Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Egoitz Zelaia”

Moskuko jaiak 2019

Azken urteetan bezala, aurtengo Moskuko jaietan ere bi bertso saio antolatu ditu Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko jai batzordeko kideekin elkarlanean: bertso-poteoa eta bertso saioa.

Abuztuaren 10ean izan zen lehena, herri bazkaria eta gero, arratsaldeko 17:00ak inguruan. Manu Goiogana irundarra, Maddi Ane Txoperena lesakarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra aritu ziren auzoko tabernetan barrena kantuan. Giro bikaina ipini zuten, eta gustura geratu ziren bertaratutakoak.

Bertso saioa, berriz, igandean izan zen, abuztuaren 11n. Eguraldiaren baimena garaiz iritsiko ez ote zen beldur ibili ondoren, azkenean plazan bertan egin zen bertso saioa, eta Alaia Martin oiartzuarra, Igor Elortza durangarra eta Miren Amuriza berriztarra eta Aitor Sarriegi beasaindarra aritu ziren kantuan Egoitz Zelaia hendaiarraren esanetara. 18:30ean hasi zen saioak seriotik beste eduki zuen umoretik, eta bikain asmatu zuten 4 protagonistek Egoitzek agindutako lanak betetzen. Saioa amaitzerako plaza ere jendez beteta zegoela agurtu zituzten bertsolariek Moskuko jaiak, aurtengoz.

This slideshow requires JavaScript.

Hondarribiko Sagardo Egunean bertsolariak [2019-07-27]

Uztailaren 27an Hondarribiko Sagardo Eguna izango dela eta, Txingudiko Bertso-eskolako Igauri Lopategi, Egoitz Zelaia eta Manu Goioganak libreko bertso saioa eskainiko dute 17:30etatik goiti.

Kupelak 18:00etan irekiko dituzte eta 21:00ak bitarte. Azken urteetan bezala, Gipuzkoa Plazan izango da ekitaldia, Muara Kultur Elkarteak antolatua.

Animatu, ederra izango da eta!

 

Haziako Bertso Bazkariko kronika [2019-07-01]

Hazia Kultur Elkarteak bertso bazkaria antolatu zuen, uztailaren lehenean, herriko jaiei amaiera polita eman nahian.

Bertan aritu ziren Oihana Bartra santutxuarra eta Irunabarreko kide den Egoitz Zelaia hendaiarra. Bazkarira 45 lagun hurbildu ziren eta hasieratik nabaritu zen giroa bero zegoela.

Sukaldariek bete betean asmatu zuten menuarekin, hasierako entsaladatik hasita, txerri ukondoarekin jarraiki eta xamingoxoarekin bukatuta.

Bazkaria amaituta, eta kafe eta kopak eskatuta, ekin zioten bertsolariek libreko saioari eta hasieratik nabaritu zen behin eta berriz egingo zuela eztanda. Bertsolariak fin ibili ziren uneoro batak besteari zein entzuleei ere ziria sartuz. Gerturatutakoek, ederki aski erantzun zioten bikoteari barre algara eta txalo zaparraden bitartez.

Dena zoragarria izan da eta bertsolariak ere oso esker oneko egon ziren entzule eta antolatzaileekiko.

This slideshow requires JavaScript.

 

Bertso Bazkaria Hazian [2019-07-01]

Irungo jaiak direla eta, Hazia Kultur Elkarteak egitarau berezia antolatu du ekainaren 21an hasi eta uztailaren 1a bitarte. Taberna egunero irekita egoteaz gain, asteburuetan sukalde zerbitzua izango da. Ekainaren 26an Hurih (Pitxi eta Olaia) musika talde lesakarrak kontzertua eskainiko du, eta jaiak ongi amaitzeko, uztailaren lehenean Bertso Bazkari ederra antolatu du Haziak Irunabarrekin batera. Bertsotan, Oihana Bartra bilbotarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra arituko dira. Sarrerak Hazian bertan daude salgai, eta telefono bidez ere eska daitezke.

Ondoko irudian xehetasun guztiak.

Baztan-Bidasoako XXXII. bertsopaper lehiaketa. Manu Goiogana txapeldun; Egoitz Zelaiak epaimahaiaren aipamena [2019-06-31]

Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera antolatutako Baztan-Bidasoako XXXII. Bertsopaper lehiaketako sariak banatu ditu maiatzaren 31n Berako Kultur Etxean.

Lau maila ezberdinetako sortak zenbatuta, guztira 182 lan aurkeztu dira. Maila nagusian (18 urtetik goiti), Manu Goiogana irundarra nagusitu da, ‘Ispiluko ustezko gizon zis hetero zuri ez-gizen diruaski horri’ bertso-sortarekin. Bigarren saria, Eneko Fernandez lesakarrak lortu du ‘Egin apustu’ lanarekin. Egoitz Zelaia hendaiarrak epaimahaiaren aipamena jaso du, ‘Isilik dauden ahotsak’ lanarekin.

Albistea hemen.

Irakurri Manu Goioganaren ‘Ispiluko ustezko gizon zis hetero zuri ez-gizen diruaski horri’ sorta hemen. Sari banaketan sorta sarituak kantatzeko aukera izan zuten sarituek, eta hemen duzue orduko grabazioa, nahi izatera: Manuren sortaren grabazioa.

Irakurri Egoitz Zelaiaren ‘Isilik dauden ahotsak’ sorta Isilik Dauden Ahotsak. Bestalde, sorta oni dagokion grabazioa, jarraian: Egoitzen sortaren grabazioa.

Ekaineko bertso gaua [2019-06-06]

Kaixo bertsozale:
Ikasturtea bere amaierara heltzear da; badator ekaineko Kabigorriko bertso-gaua, ikasturte honetan egingo dugun azkena. Ekainaren 6an izango da, 19:30ean hasita.
Atxikitako kartelean ikus dezakezuen bezala, Irati Alcantarilla urruñarra, Miren Artetxe hendaiarra, Alaia Martin oiartzuarra eta Nerea Ibarzabal markinarra izango dira kantuan.  Egoitz Zelaia hendaiarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta Garbiñe Beraetxeren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula.
Anima zaitezte!

Korrika Txikia Landetxan [2019-04-07]

Apirilak 7, igandean, ospatu zuten Landetxako auzokideek Korrika Txikia. Eguraldia bidelagun ez izan arren, guraso zein gaztetxoz osatutako taldean ekin zioten auzoko kaleetan zehar diseinatutako ibilbideari.
Bertso eskolako Adrian Arruti eta Egoitz Zelaia kideak ere bertan izan ziren bertsoekin ekitaldiari amaiera ematen.

21. Korrika Kulturala Hondarribian [Kronika]

21. Korrikak Hondarribitik igaro behar zuela eta, bertako Gazte Xaiako kideek egun osoko egitaraua antolatu zuten apirilak 6, larunbatean. Egitarau horren baitan aritu ziren bazkalostean Adrian Arruti, irundarra, Iraitz Mateo oiartzuarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra bertsotan. Giro onean, umorerik falta ez zuen saioa burutu zuen hirukoteak. Jende bailara bildu zen Kasino Zaharreko belardian egunaz gozatzeko asmotan, baita lortu ere!

 

Apirileko bertso gaua [2019-04-06]

Kaixo bertsozale:
Badoa ikasturtea aurrera, eta badator apirileko Kabigorriko bertso-gaua ere. Apirilaren 4an izango da, 19:30ean hasita.
Atxikitako kartelean ikus dezakezuen bezala, Nahikari Gabilondo zarauztarra, Aitor Errazkin irundarra, Iñigo Izagirre itziartarra eta Oier Aizpurua zarauztarra ariko dira bertsotan.  Egoitz Zelaia hendaiarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta Ekaitza Irastorzaren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula.
Anima zaitezte!

21. Korrika Kulturala Hondarribian [2019-04-06]

21. Korrikak Hondarribitik igaro behar duela eta, bertako Gazte Xaiako kideek egun osoko egitaraua antolatu dute Apirilaren 6, larunbaterako. Egitarau zabal horren barruan, bazkalosteko bertso saio bat antolatu dute. Arratsaldeko 16:00etatik goiti burutuko den saioan jardutekoak dira Iraitz Mateo oiartzuarra eta Txingudiko bertso eskolako kide diren Adrian Arruti irundarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra. Eguneko ekitaldi garrantzitsuenak Kasino Zaharrean burutuko dira, baita bertso saioa ere.

 

Post Navigation