Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Adrian Arruti”

Labore Txingudik lokal berria, eta gu bertan kantuan [2019-10-12]

Labore Txingudik lokal berria ireki duela eta, Egoitz Zelaia eta Adrian Arruti aritu dira kantuan.

2019ko abuztuan Irungo Euskal Jiran aritu ginen kantuan

2019ko abuztuaren 2an Irungo Euskal Jiran kantuan aritu ziren Txingudiko bertso eskolako eta inguruko eskualdetako hainbat bertsolari. Eguerdi partean, Urdanibia plazako oholtzan, Abel Zabal Elizazu, Egoitz Zelaia Perez eta Igauri Lopetegi Amostegi aritu ziren.

Urdanibia Berri, Puiana eta Anakan, aldiz, Adrian Arruti Bernadet, Iker Altuna eta Aitor Errazkin Vicente aritu ziren, Auntxa Trikitixa Eskolako kideekin batera.

This slideshow requires JavaScript.

Mendeluko jaietan izan ginen kantuan

Txingudiko Bertso Eskolako hiru kide aritu ziren  aurten ere kantuan Mendeluko jaietan: Igauri Lopetegi, Adrian Arruti eta Aitor Errazkin. Maiatzaren 18an izan zen saioa, 13:30ak aldera. Eguraldia ez zuten lagun izan; bai, ordea, entzule multzo zintzo askoa. Antolatzaileen harrera ere, betiko moduan, punta puntakoa. Eskerrik asko bihotz bihotzez Mendeluko jaien antolatzaileei. Plazera da urtero zuenera hurbiltzea.

Adrian eta Aitor bertso eskolako kideak Gotzonerekin, Mendeluko jaien antolatzaileetako bat.

Korrika Txikia Landetxan [2019-04-07]

Apirilak 7, igandean, ospatu zuten Landetxako auzokideek Korrika Txikia. Eguraldia bidelagun ez izan arren, guraso zein gaztetxoz osatutako taldean ekin zioten auzoko kaleetan zehar diseinatutako ibilbideari.
Bertso eskolako Adrian Arruti eta Egoitz Zelaia kideak ere bertan izan ziren bertsoekin ekitaldiari amaiera ematen.

21. Korrika Kulturala Hondarribian [Kronika]

21. Korrikak Hondarribitik igaro behar zuela eta, bertako Gazte Xaiako kideek egun osoko egitaraua antolatu zuten apirilak 6, larunbatean. Egitarau horren baitan aritu ziren bazkalostean Adrian Arruti, irundarra, Iraitz Mateo oiartzuarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra bertsotan. Giro onean, umorerik falta ez zuen saioa burutu zuen hirukoteak. Jende bailara bildu zen Kasino Zaharreko belardian egunaz gozatzeko asmotan, baita lortu ere!

 

21. Korrika Kulturala Hondarribian [2019-04-06]

21. Korrikak Hondarribitik igaro behar duela eta, bertako Gazte Xaiako kideek egun osoko egitaraua antolatu dute Apirilaren 6, larunbaterako. Egitarau zabal horren barruan, bazkalosteko bertso saio bat antolatu dute. Arratsaldeko 16:00etatik goiti burutuko den saioan jardutekoak dira Iraitz Mateo oiartzuarra eta Txingudiko bertso eskolako kide diren Adrian Arruti irundarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra. Eguneko ekitaldi garrantzitsuenak Kasino Zaharrean burutuko dira, baita bertso saioa ere.

 

Bertso desafioa Oiartzun – Txingudi [2019-03-29]

Oiartzungo bertso eskolako gazteen taldeak desafioa bota dio Txingudiko bertso eskolari. Desafio hori, heldu den ostiralean, martxoaren 29an, burutuko da Oiartzungo Kastro tabernan izango da, arratsaldeko 20:00etatik goiti. Desafioak txapelketa formatua izango du eta bertan Txingudiko ordezkari gisa, Iker Altuna hendaiarra eta Adrian Arruti eta Igauri Lopetegi irundarrak jardungo dira Oiartzungo Josu Ibarguren, Jokin Irastorza, Araitz Sagarnaren eta Jon Otegi bertsolariekin norgehiagoka. Saioa Iraitz Mateo oiartzuarrak gidatuko du.

 

 

 

Martxoko bertso gaua, 2019-03-07

Miren Artetxe hendaiarra, Iñigo Mantzisidor “Mantxi” zarauztarra, Iraitz Mateo oiartzuarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira bertsotan Kabigorrin martxoaren 7ko bertso gauean. Adrian Arruti irundarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta aurrekoaren herrikide Igauri Lopetegiren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula. Hala ere, martxoaren 8aren bezpera izaki, Kabigorriko emakume langileek gaueko 0:00etan hasiko dute greba.

Abenduko Kabigorriko bertso-gaua: Martin, Elustondo, Arregi, Zelaia eta Ugarte. [2018-12-13]

Abenduaren 13koa izango da 2018ko azken bertso-gaua, eta boskote mundial batekin emango diogu amaiera urteari: Jon Martin oiartzuarra, Nerea Elustondo legazpiarra, Maider Arregi oñatiarra, Andoni Zelaia hendaiarra eta Iñigo Ugarte irundarrarekin. Gaiak jartzen Aitor Errazkin irundarra ariko da eta bertso jarriak Adrian Arruti irundarraren eskutik etorriko zaizkigu. Anima zaitezte eta gogoratu Kabigorrik aukera bikaina eskaintzen digula saioaren ondotik afaltzen geratzeko.

This slideshow requires JavaScript.

 

“Irungo Euskaraldia”, Adrian Arruti Bernadeten bertsoak.

Irungo Euskaraldia

Doinua: Lo hadi ainguria
Egilea: Adrian Arruti Bernadet

1
Bertsoak idazteko
naizenez nagia
gai ohikoena beti
da eguraldia,
baina egin dudanez
agendan guardia
aprobetxatuko dut
euskara aldia.

2
Ia filtrorik gabe
esanda honela,
badakit oso gogor
ariko naizela.
Euskaraldiarena
jakin, dena dela,
bihotza falta duen
ekimena dela.

3
Ekimenak badauka
nahikoa bertute
baina bere arima
eraldatu dute.
Euskaldungo guztia,
esan nahiko nuke,
bere baitan biltzeko
izan behar luke.

4
Belarriprestek hartzen
ez badute hitza,
haiek euskaralditik
aparte dabiltza.
Nola hartu hizketa
ohituraren giltza
bertan militanteak
soilik bagabiltza?

5
Gure artean dago
hainbat ego puzte
denak dira bikainak
ta denak ilustre,
baina udaletxean
honetaz, nik uste,
bilerak gazteleraz
egiten dituzte.

6
Eta teknikariek
a ze bizimodu!
ez dute errespetatzen
ez forma, ez modu.
Euskalgintzan gaudenon
ur denak pozoindu.
Udaletxearentzat
horrek balio du.

7
Bolondresa den horrek
barka diezadala,
goraipatzekoa da
haren eginahala.
Egin behar genuke
denok hark bezala
zangotrabatzearena
ez baita normala.

8
Egoera hau ez da
berria, halare,
ezingo dugu segi
beti dohakabe.
Lan egin behar dugu
atsedenik gabe
batu gaitezen gure
munduaren alde.

9
Beraz hasi zaitezke
eta parte hartu
zure egunerokoan
euskara uztartu.
Hitz egiteko gune
gozoak topatu
abenduak hiruan
ez dadin bukatu.

Iturria: irunabar.eus

Post Navigation