Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Iñigo Ugarte”

Ostegunetako Kabigorriko bertso gauak (otsailak 6)

Kaixo, denoi.

Gainean dugu dagoeneko otsaileko Kabigorriko bertso gaua. Otsailaren 6an izango da, Peña kaleko 1 zenbakian dagoen Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.

Honakoan Aitzol Barandiaran, Amaia Elizagoien, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Iñigo Ugarte bertsolariak ariko dira kantuan. Gai-jartzaile lanetan Egoitz Zelaia ariko da.

Gogoan izan saio ostean afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela Kabigorrik. Aprobetxa dezagun!

This slideshow requires JavaScript.

Iñigo Ugarte txapeldun Hernaniko Tabernetako Bertsolari Txapelketan

Iñigo Ugartek bigarrenez jantzi du txapela Hernaniko Tabernetako Bertsolari Txapelketan, Oier Iurramendi hernaniarrarekin buruz-burukoa jokatu eta gero. Txingudiko bertso eskolako eta Irunabar-eko kide da Iñigo. Urtarrilaren 19an jokatu ohi da txapelketa berezi hau, San Sebastian bezperan, eta 20. edizioa izan du aurtengoa. Iñigorekin batera, hantxe aritu zen Exteban Martiarena oiartzuarra ere, Garin tabernako oholtzan kantuan, Txingudiko bertso eskolako irakasle lanetan hainbat urtez aritu izan dena. Bejondeizuela bioi!

Zorionak, Iñigo!

Saioko kronika irakurtzeko, Hernaniko Kronika.

Aurten ere Gibeletako aiton-amonekin

Aurten ere, Euskararen Nazioarteko Eguna medio, deia jaso genuen Gibeletako eguneko etxera joan eta bertso-saioa egiteko. Iñigo Ugarte eta Manu Goiogana bertaratu ziren bertsotara, iaz bezalaxe. Aurtengoan, baina, bertsolarien azken agurrekin “kantuak” amaitu baziren ere, “kontuek” ez zuten etenik izan. Izan ere, Aitziber Martiarenak eta bertako entzuleen artean ziren lau amonak (Lourdesek, Mª Luisak, Ferminak eta Paulak) egun hartako kronika osatzeari ekin zioten eta bidali egin digute; irakurtzea merezi duen kronika, ezbairik gabe. Gibeletako eguneko etxeko monitorea da Aitziber, eta bertako aiton-amonekin hainbat ekintza dinamizatzen jarduten du. Bejondeizula, Aitziber; besarkada handi bat, mila esker eta urte askoan!

This slideshow requires JavaScript.

GIBELETAKO EGUNEKO ETXETIK JASOTAKO KRONIKA, EUSKARAREN EGUNEKO BERTSO SAIOARI BURUZ:

Euskararen Eguna ospatzeko bertso saioa modu polita iruditu zitzaien aitona-amonei.

Paulak Manu bertsolaria ezagutzen zuen bere bizilaguna eta ia-ia familiakoa baita.

Fermina guztiz txundituta geratu zen: “No se el vasco pero me encantó y me sorprendió como leían el papel con la palabra escrita y enseguida echaban un verso. En la plaza de mi pueblo, en Idiazabal, durante las fiestas solía haber bertsolaris, y me gustaba ir aunque no entendiese.

Mª Luisa berriz, bertsolari familiakoa dugu; bere Aitona Juan Ignacio Riverak, Oiartzungo jaietan abestu ohi zuen. Aitona-amonek gazteleratik euskarara itzultzeko lana egin behar izan zuten bertsolariei hitz solteak eman aurretik. Eta horretan, Mª Luisa oso abil ikusi genuen, adibidez, palvoron/auxkeia edo crisis/mixeria.

Paula aspaldidanik oso bertsozalea dugu; ez du inoiz hutsik egiten Uztailaren 1eko Irungo Baserritar egunean egiten den bertso kantaldira. Gogoan du oraindik, Albisturreko Baxerri bertsolaria kartzelara eraman zutela Francoren garaian euskaraz abesteagatik.

Lourdesek, nahiz eta aitortu ez dela oso bertsozalea, oso gustura egon zela aipatu digu. Gogoratuz, irribarrea ahoan zuela, polboroi eta Rajoy hitzekin burututako bertsoa: aurten polboroi asko jateko aukera handirik ez dugula izango Rajoyri esker murrizten doazen pentsioekin.

Lauei –Lourdes, Mª Luisa, Fermina eta Paulari— bertsolari ezagunen izenak aipatzerakoan, honako hauek etorri zaizkie burura lehenbailehen: Lizaso, Egaña, Txirrita, Peñagarikano eta Lujanbio. Bertsolaritza txapelketaren finala gertu dugun honetan, Paulak argi du Maialen Lujanbio irabaztea gustatuko zitzaiola, emakumeak ere bertso munduan paper polita egin dezaketela erakusteko.

Hurrengo urtean, Euskararen Eguna ospatzeko ez dute zalantzarik izan lau emakumeek: “Etor daitezela berriz ere, guri arratsalde entretenigarri bat igarotzera”.

Gibeletako eguneko etxeko Lourdesek, Mª Luisak, Ferminak, Paulak eta Aitziber monitoreak ondutako testua.

Bertsolariak Gibeletako Eguneko Zentroan

Joan den abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Irungo Bertso-eskolako Iñigo Ugarte eta Manu Goiogana bertsolariak Gibeletako Eguneko Zentroan izan ziren, bertakoei goiza alaitu asmoz.

Lehenengo aldia zen bertan horrelako bertso-saio bat egiten zena, baina gustura geratu ziren bai bertsolariak eta baita Gibeltako Eguneko Zentrokoak ere. Harreman luze baten hasiera izan dadila!!!

Jarraian dituzue saio hartako argazki pare bat:

21.11.12- bertso saioa

Gibeletako Eguneko Zentrotik bidalitako argazkiak

Gibeletako Eguneko Zentrotik bidalitako argazkiak

Euskararen astea Irunen

Abenduaren 3a, astelehena, euskararen nazioarteko eguna da. Aurreko astebururako, ekitaldi mordoa antolatu du Irungo elkarte desberdinetako jende multzo batek. Antolatutako ekitaldien artean, abenduaren 2ko BERTSO SAIOA duzue. Bertan, Irungo bertso eskolako bi kidek kantatuko dute: Manu Goioganak eta Iñigo Ugartek.

Anima zaitezte ekimenetan parte hartzera!

Txingudiko bertso eskolakoak “Olagarro”ren 20. urteurrenean kantari

Txingudiko bertso eskolako Abel Zabala, Iñigo Ugarte eta Aitor Errazkin Hondarribiko Olagarro elkartearen 20. urteurrenean aritu ziren kantari, urriaren 27an. Olagarrokoek oroigarri bana eman zieten bertsotan aritu ziren hiru lagunei.

OLAGARROKO SAIOA

OLAGARRO

Post Navigation