Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Andoni Zelaia”

Txingudi I – Ereñotzu [2017-03-03], Hazia Elkartean (bertso-afaria)

Martxoaren 3an, ostiralarekin, Txingudi I eta Ereñotzu taldeak aurrez-aurre jarriko dituen saioa izango dugu Irungo Hazia Elkartean. Afaldu eta gero izango da bertso saioa, gaueko 23:00etatik aurrera, gutxi gorabehera. Hazia Kultur Elkarteak menua finkatuko du, eta aurrez tokia hartu nahi duenak izango du horretarako aukerarik, Hazian bertan abisu emanez gero (Haziako telefonoa: 943 63 36 42). Menua 15 euroan izango da. Txartelak erosteko azken eguna Martxoak 1, asteazkena.

Txingudi I taldetik Abel Zabalak, Iñigo Ugartek eta Andoni Zelaiak kantatuko dute. Ereñotzuko taldea Arnaitz Lasarte, Aritz Zerain, Ibon Miner eta Iñaki Zelaiak osatzen dute, eta lau horietatik hiruk kantatuko dute Irunen.

txingudii-erenutzu

Txingudi I eta Txingudi II taldeak, Gipuzkoako Herriartekoan

herriartekoa-logoGipuzkoako Herriartekoa antolatu dugu elkarlanean Gipuzkoako hainbat bertso-eskolak, bertso-taldek eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Ekimenari buruzko informazioa http://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/herriartekoa helbidean duzue. 38 taldek hartuko dugu parte guztira, eta tartean, Txingudiko Bertso Eskolaren jiran sortutako bi: Txingudi I eta Txingudi II

Txingudi I

img-20161110-wa0013

Bertsolariak: Abel Zabala, Iñigo Ugarte eta Andoni Zelaia

Epaileak: Beñat Elosegi eta Gotzon Aizpiolea

Gai jartzaileak: Oinatz Mitxelena, Igauri Lopetegi eta Peio Iriarte

Ordezkariak: Laida Oronoz eta Oihana Aranburu

 

Txingudi II

img-20161110-wa0011

Bertsolariak: Aitor Errazkin, Manu Goiogana, Zuhaitz Olazabal eta Egoitz Zelaia

Epailea: Eneko Sanchez

Gai jartzaileak: Mikel Garmendia, Adrian Arruti eta Xabier Isasi

Ordezkariak: Joxeja Zabalo eta Mikel Garcia

 

 

Joango gara saioen berri ematen, jada gainean ditugu eta!

Bikaina joan zen Txingudikoen eta zarauztarren arteko elkarretaratzea

Izaten dira ba abenduko egun hotzak. Abenduaren hamarra ere halaxe etorri zen, hotz. Erlaitz Mendi Elkartea txukuntzeko geratu ziren Irunabarreko kide batzuk, eta aperitifak eskaintzen duen goxoarekin berotzen hasi zen eguna.

Oilaskoa, orburuak eta entsaladak bere erritmoa behar omen dute, eta beraien erritmoan ere heldu ziren Zarauzko bertsolariak eta beraien jarraigoa. Epelera hurbiltzen joan ahala, hitz jarioa ere hotzetik epelera igaro zen.

Ordu biak ttanko eta jendea ere Erlaitz Mendi Elkartera iristen hasi zen. Ohartzerako berrogei lagun-edo izango ginen. Mahaiaren itzulian ezarri ziren gehienak, plateren aurrean. Horrelaxe hasi zen bazkari legea. Gosea berdintzeko adinako jana bazen, bederen.

Bertsotarako unea, usaian bezala, kafearekin batera heldu zen. Seikote majoa eta saioa ere bertsotan egiteko prestatu zuen Adrian Arrutik. Bere lehen saioa zuen aurkezle bezala, eta estreinaldiak ez badira ere beti gozoak izaten, goxoan aritu zen Adrian. Gaiak jartzerako orduan, agian, bertsolariek patxada gehiago eskertuko zuten, baina dena egoki joan zen.

Zarauztarrek, Fede eta Urbietaren ahotik sendotasuna erakutsi zuten eta Markelen ideia eta moduek bikain osatu zuten hirukotea. Ez zitzaien ez umorerik, ez sakontasunik falta izan.

Txinguditik ere, hirukote polita zegoen prest kanturako. Andonik bertsotan aspaldi egin zuen jaunartzea, edo agian, bertso-hartzea erran behar genuke. Aspaldi plazak eta jardunak utzirik, berriz ere itzuli zen jende aurrera, beraz, bigarren bertso-hartzea balitz bezala har genezakeen. Errazkinek dotorezia ageri zuen bertso bakoitzean, eta Gotzonek zuhurtzia.

Seikoteak ale ederrak utzi zituen entzule geundenon gozagarri, ideia originalak entzuteko parada izan genuen, eta teknikoki ongi osaturiko lanak. Ezin gehiago eskatu, beraz.

Izaten dira ba abenduko egun hotzak. Ba, sutondorik beroenean bezain goxo izan ginen gu Irungo Erlaitz Mendi Elkartean. Mila esker denei.

Egoitz Zelaia

This slideshow requires JavaScript.

Abenduaren 10ean, BERTSOTRUK: Txingudi-Zarautz, Erlaitz Elkartean

bertsotruk logoAbenduaren 10ean Txingudi-Zarautz lagunarteko “bertso-desafioa” jokatuko da, bertso-bazkari formatuan, Irungo Peña kaleko Erlaitz Elkartean, eta 14:00etatik aurrera.

Zarauztik Aitor Urbieta, Beñat Jauregi “Fede” eta Markel Eizagirre ariko dira bertsotan, eta Txinguditik, aldiz, Gotzon Aizpiolea, Andoni Zelaia eta Aitor Errazkin. Gai jartzaile lanetan Adrian Arruti ariko da.

Irunabarreko kideok arduratuko gara otordua prestatzeaz, eta bazkaltzera etorri nahi duzuenok zenbat izango zareten jakinaraztea beste lanik ez duzue izango. Otordurako txartel bakoitzak 15 euro balio du. Etorri nahi duzuenok, mezua bidali edo deitu honako bi telefono zenbakietara:

690 065 826 (Abel) edo 669 366 589 (Egoitz)

Eta gure posta elektroniko helbidera ere idatz dezakezue: irunabar@gmail.com

Anima zaitezte eta izena eman!

Hendaia Euskaraz 2016

Martxoaren 10ean eman zitzaion hasiera Hendaia Euskarazi, herriko etxean ospatu ekitaldian. Txingudiko Bertso Eskolako Andoni Zelaiak “Bertso Tailerrean” ondutako bertso sorta kantatu zuen, Aitor Errazkin bertso eskolako kidea eta Hendaiako musikari prestu bat gitarrarekin laguntzaile izan zituela.

This slideshow requires JavaScript.

 

HENDAIA EUSKARAZ

2016-III-11

Ekitaldian parte hartuaz

bertsozko lehen urratsa

gertutasuna adieraziz

kenduko dugu arantza.

Hitz jokoekin margotutako

eguna nola arratsa

beste urtetan bezala aurten

martxoak hartzen du martxa.

 

Beraz, Hendaian euskararentzat

banderaren igoera,

hura maitatu ta erabili

beraren parte baikera.

beste hizkuntzak hor daude baina

gurea bultza aurrera,

euskaraz bizi nahi duenak

izan dezala aukera.

 

Eguneroko bizitza duina

gure eskutan hartzea,

zer ederrago gure herrian

gure hitzak mintzatzea.

Gerta daiteke zabarkeriaz

gure altxorra galtzea;

gauza normala izan behar du

guk euskaraz bizitzea.

 

Mundu globala zein den handia

txikiak behar arreta…

Euskal Herria bere ttikian

berari gure apeta.

Hiru hizkuntza daude Hendaian

hori ez da berriketa!

Bertsoen bidez egiten dugu

euskararen ariketa.

 

Entzuteko zain gure hizkuntza

anitz balitz, hala bedi.

Baikor jarrera eskua luza

elkarri laguntzen segi.

Eguneroko solas txikiak

itxaron gabe gehiegi,

euskararekin jantzi daitezen

Bidasoaren alde bi.

 

Zorte on opa hendaiatarrei,

berotzen doa giroa.

Alaitasunez bizi dezagun

oraina eta geroa.

Udaberria kax-kax atea

joka duen urtaroa

euskararentzat hilabete hau

izan bedi oparoa.

Post Navigation