adi!
Halakoetan eman “pa”
baina zeure buruari.

8/ Gaur “familia” aipatzen duen
hark zertaz dihardu?
Batzuk erosi nahian dabiltza
beste batzuk saldu
guk onartu behar dugu
edota familiak gu?
Pagotxa izan daiteke
bietatik baldin badu.

9/ Oroimen txarrek egiten dute
pertsona nahasi
irudikortu, lotsagorritu
ta damuarazi
morrontza horretan ezin
zorion betean hazi
onartu eta haiekin
elkarbizitzen ikasi.

10/ “Bizitzan gauza ederrak doan”
esaten da hala
salbuespena garrantzitsua
ez balitz bezala
argiune bakoitzeko
loratu denez itzala
kontuak norberak egin
edo desegin ditzala.

Iturria: https://irunero.eus/bizitzako-gauzarik-onenak-doan/

Jarraian entzungai, Aitorrek berak musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Aisia”. Urko Casado Usandizagaren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

AISIA

Doinua: Lurraren pean sar nindaiteke
Egilea: Urko Casado Usandizaga

1)

Gaur eguneko gizarte garen

aiton-amonen garaian

AISIA eta alferkeria

aipatzen ziren jarraian.

Duintasuna, lanetik lortu

beharra zuten usaian.

Gaur zorionez horrelakorik

ez dugu jartzen ezbaian,

baina, zuetan inork ez al du

zalantzarik esanahian?

2)

Existentzia bete batentzat

nork dauka antidotoa?

AISIA ez da beti ikasketa,

kirola edo jokoa.

Eske dituzu, zain, merkatua,

moda eta horoskopoa…

Modu askean aukeratua

behar du, (e)ta gustokoa

eta ez benetan bete nahi diren

ametsentzat oztopoa.

3)

Aipatu ere ez ditut egin

internet eta pantailak!

Nola ukatu teknologiak

sortutako abantailak?

Denbora lapur izanagatik

hain dira saihesten zailak

nere jarrera ikuste hutsak

gorritzen dizkit masailak…

Leiho irekien aitzakiz jartzen

ditu ateetan zarrailak.

4)

Historian inoiz ez dugu izan

gaur beste AISI aukera

baina hainbeste izate hutsa

berez nahikoa ote da?

Begiratua eraman nahi dut

beste ikuspuntu batera

ez dakit beti zuzenena den

haurrekin dugun jarrera;

AISI izatetik marratxo fin bat

dago betebeharrera.

5)

Adibidera jarri edozein

lehendakari edo alkate

oraingo haurrek baino agenda

askeagoa daukate:

Frantsesa, yoga, alemaniera,

Kapoeira, dantza, xake,

igeriketa, zirko, musika,

futbol, pintura, karate …

Ohartu gabe ixten zaienik

ireki adina ate.

6)

Esperientzia izan behar luke

aurrekoei ikasiak:

Ilara txukun batean edo

elkarrekin nahasiak

baratzak berdin eman ditzake

loreak eta sasiak

etorkizuna markatzen badu

ereiten dugun haziak,

aitzakiarik ez, haur hauek dira

gure eskutik haziak.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/urko-casado-aisia/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Bertso-saioa antolatu du Su Txikian-ek Hazian [2022-04-29]

Kaixo, bertsozale:

Su Txikian talde feministak Ostiral Feministak ekimena sortu du. Irungo Hazian burutzen den ekimena da eta hileko azken ostiralean izaten da. Oraingoan, bertso-saioa antolatu dute eta bertan arituko dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Irati Alcantarilla urruñarra eta Haizea Arana eskoriatzarra.

Korrika egunean Bertso-saio musikatua [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.

Beste urte batez, Toki-Alai ikastetxean izan gara [2022-04-08]

Kaixo, bertsozale:

Zenbait urte igaro dira Toki-Alai ikastetxeak bertso saioa antolatzen duela. Urtero jarri dira gurekin harremanetan eta, azken bi urte hauen ondoren, berriz egin dugu saioa. Aurtengoan, Adrian Arruti eta Iñigo Ugarte aritu dira ikasleen agindupean. Udaberriko oporraldiaren bezperan, bertsolariek hainbat jolasi egin diete aurre eta Korrika zein migrazio fluxuen gainean ere aritzeko parada izan dute.

Jarraian, egunak utzitako argazki bilduma:

Korrika heldu da eta harekin egitarau kulturala [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

2022ko Korrika heldu da bailarara eta, harekin batera, herriz herriko egitarau kulturalak. Larunbatetik iganderako gauean pasako da Irundik, eta, herria girotzeko, Aek-ren egitarau mardula izango da larunbatean, besteak beste, Zizta[KA]k antolatutako Bertso-saio musikatua.

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko eta herriko zenbait musikariren arteko elkarlanaren ondorioa da Bertso-saio musikatua. Estrainekoz arituko gara Moskun, larunbatean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, errimez beteriko pentagramak eta hariz lagundutako bertsoak zabaltzen.

Animatu zaitez!

“Motxilako petatxuak josten”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Iruneron.

MOTXILAKO PETATXUAK JOSTEN

Doinua: Langile baten semea naiz ni
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)
Bi euskaldunen semea naiz ni
ni ere euskaldun,
nahiko nukeena aldiro nire
lehen hizkuntzan jardun.
Traba ugari daudela
nahiz eta dugun ezagun
bada garaia gure motxila
arindu dezagun.

2)
Erabileraz egin ondoren
aski analisi
salbatzaile on gisa mugitu
ginen bizi-bizi;
egin ginen Belarriprest,
egin ginen Ahobizi:
ardurak beti norbanakoon
gainera lehenbizi.

3)
Euskara ito egin daiteke,
ez da agortuko,
erabilerak, beraz, kalterik
ez digu sortuko.
Nahiz eta denok Hitzekin
beharra dugun aitortuko
ogia euskaraz erosiz soilik
ez da deus lortuko.

4)
Erakundeek jarraitzen dute
egiten entzungor
hartu beharrean behar diren beste
neurri eraginkor.
Arduradunen postuek
nola ardura duten zor
ni adibide batzuk bertsotan
salatzera nator.

5)
Diru-laguntzak dira hedabide
askoren sostengu
baina Lakuan erdarazkoak
dira nabarmendu.
Hor erabaki behar da,
nori eman, nori kendu, …
letrez ulertu nahi ez duenak
zifrez ulertzen du.

6)
Zifrekin segiz, Laudion hara
nolako ranking-a,
elebakarrek hizkuntza zailak
sailkatuz egina.
Ikasten egingo zuen
sekulako ahalegina
toga daraman hark arrazoiak
bilatzen adina.

7)
Ez dago jarri beharrik, ordea,
kanpora begira
Irunen ere udaltzainekin
zenbat tirabira!
Behingoz lortzean lege bat
eskubideen neurrira
epaitegiak tentakuluak
bilakatzen dira.

8)
Nonbait ez da hain derrigorrezko
Irunen euskara,
erabilera baxua baita
dioten erara;
etengabe doa behera
hamarkadaz hamarkada
eta Udala horren konplize
nabarmenena da.

9)
Nik segiko dut ogia beti
euskaraz erosten,
euskararekin eta euskaraz
pizten eta pozten,
baina noiz arte ariko
gara petatxuak josten
arduradunek ez dutelako
besterik adosten?
baina noiz arte ariko
gara petatxuak josten,
erabakiak hartu beharrean
ogia erosten?

Iturria: https://irunero.eus/motxilako-petatxuak-josten/

Iban Clementek, Iker Eizagirre “Xufik”, Beñat Elosegik eta Rafa Rodrigok lagundu dute musikaz Manu. Jarraian entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation