Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Egoitz Zelaia”

Martxoko bertso gaua, 2019-03-07

Miren Artetxe hendaiarra, Iñigo Mantzisidor “Mantxi” zarauztarra, Iraitz Mateo oiartzuarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira bertsotan Kabigorrin martxoaren 7ko bertso gauean. Adrian Arruti irundarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta aurrekoaren herrikide Igauri Lopetegiren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula. Hala ere, martxoaren 8aren bezpera izaki, Kabigorriko emakume langileek gaueko 0:00etan hasiko dute greba.

Jendetsua joan zen, ohi bezala, abenduaren 1eko Itsas-Lurreko bertso zita

Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran aritu ziren bertsotan, eta Egoitz Zelaia bertsolari hendaiarrak hartu zuen gaiak jarri eta saioa gidatzeko ardura.

 

 

“Hegazti Migratzaileak” Iruneron. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak.

Hegazti Migratzaileak

Doinua: Abadiño San Blasetan
Egilea: Egoitz Zelaia Perez

1. Dortoka baten antzera (bis)
etxea bizkar gainera
abiatu zinen ezin
begiratuaz atzera.
Begiratuaz atzera
dortoka baten antzera.

2. Daukazun guztiarekin (bis)
bide bortitz bati ekin.
Harrapariak ezin du
zure alde aurka egin.
Zure aurka alde egin
daukazun guztiarekin.

3. Izanen zinen etxean (bis)
nola hontza gau beltzean
gure bonbek zuen lurra
odolez hustu ezean.
Odolez hustu ezean
izanen zinen etxean.

4. Intxaur-oskola batean (bis)
lapurtxorien artean
biluzik utzi zintugun
itsasoaren atean.
Itsasoaren atean
intxaur-oskola batean.

5. Bota zintuen lurrera (bis)
nola hormak primadera.
Aterpe baten eskean
erdu zinen egarbera.
Erdu zinen egarbera
bota zintuen lurrera.

6. Azeria datza lotan (bis)
zurekin amestekotan.
Deskantsatu izan duzu
sarri satorren zulotan.
Sarri satorren zulotan
azeria datza lotan.

7. Suge pozoitsua mintzo (bis)
denean men egin zintzo.
Askatasuna, polizi
zuri artean, zuri so.
Zubi artean zuri so
suge pozoitsua mintzo.

8. Beste aldera begira (bis)
zakurra zaunka ari da.
Ikusezinak direnez
desagertuko ahal dira!
Desagertuko al dira
beste aldera begira?

9. Hegazti migratzailea (bis)
ihesbide egilea.
Bake bila dabilena
zergatik da gaizkilea?
Zergatik da gaizkilea
hegazti migratzailea?

10. Agintari alaena (bis)
barrez dabilen hiena!
Haiek badira arazo
ez al zara zu problema?
Ez al zara zu problema
agintari alaena?

11. Iristeko ilargira (bis)
begirada bat aski da.
Eskubideak lortzeko
zenbat urrats behar dira?
Zenbat urrats behar dira
iristeko ilargira?

12. Sentitu zure etxean. (bis)
Nola sorgina leizean
itsaso ertzean edo
gure malkoen ertzean.
Gure malkoen ertzean
sentitu zure etxean.

Iturria: https://irunero.eus/hegazti-migratzaileak-2/

Kabigorriko azaroko bertso gaua. 2018-11-08

Jokin Bergara, German Urteaga, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin ariko dira kantuan Kabigorriko azaroko bertso gauean. Zuhaitz Olazabalek eta Abel Zabalak jarriak dira egun horretarako gaiak, bietatik bakarra ariko bada ere oholtza gaineko aurkezle lanetan: Abel Zabala irundarra, hain zuzen ere. Bertso jarriak Egoitz Zelaia hendaiarraren eskutik iritsiko zaizkigu.

Gogoan izan Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero afaltzen geratzeko .

Abiatu ditugu 2018-2019 ikasturteko Kabigorriko bertso gauak

Ederra, osoa eta bizia izan zen joan den urriaren 4an Ibon Ajuriagogeaskoak, Ainhoa Agirreazaldegik, Manex Agirrek eta Egoitz Zelaiak eskaini saioa. Eneko Sanchezek egin zituen gai-jartzaile lanak, eta Aitor Errazkinen eskutik heldu zitzaizkigun bat-bateko saio aurreko bertso jarriak.

 

This slideshow requires JavaScript.

 

Irailaren 1ean plaza libreko saioa izango da Hondarribian, koadrilen egunarekin

Irailaren 1ean bertso saioa antolatu dute Hondarribiko koadrilek. Bertso poteoa izango da eta Irati Alcantarilla, Iraitz Mateo eta Egoitz Zelaia ariko dira bertsotan. 12:30etan jarri dute hitzordua Gipuzkoa plazan.

Ama Xantalen-Moskuko jaiak 2018

Aurtengo Moskuko jaietan ere bi bertso saio antolatu ditu Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, jai batzordeko kideekin elkarlanean. Datorren larunbatean izango da lehena, abuztuaren 18an, bertso-poteoa, herri bazkaria eta gero, arratsaldeko 17:00aetan hasita eta auzoko tabernetan barrena. Manu Goiogana irundarrak eta German Urteaga beasaindarrak kantatuko dute bertan.

Igandean, berriz, bertso saioa izango da plazan bertan, 18:00etan hasi eta 19:30ak bitarte (kartelean bestela agertzen bada ere). Bertan Alaia Martin oiartzuarrak, Igor Elortza durangarrak eta Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia hendaiarrek kantatuko dute. Gaiak Uxue Larrukertek eta Adrian Arrutik hartu dute bere gain; egunean bertako Gai-emaile lanak Uxue Larrukert irundarrak egingo ditu, ordea.

 

Irungo Euskal Jiran kantuan, aurtengoan Urdanibia plazan bertan eta Urdanibia Berri-Anakan barrena

Aurtengo abuztuaren 4an Euskal Jiraren 40. edizioa ospatu dute, eta bertso kantuan jardun ziren Txingudiko bertso eskolako eta haren jirako hainbat lagun. Plazako saioan, eguerdiko 12:00ak aldera, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa”, Egoitz Zelaia eta Abel Zabala aritu ziren kantuan, eta aurten estreinakoz, bestalde, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Auntxa Trikitixa Eskolako kideekin batera aritu ziren, goizeko 11:00-13:00ak bitarte Urdanibia Berriko Eihera Plazatik hasi eta Anakaraino; hauek ere Urdanibia plazako oholtzan eman zioten euren saioari errematea, 13:30ak aldera.

 

Saioa izan zen abuztuaren 1ean Hendaiako Sasikon

Bertso saioa antolatu zuten Hendaiako Sasiko gaztetxekoek abuztuaren 1ean, eta bertan Txingudiko bertso eskolako 2 kide aritu ziren kantari, Adrian Arruti irundarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarrarekin eta Izarne Zelaia donostiarrarekin batera. Gai-emaile lanekin Oneka Jauregi arduratu zen.

 

Ikasturteko azken bertso-gaua, Kabigorrin: 2018-06-07

2017/18 ikasturtea ere amaierara gerturatzen ari den honetan, kurtsoko azken Kabigorriko bertso gauaren berri ematera gatozkizue.
Ekaineko bertso gaua datorren ostegunean izango da, ekainaren 7an, iluntzeko 19:30ean hasita. Kabigorriko bertso ikasturteari amaiera emango dion saio honetan, Haritz Casabal pasai antxoarra, Nahikari Gabilondo zarauztarra, Odei Lopez legorretarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira kantuan, Adrian Arruti irundarrak ondutako gaiekin. Bat-bateko saioari hasiera eman aurretik, ordea, Beñat Elosegi irundarraren bertso-jarriak entzuteko aukera izango dugu.

Anima zaitezte saioaz gozatzera, eta oroitu Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero mokadu bat egiten geratzeko ere.

Post Navigation